Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2021eko urtarrilaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
30

102/2020 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko hitzarmena, non formalizatzen baita IVAPek EHUri egiten dion kudeaketa-gomendioa, alor hauetan: berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako prestakuntza, eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko hitzarmena, zeinaren bidez formalizatzen baita IVAPek EHUri egiten dion kudeaketa-gomendioa, alor hauetan: berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako prestakuntza, eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 9KO 102/2020 EBAZPENARENA
HITZARMENA, HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN (IVAP) ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN (EHU) ARTEKOA, ZEINAREN BIDEZ FORMALIZATZEN BAITA IVAP-EK EHU-RI EGITEN DION KUDEAKETA-GOMENDIOA, ALOR HAUETAN: BERDINTASUNERAKO ETA INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZETARAKO PRESTAKUNTZA, ETA HAUR ETA NERABEEN AURKAKO SEXU-ABUSUAK PREBENITZEKO ETA ARTATZEKO PRESTAKUNTZA
BILDURIK:

Alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendaria, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, uztailaren 27ko 16/1983 Legeak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzkoak, eta urriaren 16ko 200/2012 Dekretuak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak, organo horri ematen dizkioten eskumenak baliatuta.

Beste alde batetik, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetza, Fernando Tapia Alberdi jaunak ordezkatuta, zeinak ahalmen nahikoak baititu egintza honetarako, arau hauek aintzat hartuta: EHUko estatutuak, eta EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 25ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, gobernu-taldearen egitura eta funtzionamendu-arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko dena.

ADIERAZTEN DUTE:

I.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarri ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan botere publikoen jarduna gidatu behar duten printzipio orokorrak, eta neurri batzuk arautu ditu, bizitzako esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna eta tratu berdina sustatzeko eta bermatzeko.

Hala, 4/2005 Legearen 15.1 artikuluan ezartzen denez, legegintzaldi bakoitzean, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onetsi behar du. Plan horretan, hain zuzen, euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango dituzten jarduerak orientatzeko jarraibideak eta gidalerroak modu koordinatu eta orokorrean jasoko dira; lege beraren 17. artikuluak, bere aldetik, hau dio: EAEko administrazio publikoek beren langileak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan trebatzeko planak gertatu eta egikaritu behar dituzte. Horretaz gain, 53. artikuluan EAEko Administrazio Publikoaren esku uzten du emakumeen kontrako indarkeriaren arloko prestakuntza.

II.– Lege-agindu horiek betetze aldera, Eusko Jaurlaritza emakume eta gizonen arteko berdintasunerako Euskal Autonomia Erkidegoko ondoz ondoko planak onesten joan da, eta, gaur egun, VII. plana dago indarrean; 2018ko ekainaren 19an onetsia.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Euskal Autonomia Erkidegoko VII. planak berdintasunaren arloko zenbait ardatz ditu, eta III. ardatzak «Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak» hartzen ditu.

III.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) xedeak erakundea sortu zuen legearen 4. artikuluak ezarri zituen, hots, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak.

Xede horietan, hau jasotzen zuen, besteak beste: «Euskal Herriko administrazio autonomikoko funtzionarioak eta kontratupeko langileak edota beste edozein herri-administraziok edo ordenamendu juridikoak eskatzen dizkionak prestatzea eta hobetzea.»

Xede horien esparruan ezartzen du IVAPek urteko bere prestakuntza-eskaintza; haren barruan prestakuntza-ekintza ugari jasotzen ditu, eta, urtero, haietako batzuk emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arlokoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztientzat.

IV.– Kontuan izanda IVAPek zer eginkizun eta ibilbide dituen administrazio publikoetako langileen prestakuntzaren esparruan, Eusko Legebiltzarrak IVAPi agindu dio –agindu hori berariaz sartuta 2020ko Aurrekontuen legean– emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko bi prestakuntza-plan diseinatzeko eta gauzatzeko: berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren arloko prestakuntza-plan bat eta sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza-plan bat.

V.– Bi planek helburu estrategiko bera dute: beren eguneroko lanean EAEko Administrazio Publikoko profesionalek eguneroko lanean behar izaten duten indarkeriaren prebentzio, detekzio eta arreta integrala hobetzea. Hala, langileen sentsibilizazioa eta kontzientzia hartzea sustatu nahi da aldaketarako tresna gisa, eta arlo horietan langile askori prestakuntza eman.

Sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza-planari dagokionez, IVAPek bereziki kontuan izan du txosten hau: «Haur eta nerabeenganako indarkeria EAEn. Diagnostikoa, erronkak eta orientabideak», Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dagoen Haur eta Nerabeen Behatokiarena, 2020ko martxoan argitaratua. Txostenak agerian utzi du zer eragin handia duen problematika horrek haur eta nerabeengan, eta prestakuntza egokia eman behar zaiela haur eta nerabeekiko harremanetan lan egiten duten profesionalei.

Hori dela eta, IVAPek, Legebiltzarretik hartu duen agindua betetzeko, ulertu du bi prestakuntza-plan egin behar dituela: berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen arloko prestakuntza-plan bat, eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza-plan bat.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek ezartzen dute bigarren prestakuntza-plan horretan haur eta nerabeei egiten zaien erreferentzia ulertu behar dela Haurren eskubideei buruzko Konbentzioaren 1. artikuluan jasotako eran (giza eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmen gisa onetsi zen 1989ko azaroaren 20an). Horrenbestez, hemezortzi urtetik beherako pertsona guztiak joko dira haur eta nerabetzat, salbu eta lehenago iritsia badute adin-nagusitasuna aplikagarria zaien legearen arabera.

VI.– Planak tamaina handikoak dira, xede duten esparrua oso zabala baita eta Legebiltzarrak arreta handiz nabarmendu baititu Aurrekontuen legean; horregatik, haiek garatzeko behar den giza baliabide eta baliabide materialen berariazko zuzkidura handiagoa da IVAPek bere kasa eskura dituen baliabideak baino.

Ondorioz, bidezkotzat eta oso positibotzat jotzen da beste erakunde publiko batzuen lankidetza izatea, garrantzizko ezagutza eta ibilbidea ekar dezaten emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, eta, bereziki, arlo horretako prestakuntzan, eta, halaber, gai horiek lantzeko diziplina anitzeko ikuspegia eskaini dezaten.

VII.– Urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, hau xedatzen du 11. artikuluan: «Administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago»; kudeaketa-gomendioak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; horrelakoetan, kudeaketa-gomendioa eman duen organoaren edo erakundearen ardura izango da gomendioan emandako jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

VIII.– Euskal Herriko Unibertsitatea (aurrerantzean, EHU) zuzenbide publikoko erakundea da, gizartearen zerbitzuan ari da, eta autonomia du, bai eta izaera eta gaitasun juridiko eta ondare propio nahikoak ere, bere eskumenen eremuan, ezinbesteko kalitate- eta bikaintasun-konpromisoarekin, goi-mailako irakaskuntza-zerbitzua eskaintzeko irakaskuntzaren, ikerketaren, azterketaren eta kultura- eta unibertsitate-proiekzioaren, kudeaketa-prozesuen eta bere jarduna oinarritzen duten zerbitzuen bitartez, EHUren estatutuak onesten dituen otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren 1. artikuluan ezartzen den bezala. Haren jardueraren helburua EAEko gizartearen beharrak eta haren historiaren eta eraldaketa sozioekonomiko, politiko eta kulturalen ondoriozko beharrak asetzea da, eta hartan kultura eta zientzia unibertsalen ezagutza zabaldu, arreta nagusia euskal kulturari eta euskarari emanda, eta eguneroko bere jarduna era jasangarrian eginda, ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokienez.

EHUk, estatutuek jasotzen dutenaren arabera, honako xede hauek ditu, besteak beste: a) jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzea eta jakintzaren aurrerabidea eta gizartearen garapena sustatzea, ikerketaren bitartez eta ikerketaren emaitzak gizarteratuz (4.1.a artikulua); b) harremanak izatea eta hitzarmenak egitea erakunde publiko eta pribatuekin, UPV/EHUko tituludunen prestakuntza hobea izan dadin eta, ondorioz, lanean hasteko aukera gehiago izan dezaten (4.1.h artikulua); c) euskararen garapena eta normalizazioa indartzea, bere eskumenen eremuan (4.1.d artikulua); d) profesionalen etengabeko prestakuntza eta goi mailako irakaskuntza eskatzen duten gizarteko beste taldeen etengabeko prestakuntza edo bizitza osoko prestakuntza sustatzea (4.1.e artikulua); e) unibertsitate-zabalkuntza eta hedakuntza bultzatzea, batez ere gizarte- eta kultura-mailen arteko aldeak gutxitzera zuzenduak, bai eta bizitza politiko, kultural eta sozialean hobeto parte hartzeko baldintzak sortzera zuzenduak ere (4.1.f artikulua).

Halaber, bere estatutuen eskumen-esparruan, EHUk beste unibertsitate batzuekin jarduten du elkarlanean, eta harremanak ditu enpresekin, ikerguneekin eta kultura eta gizarte erakundeekin (7.1 artikulua).

IX.– Bere estatutuen 4.3 artikuluaren arabera, EHUk emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko du bere baitan eta beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat. Beraz, EHUk aintzat hartuko ditu honako printzipio hauek: aukera-berdintasuna, aniztasunaren eta diferentziaren errespetua, genero-ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa, sexuari lotutako rolak eta estereotipoak baztertzea, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza parekatua.

Printzipio hori gauzatzeko, EHUk berdintasunerako zuzendaritza bat dauka, Gobernu Kontseiluak 2006ko ekainaren 15ean sortua; haren ardura da berdintasun-planak diseinatzea eta aurrera eramatea, oinarrizko tresna baitira otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, eta martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Emakume eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoak, dakarten filosofia egituratzeko. Lege horietan ezartzen denez, administrazio publikoek eta enpresek berdintasun-planak egin behar dituzte, dauden araudietan ezarritako helburuak lortzeko.

Gaur egun, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana (2019-2022) dago indarrean, Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 11n onetsia. Hura egiteko, ekarpenak egin dituzte Unibertsitateko Berdintasun Batzordeak, ikastegietako berdintasun-batzordeek eta Sektoreen arteko Berdintasun Batzordeak, eta Emakundek lagundu zuen, 2018ko uztailaren 2ko Erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren. Plana Garapen jasangarrirako 2030 EHUagenda-ren barruan dago sektoreko berariazko plan gisa, Berdintasun Campusa; planak adierazleak biltzen ditu, eta urtero argitzen du zer ekarpen egiten dion Garapen Jasangarriko 5. Helburuari: genero-berdintasuna lortzea eta emakume eta neska guztiak ahalduntzea.

2019an, EHUk parte hartu du jasangarritasunerako Times Higher Education (THE) rankingean, eta munduko 49 unibertsitate onenen artean geratu da, genero-berdintasunari dagokionez.

X.– Azken 15 urteetan, EHUk eskarmentu handia bildu du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, bai ikerkuntzaren esparruan, bai prestakuntzaren esparruan. Genero-ikuspegiarekin lan egiten duten ikerkuntza-taldeak ditu zientziaren arlo guztietan, eta batez beste hirurogei pertsonak lortzen dute titulua urtero gaiari buruz ematen dituen berariazko bi masterretan. Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko masterra.

(https://www.ehu.eus/eu/web/berdintasunmaster/berdintasun-masterra) eta Ikasketa Feministak eta Generokoak unibertsitate-masterra.

(https://www.ehu.eus/eu/web/master/ikasketa-feministak-masterra). Haietan, EHUko 60 irakaslek baino gehiagok ematen dituzte eskolak, eta, haietaz gain, beste arlo eta unibertsitate batzuetako 40 espezialistak.

Halaber, Berdintasunerako Zuzendaritzak eskarmentu handia du unibertsitate-komunitateari berdintasun-arloko prestakuntza ematen: irakasleak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak. Horren froga da zenbat pertsona akreditatu dituen. Azken bi urteetan, 2.500 pertsonak baino gehiagok gainditu dute unibertsitateak arlo hauetan eskainitako onlineko prestakuntza: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, maskulinitate berriak, hizkera inklusiboa, hezkidetza eta sexu-aniztasuna. Berdintasun-arloko eta maskulinitate berriei buruzko prestakuntza, zeina Emakunderekin elkarlanean egin eta eskaini baita, kanpoko zenbait erakundetan eman da, arrakastaz. Halaber, 2016tik, lau jardunaldi egin dira unibertsitatean (urtean bat), adingabekoen kontrako sexu-abusuei buruz. 2.400 pertsona inguruk parte hartu dute jardunaldi horietan.

Erakunde aitzindaria ere bada emakumeen kontrako indarkeria errotik kentzeko politika aktiboak diseinatzen eta aplikatzen, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 7an onetsitako Genero-indarkerien aurkako protokoloak agerian uzten duen bezala. Bi urte hauetan, 600 pertsona inguruk hartu dute parte protokoloa aurkezteko eta hedatzeko saioetan, eta genero-indarkeria bizi izan duten eta bizi duten 54 emakumeri eman zaie arreta. Unibertsitateak diziplina anitzeko batzorde bat du genero-indarkeriaren biktimak artatzeko: azkar eta eraginkortasunez koordinatzen da unibertsitate-komunitateko emakumeren batek arreta behar duen bakoitzean. Estatuko rankingean, EHU hirugarren lekuan dago genero-indarkeriaren biktimak artatzearen arloan, 2019an Pikara Magazinek egin zuen ikerketa baten arabera.

XI.– Horregatik guztiagatik, Legebiltzarrak IVAPi agindu dizkion berariazko prestakuntza-planak erarik eraginkorren eta efizienteenez gauzatu daitezen, IVAPek erabaki du kudeaketa-gomendioa egitea Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU), berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen arloko prestakuntza-plana eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza-plana diseinatzeko eta gauzatzeko zenbait eginkizun eta lan egin ditzan.

XII.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 11. artikuluari jarraituz, kudeaketa-gomendio hau administrazio publiko ezberdinetako zuzenbide publikoko erakundeen artekoa denez, erakunde gomendio-emailearen eta gomendioa hartu duen erakundearen arteko hitzarmen bat sinatuz formalizatu behar da, eta hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da –administrazio gomendio-emailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren barruan baitago–.

XIII.– IVAPek gauzatu behar dituen berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen arloko prestakuntza-planaren eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza-planaren inguruan, IVAPek EHUri kudeaketa-gomendioa egitea eta EHUk hura onartzea formalizatzeko, hitzarmen hau sinatzen da, eta hitzarmenaren klausuletan jasotzen dira egindako kudeaketa-gomendioaren baldintza zehatzak.

IVAPEK EHURI EGITEN DION KUDEAKETA-GOMENDIOA FORMALIZATZEKO HITZARMENAREN KLAUSULAK

Lehenengoa.– Kudeaketa-gomendioaren xedea.

IVAPek EHUri egiten dion kudeaketa-gomendioak, zeina hitzarmen honen bidez formalizatzen baita, xede hauek ditu: berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen arloko prestakuntza-planaren eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza-planaren proposamen bat prestatzea, eta, horretaz gain, zenbait jarduera tekniko edo material egitea, aipatutako arloetan IVAPek azkenean onesten dituen prestakuntza-planen edukiak gauzatzeko.

Bigarrena.– Zer jardueratan zehazten den kudeaketa-gomendioa.

Hitzarmenaren xede den kudeaketa-gomendioa EHUk egingo dituen jarduera hauetan zehaztuko da:

a) EAEko administrazio publikoetako langileen prestakuntzarako bi planen proposamena prestatzea eta IVAPi aurkeztea –2020ko irailaren 30a baino lehenago–: berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen arloko prestakuntza-planaren proposamen bat, eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza-planaren proposamen bat. Plan-proposamenek honako hauek izan behar dituzte:

i) Planaren helburu orokorrak eta espezifikoak.

ii) Ardatzak: orokorrak eta sektore bakoitzeko espezifikoak.

iii) Ardatz bakoitzaren inguruko estrategiak.

iv) Prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-jardueren zerrenda.

v) Prestakuntza-jarduera bakoitza edo prestakuntza-jarduera mota bakoitza zer langileri zuzentzen zaien, eta zer lehentasun-irizpide erabiliko diren hartzaile ezberdinek parte hartzeko.

vi) Planetan sartutako jarduerak eta planak berak ebaluatzeko jarraibideak, eta jarduerak zein planak ebaluatzean zer lankidetza aurreikusi den.

vii) Planaren aurrekontua, bai guztizko zenbatekoa, bai prestakuntza-jarduera bakoitzaren aurrekontua (haiek zenbat ordu irauten duten, nolakoak diren, zer espezializazio-maila duten eta zenbat pertsonak egingo dutela ezarri den).

viii) Planaren kronograma.

ix) Plana definitzeko eta haiek osatzen dituzten prestakuntza-jarduerak zehazteko behar diren gainerako kontuak.

b) EHUk ikastaroak ematea, eta, onlineko ikastaroak direnean, plataforma telematikoa prest edukitzea ikastaroak emateko.

c) Ikastaroen kudeaketa administratiboa: EHUren plataforma birtualean matrikula egitea, irakasleak aukeratzea eta kontratatzea, eta matrikulazioaren edo eskolak ematearen inguruko gorabeherei aurre egitea; horietatik, IVAPi jakinaraziko dizkio munta handikoak izatearen edo dituzten ezaugarrien ondorioz erakunde gomendio-emaileak ebatzi beharreko gorabeherak.

d) IVAPi igortzea ikastaroen programak, eta zehaztea zer irakaslek emango dituzten, izena eman dutenen zerrenda eta ikastaroak gainditu dituztenen zerrenda.

e) Ikastaro ez diren prestakuntza-jarduerak diseinatzea (materialak, gidak, bideoak...) eta jarduera horien berariazko hartzaileei helaraztea, erabakitzen den eran.

f) Adierazle kuantitatiboak (parte-hartzaile eta ikastaro kopurua, prestakuntza-ordu kopurua...) eta kualitatiboak (balio-aldaketak, eragin-adierazleak, lan-mundura transferitzearen adierazleak...) proposatzea.

g) IVAPi ebaluazio-txostena aurkeztea ikasturte bakoitza amaitzean.

Erakunde gomendio-emaileak (IVAP) honako eginkizun hauek bete behar ditu hitzarmen honen bidez formalizatzen den kudeaketa-gomendioaren esparruan:

a) Gauzatu behar diren prestakuntza-planak onestea.

b) Prestakuntza-planak eta haiek osatzen dituzten prestakuntza-jarduerak hedatzea hartzaileen artean.

c) Plana zuzentzen zaien erakundeekiko koordinazio administratiboa.

d) Kudeaketa administratiboa: ikastaroak egiteko hautatutako pertsona hartzaileen izen-ematearen sistematizazioa, eta prestakuntza-jarduerak gainditu izana egiaztatzeko behar diren datu guztiak jasotzea bere sisteman. IVAPek EHUri emango dizkio prestakuntza edo berariazko jarduera egiteko onartutako pertsonen zerrendak, kasuan kasuko lehentasuna markatzeko irizpideak ezarri ondoren.

e) Prestakuntza-jarduerak gainditzeagatik dagozkion egiaztagiriak ematea.

f) Gomendioa hartu duen erakundeak egin dituen jarduerei dagozkien ordainketen kudeaketa ekonomiko eta administratiboa, haiei onespena eman ondoren.

Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendioaren xede diren prestakuntza-planen eremua.

A) Honako erakunde hauek daude prestakuntza-planen eremuaren barruan:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorra eta administrazio instituzionala, barnean hartuta Ertzaintza, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza, Osakidetza eta Justizia Administrazioaren administrazioa.

2.– Foru-administrazioa.

3.– Toki-administrazioa.

4.– Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio- eta zerbitzu-arloko langileak.

B) Prestakuntza-planen hartzaile diren langileen tipologia:

1.– Jendaurreko zuzeneko arretako langileak.

2.– Osasun-arretako langileak.

3.– Haur eta gazteak artatzeko eta hezteko langileak.

4.– Haur eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistrak, Hezkuntza Saileko Bigarren Hezkuntzako eta lanbide heziketako irakasleak.

5.– Haur eta gazteekin lotura duten beste irakasle batzuk edo administrazioetako animazio/dinamizazio soziokulturaleko langileak.

6.– Premia bereziak dituzten haur eta gazteekin lan egiten duten langileak.

7.– Problematika bereziak dituzten haur eta gazteekin lan egiten duten langileak.

8.– Ertzaintza eta udaltzaingoa.

9.– Beste langile batzuk, baldin eta planean aurreikusitako prestakuntza-jardueren ezaugarrien arabera haiek horietako baten batean parte hartzeari bereziki interesgarri irizten bazaio.

C) Prestakuntza-planen hartzaileen kuantifikazioa: Prestakuntza-jardueretan 10.000-12.000 pertsonak parte har dezaten diseinatuko dira prestakuntza-planak.

D) Planaren denbora-eremua: 2020. urtea (hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera) eta 2021. urtea. 2020-2021 ikasturtean eta 2021. urteko irail eta abendu bitartean egingo dira prestakuntza-planeko jarduerak.

Laugarrena.– Prestakuntza-jardueren tipologia.

Prestakuntza-planek bi planen edo horietako baten hartzaile gehienentzako oinarrizko prestakuntza-jarduerak izango dituzte; halaber, prestakuntza-jarduera espezializatuagoak ere egongo dira langile-tipologia eta premia espezifikoetarako.

Planetan jasotako prestakuntza-ekintzak mota askotarikoak izan daitezke: aurrez aurreko ikastaroak, onlineko ikastaroak eta ikastaro mistoak, bideoak edo antzekoak, informazio-materialak eta gida-dokumentuak argitaratzea edo/eta hedatzea, hitzaldiak, work-shop, praktika-komunitateak eta abar.

Hitzarmen honetako prestakuntza-planak osatzen dituzten prestakuntza-ekintzak berariaz zuzenduko zaizkie, bai edukiari dagokionez, bai formulazioari dagokionez, EAEko administrazio publikoetako langileei, eta, hala badagokio, prestakuntza-jarduerak xede duen eremu espezifikoko langileei.

Ahalegina egingo da administrazioaren eremu ezberdinetako profesionalek batera parte hartuko duten prestakuntza-ekintzak egiten, hartara prestakuntza-ekintzak eta ekintzetan parte hartzen dutenei eskaintzen zaizkien ikuspegiak aberasteko.

Bosgarrena.– Prestakuntza-planak eta prestakuntza-jarduerak ebaluatzea.

Bi ebaluazio mota egingo dira, bai planei dagokienez, bai prestakuntza-jarduerei dagokienez:

a) Alde batetik, prestakuntza-jardueretako parte-hartzaileei egingo zaien ebaluazioa, kasuan kasuko jarduera gainditu duten jakiteko.

b) Beste alde batetik, prestakuntza-jardueren eraginaren ebaluazioa.

Halaber, prestakuntza-jardueretako parte-hartzaileei ebaluazio-galdetegi bat helaraziko zaie, jasota ikastaro bakoitzari buruzko iritzia eman dezaten.

Ikasturte bakoitza amaitzean, ebaluazio-txosten bat aurkeztuko da.

Seigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Jarraipen-batzorde bat eratuko da kudeaketa-gomendioa kudeatzeko eta interpretatzeko, eta erakunde gomendio-emailearekin eta gomendio hartzen duen erakundearekin koordinatuta jarduerak sustatzeko, baita kudeaketa-gomendioarekin lotutako kontuetako edozeinetan gerta litezkeen gorabeherak ebazteko ere.

Kudeaketa-gomendioaren jarraipen-batzordearen kideak:

a) IVAPek izendatutako pertsona bat; batzordeburu jardungo du.

b) Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak izendatutako pertsona bat.

c) Emakundek izendatutako pertsona bat.

d) Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasunerako Zuzendaritzak izendatutako bi pertsona; horietako batek jarraipen-batzordeko idazkari jardungo du.

