Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2020ko abenduaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5611

AGINDUA, 2020ko abenduaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ukatzen baita University of Wales Trinity Saint David unibertsitateko Bachelor of Science Honours Software Engineering titulua irakasteko baimena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, bere autonomia-estatutuko 16. artikuluak xedatzen duenez, irakaskuntza-eskumena du, eskumenaren luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, eta molde eta espezialitate orotan, eta, betiere, arau hauek agintzen dutenarekin bat etorriz: Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak; 6/2001 Lege Organikoak, abenduaren 21ekoak, Unibertsitateei buruzkoak; 4/2007 Lege Organikoak, apirilaren 12koak, Unibertsitateei buruzko legea aldatzekoak; eta 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2004ko abenduaren 1eko Aginduaren bidez, baimena eman zen Bilboko San Luis Ikastetxea ezartzeko eta jardunean jartzeko, hain zuzen ere beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemen araberako unibertsitate-mailako titulazio hau eman zezan, 2004-2005 ikasturtetik aurrera: «Bachelor of Science Honours in Computing por la Universidad de Gales».

2019ko martxoaren 7ko Aginduaren bidez, Bilboko San Luis ikastetxeak eman beharreko tituluaren izena aldatu zen: «Bachelor of Science (Honours) in Computing por la Universidad de Gales» izenaren ordez, «Bachelor of Science (Honours) in Computing por la University of Wales Trinity Saint David» izena jartzea onartu zen.

2019ko azaroaren 20an, Bilboko San Luis ikastetxearen legezko ordezkariaren idazki bat sartu zen Hezkuntza Sailaren erregistroan. Horren bidez, titulu berri hau egiaztatzeko eskatzen zen: Bachelor of Science Honours Sofware Engineering.

2020ko martxoaren 24an Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez, prozedura hasi zen eta ikastetxeari 10 eguneko epea eman zitzaion, aurkeztutako dokumentazioan aurkitutako hutsen zerrenda zuzen zezan.

Ikastetxeak epearen barruan zuzendu zituen akatsok, eta espedientea Unibasq-Unibertsitate Sistemaren Kalitatearen Euskal Agentziari bidali zitzaion, 2020ko irailaren 1ean, eman beharreko titulazioari buruzko txostena eta balorazioa eskatzeko.

2020ko urriaren 5ean, Unibasq-ek aurkako txostena egin zuen titulu hori emateko baimenari buruz.

Unibertsitate Kontseiluari galdetu zitzaion beharrezkoa zen gaiari buruzko txostena egitea. Horren haritik, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan komunikazio bat jaso zen, 2020ko abenduaren 10ean, eta hor adierazten da indarrean dagoen araudiaren arabera ez dela nahitaezkoa Unibertsitate Kontseiluaren txostena.

Horregatik guztiagatik, Unibasq-ek egindako txostena ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko San Luis zentroari baimena ukatzea titulazio hau irakasteko: Bachelor of Science Honours Software Engineering por la University of Wales Trinity Saint David.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Hirugarrena.– Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 16a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala