Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2020ko abenduaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5493

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 9koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez oinarriak eta deialdia argitaratzen baitira dirulaguntzak emateko bai toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei zuzenduta, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak susta eta babes ditzaten, 2021eko ekitaldirako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluan jasotakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestea.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legearen 19. artikuluak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritza derrigortuta dago kontsumitzaileei eta erabiltzaileei laguntza eta informazioa emateko bulegoak eta zerbitzuak sustatzera, zeinak udalen mendekoak edo udalek sortutako erakundeen mendekoak izango baitira.

9/2007 Legeak sortutako Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren helburua da: Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatu eta babesteko baliatzen dituen politikak zehaztu, planifikatu, sustatu eta gauzatzea, eta, institutuaren egitekoen artean, hau dago jasota lege horren 4.1.j) artikuluan: «Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoak hedatzea sustatzea, behar duten guztian aholkuak ematea beren eginkizunak hobeto bete ditzaten, eta lankidetza-hitzarmenak sinatzea, beren helburuak betetzeko ahalik eta teknikarik eta materialik onenen hornikuntza konpartitze aldera.»

Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Aginduak arautu zuen dirulaguntzak ematea eta nola eman kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko jarduerak garatzen dituzten EAEko toki-erakundeei, bai indibidualki aritzen direnei bai zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa aritzen direnei, baita toki-erakundeek sustatuko erakundeei ere.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2018ko urriaren 2ko Aginduaren bitartez (2018ko urriaren 11ko EHHA, 197. zk.), Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Agindua indargabetu zen, laguntzon oinarriak eta deialdia bera urtero eman nahi baitziren argitara Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, betiere Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren dirulaguntzen plan estrategikoarekin bat etorriz.

2018ko urriaren 9an, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde autonomoaren dirulaguntzen plan estrategiakoa onartu zen 2019-2021eko aldirako, betiere Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa beteta. Plana Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren webgunean argitaratu da.

Programa indarrean jarri den aldian izandako esperientziaren ondorioz, komeni da laguntza-programaren araudia aldatzea, egokitu dadin administrazio-araudi aplikagarrian eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren dirulaguntzen plan estrategikoan ezarritakoaren arabera.

Azaldutakoak oinarritzat hartuta, eta kontuan izanik azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honek xede du publiko egitea kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko jarduerak garatzen dituzten EAEko toki-erakundeei dirulaguntzak emateko 2021eko deialdia. Dirulaguntzok emango zaizkie bai indibidualki aritzen diren toki-erakundeei bai zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa aritzen direnei bai toki-erakundeek sustatuko erakundeei.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntza-lerroak.

1.– Dekretu honetan publikatutako laguntzetarako jarritako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarriko diren aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

2.– Helburu hori betetzeko, 958.570 euro erabiliko dira, 2021eko ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:

a) 859.171 euroko aurrekontu-kreditua egongo da honako hauen gastuak ordaintzeko: kontsumitzaile eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak egiteko, eta kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoen (KIUB) zentro eta zerbitzuen argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jardueretarako. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:

2021. urtea: 644.378 euro.

2022. urtea: 214.793 euro.

b) Kontsumoko ikuskaritza-jarduerek eragindako gastuak ordaintzeko 80.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:

2021. urtea: 60.000 euro.

2022. urtea: 20.000 euro.

c) 19.399 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoen (KIUB) zentro eta zerbitzuak instalatzeko, eraberritzeko, handitzeko, hornitzeko edo lekuz aldatzeko. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:

2021. urtea: 14.549 euro.

2022. urtea: 4.850 euro.

3.– Ebazpen honetan ezarritako laguntzak, diruz lagundu daitekeen eta 4. artikuluan zehaztu den kontzeptu bakoitzerako, bakoitzari dagokion lehiaketa prozeduraren bidez ebatziko dira.

4.– Erakunde onuradunek 2021ean egindako gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.

5.– Ebazpen honetan araututako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak (KIUB) zabalik dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek jaso ahal izango dituzte, bai indibidualki bai zerbitzua partekatzen duten hainbat toki-erakunderen ordezkari gisa. Toki-erakundeek sustatuko erakundeek ere jaso ahal izango dituzte laguntzok. Irizpide hauek izango dira indarrean laguntzak ematerakoan:

Zerbitzuak ematen dituzten udalerri eta mankomunitateak:

– 20.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua ematen dieten bulegoak gutxienez astean hogei orduz izango dira zabalik.

– 10.000 eta 20.000 biztanle artean zerbitzatzen dituzten bulegoak gutxienez astean zortzi orduz izango dira zabalik.

– 10.000 biztanle baino gutxiagori zerbitzua ematen dieten bulegoak gutxienez astean lau orduz izango dira zabalik.

Era berean, KIUBik izan ez arren, 2021ean bat zabaltzeko proiektua aurkezten duten toki-erakundeek edo beraiek sustatutako erakundeek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak.

Deialdiko dirulaguntzak jasotzeko interesa duten erakundeek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketagatiko obligazioekin lotutako ordainketak.

Dirulaguntzen 38/2003 azaroaren 17ko Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden erakundeek ezin izango dute deialdian honetako dirulaguntzarik eskuratu.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak 2021eko ekitaldian egindako gastuak ordaintzera bideratuko dira, baldin eta kontzeptu hauekin lotuta badaude:

a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak egitea, eta kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) diren zentro eta zerbitzuen argitalpenak editatu eta zabaltzeko jarduerak egitea.

b) Kontsumoko ikuskapeneko jarduerak egitea.

c) Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulego gisa erabiltzen diren zentro eta zerbitzuak instalatzea, berrikuntza-lanak egitea, handitzea, ekipamendua jartzea, edo lekuz aldatzea. Ez dira diruz lagunduko ekipamendu berriak erosteko egindako 1.000 euro baino gutxiagoko gastuak.

Nolanahi ere, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua xedatutakoa aplikatuko da beti.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta amaitu, berriz, 2021eko otsailaren 17an.

2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Gauzak horrela, eskabideak EAEko egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0056510

3.– Bide elektronikotik eskabideak aurkeztu osteko izapideak, honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egin nahi dituzten interesdunek ziurtagiri elektroniko onetsi bat eduki behar dute: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak, aukeran. Gainera, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, ziurtagiri telematikoen bitartez. Eskatzaileak, kasu horretan, ez ditu bidali beharko dagozkion agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.

6. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabide-orriekin batera aurkeztu beharreko agiriak hauek izango dira oro har:

a) Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, laguntza jasotzekoa, eskatutako zenbateko zehatza adierazita.

b) Obligazio eta alderdi hauek egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:

– Zenbat biztanle duten 2020. urtean KIUB zerbitzuak ematen dituzten udal, mankomunitate edo aldeek.

– Zer ordutegitan dagoen irekita bulegoa kontsumitzaileen kontsultei erantzuteko eta aurkeztutako erreklamazio edo salaketak bideratzeko.

2.– Eskatutako laguntza 4 a) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzeko bada, eskabidea egiterakoan, aurreko paragrafoan zehaztutakoaz gain, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Funtzionamenduaren eta jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsia.

3.– Eskatutako laguntza 4.b) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzeko bada, eskabidea egiterakoan, 1. paragrafoan zehaztutakoaz gain, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Kontsumoko ikuskaritza-jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsia.

b) 2020. urtean egindako ikuskapen kopuruaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena, hauek zehaztuta: ikuskapenak zer sektoretan egin diren, kontsumo-ikuskapenak egiteko arduradunak zein izan diren eta ikuskaritza-zerbitzuaren kostua.

4.– Eskatutako laguntza ekipamendu berriak erosteko bada, eskabidea egiterakoan, 1. paragrafoan zehaztutakoaz gain, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsitako aurrekontu banakatua ere aurkeztu beharko da. Ez dira diruz lagunduko ekipamendu berriak erosteko egindako 1.000 euro baino gutxiagoko gastuak.

5.– Eskatutako laguntza KUIB zentro eta zerbitzuak instalatu, eraberritu, handitu, hornitu edo lekualdatzeko gastuak ordaintzeko bada, eskabidea egiterakoan, 1. paragrafoan zehaztutakoaz gain, organo eskudunak behar den proiektua onartzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da. Proiektuak lokala herritarrei arreta emateko egokia dela bermatu beharko du, eta, era berean, proiektuaren kostuaren balorazio ekonomikoa ere adierazi behar du.

6.– KIUB berri bat jarri behar bada abian, eskabidea egiterakoan, 1. paragrafoan zehaztutakoaz gain, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) KIUB berria sortuko duen udalaren edo organo eskudunaren osoko bilkuraren erabakia.

b) Proiektuaren kostu ekonomikoaren gaineko organo eskudunaren ziurtagiria.

c) Obligazio eta alderdi hauek egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:

– KIUBa kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko zentroen sarean integratzeko konpromisoa.

– 2021. urtean egitea eta erantzutea espero den erreklamazio, kontsulta eta jarduera kopuruaren aurreikuspena.

7.– Zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa jokatzen duen toki-erakunde batek aurkezten badu eskabidea, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezterakoan, toki-erakunde guzti-guztien agiriak aurkeztu beharko ditu.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

9. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Epaimahai kalifikatzaile bat sortuko da oinarri hauetako 2.2 artikuluan adierazitako dirulaguntza-lerro bakoitzerako aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, eta kide hauek osatuko dute:

a) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria, epaimahaiburu gisa.

b) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren bi ordezkari: Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitatearen arduraduna eta Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen arduraduna. Bietako batek idazkaritza-lanak egingo ditu, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin batera. Arduradunok absentziagatik, gaixotasunagatik edo kargua esleitu gabe dagoelako parte hartzerik ez badute, beste unitate arduradun batek edo arduradun diren unitateko teknikariek ordezkatu ahal izango dituzte.

c) Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) izendatutako bi ordezkari.

2.– Epaimahai kalifikatzaileak, denboran eta behar bezala aurkeztutako dokumentazioa eta dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak kontuan hartuta, behar den ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari.

3.– Beharrezkotzat iritziz gero, bai Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den heinean, bai balorazio-batzordeak nahi beste informazio eta agiri osagarri eskatu ahal izango dizkiete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.

10. artikulua.– Dirulaguntzen izaera eta zenbatekoa.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Erakunde onuradun batek, 4.a) artikuluan aurreikusi eta diruz lagundu daitekeen kontzepturako, 60.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.

3.– Erakunde onuradun batek 4.b) artikuluan aurreikusi eta diruz lagundu daitekeen kontzepturako, 20.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.

4.– 4. artikuluan adierazi eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptuetarako, erakunde onuradun batek jaso dezakeen zenbatekoa ezin da inoiz ere onartutako aurrekontuaren % 70 baino gehiagokoa izan.

5.– Ebazpen honen 4. artikuluan adierazi eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptuetarako gastuak ordaintzeko eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoa, artikulu honetan aurreikusitako ehunekoak eta mugak aplikatu ondoren, eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, erakunde onuradun guztiei dagokien hainbanatzea aplikatuko zaie hurrengo artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen araberako puntuazioaren proportzioan.

6.– Eskabide guztiei erantzun ondoren, 4. artikuluan adierazi eta diruz lagundu daitekeen kontzepturen batean esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu ezean, soberakina erabili ahal izango da gainerako kontzeptuetarako zuzkidura handitzeko.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, kontuan hartuko dira epaimahai kalifikatzaileak aurkeztu eta onartuko duen aurrekontuari aplikatuko zaizkion irizpide hauek:

a) Diruz lagundu daitezkeen 4.a) eta 4.c) artikuluan aurreikusitako kontzeptuen ondoriozko gastuei dagokienez:

1) Zenbat erreklamazio jaso eta erantzun diren 2020an Kontsumonet aplikazio informatikoan taula honen arabera: 30 puntu:

– 10.000 biztanlerainoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat bi erreklamazioko.

– 10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat lau erreklamazioko.

– 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hamar erreklamazioko.

– 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogei erreklamazioko.

2) Zenbat kontsulta jaso eta erantzun diren 2020an Kontsumonet aplikazio informatikoan taula honen arabera: 20 puntu:

– 10.000 biztanlerainoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat bost kontsultako.

– 10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hamar kontsultako.

– 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogei kontsultako.

– 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogeita hamar kontsultako.

3) Kontsumo-arloan 2020. urtean egindako jarduerak: 20 puntu.

– Informazio-, prestakuntza- eta heziketa- jarduerak: 10 puntu.

– Kontsumoko ikuskaritza-jarduerak: 5 puntu.

– Tokiko enpresek kontsumoko arbitraje-sistemarekin bat egitea sustatzeko jarduerak: 5 puntu.

4) Zenbateko biztanleria hartzen duen KIUB zerbitzuak taula honen arabera: 20 puntu.

– 5.000 biztanleraino: 2 puntu.

– 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 4 puntu.

– 10.001 eta 15.000 biztanle artean: 6 puntu.

– 15.001 eta 20.000 biztanle artean: 8 puntu.

– 20.001 eta 30.000 biztanle artean: 10 puntu.

– 30.001 eta 40.000 biztanle artean: 12 puntu.

– 40.001 eta 50.000 biztanle artean: 14 puntu.

– 50.001 eta 75.000 biztanle artean: 16 puntu.

– 75.001 eta 100.000 biztanle artean: 18 puntu.

– 100.000 biztanle baino gehiago: 20 puntu.

5) KUIB zerbitzua udalerri-mankomunitate baten eremuan garatzen bada: 10 puntu.

6) KUIB berri bat sortzen den kasuetan, apartatu honetako 1. eta 2. puntuak baloratuko dira eskatzaileak eskaera egin duen urterako egindako aurreikuspenen arabera.

b) Diruz lagundu daitezkeen eta 4.b) artikuluan aurreikusi diren kontzeptuei loturiko gastuei dagokienez:

1) 2020. urtean egindako kontsumo-ikuskapenen kopurua: 40 puntu.

2) Ikuskatutako kontsumo-sektoreen kopurua: 10 puntu.

3) Kontsumo-ikuskaritzara bideratutako pertsona kopurua eta kostua: 30 puntu.

4) Bulegoaren zerbitzua hartzen duen biztanle kopurua: 20 puntu.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak bateratu daitezke beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, bai eta helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere.

2.– Gainfinantzaketarik sortzen bada, edo deialdi honetan ezarritako gehieneko finantzaketa publikoko ehunekoa gainditzen bada, jaso beharreko dirulaguntza behar den kopururaino murriztuko da.

3.– Gainfinantzaketarik sortzen bada itzultze-betebehar bera aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian, itzuli beharreko kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean emandako laguntzaren ehunekoari begira.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.

1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduren arabera izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio erakunde interesdunek prozeduran planteatutako gai guztien gaineko ebazpenak hartzea, betiere epaimahai kalifikatzailearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Esleipen-prozedura bakoitzean hartuko den ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo ukatuko diren. Ematea erabakiz gero, hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa, urtez urte banatuta. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzailearen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren balioa izango du.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota aurreko apartatuan ezarritako jakinarazpena egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Agindu honetan adierazitako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza ezartzen bada, edo laguntzak itzultzeko betebeharra ezartzen bada eta ordaintzeko ezarritako borondatezko epean itzultzen ez bada, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarren egoera batean egoteagatik.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bi igorpenetan ordainduko da, honela:

a) Behin 16.a) artikuluan zehaztutako epea berariazko ukorik gabe igarota, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da.

b) Bigarren ordainketa 2022an egingo da, eta, bertan, dirulaguntza behin 15. artikuluan ezarri bezala justifikatu eta gero egindako likidazioaren ostean ateratzen den kopurua ordainduko da.

Ez da ezer ordainduko baldin eta onuradunak ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, zorduna bada, itzulketa-ebazpen bat dela medio.

2.– Eskaera toki-erakunde batek aurkeztu baldin badu zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen izenean, eskabidea egin duen erakundeari ordainduko zaio, betiere, kalterik egin gabe erakunde horrek gainerakoekin hitzartutako hitzarmenaren arabera egin beharreko banaketari.

15. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2022ko martxoaren 31 baino lehen:

a) Emandako dirulaguntza funtzionamendura eta informazio eta prestakuntza jarduerak egitera bideratu bada, organo eskudunaren ziurtagiria, egindako gastu osoarena.

b) Emandako dirulaguntza kontsumo ikuskapenak egitera bideratu bada, organo eskudunaren ziurtagiria, egindako gastu osoarena.

c) Emandako dirulaguntza ekipamenduak erostera bideratu bada, organo eskudunaren ziurtagiria (egindako gastu osoarena), erositako ondasun higiezinen inbentarioko eta ondasunok mugagabe kontsumitzaileen babeseko helburuetarako erabiliko direla frogatzeko ziurtagiria, eta egindako gastuaren faktura.

d) Emandako dirulaguntza bideratu bada KIUBa instalatzera, eraberritzera, handitzera, hornitzera edo lekualdatzera, organo eskudunaren ziurtagiria, egindako gastu osoarena.

e) Kasu guztietan, KIUBak 2021ean garatutako jardueren amaierako memoria.

2.– Zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa jokatzen duen toki-erakunde batek aurkezten badu eskabidea, aurkeztu beharreko agiriek toki-erakunde guzti-guztiei buruzkoak izan beharko dute.

3.– Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak egokitzat iritzitako adina egiaztapen egin dezake emandako dirulaguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.

4.– Gastuak justifikatzerakoan dirulaguntza emateko onartutako aurrekontutik % 15etik gorako eta % 25eko edo hortik beherako desbideratzea eman dela ikusten bada, emandako dirulaguntza gutxituko da aldaketa horretarako ebazpen baten bitartez; hain zuzen ere, benetan gastatutako zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa dirulaguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaion bera izango da.

Desbideratzea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da ebazpen honen 17. artikuluan ezarri bezala; salbuespena izango da dirulaguntza emateko izandako helburu guztiak bete izana justifikatzen bada. Horrela izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartu behar dute. Alde horretatik, dirulaguntza esleitu zaiela jakinarazten duen adierazpena jaso eta hamar eguneko epean, onuradunek dirulaguntza onartu dutela ulertuko da berariaz eta idatziz uko egiten ez badute.

b) Dirulaguntza emandako helburu zehatzerako erabiltzea, eta jasotako dirulaguntzon gaineko funtzioak betetzeko asmoz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea.

c) Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetan jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak Kontsumonet aplikazioa informatikoaren bidez kudeatzea, aplikazio horretan biltzen baitira kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko zentroen sareko zentro guztien jarduketak.

d) Diruz lagundutako jarduerak egiteko Kontsumobideren laguntza jaso izana komunikatzea bermatzea, haien zabalkundea edo publizitatea egin beharra dagoenean, horretarako dagokion logotipoa agertuta.

e) Toki-erakundeak ikuskaritza-jardueretarako dirulaguntzak jaso baditu, erakunde onuraduna derrigortuta dago Kontsumobideren ikuskaritzako eta alerta-sareko kanpainetan parte hartzera.

f) Jarduerak sustatzean eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

g) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bete direla bermatzea dirulaguntzaren helburuari lotutako harremanen eremuan.

h) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako inguruabarren bat aldatu bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, Kontsumobideri horren berri ematea.

i) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako ematen dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

j) Dirulaguntzaren erakunde onuradunak behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzera derrigortuta dago. Horretarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri bezala, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik aurrera. Hain zuzen ere, dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak.

k) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak beteko dituzte.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 17ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, dirulaguntzak kendu egingo dira, eta, ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu elkarte onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta antolakunde onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakorarako gabe beste zerbaitetarako erabiltzen badu, edo, oro har, ebazpen honetan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat bete gabe uzten badu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek hauetan xedatutakoari egiten diote men: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuko Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 9a.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,

MARÍA OLGA SANTAMARIA NAVARIDAS.


Azterketa dokumentala