3. zk., 2021eko urtarrilaren 7a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (276 KB - 3 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
HEZKUNTZA SAILA
26
EBAZPENA, 2020ko abenduaren 14koa, Hezkuntzako sailburuordearena, 2021. urtean irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deialdia egiten duena.
47/1993 Dekretuak (1993-04-02ko EHAA) irakasleen HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunak ezarri zituen. Gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduak (1994-01-26ko EHAA) Irale programaren ebaluazioa eta hizkuntza-eskakizunen azterketetako edukia eta forma arautu zituen. 1995eko apirilaren 10eko Aginduak (1995-05-11ko EHAA) eta 1998ko urriaren 22koak (1998-11-05eko EHAA) azterketaldi mota desberdinen kalifikazio-sistemak ezarri zituzten. Era berean, apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuak (2005-04-14ko EHAA) HLEA hizkuntza-eskakizuna sortu eta arautu zuen Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langileentzat.
Honako ebazpen honen xede nagusia irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2021. urterako deialdia egitea da.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Ebazpen honen xedea da irakasleen HE1, HE2 eta HLEA hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2021. urterako deialdia egitea, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan.
2. artikulua.– Hezkuntza Sailak, 2021. urtean, hizkuntza-eskakizunen deialdi irekia egingo du. Deialdiaren matrikulazio-baldintzak ebazpen honetan zehazten dira.
3. artikulua.– Deialdi irekian matrikulatzeko epe arrunta 2021eko urtarrilaren 28an irekiko da, eta otsailaren 8an itxiko.
4. artikulua.– Hezkuntza Bereziko HLEA eskakizunerako, zehazki, honako hauek matrikulatu ahal izango dira deialdiaren epe arruntean: Gizarteratzeko edota Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari titulazioa edo baliokidea dutenak, bai eta Fisioterapeuta, Gizarte-langile, Lanbidezko Terapeuta eta Zeinu Hizkuntzako Interprete titulazioa dutenak ere. Orobat Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langile bezala aritzen direnak eta arlo horretan indarrean dagoen ordezkapen-zerrendan daudenak.
5. artikulua.– HE2ko deialdirako, berriz, honako hauek ere matrikulatu ahal izango dira: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan edo pribatu baimenduetan 2019-2020 edo 2020-2021 ikasturteetan zerbitzuak egin dituzten irakasle eta heziketa-langileak, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten zentroetakoak barnean direla. Era berean, matrikulatzeko aukera izango dute beste autonomia-erkidego batzuetan irakaslanean ari diren karrerako funtzionarioek edo berriro laneratzeko eskubidea dutenek eta EAEko irakaskuntza publikoko indarreko ordezkapen-zerrendetan dauden irakasleek. Zerbitzu-egiteari dagokionez, aski izango da egun bateko zerbitzua egin izana, 2019ko irailaren 1etik matrikula-egunera arte.
6. artikulua.– HE1eko deialdirako, aldiz, honako hauek matrikulatu ahal izango dira: 4. eta 5. artikuluek eragindako pertsonez gain, irakaslan edo heziketa-lanerako beharrezko titulazioa dutela erakusten dutenak. HE1eko izangaiek Maisu/Maistra, Lizentziatu, Diplomatu, Graduatu, Gizarteratzeko edo Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari izan beharko dute, edota irakasle eta heziketa-lanerako balio duen tituluaren jabe. Izangaiok, Maisu/Maistrak, Pedagogoak, Haur Hezkuntzako Teknikariak eta 4. artikuluan aipatutako titulazioak izan ezik, titulazio hauetariko bat izan beharko dute: Bigarren Hezkuntzarako Gaitzeko Master Titulu Ofiziala, Didaktika Espezializazioko Titulua (TED), Pedagogia Gaitasuneko Ziurtagiria (CAP), edo baliokidea.
7. artikulua.– Arau orokor gisa, izangaiak hizkuntza-eskakizun bakar batean matrikulatu ahal izango dira deialdi bakoitzaren barnean.
