262. zk., 2020ko abenduaren 31, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (425 KB - 22 orri.)
- EPUB (411 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5610
AGINDUA, 2020ko abenduaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2021eko lehenengo seihilekoan kongresuak eta bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak emateko.
Lehendakariak irailaren 6an emandako 18/2020 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu ziren, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu. Dekretu horrek Hezkuntza Sailari esleitzen dio ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzeko eskumena.
Sail horren iritziz, kongresuak eta –beste arlo batzuen artean– zientzia-bilerak tresna egokiak dira ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko, eta, oro har, zientzia ikusgarriago egiteko. Horregatik, uste du interes handikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, haien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, ospe handiko ikertzaile eta irakasle nazional eta atzerritarren partaidetzaren bitartez.
Jarduera mota horiek antolatzeko ekarpena dagokion sustapen-programaren bidez bideratzen ari da. Programa horren bidez emandako dirulaguntzek honako hauetan xedatutakoa bete behar dute: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
Une honetan, 2020ko ekitaldietarako egin diren deialdiak ebatzi ondoren, egokitzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa zientifikoaren arloko kongresuak eta bilerak antolatzeko laguntza-programari jarraipena ematea.
Dirulaguntzaren xede diren jarduerak subjektu arduradunek diseinatu eta antolatu ahal izan ditzaten, betiere laguntzek gauzatu behar diren ekitaldiaren hasieratik duten finantza-estalduraren segurtasuna kontuan hartuta, eta urte naturaleko seihileko bakoitzerako urtean deialdi bana egiteko planteamenduari jarraituz, egokitzat jotzen da 2021eko lehen seihilekoan egingo diren kongresu eta bileretarako laguntzen deialdia aurreratzea.
Hori guztia, eta honako alderdi hauek kontuan hartuta: deialdia Hezkuntza Sailaren 2020. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela (Plan hori Hezkuntzako sailburuaren 2020ko apirilaren 30eko Agindu bidez onartu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta: https://www.euskadi.eus/plan-estrategico-de-subvenciones/web01-s2hhome/es/); laguntza mota hori finantzatzeko gastua Aurrekontu Orokorretan hornituta egon ohi dela; eta Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteen aurretiaz izapidetzeari buruzkoa, bide hori ahalbidetzen duela; honako deialdi hau onartu da.
Helburu horretarako,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 2021eko lehen seihilekoan egingo diren ikerketa zientifikoaren arloko kongresuak eta bilerak, aurrez aurrekoak nahiz birtualak, antolatzeko dirulaguntzen oinarriak ezartzea, eta laguntzak eskuratzeko interesa duten erakundeei deialdia egitea.
2.– Deialdi honen ondorioetarako, kongresutzat hartuko dira elkarte zientifikoen aldizkako bilerak, non gutxienez bi saio mota egiten diren: hitzaldi gonbidatuak aurkeztekoak, eta ikertzaileak unean-unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Izan beharko dute batzorde antolatzaile bat, batzorde zientifiko bat eta hautaketa-batzorde bat, maila zientifikoa bermatu beharko duena, eta inskripzio bidez parte hartzeko deialdi publiko bat egin behar dute.
3.– Ekitaldiak nazioartekotzat edo estatukotzat hartuko dira erakunde deitzaileak edo antolatzaileak berak esleitzen duenaren arabera.
4.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira, oro har, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola: prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak eta mintegiak –irakasleak nahiz ikasleak trebatzekoak–; doktorego-, master- edo graduondo-programekin lotutako batzarrak; etengabeko prestakuntzarako jarduerak, eta ate irekien jardunaldiak eta jardunbide egokiak bateratzeko jardunaldiak, ikerketa zientifikoarekin lotura zuzena ez dutenak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdiaren xede diren laguntzak finantzatzeko 200.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2021erako aurrekontuen kargura.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak, baldintza hori lortzeko baldintzak eta egiaztatzeko modua.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuen izaera izango dute laguntza hauen enpresa onuradunek, edozein dela ere haien agente-kategoria, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3. artikuluari jarraituz (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 3170. zk.). Kanpoan geratuko dira, ordea, I+G enpresa-unitateak eta eskaintzako eta eskariko bitartekotza-erakundeak.
2.– Ezin izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako egoeretako batean daudenak, honako kasu hauetan, esaterako:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
– Ordainduta ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere.
b) Armen ekoizpenaren, merkaturatzearen eta finantzaketaren arloetan jardutea.
c) Laguntzen berreskuratze-agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
3.– Dirulaguntzen onuradun izateari buruz aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak bete beharko dira laguntza-eskabidea aurkezten denetik ematen den dirulaguntza likidatu arte.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak honela egiaztatuko dira:
a) Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko ditu honako baldintza hauek:
– Eskabidea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatutako eragile batek formulatu duela.
– Enpresak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz ukatu ahalko du baimena eta, kasu horretan, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako baldintza guztiak eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta finantzatu daitezkeen jarduerak:
1.– Lehenengo artikuluan zehazten diren diruz lagundu daitezkeen kongresuak eta bilerak 2021eko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean egin beharko dira.
Hala ere, dirulaguntza eman ondoren, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz erakunde onuradunak hasieran aurreikusitako datak aldatu behar baditu (baita 2021eko lehen seihilekotik haratago egin behar badira ere), ez du dirulaguntza galduko.
Nolanahi ere, erakunde onuradunak egoera horren berri eman beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari, diruz lagundutako ekitaldia garatzeko hasiera batean programatutako datak igaro baino lehen, eta data berriak jakinarazi beharko dizkio; azken data horiek 2021eko ekitaldikoak izan beharko dute nahitaez.
2.– Diruz lagundutako ekitaldi zientifikoarekin lotutako gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.
3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen tipologia –ekitaldi motaren (kongresua edo bilera zientifikoa), izaeraren (estatukoa edo nazioartekoa) eta garapen-modalitatearen (aurrez aurrekoa edo birtuala) arabera– zerrendan jasotzen direnak eta taula honetan zehazten direnak izango dira:
a) Ekitaldiaren antolakuntzatik, alokairuetatik, web-orrialdeen sorreratik edo laguntza-, itzulpen-, marketin- eta seinaletika-zerbitzuetatik eratorritako gastuak.
b) Hedapen-gastuak, jardueraren argitalpena barne.
c) Gonbidatutako hizlarien bidaiei, ostatuari eta mantenuari dagozkienak.
d) Gonbidatutako hizlarientzako sariak, diruz lagundutako jardueran parte hartzeagatik.
e) Inskripzioaren prezioetan 30 urte arteko (horiek barne) ikertzaile gazteei oinarrizko kuotaren gainean aplikatutako beherapen osoak edo partzialak, deialdiaren xede diren ekintzetara joan daitezen.
f) Erakundeak ikertzaile gazte horiei ordaindutako zenbatekoen ehuneko 20ra arteko gastuak, diruz lagundutako ekitaldira joateko bidaia- eta ostatu-gastu justifikatu gisa. Ez dira zenbatekoan sartuko norbere ibilgailuarekin egindako joan-etorriak.
g) Saioen arteko kafe-atsedenaldiekin lotutako gastuak, aurrez aurreko ekitaldien kasuan.
h) Kongresuetan sariak emateko gastuak.
(Ikus .PDF)
4.– Honako hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:
a) Gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen otorduak eta ostatua, egintza ludikoak, dietak, protokolo-gastuak, ez eta batzorde antolatzaileak ekitaldia hasi aurretik dituen gastuak ere.
b) Gonbidatutako hizlarien bidaliak, ostatua eta mantenua, baldin eta laguntzaren xede den ekitaldiaren programan sartuta ez badaude.
c) Jarduerari egotzitako gastuak, erakunde onuradunaren beraren elementuak erabiltzeak sortutakoak.
d) Erakunde onuradunaren estatutupeko edo kontratupeko langile finkoen ordainsariak, eta ikerkuntzako bekadunentzako zuzkidurak.
e) Bilera zientifikoetan, ez da inola ere finantzatuko sariak emateko gastua.
f) Enpresa hornitzailea eta erakunde onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatzen; justifikazio hori Ikerketa Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakunde edo enpresa lotuta daudela, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluko 2. apartatuan adierazitako egoeraren batean badaude.
5.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin adostu dezake, gehienez ere, diruz lagundutako jardueraren exekuzioaren guztirako zenbatekoaren % 50, azpikontratu guztietako prezioak gehituta.
6.– Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira sustatzaileak dirulaguntza jaso duen proiektua bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.
7.– Edonola ere, diruz lagundutako jarduera azpikontratatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duena) 68. artikuluan zehaztutakoa beteko da.
8.– Diruz lagundu daitezkeen gastuekin lotutako gainerako guztiari dagokienez, dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea, agiriak eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabideak egiteko, inprimaki bat bete beharko da, bide telematikoz Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoaren bidez eskuratu ahal izango dena, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrian (https://www.euskadi.eus/servicios/0057507).
Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Segurtasun, Justizia eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).
Aplikazioan, ziurtagiri elektroniko bidez sartu beharko da (honako helbide elektroniko honetan argitaratuta daude elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.
2.– Eskabide telematikoa guztiz betetakoan eta dokumentu guztiak (artikulu honetako 5. apartatuan adierazitakoak) aplikazioaren bitartez eranstean, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; alegia, eskabide bat sinadura elektronikoaren bitartez baliozkoa izatekoa, erregistroan jasota geratu behar da. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Ez da onartuko bete gabeko eta osorik elektronikoki erregistratu gabeko eskaerarik. Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoaren bidez (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzaile eta pasahitzaren bidez. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.
3.– Azkenik, erantzukizunpeko adierazpena ere erantsi behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatzen dena (legegintzako dekretu horren bidez onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena).
4.– Eskatutako dokumentazioa.
Eskabidearekin batera, dokumentu hauek jaso beharko dira, bai eta aplikazio telematikoan sartu ere:
a) Jarduerari buruzko memoria zientifikoa; honako hauek zehaztuta:
– Ekitaldiaren garrantzia. Deskribapena, ezaugarriak, irismena, tipologia.
– Behin-behineko edo behin betiko programa, egutegia, hizlariak, eta programa argitaratuta duen webgunearen esteka.
– Batzorde antolatzailearen, batzorde zientifikoaren eta hautapen-batzordearen osaera, halakorik badago.
b) Eskatzen diren funtsen justifikazioa: kontzeptua, unitateak, tokiak, kostuak eta aurrekontuak zehaztu behar dira. Ahal dela, proformako fakturak aurkeztu behar dira.
c) Entitate deitzailearen edo antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila altuagoko batzordearen akta: espresuki adierazi beharko da ekitaldia antolatzeko eta deialdia egiteko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.
d) Gonbidatutako hizlariek parte-hartzea onartu izanaren egiaztagiria. Aplikazioaren barruan, egiaztatzeko dokumentuaren txantiloi bat dago, behar bezala beteta aurkeztu behar dena. Hizlari bakoitzeko dokumentu bat aurkeztuko da. Aurkeztutako ebidentziak bakarrik balioetsiko dira.
Gonbidatutako hizlaritzat hartuko dira ekitaldirako espresuki hitzaldi bat aurkezteko eskatu zaien eta programan esplizituki ageri diren horiek, baldin eta kongresuaren edo bilera zientifikoaren batzorde antolatzailearen parte hartzeko gonbidapena onartu badute.
Ekitaldian poster edo ahozko komunikazioen bidez parte hartzen duten pertsonak ez dira gonbidatutako hizlaritzat hartuko; beraz, ez da haien egiaztapenik bidali beharko.
e) Laguntza honen eskabideko epea amaitzean, eskatu edo eskuratu diren laguntzak egiaztatzea.
f) Erantzukizunpeko adierazpena.
5.– Eskabideak aurkezteko epeak.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Ikerketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdiaren kudeaketa-lanak.
7. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.
Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Ikerketa Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzendu ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Zuzenketak egiteko errekerimenduak 12. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.
8. artikulua.– Ebaluazioa eta hautaketa.
1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordeko kideak: Ikerketako zuzendaria, Amaia Esquisabel (lehendakaria izango da); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, Miren Artaraz; eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria, Arantza Elgarresta, idazkari-lanak egingo dituena.
Hautaketa Batzordeak, hurrengo paragrafoan ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, eta bertan jasoko ditu ematea proposatzen diren dirulaguntzak, honako hauek adierazita: onuradun gisa proposatutako erakundeen identitatea, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, dirulaguntza emateko proposatzen den jarduketa eta emandako zenbatekoa, gastu-kontzeptuen arabera banakatuta. Ukatzea proposatzen direnak ere adieraziko dira, baita uko egin izanaren arrazoiak ere.
2.– Eskabideak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera ebaluatuko dira:
a) Ekitaldi mota. Kongresuek 40 puntuko balorazioa izango dute, eta bilerek, berriz, 20 puntukoa.
b) Ekitaldiaren izaera: nazioartekoa, 20 puntu; estatukoa, 10 puntu.
c) Gonbidatutako hizlari kopurua: 10 puntura arte gehienez.
0,5 puntuko balorazioa emango da gonbidatutako hizlari bakoitzeko, baldin eta eskabideko epea amaitzean beren parte-hartzea baieztatuta badago; 8 puntu, gehienez.
Bi puntu gehiago emango zaizkio gonbidatutako hizlarien genero-orekari. Talde bakoitzaren genero-oreka baloratzeko, honako arau hau erabiliko da: bi puntu emango zaizkie sexu bakoitzeko hizlari gonbidatuen % 40 edo gehiago ziurtatzen duten taldeei; puntu bat emango zaie sexuetako bateko kideak % 30 edo gehiago eta % 40 baino gutxiago direnean; eta ez da puntuaziorik lortuko apartatu honetan sexuetako batek % 30etik behera hartzen duenean.
d) Zenbateko asistentzia aurreikusten den. Bertaratutako hogeita bost laguneko, puntu bat emango da; 10 puntu, gehienez.
e) Kanpoko iturriek emandako finantzaketa: bertaratutakoen kuotak eta dirulaguntza publikoak edo pribatuak, jarduera egiteko egiaztatutakoak. Puntu batez baloratuko da adierazitako iturrietatik sortutako finantzaketaren % 4ko; 20 puntu, gehienez.
9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Deialdia lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 9. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen dituzten eskabideei baino ez zaizkie esleituko dirulaguntzak, balorazio-fasean lortutakoaren beheranzko hurrenkeran, harik eta agindu honen 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
Lortutako puntuazioan bi eskabideren edo gehiagoren artean berdinketa gertatuz gero, eskabideak betetzeko aplikazioak eskabide bakoitzari esleitutako ausazko zenbakiaren arabera esleituko da dirulaguntza, goitik beheranzko hurrenkeran; hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian jasoko da.
10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honen babesean emango diren laguntzen zenbatekoak hauek izango dira, gehienez ere:
(Ikus .PDF)
2.– «Kafe-atsedenaldietarako» emango den gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.
3.– Kongresuetako sarietarako gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.
4.– Emandako zenbatekoak ez du inola ere gaindituko ez eskatutako zenbatekoa, ezta aurkeztutako aurrekontuaren herena ere, Agindu honen 4. artikuluan zehaztutako diruz laguntzeko gastuei dagokiena. Ez da emango eskabidean aurreikusitako gastuen eta sarreren arteko aldea gainditzen duen zenbatekorik.
5.– Kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazterakoan, zenbatekoa artikulu honen aurreko apartatuek ahalbidetzen duten gehienekoan finkatuko da.
11. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira kongresu edo bilera bera egiteko xedea duen beste edozein laguntzarekin, izan funts publiko edo pribatu. Alabaina, kongresu edo bilera bererako lortu diren laguntzen guztirako zenbatekoa kostu osotik gorakoa bada, dagokion neurrian murriztuko da deialdi honen babespean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, hautapen-batzordeak proposamena egingo du, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango du ebazpena, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitarazten denetik harako sei hileko epean.
Proposamenak hauek jasoko ditu: erakunde onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta, erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz, laguntzarik jaso ez duten erreserben zerrenda. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
Ebazpenak hauek jasoko ditu: espedientearen erreferentzia-zenbakia, erakunde onuraduna, erakundearen IFK, laguntza jaso behar duen jardueraz arduratzen den ikertzailearen NANa eta izena, ebaluazioan guztira lortutako puntuazioa, ekitaldiaren deskribapena eta zuzkidura ekonomikoa, laguntza jaso behar duten kontzeptuetan xehatua.
2.– Baldin eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskabideak ezetsiak izan direla.
3.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/. Ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara.
Gainera, jakinarazpen bat bidaliko da interesdunak jakinarazi duen gailu elektronikora eta/edo posta elektronikora, aipatutako egoitza elektronikoan jakinarazpen bat jarri dela adierazteko.
4.– Alde batera utzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.
5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.
13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari dagokio, hautaketa-batzordeak hala proposatuta.
2.– Hartzen den ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren. Dirulaguntza ematea erabakiz gero, erakunde onuradunen izen soziala, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, dirulaguntza emateko proposatzen den jarduera eta emandako zenbatekoa adieraziko dira, gastu-kontzeptuen arabera banakatuta. Ukatuz gero, berriz, eskatzaileen izen soziala eta ukoa oinarritzen duten arrazoiak jasoko dira.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete horren kontra Hezkuntzako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taula elektronikoan argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/. Ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara.
Gainera, jakinarazpen bat bidaliko da interesdunak jakinarazi duen gailu elektronikora eta/edo posta elektronikora, aipatutako egoitza elektronikoan jakinarazpen bat jarri dela adierazteko.
5.– Alde batera utzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
7.– Jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emandako laguntzen zerrenda argitaratuko da, erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoak adierazita.
8.– Arau honetan aurreikusitako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradunaren izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, honako hauek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Izan ere, dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz eta idatziz uko egin ez badio laguntzari, onartu egin duela ulertuko da.
b) Helburua bete, jarduera egin, proiektua gauzatu, edo dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera hartzea.
c) Dirulaguntza ematen duen erakundearen edo erakunde laguntzailearen aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatzea, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere bai.
d) Uko-egiteak, atzerapenak edo gainerako gorabeherak jakinaraztea, Ikerketa Zuzendaritza jakinaren gainean egon dadin eta, behar izanez gero, berariazko baimena eman dezan.
e) Egiaztapen-jarduerak onartzea, laguntza eman duen organoak egingo dituenak, bai eta deialdi honen kargura jaso dituzten dirulaguntzei buruzko informazioa ematea ere, Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
f) Dirulaguntza ematen duen organoari edo erakunde laguntzaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izana, baita dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu izana ere. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.
g) Merkataritza-legeriak eta kasu bakoitzean onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion sektoreko legeriak eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak eskura izatea, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatzeko.
h) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren logotipoa eta irudi korporatiboa txertatzea, bai karteletan, bai jardueraren publizitatea egiteko erabiltzen diren baliabideetan, bai ondorengo argitalpenetan. (Eusko Jaurlaritzaren claim-a aplikatzeko gidaliburua). 2017ko apirilaren 4ko Ebazpena (2017ko apirilaren 12ko EHAA, 72. zk.).
i) Irudi ez-sexistak erabiltzea ekitaldiaren publizitatea egiteko ikusizko edukietan eta seinaleetan, bai eta ekitaldiak iraun bitartean zabaltzen den materialean ere.
j) Hizkera ez-sexista erabiltzea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan, bai eta aktetan edo baliokideetan ere, halakorik balego.
15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi ordain-aginduren bidez.
a) Lehen zatia aurretiaz ordainduko da kontuan, eta emandako laguntzaren % 75ekoa izango da; 13.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio.
b) Bigarren zatia, berriz, 2022. urtean ordainduko da, jarduera bukatzean. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean, betiere.
2.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.
3.– Eskatzaileei ez zaie esleitutako laguntzarik ordainduko, baldin eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa honetako dirulaguntzengatik, zigor-prozeduraren edo dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.
16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
Laguntzaren xede den ekitaldiko ekintzak burutzeak dakartzan gastuak justifikatu beharko dira, agindu honetako 4.1 artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
1.– Agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute kongresu edo bilera zientifikoa egin dutela, finantzaketaren helburu baita; hartarako, Ikerketa Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte inprimaki normalizatuan, jarduera hura bukatzen denetik sei hileko epearen barruan (aplikazioan eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat):
a) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Zerrenda bat erantsiko zaio, fakturak eta haien zenbatekoa zehaztuko dituena. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.
b) Diruz lagundutako jardueraren gastu eta diru-sarrera guztien balantze ekonomikoa. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da dokumentu hori.
