Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2021eko urtarrilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
42

AGINDUA, 2020ko abenduaren 22koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena; honen bidez destinoa ematen zaie martxoaren 21eko JUS/403/2019 Aginduaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan deitutako Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan sartzeko hautaprobak gainditu zituzten hautagaiei (barne-sustapeneko txanda).

Abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak Justizia Administrazioaren zerbitzupeko funtzionario berriak hartzeari, funtzionario horien lanpostuak hornitzeari eta lanbide sustapenari buruzko araudia onartzen du. Dekretu horrek 28. eta 29. artikuluetan ezartzen duenarekin bat etorriz, ebatzi dut I. eranskinean zehazten diren organo judizial eta fiskaletako destinoak adjudikatzea 2020ko abenduaren 22ko aginduaren bidez Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko karrerako funtzionario izendatutako langileei (barne-sustapeneko txanda). Kontuan eduki behar dira honako inguruabar hauek:

Lehenengoa.– Agindu honen bidez destinoa ematen zaien Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko funtzionarioak beren karguaz jabetu behar dira Justizia Administrazioko zuzendariaren aurrean (edo hark eskuordetzen duen funtzionarioaren aurrean), Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako EATean (destinoa dagoen lurraldearen arabera), agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik (edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik, agindu hau bi aldizkari horietan egun berean argitaratzen ez bada) hogei egun baliodun igaro baino lehen, aurrean aipatutako errege dekretuaren 29. artikuluan ezartzen denarekin eta 39/2015 Legeak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearena) 30. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Agindu honen bidez destinoa ematen zaion funtzionario batek hautatzen badu Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan lanean jarraitzea, ez du edukiko adjudikatutako lanpostuaz jabetzen joan beharrik: aski izango da lehen apartatuan lanpostuaz jabetzeko ezarritako epealdiaren barruan hautapenaren berri ematea Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, borondatezko eszedentziaren adierazpena egiteko, 6/1985 Lege organikoak (6/1985 Lege organikoa, uztailaren 1ekoa, botere judizialarena) 506.d) artikuluan arautzen duenaren arabera. Funtzionarioa borondatezko eszedentzian dagoela adierazten duen ebazpenaren kopia bidaliko da Justizia Administrazioaren zerbitzuko giza baliabideen Zuzendariordetza Nagusiaren Erregistro Nagusira.

Txanda askean hautaprobak gainditu dituztenei destinoa adjudikatzeko prozedura gehiegi ez luzatzeko, orain ari den kidegoan gelditzea hautatzen duten barne-sustapeneko txandako hautagaiek horren berri eman beharko dute; horretarako, agindu honen II. eranskineko formularioa bete beharko dute eta concursos.admonjusticia@mjusticia.es posta elektronikoaren helbidera izendapena eta destinoaren adjudikazioa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik bost egun baliodun igaro baino lehen.

Hirugarrena.– Funtzionario batek hautatzen badu Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan sartzea eta ez badu nahi lanpostuaz jabetu arte ezinbestean igaroko den aldian hutsunea gertatzea Justizia Administrazioko zerbitzu-lanetan, baimen ordaindua eskatu ahal izango dio Justizia Administrazioko Zuzendaritzari: egun batekoa, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko oraingo destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan badago, edo bi egunekoa, erkidego horretan ez badago (salbuespena: Kanarietatik, Balearretatik, Ceutatik edo Melillatik joan behar direnek hiru eguneko baimena eskatu ahal izango dute, gehienez, kargu berriaz jabetzeko). Baimen-egunak egun balioduntzat joko dira. Destino berriko lanpostuaz baimen-egunetan jabetu beharko da.

Beste lurralde kudeatzailetza batetik edo bitarteko pertsonalak eskualdatuta dauzkan autonomia-erkidego batetik datozen funtzionarioek organo horietara bidali beharko dute dokumentazio hori. Horrela, organoak ofizioz ezarriko ditu funtzionarioari borondatezko eszedentzia Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan eta kargu-uzte automatikoa, eta horien data Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko lanpostuaz jabetzen den egunekoa bera izango da, etenik gerta ez dadin beraren hartzekoen ordainketan.

Nolanahi ere, karguaz jabetzeko eginbideak egin ondoren, kasuan kasuko EATen arduradunak karguaz jabetzeko dokumentuaren bi ale bidaliko ditu Justizia Administrazioko Zuzendaritzara, hark gero behar diren aldaketak egin ditzan nominan. Zuzendaritzak ale horietako bat Justizia Administrazioaren zerbitzuko giza baliabideen Zuzendariordetza Nagusiaren Erregistro Nagusira bidaliko du, beste bat interesdunari bidaliko dio eta laugarrena EATean gordeko da.

Laugarrena.– Funtzionario batek hautatzen badu Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko lanpostu berrian gelditzea, hartaz jabetu ondoren eskubidea edukiko du baimen ordaindua erabiltzeko, martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian ezartzen den bezala. Baimenetik agindu honen hirugarren apartatuan aipatzen diren egunak kenduko dira.

Bosgarrena.– Hautaprobak gainditu dituztenei adjudikatutako lanpostuetan ari diren bitarteko funtzionarioek lanpostua utziko dute titularra hartaz jabetzen den egun berean.

Seigarrena.– Agindu honen bidez destinoa ematen zaien Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko funtzionarioek ezin izango dute parte hartu lekualdatze-lehiaketetan agindu hau eman denetik bi urte igaro arte, nahiz eta destinoa nahitaez ezarri beren lehentasunen kalifikazio-hurrenkeraren arabera. Bi urteko aldia zenbatzeko, 6/1985 Lege organikoak (6/1985 Lege organikoa, uztailaren 1ekoa, botere judizialarena) 529.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen dena aplikatuko da.

Zazpigarrena.– Azaroaren 17ko JUS/1113/2020 Aginduaren bidez (Estatuko Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa) hautagaiei eskaintzen zaizkien plazetatik Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan barne-sustapenaren txandatik sartu berri direnei adjudikatzen ez zaizkienak hutsik geldituko dira eta kidego horretan txanda asketik sartzen direnentzat gordeko dira.

Gainera, orain dauden kidegoan gelditzea erabakitzen duten barne-sustapeneko txandako hautagaiek betetzen ez dituzten plazak aurreko paragrafoan aipatzen diren plazei gehituko zaizkie.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio hilabeteko epean Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legearen) 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen (uztailaren 13ko 29/98 Legearen) 9. artikuluan.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 22a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala