254. zk., 2020ko abenduaren 21a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (429 KB - 13 orri.)
- EPUB (360 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5462
AGINDUA, 2020ko abenduaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzen deialdia iragartzen baita Hezkuntza Administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako higiezinetan obrak gauzatzeko eta karpak hornitzeko eta instalatzeko gastuak finantzatzeko (Udalaguntza-2020).
Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak ezartzen du toki-korporazioek eta Hezkuntza Administrazioak lankidetzan jardun behar dutela ikastetxeak sortu, eraiki eta mantentzeko, betiere indarrean dagoen legediari jarraikiz.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 1. artikuluan jasotzen diren printzipioen artean aurreikusten da Hezkuntza Administrazioen eta toki-korporazioen arteko lankidetza, hezkuntza-politikaren plangintzan eta inplementazioan. Era berean, 8. artikuluko 1. apartatuak ezartzen duenez, Hezkuntza Administrazioek eta toki-korporazioek beren jardunak koordinatuko dituzte (bakoitzak bere eskumenen eremuan), hezkuntzarako baliabideen eraginkortasun handiagoa erdiesteko eta lege horretan ezarritako helburuak lortzen laguntzeko.
Lankidetza horri esker, lehendik zeuden baliabide publikoak optimizatu ahal izan dira, bai eta Administrazioak egindako ahalegin eta jarduerei ahalik eta etekin handiena atera ere.
Horrenbestez, Hezkuntza Sailaren ustez, komenigarria da Hezkuntza Administrazioaren titulartasuneko ikastetxeak dauden udal-jabetzako higiezinetan obrak egiteko eta karpak hornitzeko eta instalatzeko jarduketak sustatzea, eta, horrela, irakaskuntza hobetzen laguntzea.
Horrenbestez, oinarri hartzen dut Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa.
Eta honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Hezkuntza Administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako higiezinetan obrak egiteko eta karpak hornitzeko eta instalatzeko gastuak finantzatzeko laguntzen deialdia egitea (Udalaguntza-2020).
2.– Dekretu honi dagokionez, honako obra hauek jaso ahal izango dute finantzaketa:
a) Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 232. artikuluan adierazitakoak (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen), lehen ezarpeneko, kontserbazioko eta mantentze-obrak izan ezik.
b) Otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua betetzea helburua dutenak, zeinaren bidez ezartzen baitira Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza ematen duten zentroen gutxieneko baldintzak.
c) Irisgarritasuna sustatzeari buruzko abenduaren 4ko 20/1997 Legea betetzea helburu dutenak, eta baita otsailaren 19ko 173/2010 Errege Dekretua betetzea ere, martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikingintzaren Kode Teknikoa aldatzen duena, desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasunari eta ez-diskriminazioari dagokionez.
d) Jolastokiak sortu edo hobetzeko obrak, baita ikasgelak sortu edo eraberritzekoak ere.
3.– Agindu honen ondorioetarako, COVID-19 pandemiaren ondoriozko beharrek justifikatuta, eskola-esparruan kokatutako patioetan edo beste espazio libre batzuetan hornitzen eta instalatzen diren karpak finantzatuko dira, karpa jabetzan edo alokairuan jartzea eta erostea barne. Hala ere, deialdian sartutako kostua ikastetxeak COVID-19a dela-eta erabili behar duen denborari lotutakoa izango da.
4.– Ezin izango dira deialdi honetara bildu Hezkuntza Sailaren azken hamar urteetako Udalaguntza deialdien babesean emandako laguntza duten obrak, baldin eta epean uko egin ez izanagatik laguntza jada onartua badute, non eta, justifikatuta, Udalak laguntzari ez dion uko egin gerora eta ez duen haren zenbatekoa itzuli.
5.– Obrek 2020ko urtarrilaren 1a eta 2021eko abuztuaren 31 artean hasiak beharko dute, eta 2021eko abenduaren 31 baino lehen amaituak.
Obrak amaitzeko adierazitako epeari dagokionez, hori justifikatzen duten arrazoiak daudenean, eta udal onuradunak epea amaitu baino lehen egin badu eskaera, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak epea luzatu ahal izango du, horretarako emandako ebazpen baten bidez. Luzapen hori ez da, inola ere, bi hilabetetik gorakoa izango.
Karpak 2020-2021 ikasturtean hornitu eta instalatu behar dira.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzetarako sei milioi (6.000.000,00) euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan 2021eko ekitaldirako horretarako ezarrita dagoen aurrekontuko partidatik.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Deialdi honi heldu ahal izango diote Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, baldin eta obra-proposamenak edo karpak hornitu eta instalatzeko proposamenak aurkezten badituzte Hezkuntza Administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako higiezinetan, betiere obrak eta hornidurak eta instalazioak 1. artikuluan jasotakoak badira.
4. artikulua.– Zenbatekoa.
1.– Obretarako, balorazio-batzordeak onartutako aurrekontuaren % 60 estaliko du Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak.
COVID-19 izurritearen ondorioz ezarri beharreko karpak hornitzeko eta instalatzeko, balorazio-batzordeak onartutako aurrekontuaren % 90 estaliko du Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak. Onartutako aurrekontuan kontzeptuak eta 1.3 artikuluan adierazitako muga bakarrik sartuko dira.
2.– Eskaera bakoitzeko ematen den zenbatekoa ezingo da 360.000 euro baino handiagoa izan; hortaz, balorazio-batzordeak onartutako 600.000 euro baino gehiagoko aurrekontuak dituzten eskaerei dirulaguntza ematen bazaie, muga hori hartuko da kontuan.
3.– Obraren aurrekontuan ez dira sartuko proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta obraren segurtasun- eta osasun-arloak koordinatzeko ordainsariak.
Halaber, ezin izango dira obraren aurrekontuan sartu udaleko langileen ordainsariak.
5. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezartzen direnez gain, hauek izango dira dirulaguntza eskuratzeko betebeharrak:
a) Higiezinaren jabe izatea.
b) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik, eta ez egotea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege debekuen eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuak barne.
c) Erakunde eskatzaileek egunean eduki beharko dituzte beren zerga-betebeharrak beteta, bai eta zuzenbide publikoko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak ere. Eskaeraren unean egiaztatu beharko dute egitate hori, eta dirulaguntza ematean zein ordaintzean eutsi beharko diote egoera horri.
6. artikulua.– Eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.
Honela egiaztatuko da aurreko artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen direla:
a) Titulartasuna ziurtagiri bidez egiaztatuko da, korporazioaren inbentarioaren zerrendarekin, eta idazkariak behar bezala emana izan beharko du.
b) Zehapenik betetzen ari ez izatearen betebeharra erantzukizunpeko adierazpenen bidez egiaztatuko da –eskabidean sartuko da.
c) Eskaeran erantzukizun-adierazpena erantsiz egiaztatuko dute beren zerga-betebeharrak, bai eta zuzenbide publikoko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak ere, egunean beteta edukitzeko betebeharra.
7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- onartzen duenak.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: http://euskadi.eus/diru_laguntza/2020/udalaguntza/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak kanal elektronikoaren eta helbide honen bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Hilabetekoa izango da eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus). (http://euskadi.eus/diru_laguntza/2020/udalaguntza/y22-izapide/eu)
3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
4.– Ikastetxe batentzako baino gehiagorentzako finantzaketa eskatu nahi duten udalek ikastetxe bakoitzaren agiriak aurkeztu beharko dituzte.
5.– 1. artikuluan jasotako obra edo jarduketa bat baino gehiago egin behar badira ikastetxe berean, jarduketa adina eskabide aurkeztuko dira.
6.– Agiri hauek aurkeztu behar dira eskabideak egitean:
a) Gauzatze-proiektua aurkeztu behar den edo ez, bi obra mota bereiziko dira, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2. artikuluaren 2. puntuan xedatutakoaren arabera:
– Proiekturik behar ez duten obrak: teknikari eskudunak izenpetutako azalpen-memoria eta kontrataren aurrekontu orokor xehatua (BEZa barne). Obrak amaituta badaude, gauzatutako obren faktura edo amaiera-ziurtagiria aurkeztu ahal izango da.
– Proiektua behar duten obrak: gauzatze-proiektua, teknikari eskudunak izenpetua eta elkargo profesionalak bisatua. Obrak amaituta egonez gero, gauzatutako obren amaiera-ziurtagiria aurkeztu beharko da, eman daitekeen zenbatekoa zehaztu ahal izateko.
Teknikari eskudunak izenpetutako oinarrizko proiektua ere aurkeztu ahal izango da. Kasu honetan, eskatzaileak teknikari eskudunak izenpeturiko eta elkargo profesionalak bisaturiko dagokion gauzatze-proiektua aurkeztu beharko du, ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean.
Proiektua egiten duen arkitektoa udaleko langilea bada, ez da nahitaezkoa izango elkargoaren bisatua aurkeztea.
b) Karpak instalatzeko, azalpen-memoria, planoak eta kontrataren aurrekontu orokorra (BEZa barne) erantsiko dira, teknikari eskudunak adierazita.
c) Agiri hauek kasu guztietan aurkeztu beharko dira:
– 6. artikuluan aipatutako agiriak.
– Aurkeztutako proiektua edo aurrekontua onartzeko udal-organo eskudunaren akordioa.
– Erantzukizunpeko adierazpena, obra bererako beste finantzaketa-iturri batzuk eskatzeari edo jasotzeari buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus) eskuragarri dagoen beste finantzaketa-iturri batzuen inprimakiaren arabera (URL) (https://euskadi.eus/diru_laguntza/2020/udalaguntza/y22-izapide/eu).
– «Datu-orria» inprimaki normalizatua eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en, URL honetan: http://euskadi.eus/diru_laguntza/2020/udalaguntza/y22-izapide/eu
9. artikulua.– Eskabideen balorazioa.
1.– Eskabideen behin betiko balorazioa balorazio-batzorde batek egingo du. Honako kide hauek izango ditu:
– Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendaria. Lehendakari jardungo du.
– Ikastetxeen zuzendaria.
– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak.
– Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzako Eraikuntzen teknikaria. Idazkari jardungo du, eta hitza izango du, baina boto-eskubiderik ez.
2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako unitate teknikoek balorazio-batzordeari helaraziko dizkiote aurkeztutako eskabideak, dagozkien txostenekin batera, behar bezala zigilatuta eta zerbitzuburu arduradunak eta lurralde-ordezkariak sinatuta. Txosten horietan, 1. artikuluaren arabera egin beharreko jarduketa mota zehaztuko da. Txosten horietan, aurreikusitako jarduketen premia eta tipologia arrazoitu beharko dira, fitxa bakarrean eta bateratuan jasota, honako jarduketa eta larrialdi mota hauen arabera:
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Lurralde-ordezkaritzetako atal teknikoek emandako txosten horiek aztertuko ditu balorazio-batzordeak, eta, lanak egiteko premia edo premiarik eza kontuan hartuta, «3» eta «28» puntu arteko puntuazioa jarriko dio obra bakoitzari, lehentasun-ordena ezartzeko.
3.– Deialdi honetarako aurreikusitako aurrekontuko diru-hornidura ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, balorazio-batzordeak lehentasun-ordena ezarriko du, 2. puntuko balorazioak aintzat hartuta, eta zerrendaren hasieratik hasita eta ordena kontuan hartuta esleituko ditu laguntzak, 2. artikuluan jasotako aurrekontu-kreditua amaitu arte.
4.– Bi eskaerak edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, irizpide hauek erabiliko dira berdinketa hausteko, betiere zerrendatutako lehentasun-ordenaren arabera:
1) Egin beharreko jarduketaren urgentzia-maila.
2) Deialdi honetan diruz lagundutako jarduera gutxiago.
3) Diruz lagundu beharreko jarduketen zenbateko ekonomiko txikiagoa.
10. artikulua.– Bateragarritasuna.
Deialdi honen xede den finantzaketa bateragarria izango da beste edozein finantzaketa-iturrirekin. Gauzatze-kostua baino diru gehiago ematen badiete administrazioek deialdi honen xede diren jarduerei, agindu honen arabera emandako finantzaketaren zenbatekoa murriztuko da, soberakinari dagokion kopuruan.
11. artikulua.– Udalen betebeharrak.
Dirulaguntzei buruzko 38//2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan ezartzen direnez gain, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren udalek:
a) Udalen ardura izango da proiektu osoa idaztea, obrak eta haien zuzendaritza fakultatiboa esleitzea, baita eraikuntzetako segurtasunari eta osasunari buruzko araudia betearaztea ere. Erantzukizun hori karpak kontratatzeari eta instalatzeari buruzkoa izango da, baldin eta diruz lagundutako jarduera hori bada.
b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, nire karpetaren bidez, onartu egin dutela ulertuko da.
c) Dirulaguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabili beharko dute.
d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea.
e) Hezkuntza Sailari lana deskribatzen duen kartel bat instalatzen laguntzea, erantsitako eta A3 formatuan inprimatutako ereduaren arabera.
f) Deialdi honen bidez dirulaguntza jaso duten obrak egiteko bestelako laguntzak eskatu izana eta, hala denean, lortu izana jakinarazi beharko dute.
g) Destino-aldaketa bidegabea dela bermatzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluak 5 urtean ezartzen duen gutxieneko epean gutxienez.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, eta hark emango du deitutako prozedurari amaiera ematen dion ebazpena, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabeteko epean. Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak, www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu helbidean. www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu. Era berean, emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, informazio hutsez.
2.– Prozedura amaitzen duen ebazpena adierazitako moduan eta epean jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.
3.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.
4.– Prozedura amaitzen duen ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
13. artikulua.– Emandako laguntza ordaintzeko araubidea eta justifikatzeko betebeharra.
1.– Bi alditan ordainduko zaio dirulaguntza dagokion udalari:
a) % 15 deialdia ebaztean, agindu honen 11.b) artikuluan ageri den epea igaro eta gero, eta uko egiterik izan ez bada.
b) Gainerako % 85a egindako inbertsioa justifikatu eta gero. Horretarako, honako agiri hauek bidali beharko dituzte udalek Nire Karpeta atalaren bidez (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta):
– Obrei dagokienez: obra-zuzendaritzaren amaiera-egiaztagiria edo obra amaitutzat emateko udal-egiaztagiria. Dagokion zenbatekoa zehaztu beharko dute, eta fakturak eta/edo behar diren justifikazio-agiriak erantsi.
– Karpak hornitu eta instalatzeari dagokionez: obra-zuzendaritzaren azken ziurtagiria edo obra amaitutzat ematen duen udal-ziurtagiria, dagokion zenbatekoarekin, eta fakturak eta/edo justifikazio-agiriak aurkeztea. Errentan hartu badira, errentamenduagatik ordaindutako errentak egiaztatzen dituen dokumentazioa eta errentamendu-kontratua.
– Helburu bererako lortutako beste finantzaketa-iturri batzuk jaso diren ala ez adierazten duen adierazpena, agindu honen 10. artikuluan aurreikusten den bezala, eta, hala badagokio, kuantifikatuko da. Adierazpen hori egiteko, beste finantzaketa-iturri batzuen inprimakia bete beharko da. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza elektronikoan (euskadi.eus) eskura daiteke, URL honetan (http://euskadi.eus/diru_laguntza/2020/udalaguntza/y22-izapide/eu).
2.– Finantzatutako obra amaitu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dira adierazitako justifikazio-agiriak, eta 2022ko urtarrilaren 31 baino lehen, betiere.
Justifikazio-dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en, Nire karpetaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Halaber, agindu honen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera luzapena eman zaien obren kasuan, justifikazio-agiriak beranduenik 2022ko martxoaren 31n aurkeztu beharko dira.
3.– Udalak aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada diruz lagundutako jarduketen benetako azken kostua, kontzeptu guztiengatik, txikiagoa dela balorazio-batzordeak onartutako aurrekontua baino (haren gainean egin zen kalkulua), zenbatekoa aldatu egingo da, azkenean ateratzen den benetako laguntzak ez dezan gainditu, onartutako aurrekontuarekiko, agindu honen 4. artikuluan adierazitako ehunekoa.
14. artikulua.– Egiaztatzeak.
Hezkuntza Sailak gainbegiratzeak, ikuskapenak eta egiaztatzeak egin ahal izango ditu, emandako finantzaketaren arauak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.
15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
Egiaztatzen bada finantzaketa ematea eragin zuten baldintzak ez direla betetzen, jasotako kopuruak gehi egokiak diren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari, administrazio honek ohartarazpena egin ondoren, bat eginez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Bideratzeko Printzipioen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 53.1 artikuluarekin, Dirulaguntzei eta horien Araudiari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretuarekin.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen dena betetzearren, agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da 2021. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.
AZKEN XEDAPENETAko LEHENENGOA
Agindu honek aurreikusten ez duenerako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Bideratzeko Printzipioen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen IV. tituluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean jasotzen den oinarrizko erregulazioan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 2a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.