Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

259. zk., 2020ko abenduaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5554

AGINDUA, 2020ko abenduaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira eskola-garraiorako banakako esleipenak 2020-2021 ikasturterako, maila hauetan ari diren ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa.

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura.

Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barne; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua.

Ikasle batzuek, eskola-garraiorako eskubidea izan arren, zuzenean ordaintzen dute garraio hori, funtsean hiru arrazoi direla-eta. Lehenik, ezin direlako egokitu sail honek antolatutako ibilbideetara; bigarrenik, egokitzat jotzen delako ikasleek garraio publikoa erabiltzea; eta, azkenik, beste administrazio batzuekin eginiko hitzarmenak daudelako, horiek antolatutako garraio-zerbitzuak erabiltzeko.

Gastu horien finantzaketan laguntzeko, banakako esleipen hauen deialdia egiten da.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari– buruzko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuan (186/2019 Dekretuak emandako idazketan) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Eskola-garraiorako banakako esleipenen deialdia egiten da 2020-2021 ikasturtean maila hauetan ari diren ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan, bai eta itunpeko ikastetxe pribatuetan daudenentzat ere, agindu honen 4.1.a) artikuluan jasotako kasuetan. Hori guztia dekretu honetan xedatutakoaren arabera: 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari– buruzkoa, azaroaren 26ko 186/2019 Dekretuak emandako idazketan.

2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria da.

3. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.000.000 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partiden kontura.

Behar izanez gero, adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, kontuan harturik ebazteko dauden eta ebazpen-proposamena duten eskabideen zenbatekoa, eta horiek ebatzi baino lehenago. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du horren berri, ebazpen baten bitartez.

4. artikulua.– Betekizun orokorrak.

1.– Jarraian zehaztutako betekizunak aldi berean betetzen dituzten ikasleek izango dute deialdi honetan parte hartzeko eskubidea:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko baten matrikulaturik egotea, 1. artikuluan aipatutako irakaskuntzetatik edozeinetan; edo, bestela, hezkuntza-administrazioak esanda, itunpeko ikastetxe pribatu batean, sare publikoko eskaintza nahikoa ez delako edo –salbuespen gisa– aipatutako administrazioak adierazitako motibo arrazoitua dela-eta.

b) Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari dagokienez, ikastetxearen eragin-eremuan egotea erroldako bizilekua, eta ikastetxea aipatutako bizilekuarekiko hurbilenekoa izatea bizileku hori zenbait ikastetxeren eragin-eremuaren barruan badago. Bigarren Hezkuntzari dagokionez, Lehen Hezkuntza amaitzeko egokitu zaion ikastetxeari lotutako ibilbidearen ondoriozko ikastetxea izatea, eta aipatutako ibilbidean sartzen direnen artean bizilekutik hurbilenekoa izatea. Eta Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, ziklo, eredu eta lansaio bera ematen dutenen artean bizilekutik gertuen dagoen ikastetxea izatea.

b.1.– Hezkuntza-administrazioak esleitu badu ikastetxea, ez da eskatuko betekizun hori betetzea.

b.2.– Era berean, eskola-mapa aldatzen bada, aldaketa hori egin aurretik garraio-eskubideaz baliatzen ari diren ikasleei ez zaie eskatuko betekizun hori betetzea, betiere bizilekua aldatzen ez badute; ezta, halaber, haiekin bizi diren eta gerora matrikulatzen diren neba-arrebei ere, betiere Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan euren lehenengo matrikulazioa bada.

b.3.– Zaintza partekatuko kasuetan, guraso bakoitzarekin dagoen aldiaren arabera ikasleak bizilekua aldatu behar badu, ez da eskatuko betekizun hori betetzea ikaslea erroldatuta ez dagoen bizilekuari dagokionez.

c) Distantziari dagozkion betekizunak honako hauek izango dira: ikastetxea bizilekutik bi kilometrora edo urrutiago egotea, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleei dagokienez; eta bizilekutik lau kilometrora edo urrutiago egotea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleei dagokienez.

Salbuespen gisa, ez da betekizun hori betetzeko eskatuko ikastetxearen kokapenaren ondorioz joan-etorrietarako zailtasun bereziak badira, eta kontuan izanik zonako hezkuntza-eskaintza. Salbuespena esplizitatu eta arrazoitu egin beharko da; betiere, zein zio konkretuetan oinarritzen den adierazita.

Distantzia neurtzeko, ikaslearen bizilekutik ikastetxerako edo ikastetxetik gertuen dagoen geralekurako ibilbide laburrena –oinez– hartuko da erreferentziatzat. Distantzia kalkulatzeko, 5.2 artikuluan adierazten den tresna erabiliko da.

d) 18 urte baino gehiago ez izatea ikasturtea amaitzen den urtean, eta, oinarrizko Lanbide Heziketaren kasuan, 18 urte ez izatea Lanbide Heziketa horretara sartzerakoan.

e) Doako garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

2.– Ezingo dira deialdian sartu dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

3.– Dirulaguntza honen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 14. artikuluetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak bete beharko dituzte, lege horren 13.2.e) artikuluan ezarritakoa izan ezik, ematen den dirulaguntzaren izaera dela-eta.

5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Ikaslearen etxetik ikastetxera edo geralekura joateko garraio-zerbitzu publikoren bat edo tren-baliabideren bat (autobusa, tranbia, metroa, trena) erabiliz gero, aukera guztien artetik merkeena ordaintzeko izango da dirulaguntza.

2.– Ikaslearen etxetik ikastetxera edo geralekura joateko ibilgailu partikularra erabiliz gero, dirulaguntza kalkulatzeko, kilometroko 0,29 euro ordainduko da, eta, ibilbide hori motorrean eginez gero, kilometroko 0,15 euro.

Kilometroak kalkulatzeko, hauek hartuko dira kontuan: etxetik ikastetxerako edo etxetik geralekurako bi joan-etorri, jardunaldi zatituko eskola-egun bakoitzeko; eta joan-etorri bat, jardunaldi jarraituko eskola-egun bakoitzeko.

Ikastetxe publikoetan, zuzeneko kudeaketako erregimenean jantoki-zerbitzurik bada, kalkulu hori egiteko ez dira sartuko honako hauek: jardunaldi zatituko eguerdiko joan-etorriak, baldin eta garraiorako eskubidea duten ikasle guztiak har baditzake jantokiak.

Distantziak neurtzeko, «Geo Euskadi» kartografia-tresna erabiliko da.

3.– Ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako eskola-garraioko zerbitzua erabiliz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa hauxe izango da, gehienez: zerbitzuaren benetako kostua zati hura erabiltzen duten ikasle-kopurua.

4.– Laguntza horiekin batera, xede bererako beste era bateko dirulaguntza edo laguntzak –publikoak zein pribatuak– eskuratu ahal izango dira. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasoko balu onuradunak, horren zenbatekoa kenduko litzaioke laguntzari.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak betetzeko, www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ web-helbidean dagoen aplikazioa erabiliko da.

2.– Eskabidea erabat beteta dagoenean, izapidetze telematikoa egiten jarraitu edo paperean aurkeztu aukeratu beharko du.

3.– Aurkezpen telematikoa egitea aukeratuz gero, ezinbestekoa izango da sinadura elektronikoa izatea indarrean den ziurtagiri digitalarekin (NAN; Izenpe txartela) edota itsasontzien jokoa (B@kq), eta eskabidea elektronikoki sinatu beharko da. Orduantxe geratuko da eskabidea erregistratuta.

4.– Paperean aurkeztea erabakiz gero, aplikazioak sortuko duen eskabide-formularioa inprimatu beharko da; ondoren, sinatu eta honako toki hauetakoren batean aurkeztu beharko da:

– Dirulaguntza eskatzen duen ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxean.

– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Dekretuan (apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua) adierazitakoetan, hilabeteko epean, Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean, aurkeztutako eskabideetako datuak egiazkoak diren egiaztatuko dute ikastetxeek, 10 egun balioduneko epean, artikulu honen 4. apartatuan ezarritako eskaera-epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Epe horretatik kanpo ere laguntzak eskatu ahal izango dituzte artikulu honen 4. apartatuan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.

Eskabideak aurkezteko prozedura eskabide arruntak izapidetzeko prozedura bera izango da. Inoiz ez da onartuko 2021eko apirilaren 30aren ondoren egindako eskabiderik.

7. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

8. artikulua.– Dirulaguntzak ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak jasota, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpenaren proposamena aurkeztuko du, eta proposamen hori Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko da.

2.– Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak emango du behin-behineko ebazpena, eta ebazpen hori interesdunei jakinarazteko aginduko du, ebazpena https://euskadi.eus webgunearen iragarki-taulan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da nor diren onuradunak eta zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute izango, inolaz ere, egindako jakinarazpenaren balioa.

Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte interesdunek, jakinarazpena egin eta 15 egun balioduneko epean.

3.– Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aztertu ostean, epea igaro eta gero, eta beharrezko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak prozeduraren behin betiko ebazpena emango du, eta ebazpena https://euskadi.eus webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute izango, inolaz ere, egindako jakinarazpenaren balioa.

4.– Behin betiko jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen espresurik argitaratzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute izango, inolaz ere, egindako jakinarazpenaren balioa.

5.– Behin betiko ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, behin betiko ebazpena https://euskadi.eus webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Behin betiko ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hilabeteko epean egingo dira, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

7.– Baldintza guztiak betetzen dituzten eskari guztiei erantzuteko behar besteko krediturik ez badago, eskabideen aurkezte-egunaren arabera ezarriko da hurrenkera; berdinketarik egonez gero, zozketa bidez ebatziko da.

9. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, deialdiaren behin betiko ebazpenaren ondoren, eskola-egunen kopuruaren arabera.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzaileak eskabidean jarritako kontu korrontean ordainduko da.

3.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

10. artikulua.– Dirulaguntzen kontrola.

1.– Ikastetxeek, ikasturtea amaitzean eta 2021eko ekainaren 23a baino lehen, ikasle onuradunei eskatuko diete justifika dezatela esleipena egunero edo astero ikastetxera joateko garraioaren gastuak ordaintzeko erabili dela eta, era berean, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetara bidaliko dute, banakako esleipenen aplikazioaren bidez, onuradunen zerrenda, espresuki adierazita zer ikasleri dagokien eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa, azkenean ikastetxera joan diren egunen arabera.

2.– Dirulaguntzak kontrolatzeko, lurralde-ordezkaritzek egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete onuradunei.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betez informaziorik eskatuz gero, dirulaguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

4.– Guraso-elkarteek antolatutako garraioaren kasuan, ikasturtea amaitzean eta 2021eko ekainaren 23a baino lehen, elkarte horiek egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek biltzen dituena:

– Garraioaren eguneroko kostua.

– Garraioa erabiltzen duten ikasleen kopurua.

– Ikasleak ordaindu beharreko kuota.

5.– Justifikazio-agiriak (txartelak, fakturak eta, ibilgailu partikularra erabiltzen bada, erantzukizunpeko adierazpena) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero egiaztatu ahal izateko.

11. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea, errebokatzea eta itzultzea.

1.– Ebazpena aldatzea erabaki daiteke baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo dirulaguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Justifikatutako gastuaren zenbatekoa dirulaguntza emateko onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntza aldatzeko ebazpena emango da eta dagokion zenbatekoa kenduko zaio emandako dirulaguntzari. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), emateko ebazpena aldatzeko, laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu behar du onuradunak.

Dirulaguntza aldatzeko ebazpenak espedientearen entzunaldi- eta ikustaldi-izapidea izan behar du aldez aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 82. artikuluan aurreikusten duen moduan.

2.– Laguntza errebokatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da emandako helburu espezifikorako erabiltzen ez denean, laguntza eskuratzeko eskatutako betekizunak betetzen ez direla egiaztatzean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Errebokatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da ordainketa eskatu, eta, ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira. Itzultzeko prozedura, berriz, aipatutako Legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.

Itzulketa agintzen duen ebazpenean, beharrezko informazioa jasoko da, itzulketa egiteko betebeharra bete dezan, legezko diruz edo txekez edo Ogasun eta Ekonomiako sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.

Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.

12. artikulua.– Ikuskapena.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

13. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak «GARRAIORAKO LAGUNTZA INDIBIDUALIZATUAK» izeneko fitxategian gorde eta tratatuko dira, honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa; eta 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

URL honen bidez balia daitezke datuetara sartu eta horiek zuzendu, ezereztu eta aurka egiteko eskubideak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Honako hauetan xedatutakoak arautuko du agindu hau:

69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari– buruzkoa, azaroaren 26ko 186/2019 Dekretuak emandako idazketan.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) Erregelamendua onartzen duena.

1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala