Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

6. zk., 2021eko urtarrilaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
97

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 18koa, Osasuneko sailburuordearena, osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta dirulaguntzak emateko dena.

Osasuneko sailburuaren 2020ko urriaren 6ko Aginduaren bidez (EHAA, 212. zk., 2020ko urriaren 27koa), osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egin zen, 108.010 euroko zenbatekoarekin.

2020ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez, 2020ko urriaren 6ko Aginduaren 2. eta 10. artikuluak aldatu ziren.

Aldatzeko agindu hori 2020ko abenduaren 4an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, bertan, eskabideak aurkezteko beste epe bat ezarri zen, hilabete batekoa (1), agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ondorioz, eskabideak aurkezteko epea 2021eko urtarrilaren 4an amaituko da, eta ezin izango dira ebatzi 2020ko abenduaren 31 baino lehen.

Osasuneko sailburuaren 2020ko abenduaren 14ko Aginduaren bidez, indarrik gabe utzi zen 2020ko azaroaren 13ko Agindua, 2020ko urriaren 6ko Agindua aldatzen duena, eta jarduerak atzera eraman dira, indarrik gabe uzten den Agindua onartu aurreko unera, Osasuneko sailburuaren 2020ko urriaren 6ko Aginduaren arabera aurkeztutako eskaerak izapidetu eta ebatzi ahal izateko.

Agindu horren 7. artikuluan ezartzen denez, bekak eta laguntzak eskuratzeko eskabideak Osasuneko sailburuordeak ebatziko ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bitartez, betiere, Osasuneko sailburuak horretarako berariaz izendatutako Balorazio Batzordeak proposatutakoa aintzat hartuta.

Deialdia egiteko aginduan jasotako bekek edo laguntzek ez dute zertan egon behar pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko foru-arauen 9. artikuluko 9. zenbakian (hau da, bekei buruzko atalean) aurreikusitako salbuespen-eremuan (Araba, 33/2013 Foru Araua; Bizkaia, 13/2013 Foru Araua; Gipuzkoa, 3/2014 Foru Araua).

Hori guztia kontuan izanik, deialdira bildutako eskabideak aztertuta, Balorazio Batzordeak proposatutakoa hartu da aintzakotzat, eta, horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak ematea I. eranskinean adierazten diren pertsonei; bertan zehazten da diru-kopurua ere.

Bigarrena.– II. eranskinean zerrendatutako pertsonen eskabideak ezestea, bertan zehaztutako arrazoiengatik.

Hirugarrena.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 18a.

Osasuneko sailburuordea,

IGNACIO JESÚS BERRAONDO ZABALEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala