261. zk., 2020ko abenduaren 30a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (265 KB - 2 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5590
284/2020 DEKRETUA, abenduaren 22koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Errenterian, GI-3671 errepideko 2,440 eta 2,520 KPen artean izandako lerradura egonkortzeko proiektua (4-ME-91/2019) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-3671 errepideko 2,440 eta 2,520 KPen artean izandako lerradura egonkortzeko proiektua (4-ME-91/2019)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak 2020ko martxoaren 3an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2020ko martxoaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (49. zk.). Geroago, 2020ko uztailaren 14an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
Errenterian, Astigarragako Benta auzotik Pontika auzora doan GI-3671 errepideko 2,440 eta 2,520 KPen artean lerradura bat dago (50 bat metro luze eta 60 bat metro zabal), eta errepidearen plataforma osoari eragiten dio. Horren eraginez, 10 cm-tik gorako altuera duen zeharkako koska bat sortu da, erabiltzaileentzat arriskutsua dena.
Gainera, iparraldeko muturrean malkar bat sortu da, eta, horren ondorioz, errepideari eusteko elementuak oinpeko sostengua galdu du. Hegoaldeko muturrean, berriz, Isatxe baserrirako bidea hasten den puntuan, pitzadura bat ikusten da bide honen zolatan, honek oinarrian duen harri-lubeta deformatu egin da eta.
Ondorioz, errepidea egoera ezegonkorrean dago.
Bestalde, ibilgailu astunen ehuneko handi batek erabiltzen duen errepidea da, Errenteriako Txirrita-Maleo eta Masti-Loidi industrialdeetara heltzeko balio baitu. Premiazkoa da egonkortze-lanei ekitea, oso egoera txarrean dagoen eta ibilgailuen trafiko handia duen errepidea baita.
Proiektuak jasotzen dituen lanak gauzatzean, errepidearen zati horren oinarri den betegarriaren egonkortasun baldintzak lehengoratzea lortuko da, bai eta bidearen segurtasun baldintzak berreskuratzea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2020ko abenduaren 22ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «GI-3671 errepideko 2,440 eta 2,520 KPen artean izandako lerradura egonkortzeko proiektua (4-ME-91/2019)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 22an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.