Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

259. zk., 2020ko abenduaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5556

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 10ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2021eko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei eta mankomunitateei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena. Dirulaguntza horiek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasunerako planak prestatu eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa emateko bideratuko dira.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea, berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– osotasunez garatzeko dauden oztopoak kentzea eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Aipatu helburuak lortzeko, EAEko Administrazio osoak parte hartu behar du, eta bereziki toki-administrazioek, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen daude-eta. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak tokiko administrazioaren eskumenak zehazten ditu 7. artikuluan. Haien artean, honako hau aipatzen du 1.c apartatuan:«c) toki-eremuan programak egitea, Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan eta foru-aldundiek egiten dituzten programen esparruaren barruan» Bestalde, 15.3 artikuluak dioenez, udalek berdintasunerako planak edo programak onetsiko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren jarraibide eta gidalerroekin bat etorriz; halaber, eta horretarako beharrezkoak diren baliabide materialekin eta ekonomi eta giza baliabideak eskainita, beren sail, erakunde autonomo eta menpean edo lotuta dituzten gainerako ente publikoetan aipatutako planek eta lege honek jasotzen dituzten neurriak benetan eta modu koordinatuan betetzen direla bermatuko dute. Udalek banaka zein kide diren edo ondore horietarako osa ditzaketen mankomunitateen bidez egin ditzakete jarduketa horiek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza teknikoa eta dagokion foru-aldundiaren laguntza ekonomikoa izango dituzte, batez ere ahalmen ekonomiko eta kudeaketa-ahalmen txikia dutenek.

Alde horretatik, EAEn legealdi bakoitzean emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dagoen Plana toki-eremuan exekutatzen laguntzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berdintasun-planak abiatu ditu, aipatutako Plana bultzatu eta sustatzeko, bultzatzaile izatea baitagokio, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 5.e) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gainera, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 5. k) artikuluan, egiteko hau ezarri dio Autonomia Erkidegoko Administrazioari, kasu honetan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari: «Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-erakundeei, gainerako euskal herri-aginteei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea».

Esandako guztia dela-eta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beharrezkotzat jotzen du laguntzea udalerriei, koadrilei, udalerri-multzoei eta mankomunitateei, laguntza teknikoa emateko dirulaguntzen bidez, diagnostikoak egin ditzaten eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak prestatu eta ebaluatu ditzaten. Horretarako egin dugu dirulaguntzetarako deialdi hau, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideei jarraituz.

Ebazpen honetan, egokitzat jotzen da diagnostikoak eta/edo planak indar handiagoz sustatzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika publikoak garatzen hasi diren eta oraindik udalbatzak onartutako planik ez duten udalerri, udalerri-multzo, koadrila eta mankomunitateetan; hori dela-eta, lehentasuna emango zaie laguntza ekonomikoak esleitzerakoan, lurralde-oreka handiagoa lortzeko xedez. Hori horrela izango da baldin eta toki-erakundeek konpromisoa agertzen badute hasitako berdintasun-politiken jarraitutasuna bermatzeko. Era berean, lehentasuna emango zaio mankomunitate, koadrila eta udalerri-multzoek elkarturik proiektuak egiteari, politika publikoek haien ingurunean garrantzi eta oihartzun handiagoa dutelako. Lehentasuna emango zaio, halaber, berdintasunerako teknikarien kontratua luzatzeari eta/edo zuzeneko kontratazioari.

Bestetik, deialdi hau 2018ko urriaren 31n onartutako Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babespean egiten da (2019ko abuztuaren 12ko Ebazpenaren bidez aldatua). Era berean, dirulaguntzetarako honako hauetan araututako araubideari lotuta dago: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, eta lege horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.

Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2021eko Aurrekontu Orokorren kontura.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2021ean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, koadrilei, mankomunitateei eta 4.4 artikuluan aipatzen diren udal multzoei emango dizkien dirulaguntzak emateko deialdia egitea. Emakumeek eta gizonek toki-eremuan duten egoeraren diagnostikoa egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa kontratatzeko emango dira dirulaguntzok, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.3 artikuluan ezarritakoa betez eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako indarreko Plana garatuz. Dirulaguntzen baldintzak hurrengo artikuluetan finkatuko dira, betiere aurrekontuko IV. kapituluko kredituetan zehaztutako mugen barruan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa, hasieran behintzat, bostehun mila (500.000) eurokoa izango da.

2.– Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da xede horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, eta lehentasunaren araberako hurrenkeran jarriko, 10.1 artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuz. Puntu gehien lortzen dituen eskaeratik hasi eta aurreko artikuluan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte emango dira dirulaguntzak.

2.– 10.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuek soilik jaso dezakete laguntza, betiere 11. artikuluan ezarritako gehieneko muga gainditu gabe: 15.000 euro, proiektua udalerri bakar batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek programa bateratu bat aurkezten badu.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– EAEko udalerri, koadrila, mankomunitate eta udalerri-multzoek eska ditzakete ebazpen honetan deitutako dirulaguntzak, baldin eta EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz diagnostikoak eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak egin eta ebaluatu nahi badituzte. Horretarako beharrezkoa den laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili beharko dute dirulaguntza.

2.– Deialdi honetako dirulaguntzak eskuratzeko baldintzetako bat da azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan bildutako debekuren bat ez izatea eta betekizunak konplitzea; bereziki, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteak izatea. Udalerri-multzoen kasuan, multzoko kide guztiek bete beharko dute betekizun hori.

Gainera, betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko, nola izaera horri eusteko dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordaintzen denean.

3.– Ezin izango dira onuradun izan lehenengo apartatuan sartutako erakundeen mende edo horiei lotuta dauden edo horietan partaidetza duten pertsona juridikoak (zuzenbide publikokoak edo pribatukoak).

4.– Bi udalerriren edo gehiagoren multzo batek dirulaguntza eskatzen badu programa bateratu bat egiteko, proiektuaren hartzaile diren udalerri guztien berariazko baimena jaso beharko da eskabidean. Halako multzoetan sartuta dauden udalerriek ezingo dute beren kabuz laguntzarik eskatu multzoak eskatutakoaren antzeko proiektu baterako. Gainera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Zehazki, berariaz adierazi beharko da multzoko udalerri bakoitzak nolako konpromisoak hartzen dituen bere gain proiektua gauzatzeko, eta laguntzatik zenbat diru aplikatuko zaion bakoitzari, haiek ere onuradun izaera izango baitute. Eskabidean, betiere, udalerrietako bat izendatu beharko da, harekin egiteko diruz lagundutako programaren kudeaketa- eta ordainketa-jarduerak, eta multzoa ezingo da desegin, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideei dagokien preskripzio-epea amaitu arte (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 44. artikuluan ezarrita daude eskubide horiek).

Era berean, proiektu batzuk zenbait udalerrik elkarrekin egitekoak badira, ezingo zaio zatika dirulaguntzarik eman udalerri horietako bakoitzari.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Erakundearen helburuekin bat etorriz, laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabili behar dira dirulaguntzak. Laguntza tekniko hori, hain zuzen, EAEn indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 16ra bitartean emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoak toki-eremuan egiteko eta/edo berdintasun-planak prestatu eta ebaluatzeko izango da.

Jarduera horretan sartzen dira diagnostiko eta plan orokorrak egitea (udal jardueraren zati handiena hartzen dutenak) eta diagnostikoak eta plan sektorialak eta/edo estrategikoak egitea, indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko protokoloak barne direla, bai eta horiei dagozkien ebaluazioak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantzak egitea ere.

Deialdi honen helburua ez da planetan aurreikusitako ekintzen betearazpena diruz laguntzea, ez eta horretarako behar den laguntza teknikoa ematea ere.

2.– Diagnostikoa egiteko edo berdintasun-plana prestatu eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoak sortutako gastuak ordaintzeko erabil daitezke laguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera. Zehazki, gastu hauek onartuko dira:

– Udalerri, udalerri-multzo, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzeagatiko gastuak edo lan-proiektua bakarrik egiteko aldi baterako berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzeagatiko gastuak.

– Laguntza teknikorako kontratatutako langileen eta aholkularitza-enpresen gastuak. Horiek, era berean, partez bakarrik azpikontratatu ahal izango dute, proiektuaren guztizko zenbatekoaren % 20 gainditu Gabe.

– Aparteko zailtasunak dituzten pertsonek edo askotariko bereizkeria jasaten dutenek lan-prozesuan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko neurri osagarriek sortutako gastuak.

3.– Egiaztatu beharko da, betiere, aholkularitza-enpresek diruz lagundutako proiektua garatzeko izendatzen dituztenek eta/edo kontratatu diren edo kontratatuko diren teknikariek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntza dutela; zehazki, gutxienez izan beharko dute: 150 orduko ikastaro bat –administrazio publiko batek edo unibertsitate batek emana edo egiaztatua–, eta/edo urte biko esperientzia profesionala berdintasun-teknikari lanetan.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– 2021eko urtarrilaren 29an amaituko da eskabideak aurkezteko epea, egun hori barne.

2.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala eta oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denari jarraituz. Hortaz, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038507

3.– Bide elektronikoz egindako eskabidearen ondorengo izapideak, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute interesdunek, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko. https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, 14.f) artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1.1.– Eskabide-eredua, zinpeko adierazpenekin batera, honako hauek egiaztatzeko:

Erakunde eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo erakunde pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.

Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.

Erakunde eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko ordainketak.

Erakunde eskatzaileak adierazten duela eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen dituela.

1.2.– Erakunde eskatzailearen datuak, I. eranskinaren arabera.

1.3.– Koadrila edo mankomunitatearen estatutuak. Mankomunitate-elkartearen izaera juridikoa eta jarduera-mota adierazi beharko dira.

1.4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntzaren eta/edo esperientziaren egiaztagiria (5.3 artikulua).

1.5.– Proiektuaren deskribapena, lan-prozesua jasotzen duena; lana, gehienez, 2021eko abenduaren 16an bukatu beharko da (II. eranskinaren arabera).

1.6.– Laguntza teknikorako dirulaguntza udalbatzak edo dagokion osoko bilkurak onartutako planik ez duen udalerriak, koadrilak, mankomunitateak edo udalerri-multzoak eskatzen badu, hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa agertu beharko du organo eskudunak. III. eranskina – Berdintasunaren alorrean hasitako politikekin jarraituko delako konpromisoa.

1.7.– Udalerri, udalerri-multzo, koadrila edo mankomunitateko berdintasun-teknikariaren kontratua luzatzen denean edo aldi baterako berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzen direnean, horren egiaztagiria, agintari eskudunak egina. IV. eranskina.– Zuzeneneko kontratazioak egiteko edo kontratua luzatzeko konpromisoa.

1.8.– Koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek egiten badu proiektua, udalerri bakoitzaren onarpen adierazia jasotzen duen agiria aurkeztu beharko da, 4. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritakoaren arabera. V. eranskina – Proiektua elkarlanean egiteko konpromisoa.

1.9.– Esleipen-irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duten gainerako agiri guztiak.

2.– Ondoren aipatzen diren agiriak ere aurkez daitezke, merezimendutzat baloratuko baitira (10.1.B artikulua):

2.1.– Ziurtagiri bat, zeinaren bidez frogatzen baita udalerrietan, koadriletan, mankomunitateetan edo udalerri-multzoetan badaudela aukera-berdintasuneko agente plazak edo berdintasunerako politiketan lanean jarri direla emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko berariazko prestakuntza duten langile kontratatuak. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzea.

2.2.– Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko udalerri bakoitzak 2021. urterako aurrekontuan jarritako ehunekoa egiaztatzen duen agiria. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzea.

2.3.– Udalerri, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzoko Emakumearen Toki Kontseiluaren edo parte hartzeko organoaren erregelamendua edo, bestela, organo horien beste egiaztagiri bat. VI. eranskina – Merezimenduak egiaztatzea.

3.– Era berean, nahi izanez gero, «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia ere aurkeztu ahal izango da. Inprimaki hori ez da aurkeztu beharko, erakundea alta emanda baldin badago Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan. https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

4.– Emakunden dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan.

5.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.

6.– Laguntzen erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurrean bete beharrekoak betetzen dituzten automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta erakundeek onarpena eman beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluak xedatzen duena aplikatuz, egiaztapen elektronikoa egiteko baimena berariaz ukatzen duela jasota ez badago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz. Kasu horretan, interesdunak dokumentazioa aurkezteko konpromisoa hartzen du.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7.1 artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gainera, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Hona hemen kideak:

Batzordeburua: Zuriñe Elordi Romero, idazkari nagusia.

Bokalak:

– Ander Bergara Sautua, Lankidetza instituzional arloko arduraduna.

– Izaskun Garaigordobil Garmendia, Administrazio eta zerbitzu arloko arduraduna.

– Amagoia Arrieta Aguado, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko teknikaria.

– Unay Casado Lataburu, Aholkularitza Juridikoaren teknikaria.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren teknikaria izango da idazkaria.

10. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko, hautaketa-batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea. 60 puntu, gehienez.

– EAEn indarrean dagoen Berdintasunerako Planarekin bat etortzea, testuinguruari eta egiturari dagokienez. 10 puntu, gehienez.

– Udal errealitatera egokituta egotea; proposamenak zein neurritan hartzen duen kontuan udalerriaren eta udalerria osatzen duten pertsona eta taldeen ezaugarriak (berariaz aintzat hartuta aniztasun soziala, kulturala, ekonomikoa...) eta non kokatzen den udalaren berdintasun-egituren eta -politiken garapenean. 15 puntu, gehienez.

– Proiektua argi azalduta egotea (planteatutako lan-prozesua, helburuak eta metodologia, alderdi berritzaileak, prozesua ebaluatzeko adierazleen sistema, etab.) eta proiektua bideragarria izatea, garatu beharreko lan-prozesuaren ezaugarriak eta horretarako proposatutako aurrekontu eta lan-egutegia kontuan hartuta. 35 puntu, gehienez.

B) Genero-ikuspegia zenbateraino dagoen instituzionalizatuta (berariaz berdintasun-politikarako zenbat langile eta zenbaterako aurrekontua dagoen, emakumeek parte hartzeko organo iraunkorrak egotea). 10 puntu, gehienez.

C) Aparteko zailtasunak edo askotariko bereizkeria duten emakumeen parte-hartzea bermatzeko neurriak. 5 puntu, gehienez.

D) Berdintasun-teknikariak zuzenean kontratatzea edo udalerri, koadrila edo mankomunitateko teknikariaren kontratua luzatzea. 10 puntu 8 puntu gehienez.

E ) Proiektua garatzeko, aholkularitza-enpresa homologatu bat kontratatzea. 2 puntu, gehienez.

F) Proiektua mankomunitate, koadrila eta/edo udalerri-multzoen bidez elkarte bat osatuta egitea. 5 puntu, gehienez.

G) Diagnostikoa eta/edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana lehenengo aldiz egin behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, koadrilek edo mankomunitateek 10 puntu izango dituzte, baldin eta hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa hartzen badute. Ez zaie punturik emango plan sektorialei, ez eta soilik barrurako direnei eta berdintasunerako ordenantzei ere.

2.– Proiektuek, dirulaguntza jasotzeko, 50 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntza eskatzen den jardueretarako onartutako aurrekontuaren % 80 izango da dirulaguntzaren zenbatekoa 5.000 biztanletik gora dituzten udalen koadrilen, mankomunitateen et edo udalerri-multzoen kasuetan; eta % 90 izango da 5.000 biztanletik behera dituztenen kasuetan.

Proiektu bakoitzeko 15.000 euro emango dira gehienez, proiektua udalerri batek aurkezten badu, eta 30.000 euro, koadrila, mankomunitate edo udalerri-multzo batek aurkezten badu.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada.

Gainfinantzaketarik egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak ebatziko du prozedura hori, Hautaketa Batzordearen proposamena aintzat hartuta. Ebazpen horretan, interesdunek azaldutako arazo guztiak erabakiko dira.

2.– Hartzen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta emandakoen kasuan, erakunde onuradunen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Udalerri-multzoen kasuan, gainera, multzoko kide bakoitzak zer konpromiso hartzen duen eta zenbateko dirulaguntza emango zaion adieraziko da. Ukatuen kasuan, erakunde eskatzaileen izena, jarduera-proiektua eta zergatik ukatu den adieraziko da.

3.– Ebazpen horretan, hala badagokio, ordezko erakundeen zerrenda bat jasoko da (puntuazio-hurrenkeraren arabera), badaezpada onuradunek laguntzari uko egiten badiote.

Erakunde horiek ordezkapen-hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira, eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehieneko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

4.– Puntuazioan berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko honako irizpideen arabera ezarriko da hurrenkera. Irizpideok hurrenez hurren aplikatuko dira:

– Lehen diagnostiko edo plana izatea.

– Proposamenaren argitasun eta bideragarritasunean puntuazio handiagoa izatea.

– Puntuazio handiagoa izatea EAEn indarrean dagoen berdintasunerako planari egokitzeari dagokionez.

5.– Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-aldian daudenak, baita zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dira ere.

6.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskaera egin duten udalerriei, koadrilei, mankomunitateei edo udalerri-multzoei, urriaren 1eko 39/2015 Legeko 40.etik 43.era bitarteko artikuluetan ezarritakoaren arabera eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Era berean, orokorrean herritar guztiei jakinarazteko asmoz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako dirulaguntzen, ordezkoen eta ukatuen zerrenda (emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako inbertsio proiektuak, eta ukatzeko arrazoiak adierazita).

7.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da –gehienez ere–, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzarako eskaera ezetsi dela esan nahiko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek, ebazpen hau dela bide, ondoren adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte beti, bai eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritakoak ere.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.

b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia aurkeztu behar dute, baldin eta erakundea dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda ez badago edo eskaerarekin batera aurkeztu ez bada. Beharrezkoa izango da inprimaki hori aurkeztea aldaketaren bat egonez gero (kontu zenbaki desberdina, edo ordezkaritza aldatzea mankomunitatean, koadrilan edo udalerri-multzoan). https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

c) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

e) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko. Beste edozein laguntza edo dirulaguntzaren berri ere eman behar zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.

f) Diruz lagundutako jardueren publizitatea egiterakoan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da. Horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, zeina hedatu beharreko publizitate-euskarrian jarriko baita, marka hori inprimatzeko edo ikusteko moduan izan dadin, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.) https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan.

g) Hizkuntza ofizial biak erabili behar dituzte, euskara eta gaztelania, diruz lagundutako proiektua egitetik ondorioztatzen diren dibulgazio-jardueretan eta materialak editatu eta/edo argitaratzean.

h) Hizkera ez sexista erabili behar dute, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea duten irudiak erabili beharko dituzte diagnostikoari edota planari buruzko komunikazio edota zabalkunde ekintza guztietan.

15. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Jarduerak gauzatu ondoren eta dirulaguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza; horretarako, 2021eko abenduaren 16a baino lehen –egun hori barne–, agiri hauek aurkeztu behar dira:

– Dirulaguntza jaso duten jarduerak direla-eta egindako gastuak justifikatzeko, fakturak, nominak edo soldata justifikatzen duten agiriak; edo dirulaguntza jaso duten jarduerei dagokienez egindako gastua justifikatzen duten egiaztagiriak, udalerriko idazkariak edo esku-hartze zerbitzuko arduradunak eginak. Faktura edo agirietako gastuen data 2021eko abenduaren 16koa izango da, gehien jota. Egiaztagiria eta kasuan kasuko diruz lagundutako jarduera lotzen dituzten agiri osagarriak ere aurkeztu beharko dira (fakturak, nominak...).

– Egindako lan-proiektua justifikatzeko memoria. Memoria horretan nahitaez deskribatu beharko dira lortutako helburuak, erabilitako metodologia (egindako lan-prozedura, herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta neurri osagarriak, kronograma, adierazleak eta berrikuntzak) eta egindako gastuen eta lortutako sarreren banakatzea, udal ekarpena zehaztuta (VIII. eranskina – Justifikazio-memoria). Era berean, sexuka banakatuta, zuzenean onuradun diren pertsonen kopurua jasoko da (politikariak eta toki-erakundean lan egiten dutenak), baita zeharka onuradun direnena ere (proiektua gauzatzeko kontratatzen direnak eta proiektua diseinatu eta gauzatzeko kontratatzen den erakunde edo enpresa osatzen dutenak eta bertan lan egiten dutenak).

– Diagnostiko, plan eta/edo ebaluazioaren kopia, euskaraz. Baldintza berezi hori bete ezean, dirulaguntzaren zenbatekoa % 15 murriztu ahal izango da. Agiri horietan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da, eta, horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, ebazpen honen 14.f) artikuluan jasotzen denez.

2.– Programaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

3.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira –betiere, dirulaguntzaren helburua bete bada– eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu.

Alde horretatik, dirulaguntzaren helburua bete dela ulertuko da, baldin eta ebazpen honen 5.2 artikuluan aurreikusitako kontratazioa egiten bada eta diruz lagundutako diagnostikoa, plana edo ebaluazioa gauzatzen bada. Diagnostikoa, plana edo ebaluazioa gauzatutzat emango da, justifikazio momentuan produktu honen dokumentua aurkezten bada.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko apartatuan aipatutakoak jaso, eta agiriok aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, ebazpen bidez, emandako dirulaguntza aldatu eta/edo likidatuko du, eta, hala badagokio, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu. Aipatu ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako ez-betetzeetako bat izan dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horiei dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako ekintzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak betetzen ez direla eta emandako dirulaguntza ezeztatu eta, hala badagokio, dirulaguntza itzultzeko jarraituko den prozedura honako honi lotuko zaio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki irizten dien alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik aurrea. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasuna Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio horren berri, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legean; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 10a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala