261. zk., 2020ko abenduaren 30a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (719 KB - 56 orri.)
- EPUB (2620 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5586
AGINDUA, 2020ko abenduaren 22koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira, 2021eko ekitaldirako, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programaren esparruan onartu ziren Leader eremuko landa-inguruko udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak.
Nekazaritza-politika bateratua berritu egin da, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez. Landa-garapenaren eremuan –NPBren bigarren euskarria–, erreforma izan da oinarrizko lehentasun kopuru jakin batean zentratzea, eta honen bitartez egin da: Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa-garapenari laguntzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua –Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du–. Erregelamendu honetan aplikatzekoak diren xedapenak Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bidez ezarri dira. Horrela, programazio-aldirako helburuak lortzeko –2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra–, aipatutako Erregelamenduan zehazten da nahitaezkoa dela Leader ikuspegia aplikatzea, izan ere, landa-garapena sustatzeko duen eraginkortasuna frogatu da urteetan zehar, osoki aintzat hartuz landa-garapen endogenoko sektore anitzeko beharrizanak, goranzko planteamendu baten bidez.
Aurreko etapan bezala, martxan jarri beharreko neurriak erregelamenduzko aginduaren bidez planifikatu behar dira. Horretarako, kudeaketa-agintaritzak, euskal erakunde publikoekin lankidetzan, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programa egin du; bertan, plangintza hori jasotzen da, eta Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez C (2015) 3479 Erabakia, azkena, 2015eko maiatzaren 26koa, onetsi da. Landa Garapeneko Programa (LGP) hau 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Esparru Nazionalak ezarritakoa kontuan hartuta egin da; 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Esparru Nazionala Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egin zuen, eta 2015eko otsailaren 16ko Batzordeak onetsi. LGPan sartutako neurrien arau esparrua 43/2017 Dekretuan jasotakoa da (43/2017 Dekretua, 2017ko otsailaren 14koa, zeinaren bidez 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen baita), zehazkiago, arau horren eranskinean jasotzen da 19. neurria: Leader tokiko garapenerako laguntza. 19.2. Partaidetzan oinarritutako tokiko garapenaren estrategien bidez operazioak ezartzea. Horren deialdia arau honen bidez egiten da.
Europako Parlamentuaren eta Batzordearen abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduak ezartzen du, 32. artikuluan, toki-garapen parte-hartzailea LGENFk babestuko duela, Leader tokiko garapen gisa izendatuko dela, eta EGEFen, EGIFen edo FEMPen laguntza ere izan ahalko duela. Azpieskualdeko gune jakinetan zentratuko da partaidetzazko toki-garapen hori, tokiko ekintza taldeek gobernatuko dute, ongi integratutako toki-garapeneko estrategien eta sektore anitzeko estrategien eta guneetan oinarritutakoen bidez gauzatuko da; tokiko beharrizanak eta potentziala aintzat hartuz diseinatuko da, eta alderdi berritzaileak barne hartuko ditu tokiko testuinguruan, baita sareak, eta, hala behar denean, lankidetza ezarri ere. Halaber, azalpen-zatiaren 32. apartatuaren arabera, toki-garapen parte-hartzailea (aurrerantzean, TGP) egin behar da helburu tematiko bakar baten testuinguruan: gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka edo enplegua eta lan-mugikortasuna sustatzea, hargatik eragotzi gabe TGPren parte gisa finantzatutako ekintzek lagundu ahal izatea gainerako helburu tematiko guztietan.
Halaber, toki-garapen parte-hartzailerako estrategiei buruzkoa da aipatu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EE) Erregelamenduaren 33. artikulua, eta bertan adierazten da helburuok zer elementu izan behar duten gutxienez eta Estatu kideek definituko dituztela estrategia horiek hautatzeko irizpideak. Kudeaketa-agintaritza arduradunak horretarako sortutako batzorde batek hautatuko ditu estrategiak, eta agintaritza horiek berek onartuko dituzte. Tokiko ekintza taldeek diseinatu eta praktikan jarriko dituzte toki-garapen parte-hartzailerako estrategiak; egin beharreko lanak aipatu erregelamenduaren 34. artikuluan ezartzen dira. Gure autonomia-erkidegoan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko abenduaren 30eko Aginduaren bidez (2016ko urtarrilaren 4ko EHAA, 1. zk.) egin zen taldearen hautaketa (agindu horren bidez iragartzen da toki-garapen parte-hartzailerako estrategiak onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan horien kudeaketaren ardura duten Tokiko Ekintza Taldeak hautatzeko deialdi publikoa, 2015-2020 aldirako Landa Garapeneko Programaren barruan). Hautaketa-prozesua Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren 2016ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez amaitu zen (horren bidez, «Mendinet Landa Garapena sustatzeko Elkartea» Euskal Autonomia Erkidegoko toki-ekintzako talde izendatu da, eta elkarte horrek proposatutako tokiko garapen parte-hartzailerako estrategia onartu da). 2016ko urriaren 28an sinatu zen lankidetza-hitzarmena talde horrekin.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
1.– Onestea, 2021. urterako, Toki Garapen Parte Hartzaileko Estrategian (Leader ikuspegia) zehaztutako helburuak betetzera bideratutako dirulaguntzen oinarriak. Deialdia Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren 2016ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez onetsi zen, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programan zehaztutakoaren arabera (plana Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko C (2015) 3479 Erabakiaren bidez onartu zen). Horiek I. eranskin gisa gehitu dira.
2.– Eskabide-ereduak onartzea. Eredu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratzen dira:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10509/web01-tramite/eu/, eta honako eranskin hauek: III (Enpresa Plana), IV (besteren konturako kontratazioaren memoria), V (Leader herrietako zerbitzu publikoen azpiegituretako eta berrikuntzako inbertsioen memoria) eta VI (Etxebizitza memoria).
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– LGENF funtsak txertatzea.
LGENF funtsari dagokion zenbatekoa 3. oinarrian xedatutako baliabide ekonomikoei gehituko zaie, behin zehaztuta dagoenean Europar Batasuneko funts horrek Leader-en 19.2 azpineurrirako emango duen zuzkidura, 2021-2022 aldi iragankorrari dagokionez. Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez gehituko dira laguntzak. Ebazpen hori laguntzak emateko prozedura ebatzi aurretik argitaratu beharko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kreditu egokia eta nahikoa.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan zehazten diren ondorioetarako (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen da agindu horretan), agindu honetako dirulaguntzak emateko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek landa-garapenaren arloan eskumena duen saileko titularrari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 22a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.