Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2021eko urtarrilaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
537

AGINDUA, 2021eko urtarrilaren 11koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Durangoko udalerriko Aramotz auzoari zabaltzea birgaitze integratuko areetarako oro har finkatuta dagoen finantzaketa kualifikatua.

AURREKARIAK

1.– Durangoko Udalak idatzi bat bidali zuen Birgaitze Integratuko Areetarako zehaztuta dauden dirulaguntzak eskatzeko, Aramotz auzoarentzat. Idazkiarekin batera, hauek bidali zituen: eremuaren mugaketa-planoa, deskribapen- eta justifikazio-memoria, gizarte- eta hirigintza-azterlana, ekonomia- eta finantza-azterlana eta jarduketa-programa.

2.– Eremu horren jardute-esparruaren mugaketa honako hauetan oinarritzen da: espedientean jasotzen diren agirietan, Udalak aurkeztutako mugaketa-planoan, eta organo honetara atxikitako langileriak egindako inguruaren begizko ikuskapenean. Mugaketa agindu honi atxikitzen zaion planoan zehazten da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila da espediente hau ebazteko organo eskuduna, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta egiturazkoa ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan eta Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan.

2.– Aipatutako abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak, horretarako emandako agindu baten bidez eta Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzaren aldez aurreko txostenaren ondoren, Birgaitze Integratuko Areetarako finkatuta dauden dirulaguntzak eman ahal izango dizkie aipatutako dekretuaren 9.2 artikuluan definitutako eremuei, salbu eta area horiek kudeatu eta burutzeko Birgaitze Plan Berezia idatzi behar bada.

3.– Kasu honetan bete egiten dira 317/2002 Dekretuaren 9.2 artikuluan finkatutako baldintzak, hau da, degradazio ekonomiko-soziala eta urbanistiko-arkitektonikoa. Ondorioz, Area Degradatutzat hartu da Durangoko Aramotz auzoa, 2021eko urtarrilaren 7an emandako txostenaren arabera. Txostena espedientean dago..

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baimentzea abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan ezarritako Birgaitze Integratuko Areetarako dirulaguntzak ematea Durangoko Aramotz auzoan burutuko diren babespeko birgaitze-jarduketei.

Bigarrena.– Agindu honen berri ematea Durangoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen denetik aurrera; horrek ez du esan nahi argitaratu ezin daitekeenik, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 11.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala