Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

253. zk., 2020ko abenduaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5418

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 18koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Ingeniaritza Elektrikoa Sailaren arautegiaren aldaketa onartzeko dena.

Ingeniaritza Elektrikoa sailaren arautegia 2012ko abuztuaren 16ko EHAAn argitaratu zen.

Aldaketa unibertsitateko Ingeniaritza Elektrikoa saileko kontseiluak onetsi zuen 2020ko urriaren 22ko bileran eta txosten juridikoa eta Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzaren txostena, biak aldeko, zituelarik.

Sailen Oinarrizko Arautegian, 4.3 artikuluan, jasotakoari jarraituz, idazkari nagusiak onartuko du, eskumenak eskuordetuta, Ingeniaritza Elektrikoa Sailaren Arautegiaren aldaketa, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. artikulu horretan zehaztutakoaren arabera, bestalde, honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.

Horregatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Ingeniaritza Elektrikoa Sailaren arautegia onartzea, eranskinean zehazten den bezala

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Ingeniaritza Elektrikoa Sailaren arautegia indarrean sartuko da argitaratu eta hurrengo egunean.

Leioa, 2020ko azaroaren 18a.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

ERANSKINA
UPV/EHU-KO INGENIARITZA ELEKTRIKOA SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Ingeniaritza Elektrikoa sailaren egoitza Bilboko Ingeniaritza Eskolako I. eraikinean dago (Torres Quevedo Ingeniariaren plaza 1, 48013 Bilbo).

2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 8.2 artikuluaren zehaztapena.

Ingeniaritza Elektrikoa sailak ondoren atalak ditu:

a) Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako sail-atala (egoitza: Nieves Cano kalea 12, 01006 Gasteiz).

b) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako sail-atala (egoitza: Europa plaza 1, 20018 Donostia).

c) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibarko Ataleko sail-atala (egoitza: Otaola hiribidea 29 (20600) Eibar – Gipuzkoa)

3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Hauek izango dira Saileko Kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkari akademikoa, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkari bat bost kideko edo bostetik beherako multzo bakoitzeko, graduko ikasleen bi ordezkari, masterreko ikasleen bi ordezkari, baldin eta Saileko Kontseiluak 26 kide baino gehiago baditu, doktoregoko ikasleen bi ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.5 artikuluaren zehaztapena.

Masterretako ikasleen ordezkariak sailak irakaskuntza daukan ikastegietako ikasleen kontseiluen bidez aukeratuko dira.

5. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko II. atalaren zehaztapena.

Ingeniaritza Elektrikoa sailak Batzorde Iraunkorra izango du, Sailen Esparru Arautegiko II. Atalean zehaztutakoari jarraikiz.

6. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 22.4 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eskuordetu ahal izango diote organoko beste kide bati. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

7. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 27.4 artikuluaren zehaztapena.

Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da eta, gehienez, bi agintaldi bete ahal izango ditu segidan.

8. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

Saileko Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean hutsune bat sortzen denean, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du lekua, zazpi eguneko epean, organoko idazkaria jakitun jartzen denetik hasita.

9. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoko kide titularra ordezkatzeko, kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, arrazoi justifikatua dagoenean, kide anitzeko organoaren bilerarako deia egin ondoren, bileran parte ez hartzeko arrazoia egiaztatzen duen agiria helarazi beharko die zuzendariari eta idazkariari, kide anitzeko organoaren bilera egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Zuzendariak kide titular hori ordezkatzea erabakitzen badu, hautagai zerrenda bereko lehenengo ordezkoak beteko du haren lekua.

10. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.

Saileko Kontseiluko hauteskundeetan onartuko da botoa aldez aurretik ematea, UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan jasotzen den bezala.


Azterketa dokumentala