Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

259. zk., 2020ko abenduaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
5549

AGINDUA, 2020ko azaroaren 26koa, Osasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntza-jarduerak egiaztatzeko prozedura ezartzen duena.

Osasungintzako profesionalen eskubidetzat eta betebehartzat hartzen den etengabeko prestakuntza (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa), gaur egun, ohiko eta beharrezko jardueratzat hartzen dute osasunaren, hezkuntzaren, elkarteen eta korporazioaren arloetako erakundeek eta profesionalek berek. Osasun- eta gaixotasun-prozesuen ezagutzak, prozesu horiek baldintzatzen dituzten alderdiak, eredu epidemiologikoak eta erabiltzen diren teknologien berrikuntzak ez ezik, osasun-sistemen eta, oro har, gizarte-sistemen antolaketa ere etengabe aldatzen ari denez, profesionalaren konpetentziak betebehar etiko gisa mantendu eta etengabe hobetu behar dira, profesional horren esku dauden herritarrei ahalik eta arreta hoberena eskaintzeko. Etengabeko prestakuntza oso tresna ahaltsua da helburu hori lortzeko.

Azken hamarkadetan, alde batetik, osasungintzako profesionalen prestakuntza-eskaintza esponentzialki handitu da, eta, bestetik, informazio- eta komunikazio-teknologiak garatu dira. Horrek eragin handia izan du Administrazioak herritarrekin eta enpresekin dituen harremanen forman eta edukian.

Horrez guztiaz gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak berrikuntza garrantzitsuak ekarri ditu, epeei, jakinarazpenei eta izapidetze elektronikoari dagokienez, eta, horren ondorioz, beharrezkoa da Osasuneko sailburuaren 2003ko abenduaren 15eko Agindua aldatzea, zeinaren bidez ezarri baitzen Euskal Autonomia Erkidegoan osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntza-jarduerak egiaztatzeko prozedura.

Osasungintzako profesionalei eskaintzen zaizkien etengabeko prestakuntza-jardueren kalitatea bermatzeko erantzukizuna dute Administrazio publikoek, eta zeregin hori betetzearren eman zuten abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretua, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua sortzen, eta prestakuntza hori egiaztatzeko sistema bat arautzen duena.

Helburu nagusi hori lortu nahian, behar zituen eskumenak bereganatu zituen, batetik, prestakuntza-sistemen eraginkortasuna aztertu eta ebaluatzeko, eta, bestetik, lehentasuna izan behar duten akreditazio-esparruak proposatzeko; horrez gain, borondatezko akreditazio-sistema bat ere jarri zen martxan, Estatuko Osasun Sistema osorako baliozkoa zena.

Osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntza dela-eta, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren arloko Batzarraren Hitzarmena lortu zen, autonomia-erkidegoek eta Osasun eta Kontsumoko eta Hezkuntza eta Kulturako ministerioek sinatuta, eta horri lotuta etorri zen borondatezko akreditazio-sistema hori.

Beraz, dekretu horretan araututa daude Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluaren organoak eta emandako akreditazioen balioa eta irizpideak, baita erabilgarri diren administrazio-baliabideak eta arauak ere; dekretuak, ordea, ez zuen ezartzen eskabideak aurkezteko, izapidetzeko eta ebazteko prozedura-araurik.

Horrenbestez, abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak dekretu hori garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko ematen dizkidan eskumenak erabilita, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea

Agindu honen xedea: Euskal Autonomia Erkidegoan osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntzako jarduerak egiaztatzeko prozedura arautzea da, abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa betetzeko. Dekretu horren bidez, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua sortu zen, eta hori egiaztatzeko sistema bat arautu zen, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Estatuko Osasun Batzordeak ezarritako irizpideekin.

2. artikulua.– Etengabeko prestakuntzako akreditazioaren xede diren gaiak

1.– Etengabeko prestakuntzako jarduerak Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legean adierazitako osasungintzako lanbideetara zuzendu behar dira, baita arlo horretan gerora egiten diren arau-aldaketetara ere.

2.– Osasungintzako profesionalen gaitasun profesionala handitu, mantendu eta hobetzeko helburua dutenak dira osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntza egiaztatzeko ikasgaiak. Jakintza-arloaren eta jardueraren xede den biztanleriaren arabera definitzen dira, Estatuko Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak ezarritako eta euskadi.eus EAEko Administrazioaren Interneteko atarian argitaratutako irizpideen arabera.

3.– Honako ikasgai hauek ez dira akreditazioaren xede:

a) Berariaz osasungintza-arloan erabiltzekoak ez diren programa informatikoak.

b) Hizkuntzak, edozein mailatan.

c) Oro har, Estatuko Osasun Sistemak edo komunitate zientifikoak onartzen ez dituen ikasgaiak lantzen dituzten jarduerak.

d) Publizitate komertzialeko edukiak dituzten jarduerak.

e) Titulazio profesionala lortzeko beharrezkoa den oinarrizko prestakuntza osatzen duten edukiak dituzten jarduerak; izan ere, prestakuntza hori lanbidea betetzeko ezinbestekoa denez, ezin da etengabeko prestakuntzatzat hartu.

f) Legez nahitaezkoa den eta lanik egin gabe aldi bat eman ondoren, lanean hasi nahi duen edozein profesionalek egin behar duen prestakuntza.

g) Osasungintza-arloan aplikatzekoak diren ikasgaiak, baina berariaz Osasun Zientzietakoak ez direnak. Adibidez: Arkitektura Sanitarioa.

h) Langileen autozainketara bideratutako jarduerak

i) Osasungintzako profesionalen berezko eskumenei ez dagozkien ikasgaiak.

3. artikulua.– Eskatzaileak.

1.– Jardueren hornitzaileek eska dezakete etengabeko prestakuntzako jardueren akreditazioa. Honako hau hartzen da erakunde hornitzailetzat: jardueraren akreditazioa eskatzen duen, prestakuntza-jarduera garatzen duen, akreditazio-ziurtagiriak egiten dituen eta, ondorio guztietarako, jarduera horren erantzule egiten den nortasun juridiko propioa duen erakundea edo pertsona fisikoa, publikoa zein pribatua izan.

Entitate hornitzailea pertsona fisikoa bada, bere konturako langile edo langile autonomo gisa alta emanda egon beharko du, eta, hori egiaztatzeko, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Entitate hornitzaile eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza soziala, irakaskuntza Estatuko zein lurraldetan egiten den kontuan hartu gabe.

Halaber, akreditazioa eskatu ahal izango da kasu honetan ere: etengabeko prestakuntzako jarduera autonomia-erkidego honetan egiten den kongresu bat denean, entitate hornitzaileak bere egoitza soziala non duen kontuan hartu gabe.

2.– Ez dira egiaztatuko jarduerak, entitate hornitzaileak produktu sanitarioen edo produktu erlazionatuen entitate komertzialak direnean.

4. artikulua.– Eskabideak.

Eskabideak Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuan aurkeztuko dira, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluari zuzenduta, zeinak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailean baitu egoitza.

Eskabideak elektronikoki bakarrik aurkeztu eta kudeatuko dira, horretarako prestatutako lineako aplikazioaren bidez.

Aplikazioan sartu aurretik, garrantzitsua da jarraibideak arretaz irakurtzea eta erabilera-eskuliburua deskargatzea EAEko administrazioaren euskadi.eus Interneteko ataritik.

Akreditazioa lehen aldiz eskatzen duten entitate hornitzaileek entitatearen eta haren arduradunen datuak sartu beharko dituzte eskabidean, eta entitate hornitzaileen erregistroan alta eskatu.

Eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat jasoko da, jardueraren independentzia-irizpideei buruzkoa, eta interes-gatazkarik dagoen adierazteko.

Egiaztatu nahi den prestakuntza-jarduera bakoitzeko hasierako eskabide bat beteko da. Jarduera beraren edizio bat baino gehiago errepikatzen badira data eta leku desberdinetan urte natural berean, edizio-eskabidea aurkeztu eta jarduera nagusiari erantsiko zaizkio. Beraz, ez da beharrezkoa izango hasierako eskabide berria aurkeztea, eta kasu bakoitzerako ziurtagiri bat emango da.

Hasierako eskabide berria aurkeztea eskatuko da urte naturala igarotakoan; era berean, gauza bera gertatuko da, alegia, eskabide berria aurkeztu beharko dela, urte naturala igaro gabe egonda ere, ebaluazio-batzordearen ustetan, azken ebaluazioa alda dezaketen funtsezko aldaketak badaude jarduera horretan (hasierako eskabide aldatua). Funtsezko aldaketarik ez badago, prestakuntza-jarduerek bi urte kontsekutiboz gordeko dute lehen ebaluazioan lortutako akreditazioaren emaitza, akreditazioa ebatzi zen egunetik zenbatzen hasita. Kasu horretan, bete beharreko eskabide-inprimakia eskabide kontsekutiboarena izango da.

Jarduera bat bi aldiz baino ezin izango da berriz egiaztatu. Kopuru hori gaindituz gero, beste akreditazio bat lortu beharko da.

Eskabidean agertzen den informazio guztia bat etorriko da publizitatean eta parte-hartzaileei ematen zaizkien materialetan erabilitakoarekin.

Eskabidea aurkeztu ondoren, entitate hornitzaileak Osasun Saileko Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuari jakinarazi beharko dio adierazitako datuetan gertatzen den edozein aldaketa.

5. artikulua.– Epeak.

Jarduera hasi baino gutxienez hilabete lehenago aurkeztu behar dira akreditazio-eskabidea eta harekin batera doan dokumentazioa.

Eskabidea eskatutako epean aurkezten ez bada, eskabidea izapidetzea ez onartzeko arrazoia izango da.

6. artikulua.– Akreditazio-eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Erakunde publikoetan eta zuzenbide publikoko korporazioetan izan ezik, akreditazioa lehenengo aldiz eskatzen duten etengabeko prestakuntzako entitate hornitzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

– Entitatearen estatutuen kopia, zeinetan prestakuntza entitatearen helburuetako bat dela azaldu beharko baita berariaz.

– Dena delako entitate motari dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia.

– Erakundearen identifikazio fiskaleko kodearen kopia (IFK) edo bere kontura edo autonomo gisa jarduten duen langilearen IFZ/AIZ.

– Azken 5 urteetan egindako prestakuntza-jardueren zerrenda.

Entitate hornitzailearen irakaskuntza-zerbitzuak identifikatzen dituzten beste merkataritza-izen batzuk erabiltzen badira, eta egiaztatu nahi den irakaskuntza-jarduerarekin lotzen badira, zerbitzu horien jabetza eta erregistroa dokumentatu beharko dira.

7. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

Eskabideak Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuak aztertuko ditu.

Eskabidea edo dokumentazioa zuzendu edo osatu behar izanez gero, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

8. artikulua.– Bilera zientifikoak egiaztatzeko eskabidea.

Kongresuak, jardunaldiak eta saio klinikoak Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Estatuko Batzordeak ezarritako prozeduraren eta irizpideen arabera egiaztatuko dira. Irizpide horiek EAEko Administrazioaren euskadi.eus Interneteko atarian argitaratutako gidan kontsultatu ahal izango dira.

9. artikulua.– Ebaluazioa.

Aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa egiaztatu eta positiboki baloratu ondoren, Kontseiluaren Idazkaritza Teknikoak, Plangintza eta Antolamendu Sanitarioko Zuzendaritzako Irakaskuntza eta Garapen Profesionalaren Zerbitzuaren bidez, Ebaluazio Batzordeak aldez aurretik izendatutako kanpoko hiru pertsonari bidaliko die, beren lanbide-arloan eta etengabeko prestakuntzan adituak eta jardueraren xede-biztanleriakoak izango baitira.

Ebaluatzaileak Estatuko Osasun Sistemako Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak onartutako irizpide kualitatiboen arabera baloratuko du jarduera, horietako bakoitzari balioa emango dio, eta ebaluazio kualitatiboaren orria Idazkaritza Teknikora bidaliko du adostutako epean.

Etengabeko prestakuntzako jarduerak ebaluatzeko oinarrizko irizpideak honako hauek dira:

1.– Osagai kualitatiboa.

Funtsean, honako irizpide hauetan oinarrituta egon behar du:

– Prestakuntza-jardueraren helburuak.

Egiaztatu beharreko jarduerak behar bezala azalduta egon behar du bere helburuetan, helburu orokorrak eta helburu espezifikoak bereizita. Lehenengoek hezkuntza-helburuari egiten diote erreferentzia, zentzu zabalenean; bigarrenek, berriz, etengabeko prestakuntzaren arlo lehenetsiei (trebetasun edo abilezia zehatzak eskuratzeari, jarrerak bereganatzeari edo hobetzeari, eta abarri).

Alderdi hori oso garrantzitsua da aurrerago aztertuko ditugun zenbait puntu behar bezala baloratzeko.

– Antolakuntza eta logistika.

Irakaskuntza-programaren, irakasleen, giza baliabide osagarrien, baliabide materialen, egutegiaren, parte-hartzaileak hautatzeko irizpideen eta jardueraren iraupenaren eta helburuen arteko egokitasunaren ahalik eta deskribapen zehatzena jaso behar du.

– Jardueraren egokitasuna.

Jardueraren edukiak premia edo eskari zehatz eta behar adina justifikaturen bati erantzun behar dio.

– Irakaskuntza-metodologia.

Garrantzitsua da kasu bakoitzean baloratzea metodologia zenbateraino egokitzen den lortu nahi diren helburuetara eta eskura dauden baliabideetara, eta, orobat, zein den parte hartzen duten pertsonen eta irakasleen arteko interakzio-maila.

– Ebaluazioa.

Oso garrantzitsua da ebaluazioren bat erabili den edo ez zehaztea (parte-hartzaileena, irakasleena, jarduerarena berarena, helburuei edo prestakuntza prozesuari dagokienez).

Erabili beharreko beste irizpide osagarri batzuk:

– Prestakuntza-jardueraren xede den talde profesionala (jarduera kasuan kasuko profesionalen lanari edo gaitasunei egokitu behar zaie).

– Jarduera finantzatzeko prozedura.

2.– Osagai kuantitatiboa.

Osagai kuantitatiboa jardueraren iraupenean oinarrituko da eta zuzenketaren bat egingo da, oso iraupen luzeko jardueren azken kreditu kopuruan duen inpaktua haztatzeko.

Beraz, proposatzen den sistema osagai kualitatibo batean oinarritzen da, lehen azaldutako itemen balorazioaren emaitza izango dena, behar bezala zuzendutako osagai kuantitatibo batez biderkatuta. Azken emaitza kreditu kopuru jakin bat da, jarduera bakoitzeko.

3.– Osagai kualitatiboa eta kuantitatiboa haztatzea.

3.1.– Osagai kualitatiboa haztatzea.

Oinarritzat hartuta osagai kualitatiboa oinarritzen den irizpide bakoitzari garrantzi maila bat ematen zaiola, kasu bakoitzerako haztapen-faktore bat erabiltzen da.

Osagai kualitatiboa osatzen duten ataletako bakoitza baloratzen da, eta, horretarako, balio bat ematen zaie (0,0, 0,1, 0,2, 0,3, 0,4) eta, haztapenerako, biderkatu egiten dira koefiziente hauekin:

1) Jardueraren helburuak x 1,0

2) Antolamendua eta logistika x 1,0

3) Jardueraren egokitasuna x 2,0

4) Irakaskuntza-metodologia x 1,5

5) Ebaluazioa x 1,5

3.2.– Osagai kuantitatiboa haztatzea.

Jardueraren azken puntuazioan, iraupenaren araberako oreka-elementu bat sartze aldera, haztapen-faktore bat baliatzen da, honela mailakatuta:

Jardueraren iraupena:

– < 21 ordu x 1,1

– 21 eta 40 ordu bitartean x 1,0

– 41 eta 80 ordu bitartean x 0,9

– > 80 ordu x 0,7

Gehienez ere, 100 ordu hartuko dira kontuan edozein jardueratan osagai kuantitatiboa kalkulatzeko.

Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluko Idazkaritza Teknikoak orduak proposatuko ditu, jarduera mota guztietan osagai kuantitatiboa kalkulatzeko: presentzialak, ez-presentzialak eta mistoak.

4.– Jarduera bati kreditu kopurua esleitzea.

Jarduera jakin bati esleitutako kredituak osagai kualitatiboaren eta osagai kuantitatiboaren puntuazioen biderkaketen biderkadurak izango dira.

Bateko edo gehiagoko osagai kualitatiboa duten jarduerak bakarrik egiaztatuko dira.

10. artikulua.– Ebazpena.

Eusko Jaurlaritzako Etengabeko Prestakuntzako Batzorde Iraunkorrari dagokio, edo, bestela, eskuordetzan emanda egonez gero, Ebaluazio Batzordeari, osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntzako jarduerak egiaztatzeko eskabideak ebaztea.

Hasieran, ziurtapen-proposamena egingo da. Horren bidez, behin-behineko kreditu kopuru bat esleituko da, eta behin betiko bihurtuko da erakunde hornitzaileak, egiaztatu beharreko prestakuntza-jarduera bukatu eta 15 egun balioduneko epean, dokumentazio hau aurkezten duenean:

1.– Prestakuntza jarduera egin izanaren ziurtagiria, aurkeztutako eskabidean aldaketarik egin gabe (agiri hau Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluaren Idazkaritzak emandako egiaztagiriarekin batera aurkeztuko da bete dadin).

2.– Bertaratutakoen zerrenda, erabilitako asistentzia-kontrola erantsita (sinadura-orriak edo antzekoren bat)

3.– Egindako gogobetetze-inkesten emaitza.

4.– Beste ebaluazio-proba batzuen emaitza, halakorik egonez gero (azterketak eta abar).

5.– Kredituetarako eskubidea duten parte-hartzaileei emango zaien diplomaren edo ziurtagiriaren eredua.

6.– Gainera, merkataritza-babesa izanez gero, bertaratuei eman zaien materiala aurkeztu beharko da.

Ebazpen horiek Estatuko Osasun Sistemako Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak ezarritako irizpide orokor, komun eta minimoen arabera emango dira, eta Estatuko Osasun Sistemaren esparru osorako balioko dute, abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera (Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua sortu eta hura egiaztatzeko sistema arautzen duen dekretu horrek).

Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienez egongo den epea hiru hilabetekoa izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.3 artikuluaren arabera, ebazpena izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabideari sarrera eman eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada, eskabidea baietsitzat joko da, lege beraren 24.1 artikuluaren arabera.

Norberaren autonomia-erkidegoko Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen logotipoa erabili ahal izango da irakaskuntza-jarduera baten publizitatean eta ziurtagirietan soilik, betiere jarduera horren egiaztapenaren inguruko behin betiko ebazpena jaso ondoren.

Publizitatea egiaztapen-eskaeraren emaitza jakin aurretik egiten bada, honako testu hau jarri ahal izango da: «Autonomia-erkidegoko Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Batzordeari eskatu zaio egiaztapena data honetan:». Kasu horretan, ez da inoiz erabiliko batzordearen logotipoa, ezta lehendik egiaztatutako jarduera baten berredizioaren akreditazioa eskatzen bada ere.

11. artikulua.– Errekurtsoak.

Akreditazioa egiaztatzeko edo ukatzeko berariazko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritako eran eta epean.

12. artikulua.– Entitate hornitzaileen betebeharrak.

Entitate hornitzaileak betebehar hauek izango ditu:

a) Entitate hornitzailearen nahiz jarduerako irakasleen interesen inguruan sortzen den edozein gatazka berariaz adieraztea eta parte-hartzaileei jakinaraztea.

b) Erakunde hornitzaileak egiaztatutako jarduerei dagokien dokumentazioa, gutxienez, bost urtean artxibatzea.

c) Erakunde antolatzaileak ezin izango die etengabeko prestakuntzako ziurtagiririk eman jardueran parte hartzen dutenei, baldin eta ez badute justifikatzen akreditazio-eskabidean hitzartutako bertaratze-ehunekoa, ez badira dagokien osasungintzako lanbideko parte, edo ez badituzte lortu akreditazio-eskabidean adierazitako ebaluazio-baldintzak.

d) Hilabeteko epean jakinaraztea, akreditazio-eskabidea aurkeztu edo akreditazio-ebazpena jakinarazi ondoren, justifikatutako arrazoiengatik, eskabidean jasotako datuei eragiten dien aldaketaren bat gertatzen bada.

e) Egiten ez den edozein jarduera bertan behera uzten dela jakinaraztea.

13. artikulua.– Diplomak eta egiaztagiriak ematea.

Euskal Kontseiluak egiaztatzen dituen etengabeko prestakuntzako jardueretan ikasle eta irakasle izandako osasungintzako profesionalei dagozkien diplomak eta egiaztagiriak ematea izango da jarduerak antolatu dituen erakunde antolatzailearen ardura.

Diploma horietan nahitaez agertu beharko dira, batetik, emandako kreditu kopurua, bestetik, akreditazio-sistemaren logotipoa eta erakunde hornitzailearena, eta, azkenik, testu hau: «Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluak egiaztatu duen jarduera».

14. artikulua.– Auditoretzak.

Prestakuntza-jarduera guztiak dokumentuen auditoretzaren mende daude. Hori dela eta, entitate hornitzaileek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute Idazkaritzan.

Ikuskapenak in situ egin ahal izango dira, zuzeneko behaketaren bidez egiaztatzeko bat datozela eskabideari buruzko informazioa eta haren garapena. Ikuskapen hori Osasun Sailari atxikitako funtzionarioek egingo dute.

Auditoretza aldekoa bada, artxibatu egingo da. Kontrakoa bada, emandako egiaztagiria kentzea eta jardueraren arduradunari idatziz ohartaraztea ekarriko du, baita erakunde hornitzaileari jakinaraztea ere.

Eskatutako irizpideak behin eta berriz betetzen ez badira, ikuskatutako jarduera egiaztatzen den egunetik hasi eta urtebeteko epean, ez da onartuko jarduera beraren arduradunak zuzentzen edo antolatzen dituen jarduerak izapidetzea.

Akreditazio bikoitzaren berri izanez gero (baldin eta erakunde horrek kredituak emateko gure sistema egiaztatzailearen irizpide eta tresna berak erabiltzen baditu), emandako akreditazioa automatikoki erretiratuko da, eta ez da onartuko erakunde horrek aurkeztutako akreditazio-eskabide berririk, bi aldiz egiaztatuta dagoen jarduera egiaztatu eta urtebeteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEa

Indargabetuta geratzen da Osasuneko sailburuaren 2003ko abenduaren 15eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoan osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntza-jarduerak egiaztatzeko prozedura ezartzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 26a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala