255. zk., 2020ko abenduaren 22a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (290 KB - 4 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5485
103/2020 EBAZPENA, 2020ko abenduaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Drogei Buruzko Planerako Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko 2020. urterako hitzarmena, droga-mendekotasunaren arloa jorratzeko eta ondasun konfiskatuen funtsaren kontura.
2020ko abenduaren 1ean egindako bilkuran, Gobernu Kontseiluak, droga-mendetasunaren arloan, 1999ko ekainaren 2an Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioarekin (Drogen Plan Nazionalerako Gobernuaren Ordezkaritza) izenpetutako Lankidetzako Protokolo Orokorraren 2020. urterako hitzarmen espezifiko bat sinatzea berretsi du, eta, beharrezko publikotasuna emateko xedearekin, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Drogei Buruzko Planerako Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko 2020. urterako hitzarmena, droga-mendekotasunaren arloa jorratzeko eta ondasun konfiskatuen funtsaren kontura. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 9KO 103/2020 EBAZPENARENA
2020. URTERAKO HITZARMENA, DROGEI BURUZKO PLANERAKO ESPAINIAKO GOBERNU-ORDEZKARITZAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKOA, DROGA-MENDEKOTASUNAREN ARLOA JORRATZEKO ETA ONDASUN KONFISKATUEN FUNTSAREN KONTURA
BATZARTU DIRA:
Alde batetik, Juan Ramón Villalbí Hereter jauna, Drogei buruzko Plan Nazionalerako Gobernuaren ordezkaria, azaroaren 10eko 1002/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua (azaroaren 11ko BOE, 297. zk.), Osasun Ministerioaren izenean eta hura ordezkatuz, Osasun ministroaren 2020ko maiatzaren 28ko Aginduan xedatutakoaren arabera. Agindu horren bidez, Drogei buruzko Plan Nazionalerako Gobernuaren Ordezkaritzako titularraren sinadura eskuordetzen zen.
Bestetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea, Osasun Saileko sailburua, Lehendakariaren irailaren 7ko 27/2020 Dekretuaren bidez izendatua (2020ko irailaren 8ko EHAA, 177. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz, Gobernu Kontseiluak baimendua, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 55.1.b) artikuluan eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 63. artikuluan xedatutakoaren arabera.
HONAKO HAU AZALTZEN DUTE:
Gaur egun, Drogei buruzko Plan Nazionalerako Gobernuaren Ordezkaritza eta Esleipenak Koordinatzeko Mahaia Osasun Ministerioari atxikita daude, honako hauen arabera: Osasun Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretua (ministerioetako sailen oinarrizko egitura organikoa ezartzen du) aldatzen duen martxoaren 10eko 454/2020 Errege Dekretuaren 2. eta 6. artikuluak. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailak garatzen ditu arlo horretako eskumenak.
Esleipenak Koordinatzeko Mahaiak, 2020ko uztailaren 6an egin zuen bileran, erabaki zuen 370.000,00 euro esleitzea Euskal Autonomia Erkidegoari, ondasun konfiskatuen funtsen kontura, maiatzaren 29ko 17/2003 Legearen 6. artikuluan esleitzen zaizkion eskumenetan oinarrituta.
Horrenbestez, honako hau
ERABAKITZEN DUTE:
Lehenengoa.– Xedea.
Autonomia-erkidegoak dira drogei buruzko planak eta programak garatu eta gauzatzeko funtsen hartzaileak. Drogei buruzko Planerako Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak bere gain hartzen du aipatu programon finantzaketa, eta Euskal Autonomia Erkidegoak, berriz, horiek gauzatzeko konpromisoa; eta horixe da hitzarmen honen xedea.
Bigarrena.– Aldeen betebeharrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailak programa hauek garatuko ditu 2020an:
– Arreta-premia txiki eta larrialdi soziosanitario arinetarako eguneko baliabidea, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden droga-mendekoentzat: 70.000,00 euro.
– Hontza, larrialdiko eta gaueko harrerako zentroa: 138.000,00 euro.
– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan alkohol kontsumoaren prebentzio selektiboko programa garatzea: 57.000,00 euro.
– Aisialdi-guneetan alkohola kontsumitzeari buruzko arriskuak prebenitzeko eta murrizteko Euskal Autonomia Erkidegoko programa: 30.000,00 euro.
– «Anden 1» adikzioak artatzeko zentro soziosanitarioa: 75.000,00 euro.
Osasun Ministerioak Drogei buruzko Planerako Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren bidez finantzatuko ditu programa horiek, Esleipenak Koordinatzeko Mahaian erabakitakoaren arabera. Guztira, 370.000,00 euro emango ditu, 26.18.231A.458 kontzeptuaren kontura, hain zuzen, drogen trafikotik eta gisa horretako delituetatik konfiskatu diren ondasunen funtsetik etorritako kredituez baliatuta, maiatzaren 29ko 17/2003 Legearen 3.1.b) artikuluari jarraikiz –aipatu funtsa arautzen baitu lege horrek–. Zenbateko hori hitzarmenak ondorioak dituenean ordainduko da, hau da, Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean eta BOEn argitaratzen denean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailak, datorren ekitaldiko lehenengo hiruhilekoan, Esleipenak Koordinatzeko Mahaiari bidaliko dizkio bai amaierako txostena eta programen garapena ebaluatzeko txostena, bai, halaber, horiek gauzatzeko egindako gastuaren ziurtagiri zehatza eta xehatua ere.
Hirugarrena.– Indarraldia eta ondorioak.
Hitzarmen hau indarrean egongo da Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organoen eta Tresnen Erregistro Elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik 2020ko abenduaren 31ra arte, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. artikuluaren 8. apartatuan xedatutako ondorioak izango ditu.
Hala ere, erabakiaren bigarren puntuan aipatutako programak Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailak garatuko ditu 2020. ekitaldian.
Laugarrena.– Hitzarmenaren iraungitzea.
Hitzarmena erabat iraungiko da haren xede diren jarduerak gauzatzen direnean edo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan xedatzen den indargabetze-kausaren bat betetzen denean.
Bosgarrena.– Jarraipen Batzordea.
Hitzarmen honetan xedatutakoaren jarraipena egiteko, batzorde bat eratuko da alde bakoitzeko kide banarekin. Batzordeburua alde sinatzaileetako baten ordezkaria izango da, eta idazkaria, beste aldeko ordezkaria. Besteak beste, honako funtzio hauek beteko ditu:
• Hitzarmen honen babesean egiten diren jardueren eta horiek garatzeko behar diren erabakien jarraipena eta ebaluazioa egitea.
• Hitzarmenari buruz interpretazio-arazoak eta ez-betetzeak egonez gero, horiek ebaztea.
Batzordeak berak ezarriko ditu bere funtzionamendu-arauak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa beteta.
Batzordea izango da hitzarmena betetzen dela ziurtatzeko jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen ondoreetarako.
Seigarrena.– Auzien ebazpena.
Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmen hau interpretatzean edo gauzatzean sor daitezkeen eztabaidak Jarraipen Batzordearen bidez konpontzeko. Hala ebazterik ez badago, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren esku utziko da.
Zazpigarrena.– Betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.e) artikuluan xedatzen denaren arabera, aldeetako batek betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu, iraungi egingo da hitzarmena.
Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Aldeek hala adostuta aldatu ahal izango da hitzarmena, baldin eta aldaketaren ondorioz hitzarmenean jasotako betebehar ekonomikoak aldatzen ez badira.
Hitzarmena indarrean dagoen bitartean egingo da aldaketa, dagokion aldaketa-gehigarriaren bidez.
Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko VI. kapituluan hitzarmenetarako ezarritako araubide juridikoaren mende egongo da hitzarmen honen edukia.
Adostutakoa behar bezala jasota gera dadin, bi aldeek formatu elektronikoan sinatzen dute.
2020ko azaroaren 23a.
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Saileko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Drogei buruzko Plan Nazionalerako gobernu-ordezkaria,
JUAN RAMÓN VILLALBÍ HERETER.