Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2020ko abenduaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
5615

AGINDUA, 2020ko urriaren 27koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak iragartzen eta arautzen baitira profesionalen elkargoek, osasun arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoek funtziona dezaten eta langileen etengabeko prestakuntzako jarduerak antola ditzaten 2020an.

Biztanleriari osasun-arreta egokia ematea faktore askoren mende dago; horien artean, osasun-arloko langileen trebakuntza nabarmentzen da, zeinetarako behar baita kalitatezko prestakuntza-prozesu bat.

Osasungintzako profesionalen eskubidetzat eta betebehartzat hartzen den Etengabeko Prestakuntza (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasungintzako Lanbideen Antolamenduari buruzkoa), gaur egun ohiko eta beharrezko jardueratzat hartzen dute osasunaren, hezkuntzaren, elkarteen eta korporazioaren arloetako erakundeek eta profesionalek berek. Osasun- eta gaixotasun-prozesuen ezagutzak, prozesu horiek baldintzatzen dituzten alderdiak, eredu epidemiologikoak eta erabiltzen diren teknologien berrikuntzak ez ezik, osasun-sistemen eta, oro har, gizarte-sistemen antolaketa ere etengabe aldatzen ari denez, profesionalen konpetentziak, betebehar etiko gisa, mantendu eta etengabe hobetu behar dira, ahalik eta arreta hoberena eskaintzeko profesional horren esku dauden herritarrei. Etengabeko prestakuntza oso tresna ahaltsua da helburu hori lortzeko.

Halaber, prestakuntza-jarduerak antolatuz, profesionalen arteko komunikazioa errazten duten topaguneak sustatzen dira, eta, hala, ezagutzaren hedapena kudeatzen da, bilera zientifikoak, ikastaroak, jardunaldiak eta abar antolatuta.

Deialdi honetan diruz laguntzekoak diren jarduerek bat etorri behar dute Osasun Sailak legegintzaldi honetarako finkatutako ildo estrategikoekin.

Bestalde, Osasun Sailaren ustez, gaixotasunak dituzten pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko, onuragarria eta ezinbestekoa da egoitza ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten profesionalen elkargoei, osasun arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoei laguntzea, osasun arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo osasun-ikerketa sustatzen dutenak, betiere.

Deialdi hau Osasun Sailaren 2020ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren arabera, arlo sanitarioko profesionalen prestakuntza hartzen da dirulaguntzen jarduera-eremu handienekotzat.

Agindu honetan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan horretara bideratutako aurrekontu-kredituetatik datozen baliabide ekonomikoak daude.

Kontuan hartuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren abenduaren 15eko 6/05 Zirkularra –Europar Batasunean egin beharreko izapideen kontrolari buruzkoa–, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak ezin dira estatu-laguntzatzat hartu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko (EBFT) 107.1 artikuluan xedatutakoaren arabera; izan ere, deialdiaren bidez diruz lagun daitezkeen xedeen edo jardueren helburua ezin da jarduera ekonomikotzat hartu, hezkuntza- eta ikerketa-jarduerak direlako.

Xedapen hauek izan dira kontuan: aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako lege horren Erregelamendua; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ekintza hauen ondoriozko gastuak finantzatzeko laguntzak arautzea eta horien deialdia iragartzea:

a) Egoitza ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi-asmorik gabeko profesionalen elkargoen, elkarteen eta erakunde zientifikoen eraketa edo funtzionamendua, osasun arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo osasun-ikerketa sustatzen dutenak, betiere.

b) Osasun arloko profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzea 2020. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan.

2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta horien organo kudeatzailea.

Laguntzak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEONALTBaren 51.4 artikuluan adierazitako lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak konparatuta emango dira laguntzak, haien artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasun hori ezarriko da, batetik, agindu honetako dagokion kapituluan eskabide bakoitzerako ezartzen diren balioespen-irizpideen arabera, eta, bestetik, balioespen-fasean, gutxienez, gehieneko puntuazioaren erdia lortu duten eskabideei bakarrik esleituz laguntzak, harik eta modalitate bakoitzari esleitutako kredituak agortzen diren arte, hala gertatuz gero.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntzok.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen helburua erdiesteko, hirurogeita hemeretzi mila laurehun eta bederatzi euro (79.409,00) erabiliko dira 2020. urtean. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira baliabide ekonomiko horiek, eta honela banatuko dira:

a) Erakundeen eraketa edo funtzionamendurako laguntzak: hogeita hamaika mila zazpiehun eta hirurogeita lau (31.764,00) euro.

b) Etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntzak: berrogeita zazpi mila seiehun eta berrogeita bost (47.645,00) euro.

Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako a) laguntzak jasotzea bateraezina izanen da etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko b) laguntzak jasotzearekin.

2.– Baldin eta, agindu honetako laguntza-modalitateren baten deialdia ebatzi ondoren, soberakinak geratuko balira, artean ebatzi gabeko gainerako modalitateen zuzkidurak handitzeko erabili ahal izango dira soberakin horiek.

Egoera hori gertatuz gero, horren berri emango da Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun: egoitza ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan izan eta osasun arloan diharduten profesionalen elkargoak, elkarteak eta erakunde zientifikoak, guztiak ere irabazi-asmorik gabeak, osasun-profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo osasun-ikerketa sustatzen dutenak, betiere.

2.– Ezingo dira lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden erakundeak:

a) Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren bat duten erakundeek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Errudun deklaratuak izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, dela Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badituzte, lege horretan edo Kargu Publikodunen Jokabide-kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean zehaztutako baldintzetan edo alderdi horiek arautzen dituzten foru-arauetan zehaztutakoetan.

e) Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituztenak, hauetan xedatu bezala: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikulua, eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, zehazki, haren 18. artikulua, zerga-betebeharren betetzea arautzen duena, eta 19. artikulua, Gizarte Segurantzarekikoez arduratzen dena.

f) Egoitza fiskala araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten dutenak.

g) Epe exekutiboan dirulaguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak egunean ez dituztenak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko Araudiaren 21. artikuluan xedatu bezala.

h) Egoera hauetan dauden enpresek ezin dituzte dirulaguntza hauek jaso: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, pentsa badaiteke pertsona edo zirkunstantzia horiek tarteko izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipena direla edo, eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz, horietatik eratorriak.

3.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela ofizioz egiaztatuko du Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (EAEONALTB) 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz. Erakundeak horren aurka espresuki egiten badu, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

4.– Goragoko puntuetan zehaztu diren debekuen balioespenari, justifikazioari, adierazpenari eta irismenari dagokienez, eta, oro har, onuradunen eskakizunei buruz deialdi honetan zehaztu gabekoetan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako guztia aplikatuko da, lege hori oinarrizkoa baita.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Jarduera hauetarako eskatu ahal izango dira laguntzak:

a) Egoitza ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten profesionalen elkargoen, osasun arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteen eta osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoen eraketa edo funtzionamendurako 2020. urtean, osasun arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo osasun-ikerkuntza sustatzen dutenak, betiere.

Erakundeak eratzeko gastuen artean, hauek sartuko dira: erakundea prestatzeko egindako bileretan eta horren berri ematean sortutakoak; notariotzetan eta erregistro publikoetan egindako jarduketak; obligazio fiskalak, ez badira, betiere, gastuak berreskuratzea edo konpentsatzea ekar dezaketen zeharkako zergak, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak; pertsonal- eta administrazio-gastuak.

Erakundeen funtzionamendu-gastutzat hartuko dira beren administrazio jardueretan antolatutako bilkurek, langileek, argitalpenek, Zuzendaritza Batzordeko kideen joan-etorriek eta amortizazioek eragindakoak.

Ez dira funtzionamendu-gastutzat hartuko gastu sozialak –hala nola, bazkariak– eta protokolo-gastuak, ez eta erakunde eskatzaileak emandako beka, sari edo laguntzen ondoriozkoak ere.

b) Osasun arloko langileei bideratutako etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzea, hauek esaterako: 2020. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, ikastaroak eta tailerrak.

Dirulaguntza-deialdira aurkeztuko diren prestakuntza- jarduerek Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluaren edo beste autonomia-erkidego bateko erakunde baliokide baten ziurtapena izan behar dute, edo dagokion erakundeari ziurtapen-eskabidea aurkeztuta izan beharko dute, ziurtapen-prozeduran finkatutakoaren arabera galdatu daitezkeen dokumentu guztiekin batera, eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.

