Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2021eko urtarrilaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
69

1410/2020 EBAZPENA, abenduaren 3koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Osakidetzako Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordea lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzen den.

Osakidetzako Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordea lanpostua hutsik dago, eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta Zuzendaritza Nagusiaren egitura aldatzen duen Administrazio Kontseiluaren 2020ko urriaren 27ko Erabakian xedatutakoaren arabera, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du izendapen askeko prozeduraren bidez lanpostuak betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako hauek kontuan izanik

OINARRIAK

Lehenengoa.– Osakidetzako Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordea lanpostua, Ebazpen honen bidez deitzen dena, eskatu ahal izango dute Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeei atxikitako plaza jabetzan duten langile finkoek (funtzionarioak, estatutupeko langileak edo lan-kontratudun langileak), A1/A2 lanbide-taldean plaza jabetzan dutenek, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, plaza jabetzan dutenak A1/A2 lanbide-taldean. Era berean, hautagaiek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

– Titulu akademikoa: A1 lanbide-taldeetan aipatutako edozein unibertsitate-lizentzia izatea.

– Esperientzia: gutxienez 5 urteko esperientzia izan beharko dute A1 lanbide-taldeetako zereginetan.

– Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrekoak.

Bigarrena.– Deialdi honetan merezimendu hauek hartuko dira kontuan:

– Kudeaketa sanitarioari buruzko esperientzia, prestakuntza eta/edo ezagutzak egiaztatzea.

– Osakidetzako erakunde sanitarioen eta zerbitzu sanitarioen funtzionamenduaren gaineko esperientzia, prestakuntza eta/edo ezagutzak egiaztatzea.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

Hirugarrena.– Interesdunek Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran.

Laugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten hautagaiek, eskabidearekin batera, Curriculum Vitaea aurkeztu beharko dute, eta bertan honakoa adieraziko dute:

– Titulu akademikoak.

– Orain arte betetako lanpostuak.

– Lanbidean eta kudeaketa sanitarioan daukaten esperientzia.

– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.

Izangaiek eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkez dezakete.

Osakidetzaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

Bosgarrena.– Deialdi hau Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Seigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 3a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.


Azterketa dokumentala