Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2020ko abenduaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5613

AGINDUA, 2020ko abenduaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez deialdia egiten baita ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programaren onuradunek atzerriko zentroetan egiten dituzten egonaldietako ostatu-gastuak finantzatzeko laguntzetarako.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 21eko Aginduak 2020-2021 ikasturtean ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programarako laguntza berriak eta berritzeak arautzen ditu eta horietarako deialdia egiten du (2020ko uztailaren 30eko EHAA, 149. Zk.), eta ikertzaileen hobekuntzarako programa bat eskaintzen du doktoretza osteko fasearen lehen etapan, gehienez ere hiru urtekoa, zeinetan doktoreak lan-kontratu bat izenpetu beharko baitu ikerkuntza-arloko euskal erakunde batekin. Kontratu horren aurreneko bi urteetan, doktorea atzerriko ikerketa-zentro batera desplazatuko da.

Kontuan hartu da lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua (2020ko irailaren 7ko EHAA, 176. zk.), zeinaren bidez sortu, ezabatu eta aldatu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu.

Kontuan hartu dira, halaber, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA), zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra, eta zeinaren bidez ezarri baitziren dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak, eta, bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Aintzat hartu da, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.

Oinarri hartu da, gainera, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzen baita.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Laguntzen deialdia egitea, ikertzaile doktoreek doktoretza osteko egonaldietan atzerriko zentroetan izango dituzten ostatu-kostuak finantzatzeko.

2.– Atzerriko egonaldiak destinoko zentro jakin batean egin beharko dira; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren doktoretza osteko 2020-2021 ikasturterako laguntza jaso duen destinoko zentroan.

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko, 459.207 euro erabiliko dira guztira.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 21eko Aginduak araututako laguntza baten onuradunek. Aipatutako aginduaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak ematen duen ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programarako laguntza berriak eta berritzeak arautzen dira eta horietarako deialdia egiten da 2020-2021 ikasturterako.

2.– Laguntza jaso ahal izateko, ezinbestekoa da ikertzaile doktoreak jardunean egotea eta laguntzaren lehen edo bigarren urtean egotea (laguntzaren lehen urtean edo lehen berritzean).

3.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean dauden pertsonak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, prozedura orotan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta, horri dagokionez, hitzarmen batek eraginkortasuna hartu badu), esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.

c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.

d) Xedapen hauetako egoeraren batean egotea: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badira, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Bete gabe izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten izatea egoitza fiskala.

g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten den moduan.

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, galduta izatea lege honetan edo beste batzuetan zehaztutako dirulaguntzak lortzeko aukera.

4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntza hauen xede diren atzerriko egonaldiei 2021. urtean eman beharko zaie hasiera.

2.– Laguntza 12 hilabeteko egonaldia egiteko emango da gehienez, eta egonaldia etenik gabekoa izango da.

5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikulua aplikatuz, zeinak ezartzen baitu bide elektronikoak erabiliz komunikatu beharra, interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak direnean eta, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, jarduera profesionalagatik edo egiaztatutako beste arrazoi ororengatik, beharrezko baliabide teknologikoak erabiltzeko eta eskuratzeko aukera bermatuta badute, eskabidea modu bakarrean bete ahal izango da: formulario baten bidez. Hain zuzen ere, formulario hori telematikoki egongo da eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren bidez, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/serbitzuak/1110101

Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.

Aplikaziora ziurtagiri elektroniko bidez sartu beharko da. Helbide elektroniko honetan daude jasota elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Eskabide telematikoa guztiz betetzen denean, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; hau da: eskabide bat sinadura elektronikoaren bitartez baliozkoa izateko, erregistroan jasota geratu behar da. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien Erregistro Elektronikoa/Aurkezpen Erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeraren bitartez. Inprimaki ofizialak zenbaki bat izango du, eskabidea identifikatzeko.

3.– Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bat ere erantsi behar da: hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikuluan aipatzen dena (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen) (ikus I. eranskina).

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2021eko urtarrilaren 4tik otsailaren 14ra bitartekoa izango da.

5. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko dokumentuak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzatela eskatuko die Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena 10. artikuluko 2. apartatuan ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Alokairu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 27,35 eurokoa izango da, atzerriko egonaldiaren egun bakoitzeko.

2.– Laguntzak eman ondoren, eta behar bezala justifikatutako kasuetan, Ikerketa Zuzendaritzak aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan, baina horrek ez du onartutako gastua handituko.

8. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira helburu bera duen beste edozein laguntza ekonomikorekin, betiere onuradunak aurkeztutako alokairuaren kostua muga gisa hartuta. Era berean, ezin izango da gainfinantzaketarik egon helburu bererako. Hau da: ostatuaren kostua ordaintzeko laguntzen baturak ezin izango du gainditu onuradunak aurkeztutako etxebizitzaren alokairuaren kostu osoa.

Gainfinantzaketarik gertatuz gero, agindu honetako laguntza murriztu egingo da, alokairuaren kostu osoa gainditzen duen zenbatekoan.

9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Laguntzak ez dira lehiaketa-prozedura bidez emango. Aitzitik, aurrekontu-aukerak kontuan izanik, laguntzak berrituko dira, baldin eta eskaera garaiz eta forma egokian aurkezten bada, betiere 3. artikuluan ezarritako baldintzak beteta.

10. artikulua.– Ebazpena

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez esleituko dira agindu honetako laguntzak, bai eta haien zenbatekoak zehaztu ere, deialdia EHAAn argitaratu eta sei hilabeteko epean.

Ebazpenak onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu; halaber, eskabidea ukatu zaienen eta baztertuta geratu direnen zerrenda bana ere jasoko du, eta ukatzeko eta baztertzeko arrazoiak azalduko ditu.

2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara.

Alde batera utzi gabe aurreko 2. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo mezu elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute izango, inolaz ere, egindako jakinarazpenaren balioa.

3.– Baldin eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko du dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozedura orok, baldin eta prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen barruan hasi badira eta oraindik izapidetzen ari badira.

6.– Emandako laguntzen zerrendak publikotasuna izan dezan, EHAAn argitaratuko da, jakinarazpen hori egin eta 6 hilabeteko epean.

11. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntzaren onuradunak hamar eguneko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.

b) Laguntza emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa orok izan beharko du Ikerketa Zuzendaritzaren baimena.

c) Dirulaguntza jaso duen egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, baita Hezkuntza Sailarekin kolaboratzea ere, jarduera horiek egiaztatu, ikertu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

d) Dirulaguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.

f) Helburu bererako lortu den beste edozein laguntza deklaratzea.

g) Egonaldia 2021. urtean hastea eta laguntza jaso duen atzerriko zentroan egotea.

h) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, jarduera justifikatzeko agiriak bidaltzea Ikerketa Zuzendaritzara, 14. artikuluan zehazten den moduan.

12. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Uko-egiteak Ikerketa zuzendariari jakinaraziko zaizkio, onuradunak berak sinatuta, eta bertan adieraziko dira zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Jakinarazpen hori aplikazio telematikoaren bidez egin beharko da, uko-egiteak ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago, gutxienez.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko-egitearen ondorio ekonomikoak uko-egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, zenbateko horiek itzuli egin beharko dira.

13. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunaren onarpen-epea betetakoan. Horretarako, onuradunak eguneratua izan beharko du hirugarrenen altaren agiria.

https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

2.– Atzerriko egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek bidali beharko dituzte Ikerketa Zuzendaritzara, aplikazio informatikoaren bitartez:

1) Alokairu-kontratuaren kopia edo destinoko herrialdean bizi dela egiaztatzen duen agiri baliokidea, hasierako eta amaierako datekin.

2) Ikerketa-taldearen arduradunak emandako egiaztagiria, egindako egonaldiari buruzkoa, berariaz zehaztuz hasierako eta amaierako datak.

3.– Atzerriko egonaldia 12 hilabetekoa baino laburragoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du egin ez duen denbora-tarteari dagokion laguntzaren zati proportzionala, indarrean den legeriarekin bat etorriz.

4.– Behin atzerriko egonaldia bukatuta, eta emandako laguntza behar den bezala likidatu ahal izateko, onuradunak adierazi beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak ere.

14. artikulua.– Ez-betetzea.

Atzerriko egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak, bai eta dagozkion atzerapen-interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren kontura ordaindu beharreko dirulaguntzen berme eta itzulerei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).

Era berean, aplikatzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina; 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

15. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, baldin eta betetzen badira dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak, betiere.

Agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 12. artikuluaren 2. apartatuan adierazten den kasuan, prozedura honen arabera jokatuko da:

a) Prozedura abiatu eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.

b) Ikerketa zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio interesdunari, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola kopuruak, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauetan xedatutakoaren arabera jardun dezan.

16. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Dirulaguntzak eta laguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 22a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala