Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2021eko urtarrilaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
27

AGINDUA, 2020ko abenduaren 15ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, joko-operadore diren pertsona fisikoei bitarteko telematikoen bidez erlazionatzeko betebeharra ezartzen diena Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko jokoa arautzeko agintaritzarekin dituzten izapideetan.

Araugintzaren ikuspegitik, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua onesteak berebiziko bultzada eman zion Administrazio Elektronikoari.

232/2007 Dekretuaren 4.4 artikuluak ezartzen zuen administrazioak ezin izango zuela herritarrak behartu bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzera, administrazio-prozeduretan jarduteko; baina, era berean, gaineratzen zuen prozedura elektronikoak arautzean, administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez bakarrik komunikatzea nahitaezkotzat joko zela baldin eta interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak baziren eta, euren gaitasun ekonomiko edo teknikoa, jarduera profesionala edo egiaztatutako bestelako arrazoiak zirela eta, beharrezko bitarteko teknologikoetara sartzea eta horiek eskuratzea bermatuta bazeukaten.

232/2007 Dekretuan jada jasotzen zen aurreikuspen hori otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak jaso zuen gerora, Administrazio Elektronikoaren dekretua bigarrengoz aldatzen zuen apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuaren bidez aldatutakoak. Hain zuzen ere, dekretu horren 28. artikuluak ezarri zuen batzuetan, administrazioak, erregelamendu bidez, berarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak soilik erabiltzera behartu gintzakeela. Noiz? Interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak direnean eta garbi dagoenean badituztela beharrezko bitarteko teknologikoak. Hori garbi egon daiteke haien ahalmen ekonomikoarengatik edo ahalmen teknikoarengatik, lanbideagatik edo behar bezala arrazoitutako beste motiboren batengatik.

Bestalde, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, komunikazio elektronikoa sartu zuen, oro har, administrazioaren eta administratuen arteko harremanetan. Lege horrek administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko betebeharra ezartzen du, pertsona fisikoak izan ezik; izan ere, pertsona horiek uneoro aukeratu ahal izango dute administrazio publikoekin beren eskubideak eta betebeharrak bitarteko elektronikoen bidez erabiltzeko komunikatzen diren ala ez, salbu eta 14. artikuluko c), d) eta e) puntuetan deskribatutako kolektiboetako kide badira, edo, erregelamendu bidez, administrazioek haiekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko betebeharra ezartzen badute.

Euskadiko Autonomia Erkidegoan, Jokoaren Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren 4.3 artikuluak gaitasuna ematen dio Eusko Jaurlaritzan jokoaren arloko eskumena duen saileko titularrari, agindu bidez, ezar dezan Jokoa Arautzeko Agintaritzarekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izateko betebeharra, zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen talde jakin batzuentzat, haien gaitasun ekonomiko, tekniko eta dedikazio profesionalagatik. Edo beste arrazoi batzuk, egiaztatuta gera dadin baliabide elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela. Era berean, uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren azken- xedapenetatik lehenengoak ahalmena ematen dio jokoaren arloan eskumena duen saileko titularrari hura garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Gainera, uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuak I. tituluko V. kapituluan jokoaren enpresa operadoreak arautzen ditu, eta 23. artikuluan ezartzen du pertsona fisikoei eta joko-jarduerak ustiatzen dituzten pertsona juridikoei baimena eman ahal izango zaiela joko-modalitateak antolatzeko, ustiatzeko eta jokoaren enpresa operadore legez inskribatzeko, baldin eta zenbait betekizun betetzen badituzte.

Jokoaren operadore diren pertsona fisikoek jarduera ekonomiko bat egiten dutenez eta, ondorioz, enpresatzat hartzen direnez, bidezkoa da hemen ezartzen zaien betebeharra, jokoaren arloko izapideei dagokienez Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin harreman telematikoak izateari buruzkoa.

Azaldutako guztia ikusita, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren 4.3 artikuluak eta azken xedapenetako lehenengoak emandako eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Jokoa Arautzeko Agintaritzaren eta joko-operadore diren pertsona fisikoen arteko izapide guztiak bitarteko elektronikoak soilik erabiliz egin daitezela ezartzea.

Bigarrena.– Bitarteko elektronikoak erabiltzean, Administrazioak administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan (Administrazio Elektronikoari buruzko dekretua bigarren aldiz aldatzen duen apirilaren 21eko 55/2012 Dekretuaren bidez aldatutakoa) zehaztutako printzipio orokorrak eta hizkuntza araubidea errespetatuko ditu.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea, hargatik eragotzi gabe joko-operadore diren pertsona fisikoei banan-banan jakinaraztea.

Laugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 15a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala