Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2021eko urtarrilaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
248

103/2020 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, zeinaren bidez Osakidetzako Arabako Errioxako ESIan Mantentze-lanetako eta Instalazioetako buruaren lanpostua izendapen askez betetzen den.

Arabako Errioxako ESIan Mantentze-lanetako eta Instalazioetako Burua lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea dagokion C3/D3 talde profesionalean.

b) Titulazio hau edukitzea: C3/D3.

c) Lan-esperientzia hau, gutxienez, edukitzea: 3 urte (C3/D3 taldean).

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betebeharrak.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

a) Talde burukide bezala esperientzia izatea, bereziki mantentze-lanetako ekipo eta instalazioetan.

b) Taldeak antolatzeko eta kudeatzeko esperientzia izatea.

c) Taldeen koordinazioan esperientzia izatea eta prestakuntza lan-arriskuen prebentzioan.

d) Kudeaketa tresnetan prestakuntza eta esperientzia izatea (SAP, karteldegia, langileak kudeatzeko sistemak, autokontrol sistemak).

e) Esperientzia eta prestakuntza izatea makina eta ekipoen mantentze-lan elektromekanikoan.

f) Esperientzia eta prestakuntza izatea ur hornikuntzako sareetan eta uraren arazketan eta legionelosiaren prebentzioan eta kontrolean.

Lanpostu honetan aritzeko interesgarriak eta baliotsuak diren beste merezimendu batzuk aurkeztu ahal izango dira.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetzako Arabako Errioxako ESIko Langileen Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak (Gasteiz-Logroño errep., 59. km, 01309 Guardia, Araba).

Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.

Interesdunek goian adierazitako Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea, beren datu pertsonal guztiak eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera. Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratu finkoduna dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak baloratzeko. Epaimahaiburua zuzendari gerentea izango da edo eskuordetza ematen dion pertsona eta batzordekideak Erizaintzako zuzendaria eta Langileen zuzendaria (idazkari ere arituko da) izango dira.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.

6.– Hautaketa prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko Ebazpena.

Hemen hasten den prozedurari (lanpostuaren esleipena edo berau hutsik geratzea) Osakidetzako Arabako Errioxako ESIko zuzendari gerentearen Ebazpenaren bidez emango zaio amaiera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta baita intraneten eta Osakidetzako web korporatiboan argitaratuz.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik, bertan besterik xedatu ezean behintzat.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laguardia, 2020ko abenduaren 15a.

Arabako Errioxako ESIko zuzendari gerentea,

CARLOS RUIZ DE VERGARA LAORDEN.


Azterketa dokumentala