Erakunde horietako edozeinek kudeaketa-gomendioaren jarraipen-batzordeko kide izateko hasieran hautatutako pertsona joaten ez bada edo joan ezin bada, kasuan kasuko erakundeak beste pertsona bat izendatuko du, dela era puntualean bilkura batean edo jarduera jakin batean parte hartzeko, dela behin betiko lehenago izendatutako pertsonaren ordez jarduteko.

Beharrezkotzat jotzen dituen teknikariak hartu ahal izango ditu batzordeak xede edo jarduera zehatz baterako, baldin eta batzordekideek hala erabakitzen badute; batzordearen aktetan jaso beharko da pertsona jakin hori sartu dela eta zer xede edo jarduera zehatzetarako sartu den.

Jarraipen-batzordeak honako egiteko hauek izango ditu:

a) IVAPen eta EHUren arteko elkarrizketa gauzatzea, hitzarmenaren helburu diren xede eta jarduerak gauzatze aldera.

b) Ekarpenak egitea Euskal Herriko Unibertsitateak egiten dituen prestakuntza-planen proposamenei.

c) Prestakuntza-planen xede diren jardueren egutegia zehaztea.

d) Ikastaroetan parte hartzeko irizpideak eta lehentasunak zehaztea.

e) Kudeaketa-gomendioa gauzatzeko behar diren kudeaketa-jarduerak zehaztea, baita erakunde gomendio-emailearen eta gomendioa hartu duen erakundearen arteko jarduera horien fluxua ere.

f) Hitzarmena behar bezala funtzionatzeko behar diren baliabideen aurreikuspenak egitea.

g) Planetako jardueren jarraipena egitea.

h) Hobetzeko proposamenak egitea, hurrengo urteetan prestakuntza-jarduerak eta etengabeko prestakuntzako jarduerak emateari begira.

i) Egindako jarduerak aztertzea, haien eta planen ebaluazioa prestatzea, eta jarduerak ebaluatzeko adierazleak proposatzea eta zehaztea, ekintzen eta planen eraginaren ebaluazioari buruzko adierazleak barne.

j) Euskal Herriko Unibertsitatearen ebaluazio-txostenei onespena ematea.

k) Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta agertzen diren arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

l) Oro har, kudeaketa-agindu honekin lotuta sortzen diren gorabehera eta arazoak aztertzeko eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.

Hitzarmenaren sinatzaileetako edozeinek deituta bilduko da jarraipen-batzordea. Hala ere, batzordearen eginkizunen gauzatze arruntean, bizkorren eta eraginkorren irizten zaien bitarteko material eta teknologikoen bidez egin ahal izango da bi erakundeen arteko elkarrizketa.

Zazpigarrena.– Finantzaketa.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ordainduko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak kudeaketa-gomendio hau kudeatzearen ondorioz sortutako gastuak, IVAPeko zuzendariaren 2018ko urriaren 4ko Ebazpenean ezarritako moduan (ebazpenean, IVAPi pertsona fisikoek prestakuntza-zerbitzuak emateari eta hari jabetza intelektualeko eskubideak lagatzeari dagozkion ordainsariak ezarri ziren).

Euskal Herriko Unibertsitateari enkargatutako lanen ondorioz arau horretan jasotako kontzeptuetatik kanpoko gasturik sortuz gero, ordejarritako gastutzat joko dira, eta, horrenbestez, ez zaie BEZa erantsiko, kasu horretan.

Hitzarmen honen xede den kudeaketa-gomendioa gauzatzeko gehieneko aurrekontua aurrekontu-partida hauetan ezarritakoa izango da:

(Ikus .PDF)

Hitzarmen honen bidez formalizatzen den kudeaketa-gomendioaren xede diren prestakuntza-planen finantzaketa plan horietarako berariaz aurreikusitako aurrekontu-partiden kontura baino ez da egingo.

Prestakuntza-planen entregan, 20.000 euro ordainduko dira (10.000 euro plan bakoitzeko).

Egindako prestakuntza-jarduera bakoitzeko, % 10eko gehigarri bat ordainduko da, aipatutako ebazpenean ezarritako baremoak aplikatzearen ondoriozko zenbatekoaren gainetik, ikastaroen kudeaketa administratiboaren kontzeptuan (matrikulazioa, irakasleak kontratatzea, gorabeherak kudeatzea...) eta % 15ekoa unibertsitatearen plataforma telematikoa erabiltzen duten onlineko ikastaroak izanez gero.

Hilero egingo zaio ordainketa unibertsitateari, hark kudeaketa-gomendioaren xede diren jarduera gauzatuak justifikatu ondoren.

Agerian geldituko balitz 2021erako aurreikusitako prestakuntza ekintzak bukatzea ezinezkoa dela 2021. urterako ezarritako kredituekin, ezarritako kreditu horiek gehitzeko aukera aztertuko da.