Hauek ez dira diruz lagunduko: ekitaldia egingo den egoitzaren alokairua, baldin eta egoitza erakunde onuradunarena bada; gastu sozialak, hala nola bertaratuen bazkariak, hizlarienak izan ezik; ekintza ludikoak, eta protokolo-gastuak. Halaber, ez dira diruz lagunduko erakundeek beren estatutuei eta arautegiei jarraikiz gauzatutako ohiko bilerak.

2.– Diruz laguntzekoak diren prestakuntza-jarduerek bat etorri behar dute legealdi honetarako Osasun Sailak dituen ildo estrategikoekin (esteka honetan deskargagai: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_departamento/es_def/adjuntos/stp/lineas_estrategicas.pdf, eta, bereziki, arlo hauei dagokienez:

– Kudeaketa sanitarioa: kostu sanitarioen eta ospitale-kostuen kudeaketa eta kontrola; marketina; giza baliabideak; zerbitzu sanitarioen produktibitatea eta plangintza; kalitatearen kontrola; arreta soziosanitarioa; langile sanitarioen arriskuak; erakunde sanitario motak; kudeaketa sanitarioko politikak; plangintza estrategikoa; zerbitzu sanitarioen ikuskapena, eta kudeaketaren tratamendu informatikoa.

– Osasun publikoa: tresna metodologikoak (estatistika eta epidemiologia); plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia, ekitatea, adierazleak; gaixotasunak prebenitzeko eta horietatik babesteko estrategiak; osasuna sustatzea).

– Zainketa aringarriak: alderdi kulturalak, sanitarioak, psikosozialak, legezkoak eta etikoak; zainketa aringarrietako zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.

– Familia- eta komunitate-medikuntza: horren garapena sustatu eta bultzatzea.

– Integrazio asistentziala: zainketa sanitarioak antolatzea, pazienteen emaitzak hobetzea helburu hartuta, bereziki prozesu asistentzialak integratuz, Euskadiko Arreta Integratuaren Planean jasotakoaren arabera.

– Suizidioa Prebenitzeko Estrategia.

– Euskadiko Plan Onkologikoa.

– Generoa eta osasuna.

– Osasungintzako prestakuntza espezializatuaren sistemaren kalitatea hobetzea. Irakasleei bideratutako prestakuntza.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, DLOren 31. artikuluan eta 29. artikuluan azpikontratatzeko aukeraren inguruan (DEOren 68. artikuluarekin lotuta) xedatutakoaren araberakoak izan beharko dute.

4.– Esleipen-irizpideak.

Honako irizpide hauetan oinarriturik esleituko dira laguntzak, eta honako haztapen hauekin:

a) Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako laguntzak:

– Jarduerak 2020. urtean eginak izatea. Egintza zientifiko bakoitzagatik (topaketak, bilerak, kongresuak, jardunaldiak edo antzekoak) puntu 1 emango da; gehienez, 20 puntu.

– Programatutako jarduerak artikulu honen 2. puntuan definitutako lerro estrategikoekin lerrokatzea.

– Jarduera gehienak gorago aipatutako eremuekin lotuta badaude, 25 puntu emango zaizkie, eta 15 puntu, ordea, jarduera gehienak Osasun Sailaren legealdi honetarako ildo estrategikoetan adierazitako bestelako gaiekin lotuta badaude.

– Lanbide sanitario multiprofesionaletako erakunde zientifikoak izateagatik, gehienez 15 puntu, erakundeak lanbide sanitario bat baino gehiago biltzen baditu.

– Erakundearen jardun-eremu geografikoa: gehienez 15 puntu. 15 puntu beren jarduera-eremuan Euskal Autonomia Erkidego osoa gutxienez barne hartzen duten erakundeentzat, eta 10 puntu, lurralde-eremu txikiagoan jarduten dutenentzat.

– Erakundeko kide kopurua: 20 puntu gehienez, honela banatuta:

20 puntu hirurehun edo gehiago dituzten erakundeei.

