259. zk., 2020ko abenduaren 28a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (261 KB - 5 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5550
EBAZPENA, 2020ko azaroaren 18koa, Lehiaren Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, zeinaren bitartez iragartzen baita Lehiaren Euskal Agintaritzako idazkari nagusiaren lanpostua izendapen askearen bidez betetzeko deialdi publikoa.
Lehiaren Euskal Agintaritzak erabaki du erakunde autonomo honetako idazkari nagusiaren lanpostua (511946. kodea eta 2. dotazioa) izendapen askearen bidez beteko duela iragartzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta aldez aurretik Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren aldeko txostena izanik. Honako hauek hartu ditu kontuan:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, baldin eta ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Lanpostuaren eginkizunak Lehiaren Euskal Agintaritzaren otsailaren 2ko 1/2012 Legearen 15. artikuluan daude zerrendatuta.
Langile horiek parte har dezakete deialdi honetan, edozein administrazio egoeratan egonda ere, hauek izan ezik:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioak; horiek ezin dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.
b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileak.
2.– Era berean, beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek eta Justizia Administraziokoek parte hartu ahal izango dute, bai eta osasun-erakundeetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta langile mota horiek betetzeko aukera berariaz aurreikusten bada eta, beraz, dagokien kodearen bidez berariaz identifikatuta badago, eranskin honetan zehaztutakoaren arabera.
3.– Eskatutako baldintzak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira. Baldintza horiek bete beharko dira esleitutako lanpostuaz jabetu arte. Parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostuaz jabetu.
Bigarrena.– Eskabidea.
1.– Hautagaiek Lehiaren Euskal Agintaritzari egin behar diote eskaera, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hamabost egun balioduneko epean. Eskabidean, datu pertsonalak eta jarduneko lanpostua adierazi behar dituzte.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merituak.
Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae» bat erantsiko zaio. Bertan, datu pertsonalez gain eta zein taldetakoa, azpitaldetakoa edo kidegotakoa den adierazteaz gain, honako hau ere adieraziko da:
a) Titulu akademikoak.
b) Betetako lanpostuak, bai administrazio publikoan, bai enpresa pribatuan, parte hartzen duten kargua bezalako eginkizunak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako eta/edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntzen ezagutza.
f) Eskatutako lanpostuari dagozkion eginkizunei dagokienez (aholkularitza juridikoa, ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa, langileen kudeaketa, lehiaren defentsaren arloko aholkularitza, zehapen-prozeduren kudeaketa, kide anitzeko organoaren idazkaritza, besteak beste), egokitzat jotzen diren beste merezimendu guztiak.
Lehiaren defentsaren arloan eskatzaileak dituen ezagutzak eta esperientzia zehaztu beharko dira.
Eskabidearekin batera, adierazitako merezimenduen eta eskakizunen egiaztagiriak aurkeztu behar dituzte izangaiek, langileen erregistroan jasota daudenak izan ezik. Halaber, horiekin batera, egokitzat jotzen dituzten bestelako argitalpenak, txostenak eta agiriak aurkez ditzakete.
Pertsona deialdiko lanpostuaren eginkizunekin bat datorrela bermatzeko, deialdia egin duen organoak egokitzat jotzen dituen baliabideak erabil ditzake alegatutako merezimenduak egiaztatzeko, elkarrizketa pertsonalaren eta/edo probaren bidez.
Laugarrena.– Ebazpena.
Deialdi hau ebazpen bidez ebatziko du Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hilabeteko epean gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.
Lanpostuaren esleipenduna lanpostuaz jabetu behar da adierazten zaion egunean eta, kasuan kasu, lehengo lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Ebazpen hori arrazoitu egingo da, hautagaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak betetzen dituela aipatuz, bai eta izendapena egiteko eskumena duela ere; hautagaia egokia dela ere adieraziko da, gainerako hautagaien merituak eta, hala badagokio, elkarrizketaren eta/edo probaren emaitza konparatuta, betiere indarreko legediak eta LPZk deitutako lanpostuari esleitutako eginkizunen ikuspegitik.
Deialdia bete gabe utzi ahalko da, hautagai batek ere deialdiko lanpostua betetzeko behar adinako merezimendurik ez badu.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hileko epean.
Bilbao, 2020ko azaroaren 18a.
Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakaria,
ALBA URRESOLA CLAVERO.
ERANSKINA
Deialdiko lanpostua: Lehiaren Euskal Agintaritzako idazkari nagusia.
Kidegoa: X02EU.
Lanpostu-mailako osagarria: 29.
Berariazko osagarria: 0-A.
Tokia: Lehiaren Euskal Agintaritza.
Herria: Bilbao.
Helbidea: Ercilla 4 – 2. (48009 Bilbao).
Hizkuntza eskakizuna: 4.
Derrigortasun-data: datarik gabe.
Eginkizunak: Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legearen 15. artikuluan zerrendatuak:
1.– Lehiaren Euskal Agintaritzari dagokionez, eginkizunak honako hauek dira:
a) Agintaritzaren aurrekontu-aurreproiektua prestatzea eta haren jarraipena eta aldaketak egitea.
b) Erakundearen jarduera-oroitidazkia eta urteko jarduera-programa eta urtebeteko eta urte biko jarduera-planak egitea, jasotako jarraibideak kontuan hartuta, eta Lehiaren Euskal Kontseiluari helaraztea.
c) Erregistro orokorra, agiritegia eta agintaritzaren beste dokumentazio-guneak kudeatzea.
d) Espedienteak zaintzea izapidetzearen edozein fasetan, jakinarazpenak egitea, eta prozeduratik datorren edozein jarduera, administrazio-izaerakoa egitea.
e) Agintaritzaren Ekonomia, giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzea.
f) Agintaritza arlo juridikoan aholkatzea.
g) Zehapen-prozeduren eta sustapeneko prozeduren jarraipena egitea eta haiek kudeatzea.
h) Laguntza emateko gainerako eginkizunak, lehendakariak hala erabakita.
2.– Lehiaren Euskal Kontseiluari dagokionez, eginkizunak honako hauek dira:
a) Lehiaren Euskal Kontseilua biltzeko deitzea, lehendakariaren ekimenez.
b) Bileretako gai-zerrenda prestatu eta bidaltzea.
c) Bileretako aktak idatzi eta baimentzea.
d) Akten, ebazpenen eta erabakien ziurtagiriak egitea.
e) Lehiaren Euskal Kontseiluko kideak arlo juridikoan aholkatzea.
f) Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko araudiak administrazioko kide anitzeko organoetako idazkariei ematen dizkien gainerako eskumenak izatea.