Zortzigarrena.– Datuen babesa.

Kudeaketa-gomendioa gauzatzeko egin behar den datu pertsonalen kudeaketa egitean, erabat errespetatuko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Hitzarmen honen bidez formalizatzen den kudeaketa-gomendioaren eremuan, erakunde gomendio-emailea (IVAP) da datuen tratamenduaren arduraduna, eta gomendioa hartu duen erakundea (EHU) da kudeaketa-gomendioa gauzatzean eskuratu ditzakeen datu pertsonalen tratamendu-eragilea; bi erakundeek hitzarmen honen eranskinean dagoen datuen tratamendua enkargatzeko kontratua sinatu beharko dute.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik sortuko ditu ondorioak hitzarmen honek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko kudeaketa-gomendio hau formalizatzen baitu: berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen arloko prestakuntza-plana eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntza-plana diseinatzeko eta gauzatzeko kudeaketa-gomendioa.

Hitzarmenaren indarraldiak 2021. urtea amaitu arte iraungo du.

Kudeaketa-gomendio hau alderdietako edozeinek salatu ahal izango du alde bakarrez, eta, horrela gertatuz gero, erabaki hori idatziz jakinarazi eta hiru hilabetera amaituko da gomendioaren indarraldia.

Aurrekoa gorabehera, hitzarmena salatuz gero, bermatu beharko da hasitako jarduerak burutuko direla eta kudeaketa-gomendioaren esparruan gauzatutako jarduera guztiei dagozkien kontuak likidatuko direla.

Bi alderdiek beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartu dituzte kudeaketa-gomendio hau betetzen dela bermatzeko. Eta adostasun-frogatzat, bi aldeek sinatzen dute hitzarmen hau,

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 1a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

(UPV/EHU) Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren Arloko errektoreordea,

FERNANDO TAPIA ALBERDI.

HITZARMENAREN ERANSKINA
TRATAMENDUA ENKARGATZEKO KONTRATUA

Tratamenduaren arduradunaren eta tratamendu-eragilearen identifikazioa.

Tratamenduaren arduraduna: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP).

Tratamendu-eragilea: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).

TRATAMENDU-ENKARGUAREN XEDEA

Klausula hauen bidez, tratamendu-eragilea gaitzen da tratamenduaren arduradunaren kontura tratatu ditzan datu pertsonal hauek: IVAPek EHUri egin dion kudeaketa-gomendiotik eratorritako jarduerak garatzeko behar direnak. Jarduera horiek, gogora dezagun, berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen arloko prestakuntzaren esparrukoak eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntzaren esparrukoak dira.

EGITEKOAK DIREN TRATAMENDUAK

Honetan datza tratamendua: datuak bildu, erregistratu, egituratu, gorde eta kontsultatzean.

UKITUTAKO INFORMAZIOAREN IDENTIFIKAZIOA

Enkargu honetatik eratorritako prestazioak gauzatzeko, ikasleen honako datu hauek tratatuko ditu eragileak:

Identifikazio-datuak.

Enpleguaren eta administrazio-karreraren datuak.

Datu akademikoak eta profesionalak (jasotako ikastaroen erregistro historikoa, eta aprobetxamenduko eta bertaratzeko datuak).

IRAUPENA

Enkargu honek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko hitzarmenak duen iraupen bera izango du; hitzarmenaren bidez formalizatzen da IVAPek EHUri egin dion kudeaketa-gomendioa, berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen arloko prestakuntzaren esparruan eta haur eta nerabeen aurkako sexu-abusuak prebenitzeko eta artatzeko prestakuntzaren esparruan.

Hala eta guztiz ere, kontratua amaitzean, indarrean jarraituko du sekretu-eginbeharrak, denbora-mugarik gabe, betearazpenean zerikusia duten pertsona guztientzat.

TRATAMENDU-ERAGILEAREN BETEBEHARRAK

Tratamendu-eragileak honako betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

– Tratatzeko diren datu pertsonalak edo sartzeko biltzen dituen datuak enkargu honen helbururako baino ez ditu erabiliko. Inola ere ezingo ditu erabili bere helburuetarako.

– Tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideen arabera tratatuko ditu datuak, eta ezingo dira aplikatu edo erabili beste ezein helburutarako.

– Datuak hirugarren pertsonei ez komunikatzea, salbu eta tratamenduaren arduradunaren baimen espresua badu, legez onargarri diren kasuetan.

– Idatzizko erregistro bat eramatea, tratamenduaren arduradunaren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztiena, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudiak eskatutako edukiarekin.

– Isilpean gordetzea eskuratzen dituen datu pertsonalak, eta datu horiek gordetzeko betebeharrak bere horretan iraungo du tratamenduaren ardura duen erakundearekin harremanak amaitu ostean ere.

– Datu pertsonalak eta, hala badagokio, datu pertsonalak dituzten euskarriak, suntsitzea edo tratamenduaren arduradunari itzultzea, prestazioa ematen amaitu ostean.

– Bermatzea ezen datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek idatzizko konpromiso espresua hartuko dutela konfidentzialtasuna errespetatzeko. Eta, horretaz gain, tratamenduaren arduradunaren eskura izango ditu hori egiaztatzeko agiriak.

– Bermatzea ezen datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek behar duten prestakuntza dutela datu pertsonalen babesaren alorrean.

– Tratamenduaren arduradunari laguntzea interesdunek datuak babesteko araudian aurreikusitako eskubideak baliatzeari erantzuna ematen. Berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari ukitutako pertsonek tratamendu-eragilearen aurrean beren eskubideak baliatzen badituzte.

– Segurtasun-urraketak jakinaraztea tratamenduaren arduradunari, bidegabeko atzerapenik gabe eta, betiere, 72 orduko gehieneko epea baino lehenago, eta gorabehera dokumentatzeko eta komunikatzeko garrantzitsua den informazioa helaraztea. Ez da beharrezkoa izango jakinaraztea, baldin eta gertagaitza bada segurtasun-urraketak arriskurik ekartzea pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako.

– Hala dagokion kasuetan, tratamenduaren arduradunari laguntzea datuen babesari buruzko eragin-ebaluazioak egiten, baita kontrol-agintaritzari aurretiko kontsultak egiten ere.

– Tratamenduaren arduradunaren esku jartzea betebeharrak bete izana egiaztatzeko behar den informazio guztia, baita kasuan kasuko auditoretzak edo ikuskapenak egiteko behar den informazioa ere.

– Datuak babesteko ordezkari bat izendatzea, eta nor den eta haren harremanetarako datuak komunikatzea tratamenduaren arduradunari.

– Tratamendu-eragileak datu horiek beste xede baterako erabiltzen baditu, komunikatzen baditu, edo estipulazio hauek bete gabe erabiltzen baditu, hura ere tratamenduaren arduraduntzat joko da, eta erantzukizuna izango du, arau-hausterik egiten badu.

SEGURTASUN-NEURRIAK

Tratamendu-eragileak segurtasun-neurri hauek ezarri beharko ditu: Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren II. eranskinekoak (Segurtasun neurriak), baita Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Korporatiboaren Batzordeak (GureSek) ezarritakoak ere.

Edonola ere, helburu hauetarako mekanismoak ezarri beharko ditu:

– Datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta datu horien aldaketa, galera eta baimenik gabeko erabilera edo eskuratzea eragozteko behar diren neurri teknikoak eta antolakuntza-neurriak izateko.

– Tratamendu-sistemen eta -zerbitzuen konfidentzialtasun, osotasun, erabilgarritasun eta erresilientzia iraunkorrak bermatzeko gaitasuna bermatzeko.

– Gorabehera fisiko edo teknikorik izanez gero, datu pertsonalak berriro erabilgarri eta irispidean azkar jartzeko gaitasuna izateko.

– Tratamenduaren segurtasuna bermatzeko ezarri diren neurri tekniko eta antolakuntza-neurrien eraginkortasuna aldian-aldian egiaztatu, ebaluatu eta baloratzeko.

– Datu pertsonalak seudonimizatzeko eta zifratzeko, hala badagokio.

TRATAMENDUAREN ARDURADUNAREN BETEBEHARRAK

Tratamenduaren arduradunak betebehar hauek ditu:

– Kontratu honetan aipatutako datuak ematea tratamendu-eragileari.

– Aldez aurretik eta tratamendu osoan zaintzea tratamendu-eragileak betetzen dituela Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

– Tratamendua gainbegiratzea.

TRATAMENDUAREN AZPIENKARGUAK

Tratamenduaren arduradunak ikastaroak ematea azpienkargatzeko baimena ematen dio tratamendu-eragileari.

Tratamendu-eragileak (EHU) tratamenduaren arduradunari (IVAP) idatziz jakinaraziko dizkio ikastaroak emateko azpienkargatu dituenen identifikazio- eta harreman-datuak.

Azpieragileak ere, tratamendu-eragile izaera du, eta berak ere bete beharko ditu dokumentu honetan tratamendu-eragilearentzat (EHU) ezarritako betebeharrak eta tratamenduaren arduradunak ematen dituen jarraibideak.

Hasierako datu-eragilearen (EHU) ardura da harreman berria arautzea, berak dituen baldintza eta betekizun formal berberak izan ditzan azpieragileak, datu pertsonalak egoki tratatzeari eta ukitutako pertsonen eskubideak bermatzeari dagokionez.

Azpieragileak baldintza eta betekizun horiek bete ezean, hasierako eragileak (EHU) jarraituko du erabateko erantzukizuna izaten arduradunaren aurrean, betebeharrak betetzeari dagokionez.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

(UPV/EHU) Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren Arloko errektoreordea,

FERNANDO TAPIA ALBERDI.


Azterketa dokumentala