15 puntu berrehun baino gehiago baina hirurehun baino gutxiago dituztenei.

10 puntu ehun baino gehiago baina gehienez berrehun dituztenei.

5 puntu 100 baino gutxiago dituztenei.

– Zientzia eta osasunaren arloko aldizkako argitalpenak egitea, paperezkoak edo digitalak, 5 puntu.

b) artikulu honetako 2. puntuan definitutako lerro estrategikoekin lotutako etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntzak:

– Prestakuntza-jarduerak lortutako kreditu kopurua, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluak edo beste autonomia-erkidego batzuetako erakunde publiko ziurtatzaileek gauzatutako ziurtapen-prozesuaren barruan; gehienez ere 100 puntu emango dira. Baloratu beharreko eskabidean lortutako kreditu-kopuruaren puntuazioa bihurtzeak emango du puntuazioa. Beraz, dirulaguntza-eskabidea aurkeztu duten mota eta modalitate bereko prestakuntza-jarduerengatik lortutako kreditu kopuru handienari gehieneko puntuazioa (100 puntu) emango zaio, eta, hortik aurrera, proportzionalki aplikatuko da.

Bestela esanda, formula honen arabera esleituko dira puntuak:

– 100 puntu eskuratuko ditu diruz laguntzekoa den mota eta modalitate bereko prestakuntza-jardueren bidez lortutako kreditu kopuru handienak.

– Gainerakoa formula honen arabera haztatuko da:

Lortutako puntuazioa = 100 x diruz laguntzekoa den prestakuntza-jardueran lortutako kreditu-kop. / diruz lagunduko den gisa eta modalitate bereko prestakuntza-jardueretan lortutako kreditu-kopuru handiena.

Behin baino gehiagotan antolatu diren prestakuntza-jardueretan, honela kalkulatuko da lortutako kreditu-kopurua: lehenengo edizioan lortutako kreditu-kopurua bider 2020. urtean egin eta egiaztatutako edizio-kopurua (lau gehienez).

6. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako a) laguntzak jasotzea bateraezina izanen da etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko b) laguntzak jasotzearekin.

2.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoak zein nazioartekoak– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta zein batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada. Hala ere, eskabidean zehaztutako defizitetik gorakoa bada lortutako laguntzen guztizkoa, Osasun Sailak emandako laguntzatik kenduko da zenbateko horretatik gorakoa.

3.– Laguntzaren onuraduna den erakundeak xede bererako bestelako laguntzarik lortzen badu, horren berri izan bezain laster, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Hilabetekoa da eskabideak eta gainerako dokumentu osagarriak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira; horretarako, Interneteko «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa» webguneko laguntzen atalean eskura dagoen formulario normalizatua bete behar da, Administrazio Publikoen Prozedura Administratibo Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren arabera eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluko lehenengo paragrafoaren arabera.

Helbide honetan daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: www.euskadi/certificados-electrónicos

Eskabide bakarra egingo da diruz laguntzekoa den prestakuntza-jarduera bakoitzeko, aintzat hartu gabe jarduera hori zenbat aldiz antolatu den 2020. urtean.

Nahiz eta erakunde eskatzaileek bi modalitateetarako aurkeztu eskabideak, modalitate horietako bakarraren onuradun baino ezin izango dira izan, betiere eman beharreko zenbateko handiena duenarena.

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentuak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

4.– Eskabidearen bidez, ulertuko da erakundeak baimena eman ahal izango diola organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betetzen direla administrazio publikoek egindako dokumentuetan agertzen diren eskakizunak. Ez badu baimenik ematen, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.

5.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko.

6.– Aginduan eskatzen den edo erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen bestelako dokumentu oro euskarri elektronikoan bidali beharko da, aurreko artikuluan deskribatutako prozeduraren arabera.

7.– Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dira:

a) Beste administrazio edo erakunde batek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako ematen dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri emango dela.

b) Egiaztatzea erakundea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi diren eta amaitu gabe dauden itzulketa- edo zehapen-prozeduretan.

c) Egiaztatzea erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, epai edo ebazpen irmoak ezartzen duen aldian, edo ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean jasota dagoen debekua barne.

d) Benetakoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan jarritako datuak, eta betetzen dituela erakundeak indarreko legedian laguntzen onuradun izateko ezarritako eskakizunak.

e) Erakundea legez eratuta eta erregistratuta dagoela dagokion erregistro publikoan (erregistroa, erregistro-zenbakia eta erregistro-eguna adierazita).

8.– Eskabideak aurkezteak dakar espresuki eta formalki onartzea deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak.

9.– Eskatutako dokumentuak:

1) Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako laguntza-eskabidearekin batera, hauek aurkeztuko dira:

– Behar bezala legeztatutako estatutuen kopia.

– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikora behartuta daudenek hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez; hau da helbidea: https://www.euskadi.eus/altaterceros/

– Eskabidea egiten den unean organo betearazleak eta zuzendaritza-organoak osatzen dituzten pertsonen izenen zerrenda.

– Erakundearen 2019. urteko balantzea eta emaitzen kontua, diru-sarrerak eta gastuak adierazita, eta bazkideen kuotak eta helburu bererako bestelako finantza-iturriak zehaztuta (I. eranskina).

– Erakundearen 2020. urterako gutxi gorabeherako gastuen eta sarreren balantzea, sarrerak eta gastuak zehaztuta, eta bai bazkideen kuotak eta helburu bererako bestelako finantza-iturriak ere (I. eranskina).

– 2020. urtean egindako jarduerak, laguntza zertarako eskatzen den zehaztuta.

2) Etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntza-eskabidearekin batera, hauek aurkeztuko dira:

– Prestakuntza-jardueren deskribapena (agindu honen II. eranskina).

– Prestakuntza-jarduerak antolatzeari dagokion diru-sarreren eta gastuen balantze xehatua (I. eranskina).

8. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.

Eskabideak ez baditu betetzen agindu honetan galdatutako eskakizunak, hamar egun emango zaizkio erakunde eskatzaileari akatsak konpon ditzan, eta, konpondu ezean, jakinaraziko zaio eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela.

Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak eta jakinarazpenak, zuzenketak barne, "Nire karpeta" atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. eta 21. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da, zeinaren hasierako osaera agindu honetan emango baita aditzera eta aldaketak EHAAn argitaratuko baitira, interesdunei bertako kideak errekusatzeko eskubidea gauzatzeko aukera bermatzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2.– Balorazio-batzordearen osaera:

a) Batzordeburua: Miguel Sánchez Fernandez, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.

b) Bokalak:

– Andoni Arcelay Salazar, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoko Laguntza Sanitarioko zuzendaria.

– Antonia Daza Gutiérrez, Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko burua.

c) Idazkaria: Rafael Andrés Barruso, Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko laguntzen teknikari arduraduna.

3.– Batzordeak, laguntza-modalitate bakoitzerako aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, formulatu diren eskabideak ebaluatu eta dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Osasuneko sailburuordeari.

10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

a) Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako laguntzak baremo honen arabera kuantifikatuko dira, ezarritako gehiengoak gainditu gabe eta ezarritako kredituak heltzen diren arte:

– 85 puntutik 100era bitartean lortzen badira, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuko defizitaren ehuneko 90 finantzatuko da.

– 75 puntutik 84ra bitartean lortzen badira, ehuneko 80 finantzatuko da.

– 60 puntutik 74ra bitartean lortzen badira, ehuneko 70 finantzatuko da.

– 50 puntutik 59ra bitartean lortzen badira, ehuneko 60 finantzatuko da.

– Balorazioan gutxienez 50 puntura iristen ez diren eskabideak ez dira finantzatuko.

Ezingo da inola ere 11.000 eurotik gorako laguntza eman. Eskabidearekin batera aurkeztutako balantzean jasotzen den defizita baino handiagoa bada zenbateko hori, aurrekontuko defizitaren zenbatekoa ordainduko da.

Dirulaguntza-lerro horretako laguntzen batura handiagoa bada dagoen aurrekontua baino, eta baremoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektu guztiei diruz lagundu nahirik, ehuneko berean gutxituko da emandako laguntza bakoitza, baldin eta aldatzen ez badira dirulaguntzaren baldintzak, xedea eta zertarakoa.

b) Etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntzak baremo honen arabera kuantifikatuko dira, ezarritako gehiengoak gainditu gabe eta ezarritako kredituak heltzen diren arte:

– 85 puntutik 100era bitartean lortzen badira, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuko defizitaren ehuneko 60 finantzatuko da.

– 75 puntutik 84ra bitartean lortzen badira, ehuneko 50 finantzatuko da.

– 60 puntutik 74ra bitartean lortzen badira, ehuneko 40 finantzatuko da.

– 50 puntutik 59ra bitartean lortzen badira, ehuneko 30 finantzatuko da.

– Balorazioan gutxienez 50 puntura iristen ez diren eskabideak ez dira finantzatuko.

Kongresuak antolatzeko, 5.400 euroko laguntza emango da gehienez. Aurrez aurreko modalitatean eta modalitate mistoan ematen diren gainerako prestakuntza-jardueretarako, gehieneko kopuru hori 3.000,00 eurokoa izango da, eta online egiten diren prestakuntza-jardueretarako, berriz, 1.500,00 eurokoa.

Aurkeztutako aurrekontuan jasotzen den defizita baino handiagoak badira zenbateko horiek, aurrekontuko defizitaren zenbatekoa ordainduko da.

Laguntza kuantifikatzeko, hauek ez dira kontuan hartuko: ekitaldia egingo den egoitzaren alokairua, baldin eta egoitza erakunde onuradunarenak bada; gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen bazkariak, hizlarienak izan ezik; ekintza ludikoak, eta protokolo-gastuak. Halaber, ez dira diruz lagunduko erakundeek beren estatutuei eta arautegiei jarraikiz gauzatutako ohiko bilerak.

Dirulaguntza-lerro honetako laguntzen batura handiagoa bada dagoen aurrekontua baino, eta baremoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektu guztiei diruz lagundu nahirik, ehuneko berean gutxituko da emandako laguntza bakoitza, baldin eta dirulaguntzaren baldintzak, xedea eta zertarakoa aldatzen ez badira.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Lehiaketa-prozedura Osasuneko sailburuordeak ebatziko du, balorazio-batzordearen proposamena aintzat hartuta.

2.– Ematen den ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzei baiezkoa ala ezezkoa ematen zaien; baiezkoa bada, erakunde onuraduna, bere identifikazio fiskala, diruz lagundutako jarduera edo ekitaldia eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztu beharko dira. Ukatuz gero, berriz, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Prozedura bakoitzean ematen den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera hiru hilabeteko epean. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek euren eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Prozedura Administratibo Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoari jarraituz, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

4.– Dagokion prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.

5.– Erakunde onuradunak hamar egun naturaleko epea izango du, laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, laguntzari berariaz eta idatziz uko egiteko. Bestela, onartu egin duela ulertuko da.

6.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak, zuzenketak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako zehapen-prozedura oro, antzeko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman izanaren inguruan hasitakoak.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Hargatik eragotzi gabe indarrean dagoen araudiaren arabera aplikatzekoak diren beste eskakizun batzuk, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotakoak, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan adierazitako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek:

a) Dirulaguntzaren xede den proiektura bideratzea jasotako laguntza guztia.

b) Agindu honetan finkatutako eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, bai eta egin beharreko jarduna egin eta dirulaguntza eman edo erabiltzea eragin duen helburua betetzen duela ere.

c) Eskabidean adierazitako datuetan edozein aldaketa izanez gero, horren berri izan bezain laster Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea, bereziki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. artikuluan ezarritako bateragarritasun-araubideari eragiten dioten aldaketen kasuan.

d) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, hala badagokio, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko finantza arloko beste edozein egiaztapen eta kontrol ere, eta jarduketa horiek egiteko eskatzen zaion informazio guztia ematea.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea. Horren berri izan bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, edozein euskarritan daudela ere, egiaztapen- edo kontrol-jarduerak egin ahal izateko.

g) Berariaz adieraztea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntza finantzarioa jaso izana, diruz lagundutako jarduera aditzera ematen duen dokumentazioan edo jardueraren emaitza gisa egiten diren memorietan, argitalpenetan edo komunikazioetan.

h) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen diren kasuetan.

i) Programa, argitalpen eta abarretan generoaren eta berdintasunaren ikuspegiak barneratzea, eta elementu diskriminatzailerik ez jasotzea ez hizkuntzaren ez irudien erabileran.

j) Halaber, erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduerek finantzaketa publikoa jaso dutela adierazteko neurriak hartu beharko dituzte, eta, orobat, kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala auditatuta eduki beharko dituzte, merkataritzako eta sektoreko legeria aplikagarriak galdatutako baldintzetan, hala badagokie, eta horrekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan finkatutako gainerako eskakizunak bete beharko dituzte, lege hori oinarrizkoa baita.

13. artikulua.– Ordainketa.

1.– Emandako laguntza ordainketa bakarrean eginen da, hurrengo atalean eskatzen diren dokumentuak aurkeztu ondoren, eta laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da.

2.– Honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte erakundeek, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hamabost egun baliodun igarota:

– Memoria ekonomikoa, zeinetan jasoko baitira gastuak eta sarrerak, berariaz adierazita diruz lagundutako jardueraren azken defizita.

– Egindako jarduerak justifikatzeko memoria. Sexuaren arabera bereizita emango da informazioa, hala badagokio.

– Memoriari erantsiko zaizkio fakturak edo froga-balio baliokidea duten dokumentuak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, jasotako laguntzaren zenbateko berekoak edo handiagokoak, eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiria ere erantsiko da.

Ordainketa egiaztatzeko moduak:

– Banku-transferentziaren frogagiria.

– Banku-mugimenduaren justifikagiria.

– Txekea (banku-justifikagiriarekin batera).

– Eskudirutan ordaintzeko, erakundearen legezko ordezkariak sinatutako jatorrizko ziurtagiri bat aurkeztuko da, ordaintzeko modua justifikatuko duena.

Aurreko puntuetan zehaztu gabekoetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 73. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Artikulu honetan aipatzen diren dokumentu oro bide telematikotik helarazi beharko da.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketak izanez gero, eta nolanahi ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak eta, kasuan-kasuan, helburu horietarako bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, betiere, laguntzaren onuradun izateko eskakizunak betetzen jarraitzen bada. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izango du gutxitze-espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak, aldiz, hura ebaztekoa.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Bere betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 11. artikuluan adierazten den betebeharren bat bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak aplikatuko dira, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere –azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da–.

3.– Agindu honen 6. eta 13. artikuluetan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero –14. artikuluan aipatua–, laguntzaren parte bat itzuli beharko du erakunde onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmoki ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ez eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu ere. Halakorik gertatuz gero, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera laguntzari dagokion zenbatekotik gora jasotakoa itzuli beharko da. Laguntza-ildo bakoitzari dagokion artikuluan zenbatekoa finkatzeko erabilitako irizpideei jarraituz emango da aipatutako ebazpena.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

16. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak betetzeko, jakinarazten da datu pertsonalak «Irakaskuntza eta Garapen Profesionala» deritzon tratamendurako erabiliko direla, zeinen helburua baita Osasun Sailak iragarritako irakaskuntzarako eta garapen profesionalerako laguntza-eskabideak kudeatzea eta laguntza horien jarraipena egitea. Hauek dira fitxategi horren ezaugarriak:

Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Helburua: eskabideak kudeatzea eta profesionalen elkargoei, osasun arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoei, haien funtzionamendurako eta 2020. urtean langileen etengabeko prestakuntzako jardueren antolaketarako, irakaskuntzarako eta lanbide-garapenerako, emandako laguntzen jarraipena egitea; laguntzok, Osasun Sailak iragarri ditu.

Legitimazioa: interes publikoaren alde egindako misioa edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzeko egindako misioa betetzeko behar den tratamendua (Lanbide sanitarioak antolatzeko azaroaren 21eko 44/2003 Legea).

Erakunde edo pertsona hartzaileak: gai horretako eskumenak dauzkaten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune hauetan:

– Prestakuntza-jarduerak antolatzea: https://www.euskadi.eus/rgpd/0086206

– Eraketa – Funtzionamendua: https://www.euskadi.eus/rgpd/0086306

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Deialdi hau eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduerak honako xedapen hauen esparru juridikoaren barruan sartzen dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 27a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala