Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

253. zk., 2020ko abenduaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5429

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 16koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ormaiztegiko (Gipuzkoa) «Irai Errota» 19. sektorearen hirigintza-garapenerako urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2019ko apirilaren 12ko ebazpenaren bidez xedatu zen Ormaiztegiko (Gipuzkoa) «Irai Errota» 19. sektorearen hirigintza-garapenerako urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena.

2019ko urriaren 31n, Ormaiztegiko Udalak jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) «Irai Errota» 19. sektorearen hirigintza-garapenerako urbanizazio-proiektuari, Sprilur SAk sustatuari, eta bere ingurumen-inpaktuaren azterketari zegokienez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, interesdunek, egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapidetze horren iragarkia 2019ko azaroaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (213. zk.).

Informazio publikoko izapidetzea bukatu ondoren, Ormaiztegiko Udalak jakinarazi zuen, ingurumenari buruzkoa ez zen alegazio bat jaso zuela.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Ormaiztegiko Udalak, 2019ko otsailaren 7an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zien. Kontsulta horren emaitza, espedientean jasota dago. Horri dagokionez, funtsezko organoak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eragindako administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2020ko irailaren 22an, Ormaiztegiko Udalak ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) «Irai Errota» 19. Sektorearen hirigintza-garapenerako urbanizazio-proiektuari buruz, hain zuzen ere.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu zituen:

– Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko datuak jasotzen zituen fitxa.

– Ormaiztegiko «Irai Errota» 19. sektorearen urbanizazio-proiektua, 2018ko maiatzekoa.

– Ormaiztegiko «Irai Errota» 19. sektorearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2019ko maiatzekoa.

– Jendaurrean erakutsi ondoren, jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eraginpeko administrazio publikoei egindako kontsulten emaitzei buruzko agiriak, jasotako txostenen hitzez-hitzezko kopiak eta sustatzaileak jasotako txostenei buruz egindako gogoetak barne.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, xedea, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko oinarriak ezartzea da; horrela, ingurumenaren babes maila handia dagoela bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat eginez, ingurumen inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenean sortuko diren ondorioen analisia plangintza prozesuaren lehen faseetan gehitzen dela, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, eta jarduerek eragindako metaketa eta sinergia ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, lege horren II. eranskinean jasotako proiektu publikoek zein pribatuek ezinbestekoa izango dute ingurumen inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta ingurumen organoak, III. eranskineko irizpideekin bat eginez, ingurumen inpaktuaren txostenean hala erabakiz gero.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuz, Ormaiztegiko Udalak, organo eskudun gisa, Sprilur SAk sustatutako Ormaiztegiko (Gipuzkoa) «Irai Errota» 19. sektorearen urbanizazio proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta eraginpeko administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik, ingurumen inpaktuaren azterketa zuzena eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita gehitu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori organo eskuduna da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Xedapen hauek kontuan hartu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatzen baititu; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearena, eta baita aplikatu beharreko gainerako araudia ere. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ormaiztegiko (Gipuzkoa) «Irai Errota» 19. sektorearen urbanizazio proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena egitea.

«Irai Errota» 19. sektorearen urbanizazio-proiektua Sprilur SAk sustatu du, eta Ormaiztegin gauzatuko da, indarrean dagoen plangintzan, Ormaiztegiko 2011ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) eta 2017an onetsi zen plan partzialean aurreikusitako jarduketa-helburuak betez. Sektoreak, guztira, 81.155 m2-ko azalera du. Sektorean, guztira, 58.484 m2 daude urbanizatuta.

Proiektuak bi jarduketa-eremu ditu, Eztanda ibaiaren ertz bietan:

– Ezkerreko ertzean, lurzati handi bat egotea proposatu da, eta, hasieran, industria bakar bat egongo da, 24.716 m2-ko oinplano-okupazioa izango duena.

– Eskuineko ertzean, «industrialdea» tipologiako pabiloien zona bat egotea dago aurreikusita, 2.557 m2-ko oinplano-okupazioa izango duena.

Laburbilduz, honako esku-hartze hauek aurreikusten dira proiektuan:

– Aurreikusitako plataformak lautzea; horretarako, lur-mugimendu handiak egin beharko dira. Aurreikusitako bolumen orokorren arabera, 94.320 m3 induskatuko dira lur-erauzketetan, eta horietatik 59.028 m3 obraren betelanetan erabiliko dira. Beraz, 35.292 m3-ko soberakina aurreikusi da, eta 7.207 m3-ko mailegua beharko da. Lur-erauzketak, 3H/2V-ko maldarekin eta lubetak 2H/1V-ko maldarekin diseinatu dira. Eskuineko zabaldegia egiteko, lubeta eusteko hormak eraiki beharko dira, gehienez 2,62 m-ko altuerakoak. Ezkerreko zabaldegia egiteko, 3H/2V-ko lur-erauzketa egingo da, eta horren behealdea 4 metroko altuera izango duen harri-lubeta batekin babestuko da, haitzetan bermatuta eta batatxez egina; bistako alderdiak 1H/1V-ko ezponda izango du.

– Sarbideak eraikitzea honako ardatz hauekin bat eginez:

– Bide nagusia edo 1. ardatza, GI-2632 errepideko biribilgunetik hasita, Eztanda errekastoaren eskuinaldean barrena igarotzen dena, 525 metrokoa, eta ibai-sarea zeharkatzen duena Eztanda errekastoaren ezkerraldeko lurzatian sartzeko. Bide hori eraikitzeko, hauek eraiki beharko dira: bi zubi (Gorosti errekastoaren gainean bata, eta Eztanda ibaiaren gaiena bestea) eta ezpondak (3H/2V-koak), horietan horma ainguratuak tartekatuta. Gorosti errekastoko zubiari esker, hodi bat eraitsiko da, eta aire zabaleko tartea berriro irekia, harri-lubetarekin landareztagarriz (3H/2V) babestuko dena. Eztanda ibaiko zubia pilareek ibilgua ukitzeko eran eraikiko da, horien kontrahormak lehentasunezko fluxugunetik kanpo ipinita.

– 2. bidea edo 2. ardatza: eskuineko ibaiertzeko pabiloietara sartzea ahalbidetzen duen kale bat da. Lubeten guneetan hormak behar dira.

– Eskuineko ibaiertzeko baserrietara iristeko bidea, 58 metroko luzera duena.

– Industrialdea urbanizatzeko obrak:

– Olatu baserriaren ondoko zubia eraistea, eremu horretako baldintzak hobetzeko. Ertzetan, harri-lubeta biziak jarriko dira, eta bioingeniaritzako jarduketa bat egingo da.

– Azpiegituren barne-sareak eraikitzea: harguneak ur-sarera, gas-sarera, elektrizitate-sarera, euri-urak eta hondakin-urak bereizteko saneamendu-sarera eta telekomunikazio-sarera. Eskuineko ibaiertzeko hondakin-uren saneamendu-sareak lurzati industrialetako eta Gorosti errekastoaren ondoan kokatutako Ugalde eta Oleaga baserrietako urak jasoko ditu; gaur egun, zuzenean errekastora isurtzen dituzte urak, eta sistema berriarekin, ponpaketaren bidez, Eztanda ibaiaren ezkerraldetik igarotzen den biltodi nagusira eroango dituzte urak. Euri-urei dagokienez, ibaira isuri aurretik horiek tratatzea aurreikusi da, solido esekiak deuseztatuz zurrunbilo-efektuaren bidez (hidrozikloia). Hala, bermatu egingo da urtean sortzen diren solidoen % 80 baino gehiago deuseztatuko dela.

– 85 aparkaleku-plaza eraikitzea.

– Lorategien eta berdeguneen espazio libreak Eztanda ibaiaren ertzetan eta kirol-ekipamenduko eremu batean daude (futbol-zelaia dago bertan), ibaiaren meandroan.

– Amaierako esku-hartzeak, hirigintza-errematekoak eta, landareztatze-lanak eta aisaia-integraziokoak.

24 hilabetekoa da obrak egiteko epea.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Lanen gainerako izapideak egin bitartean proiektuan aldaketa puntualak egiteko premia sortzen bada, eta aldaketa horiek ez badira aurreko lerrokadan aipatutakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektuaren eremutik bi ur-ibilgu igarotzen dira, Eztanda ibaia eta Gorosti errekastoa. Eztanda ibaia, bisoi europarraren (Mustela lutreola) banaketa-eremuaren barne dago, baina, eraginpeko eremua ez da interes bereziko eremua, espezie horren Gipuzkoako kudeaketa-planaren arabera.

Era berean, eremu horretan, Batasunaren intereseko bi habitat hauek daude: 91E0* «Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen alubioi-basoak», 4.824 m2-ko azalera dutenak eta kontserbazio-egoera txarrean daudenak; eta 6510 «Altitude txikiko sega-zelai pobreak», 10.986 m2-ko azalera dutenak.

EAEko Uholde-arriskugarritasun eta -arriskuen maparen arabera, eremu horrek 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du.

Bestalde, «Irai-Errota» 19. sektorean azterketa akustiko espezifikoa egin zen sektorearen plan partziala izapidetu zenean. Azterketa horretan ondorioztatu zen, gaur egungo egoeran (lanen aurrekoa) eta etorkizunekoan (lanen ondorengoa), aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak betetzen direla.

Urbanizazio-proiektua gaitasun agrologiko handiko lurzoruetan egingo da, nahiz eta basogintzako lurralde-planean, lurzoru horiek ez dauden balio estrategiko handikoen kategorian sartuta.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako izendatutako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena xedatuko duen ebazpenak finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Ondoko atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten lan osagarriak ere, proiektuaren sektorearen barruan egingo dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako D.10 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.2.– Landaredi autoktonoa kentzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak, eta, batez ere, haltzadi kantauriarrak eta haltz (Alnus glutinosa) eta lizar (Fraxinus excelsior) handiak edo Eztanda ibaiaren ertzetan kokatutako bestelako tokiko espezieak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako D.10 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.11 apartatuko lan-programan jasoko dira.

Eremuak kalteberak izanez gero (Batasunaren intereseko habitatak eta baso autoktonoko masak), zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du mozketan/inausketan bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

Zuhaitzak botatzea edo eskokatzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko. Zuhaitzetako adarrek lanak egokitasunez egitea oztopatzen badute, adarrak kimatzea lehenetsiko da zuhaitzak moztu aurretik.

D.1.3.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio-eremu hauetan guztietan: makinen parkea, obrako etxolak, obrako materialak behin-behinean metatzeko eremua, landare-lurrak behin-behinean metatzeko eremuak eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremuak. Eremu horiek inolaz ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (haltzadi kantauriarra eta bestelako baso masa autoktonoak), ez eta Eztanda eta Gorosti ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik. Zehaztapen hori obraren zuzendaritzak onartu behar du, D.10 puntuan aipatutako ingurumen-arloko aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Instalazio horien ezaugarriak eta kokalekua adierazi beharko dira ebazpen honen D.11 puntuan aipatzen den lan-programan.

D.1.4.– Kontrol-neurriak ezarriko dira, ahal den heinean, mugitutako lursailak eta landaredirik gabeak ez daitezen sarbide bihurtu landare espezie inbaditzaileentzat –hala nola, Fallopia japonica, Buddelia davidi eta abar–, eta horrelako landareak, jarduketa-eremuan egonez gero, deuseztatu egingo dira.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ezar daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Ibilguarekiko 5 metroko zortasun-eremuak egoera naturalean eta libre utziko dira, eta seinaleztapen-zintekin balizatuko dira, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, etxola, ontzi, itxitura eta kutxatilarik ez jartzeko (behin-behinekoak zein behin betikoak), eta abar.

Beti ekidin beharko da obrak egin bitartean ibaiko urak uhertzea, eta debekatuta dago hondakinak ibaira botatzea zein ertzetan uztea.

Olatu baserriaren ondoko zubia eraistean, ibaiertzak berrezarri beharko dira, eta bi zubi berri eraikiko dira, eta kontu handiagoz jardungo da Eztanda eta Gorosti ibilguetan, alferrikako kalterik ez eragiteko. Obrak egitean, makinak ez dira ibilgutik igaroko, ibaiertzetan eta landaredian alferrikako kalterik ez eragiteko.

D.2.2.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honen bigarren apartatuaren D.11 puntuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

Edonola ere, obran, material xurgatzaileak egongo dira (sepiolita, manta xurgatzaileak, eta abar), istripuzko isuri balizkoetan erabiltzeko. Isuriek lursailak kaltetuz gero, isuriak biltzeko erabilitako material xurgatzaileak eta kaltetutako lurra kudeatzaile baimendun batek kudeatuko ditu.

D.2.3.– Administrazioaren aurretiazko baimenik gabe ezingo dira ibilguko urak jaso, ezingo dira hondakin-urak isuri eta ezingo dira ibilguetako ondasunak aprobetxatu.

Eraikuntza-fasea, drainatze-sarera jalkin xehe ahalik eta gutxien isuriz egin beharko da. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horien neurriak zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, isuri bat gertatzen denean, hura aurkitu ahal izateko eta baimenen parametro fisiko-kimikoak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatzeko.

Ebazpen honen D.11 puntuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

Bestalde, hormigoi-upelak garbituko dira berariaz egokitutako eremuetan. Hormigoi-esnea edo garbiketa-lanetako urak ezingo dira inolaz ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak ebazpen honen D.6 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

Dekantazio-gailuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko dira; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

D.3.1.– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.4.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

D.4.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.4.2.– Obra-gunearen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta. Ebazpen honen D.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

D.4.4.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko zonaldeak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak apaltzeko neurriak.

D.5.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketa-, eraispen- eta garraio-lanetan, eta zamalanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere, eta abar.

D.5.2.– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horren 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

Soilik egunez egingo da lan.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako D.11 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Baimendutako zabortegira bidali beharreko hondakinak, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.4.– Obren hondea-lanetako soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, APM/1007/2017 Agindua, urriaren 10ekoa, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa, aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira, eta hondakinok itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.6.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Era berean, obrek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

D.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Iraiko errotaren (Goikoa eta Bekoa) inguruan hondeaketak egin behar badira, alor horretan aditua den teknikari bat bertan egon beharko da, jarduketa horien jarraipen arkeologikoa egiteko.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Museoetako eta Arkeologiako Zerbitzuari.

D.8.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.

D.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landare-berritzea ere.

D.8.2.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako birlandatze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.

D.8.3.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

D.8.4.– Fallopia japonica, Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, kasu horretan bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, hidroerein edo plastikozko geruza batekin estali egingo dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriak ez kaltetzeko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.

D.8.5.– Berme-aldian, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.9.– Obraren garbiketa eta akabera.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.6 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko dute aldez aurretik.

Eremuak kalteberak izanez gero (Batasunaren intereseko habitatak eta baso autoktonoko masak), zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du mozketan/inausketan bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

D.11.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, proposamen zehatzak egin beharko ditu, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruz.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta Obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira lanak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak.

– Makinak, obrako materialak eta lurrak, eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko, bete beharrekoa izango da sustatzaileak proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Gertakariren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egongo da erregistroa, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ingurune urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.10 puntuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusiko balitz, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lantegietan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

E.4.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Bermealdian, aldian-aldian aztertuko da zenbaterainoko arrakasta izan duen proiektuaren eraginpeko gainazalak lehengoratzeko lanak.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta bertan ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta txosten honetan ezarritakoak jaso behar dira.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena Zaintzeko Programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Bidalketa obrak bukatutakoan eta lehengoratzearen bermealdiaren bukaeran egingo da. Proiektuaren pleguaren arabera, bermealdiak landatu ondorengo bi udaberriak hartuko ditu barnean.

Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian gordeko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeagatik edo erabili beharreko sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrarengatik beharrezkoa bada, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzako programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu beharreko parametroak, bai eta neurketen aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek bete behar dituzten mugak ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G) Hargatik eragotzi gabe ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa, jarraian aipatzen diren dokumentuak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bategina.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko dituena, ebazpen honen bigarrena E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egiten hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Ormaiztegiko Udalari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 16a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala