262. zk., 2020ko abenduaren 31, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (256 KB - 2 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5614
283/2020 DEKRETUA, abenduaren 22koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Antzuolan, GI-632 errepidearen 15,200 KPan, Bergararako noranzkoan, Deskargako gainean, luizia konpontzeko proiektua (1-V-12/2001-S1-PR) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-632 errepidearen 15,200 KPan, Bergararako noranzkoan, Deskargako gainean, luizia konpontzeko proiektua (1-V-12/2001-S1-PR)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak 2020ko otsailaren 12an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2020ko otsailaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (34. zk.). Geroago, 2020ko uztailaren 14an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
A-636 autobiaren eraikuntzan (Urretxu-Antzuola tartean) betegarri ez estruktural bat atxikita zuen lubeta bat egin zen. Betelana hondatu egin da, eta zati batean mugituta dago, lurrak eta landaretza ere arrastatuta. Horiek lubetaren oinean dagoen ibarbide naturalaren barreneraino iritsi dira eta ibarbideari 150 m inguruko luzeran eragin diote.
Mugitutako material horiek ibarbidearen barrena betetzen dute partzialki, eta, besteak beste, eragina izan du bertako azpi drainatzearen irteeran.
Egoera hau arriskutsua izan daiteke, eurite handiak izanez gero, urak ateratzeko ahalmena murriztuta baitu. Horrek eragin hauek izan ditzake: ibaian gora gehiegizko igotzeak, ibaian behera materialak arrastatzea edo ur-emariak horretarako prestatu gabe dauden eremuetatik igarotzea.
Kalte horiek gerta ez daitezen, beharrezkotzat jotzen da proiektuan jasotako lanak lehenbailehen egitea. Horretarako desjabetzeko prozedura arruntari jarraituz gero, kalte horiek gertatzeko arriskua nabarmen handitzen dela uste da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2020ko abenduaren 22ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «GI-632 errepidearen 15,200 KPan, Bergararako noranzkoan, Deskargako gainean, luizia konpontzeko proiektua (1-V-12/2001-S1-PR)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 22an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.