c) Azken memoria eta balantze zientifikoa, bertaratutakoei entregatu zaien materiala barne. Material hori aurkezteko, esteka elektroniko bat txertatu daiteke memoria horretan, edukia aztertzeko aukera emango duena. Horretaz gainera, azaldu beharko da zer neurri hartu diren honako beharkizun hauek betetzeko: bi hizkuntza ofizialen erabilera; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea, eta Eusko Jaurlaritzaren logotipoa txertatzea lagundutako jarduera guztietan.
d) Kongresuaren akten ale bat, edo, halakorik badago, haien baliokideak. Behin-behinean onartuko dira akten zirriborroak edo baliokideak, haiek argitaratzea aurreikusi bada.
e) Entitate onuradunak gazte ikertzaileei laguntzeko funtsik jasoz gero, bekadunen zerrenda aurkeztu beharko du (izena eta NAN), bai eta egindako deskontuaren zenbatekoa azaltzen duen inskripzioa ere.
Bidaia-gastuetarako laguntzen kasuan, txartel prezioduna edo faktura aurkeztu beharko da.
2.– Artikulu honetan adierazitako agiri guztiak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, 5. artikuluaren 1. apartatuan adierazten den eran, 1.d) apartatukoa izan ezik.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak egiaztatuko du dirulaguntza behar bezala erabili dela, erakunde onuradunen % 10eko ausazko lagin bat eginez. Horretarako, erakunde onuradunei eskatu zaie dirulaguntzari egotzitako gastuen egiaztagirien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkezteko.
4.– Nolanahi ere, erakunde onuradunek fakturak eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, justifikazio-epea amaitzen denetik aurrera. Epe horretan, faktura eta agiri horiek laguntzak eman dituen organoaren eskura egongo dira, eta eskatu egin ahal izango ditu egiaztatzeko.
5.– Justifikatutako gastuak emandako dirulaguntza baino txikiagoak badira, dirulaguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.
Halaber, diruz lagunduko den jardueran egindako guztizko gastuaren herenetik gorakoa bada dirulaguntzaren zenbatekoa, murriztu egingo da.
Artikulu honetan adierazitako dokumentuak aurkeztu ostean, Ikerketa Zuzendaritzak berriro egiaztatuko du emandako dirulaguntzak ez duela gainditzen erakunde onuradunaren gastuaren herena.
17. artikulua.– Jarraipena.
Ikerketa Zuzendaritzak egin behar du jardueraren jarraipena. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki iritzitako organo, batzorde edo adituak izendatuko, laguntzaren aplikazioaren jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, bai eta egoki jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko ere, alde batera utzi gabe agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezarritako jarraipen-jarduerak.
18. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza Sailak beharrezko diren ikuskapen eta kontrolak egin ahal izango ditu, agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.
19. artikulua.– Ez-betetzeak, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta, hala badagokio, laguntza itzultzea.
1.– Aplikatzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina; 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerarik balego helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honen 3. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 1. artikuluan ezarritakoa betetzen badira.
Ez da ez-betetzetzat hartuko diruz lagundutako ekitaldia garatzeko hasieran aurreikusitako datak aldatzea, ezta aldaketa horiek 2021. urtean egin behar badira ere, betiere lehen seihilekotik aurrera, aldaketa hori COVID-19aren pandemiaren ondorio bada, eta onuradunak hasieran programatutako datak igaro baino lehen jakinarazten badu.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak adieraziko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, Dirulaguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.
4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.
20. artikulua.– Berreskuratzea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatu duten erakundeek atzera egin ahalko dute, betiere eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organoari eskaera helarazi beharko dio. Atzera egitea erabat onartuko da Ikerketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta ebazpen horrek amaitutzat emango du dagokion erakundearentzako prozedura.
2.– Erakunde onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren. Uko egitea laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko zaio eta, horrekin batera, ordura arte jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, hala badagokio. Baldintza horietan, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez, ukoa guztiz onartuko da; era berean, uko egindako dirulaguntzarako eskubidea galdu izana adieraziko du.
3.– Aurkeztutako ukoa ez da onartuko, erakunde interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.
21. artikulua.– Datuak babestea.
Eskatzaileen datu pertsonalak «Laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 15a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.