8. artikulua.– Deialdi irekian matrikulatzeko, eskabide normalizatua egin beharko da internet bitartez, helbide honetan (www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara). Horrez gainera, hezkuntza-administrazioak konstantziarik ez duenean, dokumentazio gehigarria aurkeztu beharko da, Hezkuntza Ordezkaritzan edo aplikazio bidez igota: titulazio akademikoaren, Bigarren Hezkuntzako masterra edo baliokidearen fotokopiak eta egindako zerbitzuen egiaztagiria. EAEko irakaskuntza publikoko zein pribatuko langile finkoek ez dute dokumentazio gehigarririk aurkeztu beharko, baldin eta datu horiek Hezkuntza Sailburuordetzan jasoak agertzen badira. Nolanahi ere, sare pribatuko aldi baterako pertsonalaren kasuan edota dokumentazio hori Ordezkaritzan ez dagoen beste kasu batzuetan, interesatuak agiri horiek aurkeztu egin beharko ditu matrikula gauzatzeko. Izen-ematea bide telematikoz egin izanak ez du esan nahi gainerako dokumentazio guztia aurkeztu behar ez denik.
9. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunen azterketen ebaluazio-irizpide orokorrak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira (1994-01-26ko EHAA). Bere aldetik, HLEA hizkuntza-eskakizunean apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuan (2005-04-14) ezarritako irizpideei jarraituko zaie.
10. artikulua.– Deialdi irekirako kalifikazio-sistema Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Aginduan (1998-11-05eko EHAA) ezarritakoa da. HLEAko azterketaren eskemari eta kalifikazio-sistemari dagokienez, zati idatzian lehen hizkuntza-eskakizuneko eskemari jarraituko zaio, eta, ahozkoan, bigarren eskakizunekoari.
11. artikulua.– Era berean, arau nagusi horiek garatze eta zehazte aldera, azterketa-batzorde bateragileak ezartzen dituen orientabideei eta irizpideei bere horretan jarraituko zaie. Ahozko probaren grabazioa ofizioz egingo da, azterketaren material-erregistro osagarria eskuratu ahal izateko. Baldin eta azterketariak grabazioa egin nahi ez balu, errenuntzia sinatu beharko du. Izan ere, erabaki hori dela medio, bere ahozko proba ezin izango da birzuzendu erreklamazio kasuan.
12. artikulua.– Azterketak egiteko lekuak, egunak eta orduak, bai deialdi irekirako eta bai itxirako, sailaren webgune ofizialean argitara emango dira: www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara.
13. artikulua.– Aurkeztu diren azterketarien kalifikazioak sailaren webgune ofizialean emango dira argitara. Bestalde, hizkuntza-eskakizunen bat lortu dutenen datuak Hezkuntza Sailburuordetzako ziurtagirien fitxategian integratuko dira eta pertsona horiek ziurtagiria eskuratu ahal izango dute Hezkuntza Ordezkaritzetan.
14. artikulua.– Lortutako emaitzarekin konforme ez badago, azterketari orok dauka dagokion idatzizko erreklamazioa aurkezteko eskubidea, emaitzak argitara eman eta hiru laneguneko epean, bere kalifikazioa berrikusteko. Horretarako, dagokion batzordeko lehendakariarengana zuzendu beharko du eta erreklamazioa lurraldeko hezkuntza-ordezkaritzan entregatu. Azterketa-batzordeak hilabeteko epean argitaratu beharko ditu berrikustearen ondoriozko kalifikazioak. Era berean, azterketa-batzordeak gutun pertsonal bidez erantzun ahal izango die hala deritzen erreklamazioei.
15. artikulua.– a) Azterketetan iruzur egiten edo eragiten duen edozein azterketari, edota bidezko ez diren laguntzak erabiltzen dituen nornahi, prozesutik baztertuta geldituko da eta ordura arteko kalifikazioak baliogabetuta geldituko dira, bere jarduketak sor ditzakeen erantzukizunez gain.
b) Azterketari bat baztertzeko erabakia lurraldeko azterketa-batzordearen lehendakariari dagokio edozein azterketatan, bertan dauden batzordekideen proposamenez, interesatuari entzun ondoren.
16. artikulua.– a) Azterketa-material guztiak, alegia idatzizko erantzunak, audio grabazioak eta partezko zein guztizko emaitzak, Hezkuntza Sailak gordeko ditu, emaitzak argitara eman eta handik urtebeteko epean gutxienez.
b) Aipatutako materialak isilpean daudela bermatu beharko da, eta ezin izango da horien kopiarik egin, azterketa-batzordeen balioespen-lanerako eta gainerako zereginetarako ez bada.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ahalmena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari ebazpen honetan ezarritakoa garatzeko neurriak har ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, argitara eman eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 14a.
Hezkuntzako sailburuordea,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.