256. zk., 2020ko abenduaren 23a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (641 KB - 36 orri.)
- EPUB (797 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5507
AGINDUA, 2020ko abenduaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira, 2021eko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak, erakunde publikoei zuzenduak (Erein Publikoak).
Honako hauek dira Landa Ingurunearen Garapenerako apirilaren 8ko 10/1998 Legearen landa-garapeneko politikaren xede orokorrak: euskal nekazaritzaren eta landa-ingurune osoaren funtzio-aniztasuna eta iraunkortasuna; landa-ingurunearen berezko ezaugarri nagusiei eustea, eta nekazaritzak eta landa-eremuko enpresek eta ekonomia-egiturek lehiatzeko duten gaitasuna sustatu eta hobetzea.
Hori kontuan izanik, agindu honen bidez egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntza ekonomikoen deialdia, 2021 ekitaldirako, hain zuzen ere «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanaren arabera G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko (https://www.euskadi.eus/web01-a2lanits/eu/contenidos/informacion/zonificacion_rural_cae2020/eu_def/index.shtml).
Hauek dira lortu gura diren helburu zehatzak: gizarteratzea sustatzea; pobrezia murriztea; landa-eremuen garapen ekonomikoa bultzatzea; baliabideen efizientzia sustatzea, eta, oro har, bizi-kalitatea hobetzea.
Kontuan hartuta jarduera diruz lagungarriek toki-izaera nabarmena daukatela, ez direla merkatu-ingurune batean egiten eta interes orokorrean oinarritu behar direla, agindu honetan jasotako laguntzak ez dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen araberako estatuko laguntzak, eta, beraz, ez zaie haien berri eman behar Europar Batasuneko zerbitzuei.
Hori dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea, izaera eta eremu geografikoa.
Agindu honen xedea da 2021. urterako dirulaguntza-deialdi bat egitea, G4, G5 eta G6 landatartasun-mailako landa-eremuetan ekonomia garatzea eta dibertsifikatzea helburu duena. Eremu horiek zehaztuta daude «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanean, eta agindu honen I. eranskinean jasota daude.
Hala ere, agindu honetan oinarriturik, diruz lagungarriak izango dira landa-eremuak ez diren eremuetan egindako inbertsioak, baldin eta esku-hartze eremuetako herritarrei zerbitzuak emateko badira. Kasu horietan, hitzarmenen bidez bermatuko da landa-eremuetako biztanleek aukera-berdintasunean baliatu ahal izatea sustatutako zerbitzua. Kasu horietan, zerbitzu ematen zaien udalerrien landatartasun-mailen batezbestekoa eginda kalkulatuko da landatartasun-maila.
Bigarrena.– Laguntza-motak eta erakunde onuradunak.
1.– Laguntza hauen xedeak dira landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetuko dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak eskuratzen laguntzea; enplegua sortzea, edo deialdi honen xede diren landa-inguruneetan turismoa bultzatzea.
2.– Hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun:
a) Toki-erakundeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, hau da:
I) Udalerria.
II) Kontzejuak eta udalerriarena baino eremu txikiagoko beste lurralde-erakundeak, lurralde bakoitzean dagoen foru-araudian eta toki-araubidearen gaineko oinarrizko legerian xedatutakoaren arabera.
III) Udal-mankomunitateak.
IV) Arabako lurralde historikoko kuadrillak.
V) Beste zeinahi erakunde, baldin eta tokiko lurralde-erakunde zenbait biltzen baditu, dagokion izendapen bereziarekin, 2/2016 Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera.
b) Toki-erakundeen sektore publikoa, a) apartatuko erakundeei dagokiena.
c) Landa Garapeneko Elkarteak, baldin eta toki-erakundeekin lankidetza-hitzarmenak izenpetzen badituzte esku-hartze eremu baten aldeko proiektuak martxan jartzeko.
Hirugarrena.– Jarduera diruz lagungarriak.
Laguntzaren xedea da inbertsioak sustatzea mota guztietako azpiegitura edo zerbitzuak sortu, hobetu edo handitzeko, jarduketa hauen esparruan:
a) Energia elektrikoa eta gasa hornitu eta kanalizatzearekin zerikusia duten oinarrizko azpiegiturak.
b) Ur-hornidura eta -saneamendurako oinarrizko azpiegiturak (azpiegitura berriak soilik lagunduko dira diruz, eta 300.000 euroko dirulaguntza izango da gehienez).
c) Energia berriztagarriekin eta energia aurreztearekin zerikusia duten azpiegiturak: energia berriztagarriak eta district heating sortu eta hornitzeko proiektuak.
d) Turismoari lotutako eskala txikiko azpiegiturak.
e) Biztanle-guneak egokitzearekin zerikusia duten azpiegiturak, biztanleak dituzten ingurune hondatuak lehengoratzea eta haien hirigintza egokitzea xede dutenak: irisgarritasuna, lorategiak jartzea, argiteria eta hiri-altzariak.
f) Oinarrizko zerbitzuentzako proiektuak: eguneko zentroak eta pertsona nagusientzako erresidentziak, haurreskolak eta farmaziak/botikak.
g) Aisia, kultura eta kirolarekin zerikusia duten zerbitzuentzako proiektuak: kultur-etxeak, liburutegiak, erabilera anitzeko zentroak, kirol-ekipamenduak eta/edo aisialdikoak.
h) Turismoarekin zerikusia duten zerbitzuentzako proiektuak: interpretazio zentroak/museoak eta turismo-bulegoak.
i) Ekipamendu komunitarioetan irisgarritasunarekin zerikusia duten proiektuak.
j) Hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten proiektuak.
k) Enpresa-ekimenen egoitza izan daitezkeen industrialde txikiak eta eraikinak edo lokalak atontzeko proiektuak.
Laugarrena.– Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzea.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, onuradunak azpikontratatu duela kontsideratuko da dirulaguntzaren helburu den jardueraren egikaritze partziala edo osoa hirugarrenekin hitzartzen duenean. Hortik kanpo gelditzen dira dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuak.
2.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 azpikontratatu dezake onuradunak. Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehituta, inongo balio erantsirik ematen ez badio jardueraren edukiari. Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak dirulaguntzaren % 20tik gora gainditzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak betekizun hauek konplitu beharko ditu:
a) Kontratua idazki bidez egitea.
b) Erakunde emaileak aldez aurretik baimena ematea kontratua egiteko.
Diruz lagundutako jarduerentzat jadanik beste administrazio publiko batek eman badu dirulaguntzarik, ulertu beharko da administrazio honek egiaztatu duela betekizun hauek konplitzen direla.
3.– Ezin da kontratua zatikatu, zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuko baldintzak bete beharrik ez izateko helburuarekin.
4.– Kontratistek onuradunarekiko baino ez dituzte betebeharrak, zeinek osorik hartuko baitu bere gain diruz lagundutako jarduera egikaritzearen ardura.
5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunak izango dira hirugarrenekin itundutako jarduera diruz lagungarria betetzeko mugak betetzearen erantzuleak, hain zuzen dirulaguntzaren araudian ezarritako mugak gastu diruz lagungarrien motari eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek lege honen 46. artikuluan aurreikusitako lankidetza-betebeharra bete beharko dute, muga horiek errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzea ahalbidetzeko.
6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren egikaritze osoa edo partziala honako hauekin itundu:
a) Lege honen 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo erakundeak.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeak.
c) Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira horiei ordaindu beharrekoak; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
d) Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisiko edo juridikoak, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:
1) Organo emailearen berariazko baimena eskuratzea aurretik.
2) Zenbateko diru lagungarria ez izatea atxikitako entitateak egindako kostua baino handiagoa. Onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan justifikatuta egiaztatuko da kostua.
e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu duten baina betekizunak ez betetzeagatik edo beharrezko balorazioa ez lortzeagatik laguntzarik gabe geratu diren pertsona edo erakundeak.
Bosgarrena.– Kostu diruz lagungarriak.
1.– Kostu diruz lagungarritzat hartuko dira proiektuari lotutako inbertsio eta/edo gastuak, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eginak. Data hori baino lehenagoko gastuak egonez gero, dirulaguntza ukatuko da proiektua aurretik hasita dagoela iritziko baita.
2.– Oro har, hauek hartuko dira kostu diruz lagungarritzat.
a) Ondasun higiezinak eskuratzea, lursailak izan ezik.
b) Urbanizazio-lanak egikaritzea.
c) Eraikitze-lanak egikaritzea.
d) Zaharberritze- edo berriztatze-lanak egikaritzea.
e) Horiei lotutako beste azpiegitura batzuk.
f) Aurreko bost apartatuetan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak, adibidez: arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, kostu diruz lagungarriaren % 10eko gehieneko mugarekin.
g) Laguntza-eskabidearen xede den inbertsioari lotutako azterlanak, kostu diruz lagungarriaren % 10eko gehieneko mugarekin.
h) Makineria eta ekipamendu berriak erostea eta haien finantza-errentamendua, ondasunaren merkatu-balioraino.
i) Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makineria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan beste laguntzarik jaso ez badute.
j) Tresneria.
k) Altzariak.
l) Informatika eta komunikaziorako ekipamendua, bai hardwarea bai softwarea.
m) Programa eta aplikazio informatikoak eta web-orri eta -plataformak eskuratu edo garatzeko egindako inbertsioak.
n) Patenteak, lizentziak, autore-eskubideak eta erregistratutako markak eskuratzeko edo erregistratzeko egindako inbertsioak, 20.000 euroko gehieneko dirulaguntza.
o) BEZ berreskuraezina, BEZari buruzko Espainiako legeriaren arabera.
3.– Ez dira diruz lagungarri izango:
a) Mantentze-gastuak eta funtzionamenduko beste edozein gastu.
b) Etxebizitzak, ibilgailuak edo etxean erabiltzeko ondasunak.
c) Lursailak eskuratzea.
d) Berezko langileen gastuak.
e) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.
f) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak eta prozedura judizialen gastuak.
g) Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidera eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.
h) Zeharkako zerga berreskuragarriak.
i) Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak, eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.
j) Ekipamendua eta makineria berritzeko edo soilik ordezteko inbertsioak, non eta erositako berria ez den aurrekoekiko desberdina erabiltzen duen teknologiaren zein errendimenduaren aldetik.
k) Finantza-errentamendua, baldin eta kontratuan zehazten ez bada eragiketa amaitzean ondasuna erosi beharra dagoela. Bestalde, ez dira diruz lagungarriak izango errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguramendu-gastuak.
4.– Kostuak neurriratzea bermatzeko, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legea beteko da. Kontratu txikien kasuan, gutxienez hiru eskaintza eskatuko ditu kontratazio-organoak, eta horiek espedientean sartuko dira kalitatea/prezioa harreman onena eskaintzen duen hautuaren justifikazioarekin batera. Hori posible ez bada, horren justifikazio arrazoitua txertatu beharko da.
Seigarrena.– Finantzaketa.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, lau milioi (4.000.000) euro izango dira; horietatik, hiru milioi eta berrehun mila (3.200.000) euro 2021eko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta zortziehun mila (800.000) euro 2022ko ekitaldirako konpromiso-kredituari.
2.– Agindu honen deialdiko dirulaguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko aurrekontu orokorretan.
Zazpigarrena.– Onuradun izateko betekizunak.
Laguntza eskatzen duten pertsona juridikoek Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan eta honako hauetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte:
a) Agindu honen I. eranskinean zehaztuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan burutzea jarduera diruz lagungarriak.
b) Egunean ordainduta izatea foru-ogasunekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
c) Egunean ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
Zortzigarrena.– Eskabideak, dokumentuak eta aurkezteko epea.
1.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak. Eskabide horretan sartuko dira 3. apartatuan aurreikusitako eredu normalizatua, agindu honen bidez onartua, eta 7. apartatuan eskatzen den dokumentazioa.
2.– Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko hauen bidez: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/servicios/1028207 euskaraz, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028207).
3.– Inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da eskabideak aurkezteko, helbide hauetan eskuragarri dagoena: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/servicios/1028207 euskaraz, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028207).
4.– Helbide honetan egingo dira eskabidearen osteko izapideak: https://www.euskadi.eus/micarpeta https://www.euskadi.eus/nirekarpeta,
5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez egiaztatu beharko da ordezkaritza (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo, bestela, zuzenbidean onartutako beste edozein bide erabiliz.
6.– Informazio hau jasoko du eredu normalizatuak:
a) Identifikazio-datuak.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla adierazteko.
c) Proiektuaren informazioa, agindu honen II. eranskineko ereduaren arabera egina. Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jasoko ditu memoriak, eta, informazio horren euskarri gisa, behar diren akordio eta ziurtagiriak erantsi beharko dira, Jasotzen diren alderdiak bakarrik hartuko dira kontuan.
7.– Gainera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Hirugarrenaren alta, azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez badio edo aurkeztutakoa aldatu nahi badu. Elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bidez. Zerbitzu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/. Gainerako izapideetarako bezala, izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek eta erakundeek hirugarrenaren alta lortzeko erabili beharko dute zerbitzu hori. Pertsona juridikoa izanez gero, ahalordetze-eskritura, hala badagokio, eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan zigilatuta.
b) Eskatzailearen ordezkaritza egiaztatzen duen agiria, hala badagokio.
c) Proiektuak zerbitzu bat kudeatzea badakar, Kudeaketa Plana aurkeztu beharko da, gutxienez honako puntu hauekin:
– Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.
– Irekitzeko eta ixteko ordutegiak.
– Erabiltzaileek zerbitzua eskuratzeko eta erabiltzeko baldintzak.
d) Aurrekontuak eta/edo proformako faktura.
e) Aurrekontuen eta/edo fakturen laburpen-taula (webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/servicios/1028207 euskaraz, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028207).
f) Eraikuntza- edo berriztatze-lanak egin behar badira, proiektu tekniko bat behar den ala ez justifikatuko duen udal-ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Proiektu teknikorik, memoriarik edo balioztatutako zerrendarik –aurrekontua barne, egin beharreko gastua behar bezala xehakatuko duena– behar ez bada, argi eta garbi adierazi beharko da obra egikaritzeko kostua eta hari dagokion BEZa. Proiektu teknikoa, oinarrizko proiektua edo egikaritze-proiektua behar bada.
g) Eraikuntza- edo berriztatze-lanak egingo badira, horiek egikaritzeko behar diren baimen eta lizentziak aurkeztu beharko dira, edo, bestela, aldeko hirigintza-txostena.
h) Proiektua egikarituko den lursailen edo higiezinen jabetza, gozamena, errentamendua edo prekarioa egiaztatzeko dokumentazioa.
i) Proiektua baloratzeko garrantzitsua izan daitekeen bestelako dokumentazio edo informazio oro.
8.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren NAN/IFK ere. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu. Gainera, eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan.
9.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren dokumentu horiek. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskura dezan, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hori eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
10.– Onuradun bakoitzeko, proiektu bakar bat lagunduko da diruz; hala ere, eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkeztu ahal izango du. Proiektu horietatik, betiere, balorazio-irizpideen arabera puntu gehien lortzen duena lagunduko da diruz.
11.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2021eko urtarrilaren 31n amaituko da. Eskabideak baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, hirugarrenaren altaren kasuan izan ezik; kasu horretan, aldez aurretik ebazpena eman beharko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan.
12.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jardueretan ere, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.
13.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota dokumentu osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.
Bederatzigarrena.– Laguntzak kudeatzea.
Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko ditu dekretu honetan aurreikusitako laguntzak, eta, halaber, diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua egingo du. Horretarako, egoki iritzitako ikuskatzeak egin ahal izango ditu, betiere diruz lagundutako proiektuak egoki egikaritzen direla egiaztatzearren, eta, hartarako, eskatzen zaien informazio eta dokumentazio oro eman beharko dute pertsona onuradunek.
Hamargarrena.– Balorazio-batzordea eta -irizpideak.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako hiru teknikarik osatua; zuzendaritza horretako titularrak ebazpen baten bidez izendatuko ditu kide horiek.
2.– Ebazpenean zehaztuko da zein izango den balorazio-batzordeko idazkaria eta zein presidentea.
3.– Balorazio-batzordeak, bere eginkizunak betetzen diharduela, eskatuko du Haziko adituak bere bileretara bertaratu daitezela. Batzordeak, era berean, arloko adituei aholkularitza emateko eska diezaieke beharrezko irizten dion guztietan.
4.– Honako taula honetako irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak, eta horretarako, Proiektua Baloratzeko Memorian bildutako datuak eta informazioa bakarrik hartuko dira aintzat, bai eta dokumentazio bidez frogatutakoak ere, hala dagokionean.
(Ikus .PDF)
5.– Proiektuek, hautatuak izateko, gutxienez 50 puntu lortu behar dituzte.
Hamaikagarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Lortutako puntuazioaren arabera, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren ehunekoa:
(Ikus .PDF)
2.– Azkenik egikaritutako zenbatekoa aintzat hartuta erabakiko da gainfinantzaketarik dagoen ala ez, eta dirulaguntza emateko aintzat hartutako aurrekontuaren zenbatekoa izango da haren muga.
Hamabigarrena.– Esleitzeko prozedura.
1.– Lehiaketa bidez esleituko dira agindu honetan araututako laguntzak, hala ezarrita baitago Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 artikuluan.
2.– Balorazio-batzordeak proiektuak aztertuko ditu, eta, aurreko ebazpen-ataleko irizpideei jarraituz, puntuak esleituko. Ondoren, zenbatekoak kalkulatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera.
3.– Gero, zerrenda bat prestatuko du, beheranzko hurrenkeran, jarduketa-proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, eta hurrenkera horri jarraituz emango dira laguntzak, harik eta funtsak bukatu arte. Arau hori aplikatuz ateratzen den zenbatekoa laguntza-eskabidean adierazitako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa bada, azken hori emango da.
4.– Laguntza esleitu eta hiru hileko epean emandako zenbatekoak gutxitzen badira edo dirulaguntza jasotzeko eskabideari uko egiten bazaio, zenbateko horiek kreditu faltagatik laguntzarik jaso ez duten eskabideei esleituko zaizkie, hurrenkera zorrotz gordeta, betiere EAEko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarritako mugen barruan.
5.– Proiektu bik edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «Landatartasun-maila» handiena duena lehenetsiko da, eta, berdinketak badirau, «Eskualdeko Landa Garapenerako Programara egokitzea» irizpidean puntuazio handiena lortu duena.
Hamahirugarrena.– Ebazpena.
1.– Landa-garapenaren arloko zuzendariak ebatziko ditu eskabideak, balorazio-batzordearen proposamena ikusirik. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu, arrazoitu beharko du (izan ere, proposamen hori ez da loteslea). Hala ere, laguntzak emateko, kreditu egoki eta behar bestekoa egon beharko da.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
a) Onartutako eskabideei dagokienez:
– Erakunde onuradunen izenak.
– Diruz lagundutako proiektua.
– Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa.
– Diruz lagundutako zenbatekoa, urteka banaturik.
– Jarduerak zein epetan egikaritu behar diren.
– Onuradunari honako dokumentazio hau aurkezteko betebeharra ezartzen dion klausula bat: proiektua egikaritzeko beharrezkoak diren lizentziak edo baimenak egiaztatuko dituen dokumentazioa.
– Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, hura amaitu egin beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.
b) Ukatutako eskabideei dagokienez:
– Erakunde eskatzaileen izenak.
– Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hileko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatuta, ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala xedatzen baita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
4.– Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren b) apartatuko 1. lerrokadan xedatutakoaren arabera. Hala ere, interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio ebazpen osoaren berri. Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.
5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak landa-garapenaren arloan eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin.
Hamalaugarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunetan, onartu egiten dutela ulertuko da.
2.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.
3.– Diruz laguntzen den gastua egikaritzea, laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean.
4.– Diruz lagundutako inbertsio eta gastuei gutxienez 5 urtez eustea, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu ez amortizatu, ez eta dirulaguntzen xedea ez den beste ezertarako erabili ere. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo berriztatzen badira, onuradunak dirulaguntza ematen dion administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, bat etorriz hipoteka-legeriarekin.
5.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari jakinaraztea inbertsio osoa edo inbertsioren zati bat egin izana, eta haren esku uztea diruz laguntzen diren inbertsioak eta gastuak egin dituztela egiaztatzeko behar diren dokumentu oro.
6.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailaren babesa dutela aipatzea, proiektua zabaltzeko egiten diren dokumentuetan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/adjuntos/MANUAL_ID_4PUBLICIDAD.PDF).
7.– Jasotako laguntzak zertarako erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren fiskalizatzeko lanean dihardutela eskatzen duten informazio guztia ematea landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
8.– Agindu honetako zortzigarren ebazpen-zatiak xedatzen duena eragotzi gabe, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari jakinaraztea horren berri, eta, hala badagokio, eman dizkietela ere jakinaraztea, idazki baten bidez, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun naturaleko epean, eta, betiere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.
9.– Jakinaraztea diruz lagungarria den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez.
10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatzi bidez landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin behar dute, eta, betiere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.
11.– Xedapen hauetan ezarritako betebeharrak betetzea: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua.
Hamabosgarrena.– Egikaritzeko epeak.
1.– Proiektuak deialdiaren urtean hasi beharko dira, eta, bukatu, aldiz, 2022ko abenduaren 31n bukatu beharko dira beranduenez. 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako proiektuak ez dira diruz lagungarriak izango.
2.– Salbuespenez, diruz lagundutako jarduketa egin eta amaitzeko epea luzatzeko ebazpena eman ahal izango du landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzak, baldin eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak gertatzen badira (behar bezala frogatu beharko dira) eta inbertsioaren eta/edo gastuaren mugaeguna amaitu baino 30 egun natural lehenago gutxienez idatzizko eskabidea egiten bada horretarako. Kasu horretan, dena den, epea ezin izango da hasieran emandakoa baino luzeagoa izan.
Hamaseigarrena.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikazio-agiriak.
1.– Honela ordainduko da dirulaguntza:
a) % 40 dirulaguntzaren xedea den proiektua hastean. Lehenengo ordainketa hori egiteko, erakunde onuradunak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzan: obraren kasuan, lehen ziurtapena eta faktura, eta, gainerako proiektuetan, lehen faktura.
b) % 40 obra-ziurtagiriak eta/edo fakturak aurkeztu direlarik, behar bezala onartuta, diruz lagungarria den aurrekontu onetsiaren % 50eko edo hortik gorako zenbatekoagatik.
c) Gainerakoa, proiektua amaitzean; eta, betiere, in situ egindako kontrol administratiboaren bidezko ziurtapena egin aurretik, zeina landa-garapenaren arloan eskumena duten teknikariek egingo baitute. Justifikazio-agiriak entregatzeko gehieneko epea bi hilekoa izango da, hain justu ere laguntza emateko ebazpenean gastua edo inbertsioa amaitzeko ezarritako epemugatik aurrera edo azken luzapenaren epemugatik aurrera.
– Amaiera egiaztatzeko ziurtagiria, obren kasuan, edo, gainerako kasuetan, eginiko jardueren justifikazio-memoria (laguntzaren xedea den proiektua bete izanari buruzko informazioarekin), dagozkion fakturekin batera.
– Erantzukizunpeko adierazpena, non zehaztuko baita fakturak eta gainerako justifikazio-agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, edo, kasua bada, diruz lagundutako zein programari egotzi zaizkion, eta faktura bakoitzari dagokionez dirulaguntzaren zer ehuneko jaso den.
– Laguntza jasotzeko manuzko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza-eskabide egitean eman gabe badaude, haiexek aurkeztu beharko dira.
2.– Lehenengo ordainketa egin baino lehen, erakunde onuradunak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, idazkariak, fede-emaileak edo pertsona eskudunak egina. Agiri horretan ziurtatu egingo da erakundeak bermatu egiten duela diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren funtsen berehalako erabilera esklusiboa. Horrez gain, agiri horretan konpromisoa hartuko du kontratistari/hornitzaileari ahalik eta arinen ordaintzeko dirulaguntza modura jaso dituen zenbatekoak, gehienez ere 20 eguneko epean, zenbateko horien bidez estal daitezkeen fakturak eta/edo obra-ziurtagiriak jaso eta gero.
Eraiki, eskuratu edo berriztatzen badira, azken ordainketa egin aurretik, emakida-ebazpena jabetza-erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko ditu erakunde onuradunak.
3.– Bat etorriz agindu honetan zehaztutako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen banaketarekin, 2022ko ekitaldiari dagokion aurrekontu-zuzkiduraren kontura egingo dira 1.c) apartatuko ordainketak; beraz, 2021eko ekitaldia amaitutakoan egingo dira.
4.– Erakunde onuradunak egin diren ordainketen justifikazioa bidali beharko du, bi hileko epean, laguntzaren hirugarren eta azken ordainketa egin denetik aurrera.
5.– Landa-garapenaren arloan eskumena duten teknikariek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta egin diren ordainketei buruzko datuekin, adibidez: fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatutako zergak.
6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla modu automatikoan egiaztatuko du organo kudeatzaileak, baimena eskatu beharrik izan gabe ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
7.– Landa-garapenaren arloan eskumena duten zuzendariak dokumentu gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitua izan beharko da.
8.– Onuradunei dirulaguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.
9.– Dirulaguntzaren xede den proiektua ezarritako gehieneko epeetan egiten ez bada edo egiaztatzeko dokumentazioa aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
Hamazazpigarrena.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.
1.– Beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira hauekin batera, hori idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaletan, eta, betiere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
2.– Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen –betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza emandako helbururako erabiltzen bada–, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, baina dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.
Aitzitik, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du.
3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua txikiagoa bada onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpen bidez. Ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
Hemezortzigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin ahal izango du bere eskabidean. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaria izango da, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko duena atzera egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.
2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio erakunde onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaria izango da, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko duena uko egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.
Hemeretzigarrena.– Ez-betetzeak.
1.– Laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partzialki edo erabat) onuradunari, baldin eta ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.
2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
Hogeigarrena.– Bateraezintasunak.
1.– Hemen araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publikok, sailek, erakunde publikok zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntzak metatuta ez bada eskuratzen laguntzaren xedea den proiektutik kostu diruz lagungarriaren % 100 baino gehiago. Kasu horretan, hamazazpigarren ebatziko 1. apartatuan xedatutakoa bete beharko da.
2.– Laguntza hauek bateraezinak izango dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak 2021eko ekitaldian bere jardun-eremuan egindako beste edozein deialditan eskuratutakoekin. Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ofizioz egiaztatuko dute bateraezintasun hori.
Hogeita batgarrena.– Datuak babestea.
Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, betiere bat etorriz Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek landa-garapenaren arloan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 15a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.