Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2020ko abenduaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5492

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 9koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira kontsumitzaileen elkarteei 2021eko ekitaldian dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia.

Kontsumitzaileen elkarteak irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, eta euren helburua kontsumitzaileen eskubide eta interes legitimoak babestea eta kontsumitzaileei informazioa, prestakuntza eta hezkuntza ematea da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela kontsumitzaile eta erabiltzailearen defentsaren arloan.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 6/2003 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak izango dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak aldezteko unean ordezkaritza eskaini eta parte hartuko dutenak. Halaber, xedatzen du Euskadiko administrazio publikoek kontsumitzaileen asoziazionismoa sustatuko dutela, bakoitzari dagokion eremuan.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua 9/2007 Legearen bidez sortu zen, eta haren helburua da Jaurlaritzaren politikak zehaztea, planifikatzea, bultzatzea eta betearaztea kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldeztearen eta babestearen arloan; eta bere eginkizunen artean daude, besteak beste, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako eta babeserako elkarteen eta erakundeen garapena bultzatzea eta sustatzea, eta elkarteekin lankidetzan jardutea, aktiboki eta ekonomikoki, aholkularitza-, defentsa- eta informazio-eginkizunetan.

2018ko urriaren 9an, Kontsumobideren zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde autonomo horren Dirulaguntzen 2019-2021eko aldirako plan estrategikoa onartu zen, betiere Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa beteta. Plan estrategiko hori erakunde autonomoaren web-orrian argitaratu zen.

Azaldutakoak oinarritzat hartuta, eta kontuan izanik Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen elkarteei 2021eko ekitaldian funtzionamenduko eta laguntza juridikoko gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ematea arautzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 431.000 eurokoa da; horietatik, 323.250 euro 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 107.750 euro programan aurreikusitako 2022rako konpromiso-kredituari.

Ebazpen honetan araututako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa honela banatzen da, 4. artikuluan ezarritako diruz laguntzeko moduko kontzeptu bakoitzerako:

1. lerroan («Kontsumitzaileei arreta ematea») xedatutako laguntzak finantzatzeko: 276.000 euro; horietatik, 207.000 euro 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 69.000 euro 2022ko konpromiso-kredituari.

2. lerroan («Aholkularitza juridikoa») xedatutako laguntzak finantzatzeko: 155.000 euro; horietatik, 116.250 euro 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 38.750 euro 2022ko konpromiso-kredituari.

3.– Diruz lagundu daitezkeen lerroak finantzatzeko baliabide ekonomikoei dagokienez, lerro bateko kreditua agortzen ez bada, geldikina beste lerro bateko laguntzak finantzatzeko erabili ahal izango da.

4.– Ebazpen honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira, diruz lagundu daitekeen eta 4. artikuluan zehaztutako kontzeptu bakoitzerako.

5.– Aipatutako laguntzak 2021. urtean erakunde onuradunek egindako gastuak ordaintzeko izango dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten kontsumitzaileen elkarteak izan daitezke ebazpen honek araututako dirulaguntzen erakunde onuradun:

Beren helburu bakarra Kontsumobideren eskumeneko kontsumo-eremuetan kontsumitzaileak defendatzea izatea.

Eskaera aurkezteko unean izena emanda edukitzea Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteen Erroldan (uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan zehazten da zein den errolda hori), betiere Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Beren jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.

Kontsultak egiteko, arreta emateko eta kontsumitzaileek aurkeztutako erreklamazioak kudeatzeko zerbitzu bat izatea.

Zuzenbidean lizentziatutako pertsonek emandako aholkularitzako eta laguntza juridikoko zerbitzu bat izatea.

Gizarte Segurantzarekiko eta EAEko Administrazio Orokorrarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.

Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.

Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

Diruz lagundu daitezkeen 2 lerro ezartzen dira:

1. lerroa: Kontsumitzaileei arreta ematea.

2. lerroa: Laguntza juridikoa.

4.1.– Kontsumitzaileei arreta ematea (1. lerroa).

4.1.1.– Diruz lagunduko dira kontsumitzaileen elkarteen funtzionamendu orokorretik eratorritako gastuak, honako jarduera hauek gauzatzeko egindakoak:

Kontsumitzaileek aurkeztutako kontsultei erantzutea.

Erreklamazioak kudeatzea eta kontsumo-harremanei dagozkien gatazketan bitartekotza-lanak egitea.

Kontsumitzaileei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-ekintzak.

Kontsumitzaileek aurkeztutako kontsultei modu orokortuan emango zaie arreta-zerbitzua, kontuan hartu gabe kontsumitzaile horiek elkarteko kide diren ala ez.

4.2.– Laguntza juridikoa (2. lerroa).

4.2.1.– Diruz lagunduko dira elkarteek kontsumitzaileei emandako laguntza juridikotik eratorritako gastuak:

Elkarteko aholkulari juridiko batekin izandako kontsultak.

Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren epaiketetan kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzea.

Kontsumitzaileen multzoari zuzendutako orientazio juridiko orokorrak.

Bertan behera uzteko akzioak.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1. lerroa

Gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

Lokalen alokairuak; erakunde eskatzaile bakoitzak 3 alokairu izan ahalko ditu gehienez, eta publikoari irekitako bulegoekin bat egin beharko dute.

Langileen gastuak.

Finantza-gastuak, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.7 artikuluan ezarritakoarekin bat datozenak.

Eskaeraren aurrekontu-apartatuan behar bezala zehaztutako beste gastu orokor batzuk (zerbitzu profesionalak, bulegoko materiala, kontserbazioa eta garbiketa, aseguruak, hornidurak, kanpoko kontratazioak eta beste batzuk...).

2. lerroa

Gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

Aholkularitza juridikoko funtzioak betetzen dituzten langileak.

Aholkulari juridiko profesionalen minutak.

Ikuskatzeak egitea.

Bertan behera uzteko akzioetatik eratorritako bestelako gastuak.

Osotasunean azpikontratatu ahal izango da 2. lerroko jardueren exekuzioa, betiere Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikuluan ezarritako baldintzak errespetatuz.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen muga kuantitatiboa merkatuaren balioa izango da, eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2021eko otsailaren 14an bukatuko da.

2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Hala, euskadi.eus atariaren egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira eskaerak:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028306

3.– Eskabideak bide elektronikotik aurkeztu osteko izapideak honen bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Erakunde interesdunek ziurtagiri elektroniko onartua eduki behar dute, prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektroniko bidez egiteko.

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak, aukeran. Halaber, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

7. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari, zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, ziurtagiri telematikoen bitartez; kasu horretan, eskatzaileak ez du dagokion ziurtagiria aurkeztu beharrik izango. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori; halakorik eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek betetzen direla ziurtatu beharko da:

Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

Erakundeak ez izatea abian itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta izatea; hortaz, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

Bere helburu bakarra izatea kontsumitzaileak defendatzea Kontsumobidek eskumena duen kontsumo-eremu guztietan.

Bere jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa izatea.

Aholkularitza-zerbitzua eta laguntza juridikoa eskaintzea.

2020ko abenduaren 31n eta 2019ko abenduaren 31n beren kuotak egunean dituzten elkartekideen kopurua jakinaraztea eta elkartekide-maila desberdinak eta dagokion tarifa zehaztea.

Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak betetzea.

Edozein unetan egiaztatu ahal izango da erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak egiazkoak direla. Adierazpen horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako betekizunak bete behar ditu.

Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak bere erantzukizunpean adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, dirulaguntza eskuratuz gero, horri dagokion denboraldian zehar eskakizun horiek betetzen jarraituko duela.

8. artikulua.– – Dokumentazioa.

Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena barne, honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da. Oro har:

2020ko abenduaren 31ko egoera ekonomikoaren balantzea, baita emaitzen kontua ere, honako alderdi hauek jasoko dituena: a) bazkide-kuotengatik sartutako zenbatekoaren xehetasuna, ordaindutako kuota motaren arabera banatuta, eta b) bazkide-kuotetatik ez datozen beste diru-sarrera propio batzuk.

Erakundeak 2020an egindako jardueraren memoria xehatua.

Horrez gain, 1. lerroko eskabideetarako:

Gauzatze-aurrekontua.

Eskaini nahi den kontsumitzaileentzako arreta-zerbitzuaren memoria zehatza, zeinak nahitaez eman beharko baititu haren ardura hartuko duten langileen zerrenda, eskaini behar diren orduak eta jardueraren deskribapena. Prestakuntza-jardueren kasuan, prestakuntza-plan bat aurkeztu beharko da. Plan horren barnean hitzaldiak eta ikastaroak sartuko dira, eta horietako bakoitzean gutxienez 6 pertsona bertaratzea eskatuko da.

Horrez gain, 2. lerroko eskabideetarako:

– Gauzatze-aurrekontua.

Deialdiaren urtean eskaini nahi den zerbitzu juridikoaren memoria zehatza, honako hauek jasota: zein diren haren ardura hartuko duten langileak, zenbat ordu jardungo duten eta jardueraren deskribapena.

Txosten bat, 2020an kontsumitzaileen eskubideen defentsa egiteko aurkeztutako demanda kopurua jasoko duena. Txosten horri aurkeztutako demanda judizialak izapidetzea onartu dela egiaztatzen duen frogagiria erantsi beharko zaio, bai eta dagozkion epaien kopia ere, egonez gero.

2020an gauzatu diren eta 2021ean gauzatzea espero diren bertan behera uzteko akzioei buruzko txostena eta kopia.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidean atzera egin duela esan nahiko duela, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan.

10. artikulua.– Hautaketa.

Dirulaguntzen eskabideak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Ondorio horietarako, lehiaketatzat joko da aurkeztutako eskabideak alderatuz laguntzak emateko prozedura, 13. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta ordenatzeko.

11. artikulua.– – Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

Batzordeburua: María Olga Santamaría Navaridas, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria.

Nazareth Holgado Freixo, Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzarako Unitatearen arduraduna.

Arrate Martinez de Gereñu Ortuoste, Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen arduraduna.

Fernando Valdés Larrañaga, Zerbitzu Orokorretako Unitatearen aholkulari juridikoa.

Batzordeburuak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria.

2.– Epean eta egoki aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak balorazio-batzordeak.

3.– Kontsumobidek, laguntzak kudeatzen dituen organoa den heinean, eta balorazio-batzordeak, beharrezko irizten badiote, informazio eta agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkiete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.

12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Erakunde onuradunek gehienez jaso ahal izango dituzten kopuruak hauek izango dira:

1. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; gehienez, 102.000 euro.

2. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; gehienez, 92.000 euro.

13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Ebazpen-proposamen bat garatze aldera, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.– 1. lerroan: Kontsumitzaileei arreta ematea.

2020an kudeatutako erreklamazioen kopurua: 20 puntu gehienez; 0,05 puntu erreklamazio bakoitzeko. Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak soilik hartuko dira kontuan. Ez dira onartuko bikoiztasuna edo irregulartasuna dakartenak.

2020an jaso eta artatutako kontsulten kopurua: 15 puntu gehienez; 0,01 puntu kontsulta bakoitzeko. Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak soilik onartuko dira.

Kontsumobiden aurkeztutako eta zehapen-izaerako administrazio-prozedurak eragin dituzten salaketen kopurua: puntu 1 salaketa bakoitzeko, 5 puntu gehienez.

Astean gutxienez 15 orduz publikoari irekitako bulego bakoitzeko, zeinetan 2020. urtean gutxienez 50 erreklamazio izapidetu baitira: 5 puntu; 15 puntu gehienez.

2020an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko aurkeztutako bertan behera uzteko akzio judizialen kopurua: 20 puntu gehienez; 5 puntu akzio bakoitzeko.

Elkarteko kuota ordaindua duten bazkideen kopurua. Ordainketak eginda dauzkan bazkidetzat joko da elkartearen urteko kuota ordainduta duen pertsona fisikoa edo familia-unitatea.

200 eta 400 bazkide bitartean: 5 puntu.

401 eta 600 bazkide bitartean: 7 puntu.

601 eta 800 bazkide bitartean: 10 puntu.

801 bazkide baino gehiago: 15 puntu.

2020. urtearekin alderatuta bazkide kopurua igotzeagatik:

% 10eko igoeraraino: 2 puntu.

% 20ko igoeraraino: 4 puntu.

% 40ko igoeraraino: 6 puntu.

% 50eko igoeraraino: 7 puntu.

Erakunde eskatzaileak deialdiaren aurreko urtean izandako diru-sarrerak: 1 puntu emango da erakundearen 4.000 euroko diru-sarrera bakoitzeko, 15 puntu gehienez. Ez dira kontuan hartuko Kontsumobidek emandako dirulaguntzetatik eratorritako diru-sarrerak, ezta bazkideen kuotetatik eratorritakoak ere.

Prestakuntza- eta informazio-jardueren ondoriozkoak:

Hitzaldiengatik, betiere gutxienez 6 pertsona bertaratu badira, puntu 1: 5 puntu gehienez.

Ikastaroengatik, betiere gutxienez 8 orduko iraupena izan badute eta 6 pertsona bertaratu badira, 3 puntu; 9 puntu gehienez.

Komunikazio-akzioengatik, 5 puntu; 15 puntu gehienez.

Puntuazio guztia batu ondoren, 100 eskalara egokituko da, hirukotearen erregela aplikatuz.

2.– 2. lerroan: Laguntza juridikoa.

2020an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko aurkeztutako bertan behera uzteko akzio judizialen kopurua: 20 puntu gehienez; 5 puntu akzio bakoitzeko.

2020an kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko aurkeztutako demanda judizialen kopurua: 80 puntu gehienez; puntu 1 demanda bakoitzeko.

3.– 1. eta 2. lerroen kalkulua.

Eskatzaile bakoitzak lerro bakoitzean lortutako puntuazioa lerro bakoitzaren ataletan lortutako puntuazio guztien batura izango da. Lerro bakoitzean puntuazio handiena lortu duen eskatzaileari aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100eko dirulaguntza esleituko zaio, 12. artikuluan jasotako mugak kontuan izanik. Gainerako eskatzaileei proportzionalki kalkulatuko zaie dirulaguntzaren ehunekoa.

4.– Behin aurkeztutako eta onartutako aurrekontuen balorazioan eskuratutako portzentajeak aplikatuta, eta 2.2 artikuluko lerroetako bakoitzerako aurreikusitako mugak kontuan hartuta, eman behako diren dirulaguntzen guztirako zenbatekoak eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua gainditzen badu, kontsumitzaileen elkarte onuradun guztiei dagokien banaketa proportzionala aplikatuko zaie.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak bateratu daitezke beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, bai eta helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere.

2.– Gainfinantzaketarik sortzen bada, edo deialdi honetan ezarritako gehieneko finantzaketa publikoko ehunekoa gainditzen bada, jaso behar den dirulaguntza dagokion kopururaino murriztuko da.

3.– Gainfinantzaketa itzultze-betebehar bera aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian sortzen bada, itzuli beharko den kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean emandako laguntzaren ehunekoari begira.

15. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.

1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduren arabera izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio erakunde interesdunek prozeduran planteatutako gai guztien gaineko ebazpenak hartzea, betiere epaimahai kalifikatzailearen proposamena kontuan hartuz.

2.– Esleipen-prozedura bakoitzean hartuko den ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo ukatuko diren. Ematea erabakiz gero, hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa, urtez urte banatuta. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzailearen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren balioa izango du.

4.– Sei hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota aurreko apartatuan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli behar den epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradunaren izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

4. artikuluko kontzeptu guztietarako emandako zenbatekoaren % 75, aldeko ebazpena hartzen den unean; betiere, 18.1.a) artikuluan aipatzen den epea igaro ostean.

4. artikuluko kontzeptu guztietarako gainerako % 25a, ebazpen honetako 5. artikuluan jasotako gastuen guztizkoa justifikatu ondoren.

Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, onuradunak fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten edo eraginkortasun administratiboa duten froga-balio baliokidea duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu, bai eta ordainketa egiaztatzen duten agiriak ere. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza ere aurkeztuko du, zenbatekoa eta jatorria adierazita. Justifikatzeko azken eguna 2022ko martxoaren 15a izango da.

A) Horretarako, emandako dirulaguntzen lerro bakoitzerako:

Kontsumitzaileei arreta ematea (1. lerroa) justifikatzeko dokumentazioa:

Egindako ekintzen memoria.

Jardueren memoria ekonomikoa, jardueraren gastuak eta inbertsioak bilduko dituena. Honako hauek zehaztuko dira: hartzekoduna, bere IFZ, bere zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data, hala badagokio. Gastuak eta inbertsioak honela sailkatuko dira: a) zerbitzu profesionalak, b) lokalen alokairua, c) bulegoko materiala, d) kontserbazio- eta garbiketa-gastuak, e) aseguruen primak, f) hornidurak (telefonia, ura, elektrizitatea), g) kanpoko kontratazioak, h) finantza-gastuak, eta i) beste batzuk.

Langileen gastuak egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztuko da, dagokion ordainketa-frogagiriarekin: a) nominen eredu ofiziala, b) Gizarte Segurantzako kotizazioaren frogagiriak eta c) dagokion zerga-eredua, langile bakoitzaren banakapena adierazita.

Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagiriak aurkeztu behar dira, datu hauek jasoko dituztenak: a) hartzailearen datuak; b) hartzailearen NANa; c) zer kontzepturengatik ordaintzen zaion; eta d) PFEZari dagokion atxikipena, hala badagokio.

Laguntza juridikoa justifikatzeko dokumentazioa (2. lerroa):

Egindako ekintzen memoria.

Jardueren memoria ekonomikoa, datu hauek biltzen dituena: jardueraren gastuak, hartzekodunaren identifikazioa, bere IFZ, zenbatekoa, jaulkipen-data, ordainketa-data eta ordainketa-dokumentua, hala badagokio. Gastuak honela sailkatu beharko dira: a) aholkularitza juridikoko eginkizunak dituzten langileak, b) zerbitzu profesionalak, c) beste gastu batzuk.

Laguntza juridikoko zerbitzuak betetzen dituzten langileei dagozkien gastuak justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da: a) nominen eredu ofiziala, b) Gizarte Segurantzako kotizazioaren frogagiriak eta c) dagokion zerga-eredua, langile bakoitzaren banakapena adierazita, baita ordainketa-frogagiria ere.

Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagiriak aurkeztu behar dira, datu hauek jasoko dituztenak: a) hartzailearen datuak; b) hartzailearen NANa; c) zer kontzepturengatik ordaintzen zaion; eta d) PFEZari dagokion atxikipena, hala badagokio.

Fakturak eta dokumentazioa digitalizatuta bidaliko dira. Erakundearen buru denaren adostasuna eta zigilua agertuko dira fakturetan eta dokumentazioan. Jatorrizkoak erakunde onuradunak gordeko ditu. Data ez da 2021. urteko abenduaren 31 baino geroagokoa izango.

Jasotako finantzaketari publikotasun egokia emateko, egiaztatu beharko da erakundeak Kontsumobideren logoa jarri duela webguneetan, idatzizko jakinarazpenetan eta abarretan. Pantaila-argazkia erantsiko da eta zuzeneko esteka bidaliko da, egiaztatzeko. Idatzizko bitartekoetan, publizitatea jasotzen duen dokumentazioaren kopia, eta beste material edo baliabide batzuetan, publizitatearen argazkia.

2.– Kontsumobidek egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu emandako dirulaguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko jatorrizko agiri guztiak eskuratu ahal izango ditu.

3.– Gastuen justifikazioa aztertuta ikusten bada 4. artikuluko apartatuetan dirulaguntza emateko onartutako aurrekontutik % 8tik gora eta % 25 edo hortik behera desbideratu dela, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, aldaketa-ebazpen baten bidez, honela: dirulaguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaion ehuneko berbera aplikatuko zaio benetan gastatutako diru-zenbatekoari.

4.– 4. artikuluko apartatuetan % 25etik gora desbideratzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, ebazpen honen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, non eta ez den justifikatzen dirulaguntza esleitzeko helburu guztiak bete direla. Horrela gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko lerroaldean aurreikusitako moduan gutxituko da.

5.– Dirulaguntza jaso duen kontsumitzaileen erakundeak itzuli egin beharko du behar baino gehiago jaso badu –halakorik gertatuz gero–; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik arurrera. Hala dago xedatuta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zuen dekretu horrek; halaber, horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharko dituzten baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezarri zituen).

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten kontsumitzaileen elkarteek:

Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta 10 eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartzen dutela ulertuko da.

Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea; gainera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –dirulaguntzen inguruko eginkizunetan jardutean– eskatutako argibideak ematea.

Kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan Kontsumonet informazio-aplikazioaren bitartez jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak kudeatzea (erregistratu, izapidetu eta ebatzi). Kontsumoari buruzko informazio-zentroen sarean dauden zentro guztien jarduerak biltzen ditu Kontsumonet informatika-aplikazioak.

Diruz lagundutako jarduerak garatzeko, Kontsumobideren laguntza jaso izanaren jakinarazpena bermatzea, dagokion logoa jasota.

Logo horren ondoan, honako hau jarriko da: «Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak diruz lagundutako programa. Haren edukia elkarte onuradunaren erantzukizun esklusiboa da.» Logoa eta legenda ikusgai egongo dira bulegoetan, bai eta argitalpen eta material guztietan ere.

Elkartearen jarduerak sustatzean eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzea.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektiboren aldaketa jakinaraziko zaio Kontsumobideri.

Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

Dirulaguntzaren erakunde onuraduna, behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzera derrigortuta dago. Horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik aurrera, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri bezala. Hain zuzen ere, dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete behar dituzten baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak beteko dituzte.

2.– Dirulaguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, dirulaguntzak kendu egingo dira, eta, ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu elkarte onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta elkarte onuradunak betebeharrak betetzen ez baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakorako gabe beste zerbaitetarako erabiltzen badu, edota, oro har, ebazpen honetan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat bete gabe uzten badu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Xedapen hauek arautuko dituzte ebazpen honetako dirulaguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 9a.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,

MARÍA OLGA SANTAMARIA NAVARIDAS.


Azterketa dokumentala