Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2020ko abenduaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
5409

3538/2020 FORU AGINDUA, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuarena, azaroaren 26koa, jendaurreko izapidea ebatzi eta Bizkaiko foru errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Plana onesten duena.

TXOSTENA

Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuaren irailaren 6ko 6198/2018 Foru Aginduaren bitartez jendaurreko izapidea ebatzi eta behin betiko onetsi zen Bizkaiko foru errepideetako Zarata Mapa. Ebazpena 186. BAOn argitaratu zen 2018ko irailaren 26an eta 194. EHAAn 2018ko urriaren 8an.

Azkeneko onespenari lotuta, 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Kutsadura Akustikoari buruzkoak, 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, zarata-mapa egin behar duten subjektuek zarata-mapa onesten den egunetik zenbatzen hasita, urtebeteko epean ekintza-planak onartuko dituzte.

Legezko betebehar horri erantzuteko, Dekretu berak 18., 19. eta 30.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak Bizkaiko foru errepideetan soinuaren kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Plana egin du eta foku igorleen pertsona eta erakunde titularrek, baita nahasitako gainerako administrazioek ere kontsultatu eta txostena egiteko izapidea gauzatu du, jendaurrean jartzearekin batera.

Aurrekoari eutsiz, Ekintza Plana jendaurrean jartzeko iragarkia 2020ko uztailaren 2ko 125. BAOn eta 2020ko uztailaren 2ko 129. EHAAn, baita 2020ko uztailaren 2ko «El Correo» nahiz «Deia» egunkarietan ere argitaratu zen. Helburua aldizkarietan argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean edozein pertsona fisikok edo juridikok dokumentazioa aztertu eta egokitzat jotzen dituen alegazioak nahiz oharrak aurkeztea da. Xede horrez, Ekintza Plana Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren webgunean jendearen esku jarri da.

Aldi berean, 2020ko uztailaren 6an Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak Bizkaiko Lurralde Historikoa osatzen duten 112 udalei, baita foku igorle nagusien titularrei ere 18. artikuluan aipatzen den txostena eskatu zien.

30 egun baliodunen legezko epea igarotakoan, honako udalek erantzun zuten: Abanto Zierbena, Arrankudiaga, Leioa, Lemoa, Ortuella eta Ugao-Miraballes. Gainera, Leioa Martxan auzokideen plataformak bere adierazpena egin zuen.

Foru Agindu honen bitartez hurrengoa

EBATZI DA:

Lehenengoa.– Bizkaiko foru errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Planaren jendaurreko izapidea ebazten da, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren Ingurumena Iraunarazteko Atalak egindako txosten-proposamenak hitzez hitz azaldutakoaren arabera. Hala, oso osorik onartzen da Ebazpen honetan eta testuari Eranskin modura gehituko zaio. Beraz, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 88.6 artikuluan xedatutakoaren babesean, arrazoitzeko erabiliko da.

Bigarrena.– Bizkaiko foru errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Plana behin betiko onesten da.

Hirugarrena.– Foru Agindu hau «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» eta «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da eta berariaz adieraziko da Bizkaiko foru errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Planaren edukia herritarren esku Sailaren webgunean egongo dela. Ekintza Plana eskuragarri izango dute Sailaren webgunea, hain zuzen ere, hurrengo esteka honetan:

https://www.bizkaia.eus/home2/Temas/DetalleTema.asp?Tem_Codigo=11502&Idioma=EU&dpto_biz=10&codpath_biz=10|9778|11441|11502

Laugarrena.– Foru Agindu hau, Bizkaiko foru errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Planaren kopia digitalizatuarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari jakinaraziko zaio, 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Kutsadura Akustikoari buruzkoak, 16.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren bitartez Europar Batzordeari helaraziko zaio, Giroko Zarata Ebaluatu eta Kudeatzeari buruzko 2002/49/EB Zuzentarauak eskatutakoari erantzuteko.

Bosgarrena.– Bizkaiko foru errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Planarekiko alegazioak egin dituzten udalei berariaz jakinaraziko zaie erantzuna. Horrez gain, horren kontra jakinarazpena jaso eta biharamunetik zenbatzen hasita, bi (2) hilabeteren buruan Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela jakinaraziko zaie. Aukeran, administrazioarekiko auzi-bidera jo baino lehen, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hilabeteko (1) epean ebazpena eman duen organoaren aurrean berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera dute; bidezkoa bada, egokitzat jotzen duten bestelako errekurtsorik jartzea gorabehera.

Horri guztia egin daiteke 3/1987 Foru Arauak, otsailaren 13koak, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen Hautespen, Antolaketa, Araubide eta Funtzionamenduari buruzkoak, 69. artikuluan; 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. eta 123. artikuluetan; eta 29/1998 Legeak, uztailaren 13koak, Administrazioarekiko Auzi Eskumena arautzen duenak, 8.2, 25.1 eta 46.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Bilbao, 2020ko azaroaren 26a.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua,

IMANOL PRADALES GIL.

ERANSKINA

Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuaren irailaren 6ko 6198/2018 Foru Aginduaren bitartez jendaurreko izapidea ebatzi eta behin betiko onetsi zen Bizkaiko foru errepideetako Zarata Mapa. Ebazpena 186. BAOn argitaratu zen 2018ko irailaren 26an eta 194. EHAAn 2018ko urriaren 8an.

Azkeneko onespenari lotuta, 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Kutsadura Akustikoari buruzkoak, 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, zarata-mapa egin behar duten subjektuek zarata-mapa onesten den egunetik zenbatzen hasita, urtebeteko epean ekintza-planak onartuko dituzte.

Legezko betebehar horri erantzuteko, Dekretu berak 18., 19. eta 30.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak Bizkaiko foru errepideetan soinuaren kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Plana egin du eta foku igorleen pertsona eta erakunde titularrek, baita nahasitako gainerako administrazioek ere kontsultatu eta txostena egiteko izapidea gauzatu du, jendaurrean jartzearekin batera.

Legezko epea igarotakoan, honako udalek erantzun zuten: Abanto Zierbena, Arrankudiaga, Leioa, Lemoa, Ortuella eta Ugao-Miraballes. Gainera, Leioa Martxan auzokideen plataformak bere adierazpena egin zuen.

2020ko irailaren 29an Berrikuntzarako eta Bideen Kudeaketarako Zuzendaritza Nagusiari txostena eskatu zitzaion, hainbat alegaziok bere eskumen-eremuan eragiten baitzuten. Erantzuna alegazioen erantzunetan ageri da.

TXOSTEN-PROPOSAMENA.

– 1. alegazioa: Abanto Zierbenako udala.

G17202000001789E sarrera-erregistroa, 2020ko abuztuaren 4koa.

Alegazioaren laburpena:

a) Baremo-irizpideak eta azkenean udalerri bakoitzean Ekintza Planaren xede diren eraikinak aditzera ematen dituen agiria jendaurrean jartzea.

b) Nahiz eta ondoren eraiki eta amaitu, 37/2003 Legeak, azaroaren 17koak, Zaratari buruzkoak, eragin gabe egin ziren eraikinak Ekintza Planean kontuan hartu eta sartzea.

c) N-634 errepidearen aldameneko eraikinei arreta berezia jartzea; are gehiago, jardueraren azken indizea gehitzeko parametro bereizgarriarekin balioztatzea.

d) Las Carreras hirigunean zarata arintzeko beste neurri batzuk balioztatzea, hala nola trafikoa berrantolatu edo desbideratzea, zarata xurgatzen duten zoladurak ipintzea, N-634 errepideak eragiten baitu.

e) Gallartako irteeraren eta Ortuella udalerriarekin gune mugakidearen artean A-8 autobidean pantaila akustikoa instalatzea.

f) A-8 autobideko zerbitzugunean dagoen kamioietarako aparkalekuan kamioiek sortutako zarata ebaluatu eta arintzea, baita horiek etxebizitzetatik hurbil aparka dezaten galaraztea ere.

Erantzuna arrazoitzea:

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren estrategiak zarata arintzeko jarduerak aurrez ikusten ditu eta Ekintza Planean jasotzen dira. Honako hauek dira: fatxadak isolatzea, eremu puntualetan pantaila akustikoak jartzea eta trazaduran jarduerak, hala nola saihesbideak edo trazadura aldatzea. Era berean, gaur egun Bizkaiko Errepideen II. Lurralde Plan Sektoriala garatzen ari da eta trafikoa berrantolatzeko beste neurri batzuk aztertzeari ekingo zaio.

Fatxadak isolatzeari dagokionez, hasieran bizitegirako eraikinei erreparatuko zaie, gauez fatxadan 65 dB(A) gainditzen badira. Ekintza Planean 7.– Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzen diren eremuak identifikatu eta lehentasuna ematea atalean azaltzen den bezala, eraikin bakoitzari lehentasun-indizea ematen zaio, hurrengo irizpide objektibo hauek kontuan hartuta: gauez hori jasaten duten biztanleen kopurua eta biztanle horiei zer mailatan eragiten dien.

Indize honen bitartez zarata-mailarik altuenak jasaten dituzten biztanleak garrantzitsuagoak dira eta zaratarekiko esposizio handiena duten eraikinak goranzko lehentasunean hiru mailatan antolatzen dira. Estrategiari epe luzera aurre egingo zaio eta ondoz ondo barnean Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzen dituzten etxebizitzetan isolamendua zuzentzen joatea du helburu.

Ekintza Planean sartuta dago eraikinen isolamendu akustikoari buruzko plan pilotua. Izan ere, azpiegitura linealen zarataren aurkako borrokaren testuinguruan asmo handiko tresna da, baita Espainian punta-puntakoa ere. Zaratarekiko esposizio handiena duten eraikinetan jarduerak proposatutako metodologiaren egokitasuna ezagutzen utziko du; beharrezkoa izanez gero, etorkizuneko deialdietan egokitzeko.

Bizkaiko errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Planak eta bere neurri zuzentzaileek kontuan hartzen dituzte, batetik, dagoen foru-bideen sarea eta, bestetik, 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa, 2003ko azaroaren 19an indarrean sartu baino lehen tokiko administrazioek hasitako eraikuntza-lizentziekin egin ziren eraikinak.

Erantzuna:

a) Lehentasun-indizea zehazteko baremoa irizpide objektiboetan oinarritzen da; batetik, gauez hori jasaten duten biztanleen kopurua eta, bestetik, biztanle horiei zer mailatan eragiten dien. Izan ere, hala deskribatzen du zehatz-mehatz Ekintza Planak 7.– Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzen diren eremuak identifikatu eta lehentasuna ematea atalean.

Bizkaiko Foru Aldundiaren 5/2020 Foru Dekretuak, urtarrilaren 28koak, xedatutakoaren babesean, gaur egun eraikinak akustikoki isolatzeko plan pilotuan lehentasun-indizerik altuena duten hiru eraikin sartu dira. Nolanahi ere, Foru Dekretu horretan eta Ekintza Planean sartutako eraikinak kontsulta daitezke.

Eraikinen isolamendu akustikorako planak konplexutasun teknikoa du eta inbertsioa garrantzitsua da, beraz, plan pilotuaren emaitzak aztertu behar dira, neurriak gainerako eraikinetara estrapolatu baino lehen. Eraikinen isolamendu akustikorako planean sar daitezkeen eraikinen xehetasunak emaitzak aztertzearen araberakoak izango dira. Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzen diren eraikin batzuetan eragin akustikoa murrizteko orduan, emaitza hobeak lor daitezke eta etengabeko hobekuntza-mekanismoa garatzearen helburua, hain zuzen ere, eraikin horietan gehieneko etekinera iristen dela ziurtatzea da.

b) Noski, Bizkaiko errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Planak kontuan hartzen ditu eraikinak, nahiz eta eraikuntza-lizentziak 2003ko azaroaren 19ko Zaratari buruzko Legea indarrean sartu baino lehen hasi.

c) Lehentasun-indizea kalkulatzeko baremoen irizpidea objektiboa, bakarra eta Bizkaiko Lurralde Historikoko eraikin guztientzat aplikagarria da. Errepide eta udalerriaren arabera bestelako irizpideak kontuan hartuko balitu, objektibotasuna galduko litzateke.

d) Ekintza Planak zarata arintzeko estrategian sarbideak berrantolatzeko, trafikoa desbideratzeko edo soinua xurgatzen duten zoladurak ipintzeko jarduerarik ez du aurrez ikusten.

Las Carreras auzoko zeharbidean uhin berdea ezarri zen eta pasabide-abiadura 50 km/h baino gutxiagora murrizten du. Eraginkortasuna aztertu ondoren, zirkulazio-abiadurak balio horietara iritsi arte murriztu direla egiaztatu da. Ibilgailuek sortzen duten zarataren beste osagai batzuen aldean, errodadurak eragindako zarataren garrantzia nabarmena da abiadura altuetan. 50 km/h-tik beherako abiaduratan, ordea, zoladura berriak aplikatzeak zarataren mailan ez du eragin nabarmenik. Hala eta guztiz ere, azken urteetan BFAk erabili dituen nahasteak (BBTM 11 A eta BBTM 11 B) kontuan hartzen badira, soinua xurgatzen dute eta zoruak berritzeko onetsitako plangintzaren eta aurrekontu-eskuragarritasunaren arabera ipintzen ari dira.

e) Eremuan pantaila akustikoaren proposamena aztertu da, baina instalatzea baztertu da, zarata jasaten duten biztanleengan hori murrizteko eraginkortasun mugatua izateagatik. Eremuko hiri-topografiak eta -plangintzak (etxebizitza sakabanatuak, errepidea baino altuera handiagoan kokatutakoak) pantaila akustikoak izan dezakeen ondorea minimizatzen dute.

f) Eremuan zaratak eragiten duela onartu arren, ezaugarriak Ekintza Planaren irismenetik kanpo gelditzen dira, zarataren indizeak ebaluatzeko, NMPB-Routes-96 (SETRA-CERTU LCPC-CSTB) kalkulu-metodoan oinarritu behar baita, 1513/2005 Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, giroko zarata ebaluatu eta kudeaketaren arloan Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Errege Dekretuak II. eranskinean xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, kalkulu-metodo horrek ibilgailuen trafikoa, hau da, ibilgailuen zirkulazioa aurrez ikusten du.

Santanderko noranzkoan A-8 autobidearen zerbitzugunearen ondoan kamioiek aparkatzea ez da zerbitzuguneaz kanpoko zerbitzua. Are gehiago, beste zerbitzu bat da zerbitzugunearen barruan eta 2/2011 Foru Arauak, azaroaren 24koak, Bizkaiko Errepideei buruzkoak, 17. artikuluan arautzen du.

– 2. alegazioa: Arrankudiagako udala.

23690. sarrera-erregistroa, 2020ko abuztuaren 3koa.

Alegazioaren laburpena:

a) BI-625 errepidean zirkulazioa lasaitzeko neurriak zehaztea eta, horretarako, semaforoak eta oinezkoentzako pasabideak instalatzea, baita abiadura 30 km/h-ra murriztea ere.

b) Bere ustez, AP-68 errepidearen egungo trazadura BI-625 errepidearekiko aldaera gisa konfigura liteke eta BI-625 errepidetik AP-68 errepidera trafikoa desbideratzeko ordainsari sozialaren programa zehaztea proposatzen du.

Erantzuna arrazoitzea:

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren estrategiak zarata arintzeko jarduerak aurrez ikusten ditu eta Ekintza Planean jasotzen dira. Honako hauek dira: fatxadak isolatzea, eremu puntualetan pantaila akustikoak jartzea eta trazaduran jarduerak, hala nola saihesbideak edo trazadura aldatzea. Era berean, gaur egun Bizkaiko Errepideen II. Lurralde Plan Sektoriala garatzen ari da eta trafikoa berrantolatzeko beste neurri batzuk aztertzeari ekingo zaio.

AP-68 autobideari dagokionez, gaur egun Estatuko Administrazioak administrazio-emakida egina du, beraz, edozein jarduera emakida amaitzearen araberakoa da.

Erantzuna:

a) BI-625 errepidea oinarrizko sareari dagokio eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorrean nahiz Bizkaiko Lurralde Historikoko Lurralde Plan Sektorialaren xede den Sarean sartuta dago. Horrez gain, bere tipologiarengatik, 2/2011 Foru Arauak, martxoaren 24koak, Bizkaiko Errepideei buruzkoak, xedatutako funtzionaltasuna du. Ildo horri eutsiz, lehentasunezko interesa duten ardatzetarantz eskualdeen irisgarritasuna errazten du eta lurraldea egituratzen lagundu ere bai.

Trafikoa lasaitzeari buruz, errepide honen EBBI udalerritik pasatzean gutxi gorabehera eguneko 12.000 ibilgailuetakoa da eta horri lotutako funtzionaltasuna kontuan hartuta, bi noranzkoetan abiadura 50 km/h-ra mugatuta dago. Gainera, semaforoek erregulatzen dute.

Ekintza Planak zarata arintzeko estrategian BI-625 errepidean, Arrankudiagatik pasatzean, trafikoa lasaitzeko jarduera osagarririk ez du aurrez ikusten.

b) AP-68 autobideak, Bizkaiko Lurralde Historikoari dagokion tartean, bere titulartasuna berreskuratu du, baina 2026. urtera arte Estatuko Administrazioak AVASAri egindako administrazio-emakida ez da amaituko.

Une horretatik aurrera arrazoizkoa dirudi ordainsari soziala ezartzearen bidez AP-68 autobidea eta BI-625 errepidea kudeatzeko gaitasuna aztertzea, ibilgailu astunen fluxua ibilbide iraunkorragoetara eramateko. Nolanahi ere, gaia idazten ari den Errepideei buruzko II. Lurralde Plan Sektorialean eskea kudeatzeko proposamenetan landuko da.

– 3. alegazioa: Leioako udala.

24512. sarrera-erregistroa, 2020ko irailaren 9koa.

Alegazioaren laburpena:

a) Ekintza Planak justifikazio handiagoa izan beharko luke, bai idatziz, baita grafikoki ere, eta egungo nahiz etorkizuneko egoerak alderatu beharko lirateke.

b) Ekintza Planak ez du arrazoitzen 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa, indarrean sartu ondoren egindako eraikinak ez sartzea. Arrazoizkoagoa dirudi abiapuntutzat hartzea 1367/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoen inguruan Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena.

c) Kalitate Akustikoaren Helburuak ez betetzea ezin daiteke data zehatzaren ikuspegitik aztertu, afekzio akustikoa denboran zehar trafikoaren intentsitate eta abiaduraren baitan aldatzen baita.

d) Leioako zer eraikinetan Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzen diren argitzeko eta Ekintza Planean sartutakoak zehazteko dokumentazio grafikorik ez dago.

e) Ekintza Planak «gauez KAHak baino maila altuagoak jasaten dituzten biztanleak» aldagaia erabili du «lehentasun-indizea» kalkulatzeko, baina, lan-arrazoiak edo bestelakoak direla eta, gauez lo egiteko ohiturarik ez duten biztanleak ez ditu kontuan hartu. Halaber, diskriminaziozkoa da lan- eta hezkuntza-jarduera egunez garatzen duten pertsonentzat, Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzen badira.

f) Ekintza Planeko fatxaden isolamenduan sartu beharko litzateke La Avanzada errepidearen ondoko Musika Kontserbatorioa + Txomin Arsti ikastetxea + Altzoan Haurreskola + Euskaltegia hezkuntza- eta kultura-gunea.

g) Eraikinen isolamendu akustikotik kanpo, zarata arintzeko beste konponbide akustiko batzuekin ez jardutea ez da arrazoitzen. La Avanzada errepideko tunel-lubakiko segurtasun- eta -ingurumen baldintzak hobetzeko, Sailak berak egindako egikaritze-proiektua gogorarazi du. Horren arabera, Leioako beste eremu batzuk ez dira onuradun izango eta Ekintza Planean sartu beharko lirateke.

h) Bere iritziz pantaila akustikoek ingurune hiritartuan (kanpoko ingurunean) onura akustikoak dituzte, nahiz eta batzuetan ez diren erabatekoak eraikitakoan (barneko ingurunea) eta, horregatik, ez litzateke pantailak jartzea baztertu behar. Ildo horri eutsiz, Santimamiren bitartez Bilborako sarbideetan instalatutako pantailak ekarri ditu gogora. Nolanahi ere, Ekintza Planean deskribatutakoez gain, formak eta materialek soinua gutxitzen laguntzen dute.

i) Ekintza Planak «jarduerak trazaduran» atalean «La Herrera (BI-636) – Malabrigo (BI-630) konexio-azpiegitura berriaren proiektua» aipatzen du, baina ikuspegi akustikotik jarduera horrek beste batzuen aldean (hala nola La Avanzada errepidearekiko saihesbidea eraikitzea) lehentasuna izatea ez da nahikoa justifikatzen.

j) Bere ustez Ekintza Planak zarata murrizteko beste neurri-mota batzuk sartu beharko lituzke, besteak beste, abiadura gutxitzea eta soinua xurgatzen duten zoladurak instalatzea. Artatza eta Udondo artean La Avanzada errepidean abiadura 60 km/h-ra murrizteko eskatzen du.

k) Ekintza Planak ekonomikoki jarduera guztiak zenbatetsi beharko lituzke, esklusiboki hobekuntza akustikoa helburutzat ez dutenak barne; esaterako, trazadurak hobetzea edo saihesbideak egitea.

Erantzuna arrazoitzea:

Bizkaiko errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Planaren edukia 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, EAEko Kutsadura Akustikoari buruzkoak, xedatutakoarekin bat etorriz idatzi da.

Zaratari buruzko mapa estrategikoak, ekintza-planak eta modu jarraituan zaratari buruzko planak, Estatuko eta Erkidegoko araudiek xedatutakoak, idazteko orduan, Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/49/EB Zuzentarauak, 2002ko ekainaren 25ekoak, giroko zarata ebaluatu eta kudeatzeari buruzkoak, 7.2 artikuluan xedatutako epeak betetzen dira.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren estrategiak zarata arintzeko jarduerak aurrez ikusten ditu eta Ekintza Planean jasotzen dira. Horiek nagusiki hurrengo hauei erreparatzen diete: eraikinen fatxadak isolatzeari, eraginkorrak diren eremuetan pantaila akustikoak jartzeari eta trazaduran jarduerak gauzatzeari, hala nola saihesbideak edo trazadura aldatzea.

Horien artean, Ekintza Plana bizitegi-eraikinetan fatxaden isolamendu akustikoan oinarritzen da, fatxadan gauez 65 dB(A) gaindituz gero. Ekintza Planean 7.– Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzen diren eremuak identifikatu eta lehentasuna ematea atalean azaltzen den bezala, eraikin bakoitzari lehentasun-indizea ematen zaio, hurrengo irizpide objektibo hauek kontuan hartuta: gauez hori jasaten duten biztanleen kopurua eta biztanle horiei zer mailatan eragiten dien. Indize honen bitartez zarata-mailarik altuenak jasaten dituzten biztanleak garrantzitsuagoak dira eta zaratarekiko esposizio handiena duten eraikinak goranzko lehentasunean hiru mailatan antolatzen dira. Estrategiari epe luzera aurre egingo zaio eta, bizitegi-eraikinetatik hasita, ondoz ondo barnean Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzen dituzten eraikinetan isolamendua zuzentzen joatea du helburu. Ildo horri jarraiki, jakinarazten da aurten Ekintza Planak Leioako Iturribide kaleko 17. zenbakia duen eraikinean eta Barakaldoko bi eraikinetan jardun duela.

Ekintza Planean sartuta dago eraikinen isolamendu akustikoari buruzko plan pilotua. Izan ere, azpiegitura linealen zarataren aurkako borrokaren testuinguruan asmo handiko tresna da, baita Espainian punta-puntakoa ere. Zaratarekiko esposizio handiena duten eraikinetan jarduerak proposatutako metodologiaren egokitasuna ezagutzen utziko du; beharrezkoa izanez gero, etorkizuneko deialdietan egokitzeko.

213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, EAEko Kutsadura Akustikoari buruzkoak, I. tituluko II. kapituluan xedatutakoaren arabera, Ekintza Planak eta bere neurri zuzentzaileek dagoen foruko bideen sarea eta egindako eraikinak kontuan hartzen dituzte. Bigarren kasuan 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa, 2003ko azaroaren 19an indarrean sartu baino lehen tokiko administrazioak hasitako eraikuntza-lizentzietan oinarritzen da. Hala, jotzat ematen da tokiko administrazioek eraikuntzei buruz 20. artikuluan dauden zehaztapenak aplikatzeko eskumen osoa dutela.

Erantzuna:

a) Ekintza Planaren edukiak 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, EAEko Kutsadura Akustikoari buruzkoak, II. kapituluan ekintza planen inguruan xedatutako baldintzak betetzen ditu.

Ekintza Planak 8.2 atalean, grafikoki eta deskribatuta, jarduerak aurrez ikusten diren guneen egungo egoera eta hartu nahi diren neurriak aurkezten ditu. Era berean, etorkizuneko egoerarako neurrien helburua adierazten da, hain zen ere, isolamendu akustikoaren neurrietarako barneko ingurunean Kalitate Akustikoaren Helburuak betetzea eta gainerako neurrietarako kanpoko ingurunean Kalitate Akustikoaren Helburuak betetzea.

b) Ekintza Planak eta bere neurri zuzentzaileek kontuan hartzen dituzte, batetik, dagoen foruko errepideen sarea eta, bestetik, 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa, indarrean sartu baino lehen (2003ko azaroaren 19a) tokiko administrazioek hasitako eraikuntza-lizentzietan oinarrituta egindako eraikinak. Nahiz eta gune akustikoetan aplikatzeko Kalitate Akustikoaren Helburuak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea zonakatze akustikoei, kalitate helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez garatzeko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren bidez 2007. urtera arte ez ziren zehaztu, jurisprudentziari erreparatuz gero, udalek, hirigintza-plangintzan eskumenak izateaz gain, eskudunak ziren ingurumena eta osasungarritasun publikoa babesteko. Beraz, 2003-2007 epealdian Kalitate Akustikoaren Helburuak ez egon arren, tokiko administrazioek azpiegituraren kudeatzaileari informazio akustikoa eskatzeko aukera zuten edo eraikinen sustatzaileari higiezinen kalitate akustikoa bermatze aldera neurri zuzentzaileak ezartzeko gaitasuna zuten.

c) Erantzuna arrazoitzeko atalean adierazten den bezala, zarata-mapek eta ekintza-planek data zehatzari egin behar diote aipamena eta, noski, araudi akustikoak zehazten duen aldizkakotasunez eguneratzen dira. Ingurunearen egoera akustikoa aldakorra da eta bideetan zehar zirkulatzen duen berezko trafikoaren bilakaeraz gain, honako hauek ere eragiten dute: tokiko administrazioen eskumeneko hirigintza-garapenak eta garapen berriko azpiegiturek.

Garapen berrien bi azken kasu hauetarako, ingurumen araudiak, baita akustikoak ere, eragin akustikoari buruzko azterlanak egiteko eskatzen dute. Helburua etorkizuneko proiektuen eragina balioztatzea da, beraz, zerbitzuan jartzen direnean izango duten eragin akustikoa kalkulatzen da, baina 20 urtera izango dutena ere bai, eragin akustikoa aztertzetik sortzen diren neurri zuzentzaileen eraginkortasunak denboran irauteko.

d) Eraikinen isolamendu akustikorako planak konplexutasun teknikoa du eta inbertsioa garrantzitsua da, beraz, plan pilotuaren emaitzak aztertu behar dira, neurriak gainerako eraikinetara estrapolatu baino lehen. Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzen diren eraikin batzuetan eragin akustikoa murrizteko orduan, emaitza hobeak lor daitezke eta etengabeko hobekuntza-mekanismoa garatzearen helburua, hain zuzen ere, eraikin horietan gehieneko etekinera iristen dela ziurtatzea da. Plan pilotuko emaitzen eta izan daitezkeen hobekuntzen arabera, eraikinak sartuko dira, baina lehentasuna, egungo egoeraren bilakaera eta esperotako emaitza kontuan hartuta, erantzun hoberenak bermatzen dituztenak izango dira.

Jakinarazten da aurten Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak foru-errepideek sortzen duten zarataren ondorioz eragindako 3 etxebizitza-eraikin akustikoki isolatzeko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi dituela (2020ko otsailaren 6ko BAO) eta horien artean dagoela Leioan Iturribide kaleko 17. zenbakia duen eraikina, Barakaldoko beste bi eraikinez gain.

e) Zarataren mapak kalkulatzeko araudi akustikoak ezartzen dituen hiru ordu-tarteetatik (egunez 07:00etatik 19:00etara; arratsaldez 19:00etatik 23:00etara eta gauez 23:00etatik 07:00etara) gaueko tartea aukeratu da, biztanle gehienek atsedena tarte horretan hartzen baitute eta OMEren zehaztapenekin bat, tarte horretan erosotasun akustikoa bermatzea garrantzitsuagoa baita. Zaila edo ezinezkoa da trafikoaren zarata jasaten duen etxebizitza bakoitzeko pertsona bakoitzaren loaldiko ohiturak ezagutzea eta ezagutu arren, lehentasun-indizea hobetzen ez luke lagunduko.

f) Zarata arintzeko estrategia, hasieran bizitegi-eraikinetara bideratuta dago, lehentasunezkotzat jotzen baita biztanleei atsedenaldi egokia bermatzea eta, hala badagokio, beren etxebizitzen erabilera sentiberetan (logelak eta egongelak) isolamendu akustikoa hobetzea.

Bizkaiko foru-errepideen zarataren ondorioz eragindako bizitegi-etxebizitzen barrualdean Kalitate Akustikoaren Helburuak betetzen direla bermatzen denean, hasiko da beste eraikin-mota batzuetan, hala nola kultura- eta osasun-eraikinetan, jarduten.

g) Foruko errepideen zarata Leioa guztian arestian aipatutakoaren arabera balioetsi da. Ukitutako Leioako biztanle gehienak La Avanzada (BI-637) errepidearen inguruan kontzentratzen dira eta dagoeneko jardun da, Iturribide kaleko 17. zenbakia duen eraikinean isolamendu-neurriak hartu direlako.

Jakinarazten dizut Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak duela gutxi «BI-637 errepidean La Avanzadako tunela egokitzeko eraikuntza-proiektua» idaztea adjudikatu duela eta, beraz, eragin akustikoari buruzko azterlanak horrek Leioako biztanleei sortuko dien zarata hobetzea ebaluatuko duela.

h) Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak lehentasuna ematen dio pantaila akustikoak jartzeari, onurak hala gomendatzen duenean. Onura ebaluatzeko Konponbidearen Proportzionaltasun Ekonomikoaren Indizea (KPEI) erabiltzen da. Horren bidez pantailen eraginkortasuna kalkulatzen da aztertutako konponbideak duen kostuaren aldean, hobetzea lortzen duen biztanle kopuruari erreparatuz. Indize horrek pantailak ez jartzea aholkatzen duenean, eraikinetan isolamendu akustikoa hobetzera jotzen da.

i) Erantzunaren arrazoietan oinarrituta, «La Herrera (BI-636)-Malabrigo (BI-630) konexioari dagokion azpiegitura berriaren» proiektua eraikuntza berriko proiektu- eta obra-jardueratan kokatzen da eta Bizkaiko lurralde-kohesio handiagoa hobetzea du helburu. Helburu horrek helburu akustiko hutsa gainditzen duenez, Ekintza Planean ez zaio lehentasunik ematen eta ekonomikoki ez da zenbatesten.

Proiektatutako azpiegitura neurri zuzentzaile akustikoekin gauzatzen denean, azpiegituren foru-sarean txertatuko da eta Ekintza Plan egokietan balioetsiko da.

j) La Avanzada errepidea oinarrizko sareari dagokio eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorrean nahiz Bizkaiko Lurralde Historikoko Lurralde Plan Sektorialaren xede den Sarean sartuta dago. Horrez gain, bere tipologiarengatik, 2/2011 Foru Arauak, martxoaren 24koak, Bizkaiko Errepideei buruzkoak, xedatutako funtzionaltasuna du. Ildo horri eutsiz, Metropoliaren eremuan Metropoli Guneko eremu orbital eta anularren arteko fluxuak bideratzen ditu, bai bideko garraio publikoarena, baita garraio pribatuarena ere, sarea kudeatzeko goi-edukierako ibilbide-sarearen euskarri izateaz gain.

Errepidean EBBI gutxi gorabehera 115.000 ibil./egun da eta behin eta berriz sortzen dira auto-ilarak, hortaz, ia ezinezkoa da trafikoa lasaitzeko neurriak aplikatzea. Arazoa konpontzeko ibilgailuz arindu behar da eta, horretarako, sarea edo antzekoa ezinbestekoa da. Orain Berrikuntzarako eta Bideen Kudeaketarako Zuzendaritza Bizkaiko Errepideen II. Lurralde Plan Sektoriala idazten ari da eta aztertzeari ekingo zaio.

Lekuederretik pasatzean errodadura-geruza ordezkatzeko jarduera Leioako Udalarekin adostu zen, Bilborantz tunelaren eta udalerriko mugaren arteko jarduera bezala. Bietan zoladura-mota bera aurrez ikusten da, beraz, eskaerari (soinua xurgatzen duen errodadura-geruza) erantzungo zaiolakoan gaude.

Sailak zarata arintzeko Ekintza Planean sartutako jarduerek abiadura gutxitzeko eta soinua xurgatzen duten zoladurak instalatzeko neurri osagarririk ez du aurrez ikusten.

k) Trazadura berriaren obrak eta dagoen sarearen berrikuntzak, erantzunaren arrazoiekin bat, ez dira ekonomikoki zenbatetsi behar eta, are gutxiago, beste batzuen aldean jardueren baremo edo lehentasun gisa erabili.

– 4. alegazioa: Leioa se mueve/Leioa Martxan auzo-plataforma.

22928. sarrera-erregistroa, 2020ko uztailaren 10ekoa.

Alegazioaren laburpena.

a) «BI-637 errepidean La Avanzadako tunela egokitzeko» eraikuntza-proiektuaren proposamenarekin ez daude ados, ingurumen- eta zarata-eragina egungo ahoen muturretarantz 90 m eramaten baitu.

b) Leioatik pasatzean BI-637 errepidean eguneko batez besteko intentsitateak kontuan hartu behar dira, 2018ko zarataren mapek informazio hori zehatz-mehatz jasotzen ez dutelakoan baitaude.

c) Suhiltzaileen inguruan (BI-637) erreiak berrantolatzeko obrak egin dira duela gutxi eta eragin akustikoa areagotu dute.

d) BI-637 errepideak Leioako biztanleei sortzen dizkien eraginak arintzeko neurri guztiak gauzatu behar dira.

Erantzuna arrazoitzea:

Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/49/EB Zuzentarauak, 2002ko ekainaren 25ekoak, giroko zarata ebaluatu eta kudeatzeari buruzkoak, 7.2 artikuluan xedatutako epeak betetzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak bere errepide-sarearen zaratari buruzko mapa estrategikoak aurkeztu zituen hirugarren fasean 2017. urtean eta egiteko datu eskuragarri berrienez (2016) baliatu zen.

Zaratari buruzko mapa estrategikoak onetsitakoan, Ekintza Planak zaratari buruzko mapa estrategiko horietan lortutako emaitzetan oinarritu behar du, hirugarren faseko zaratari buruzko mapa estrategikoei eta zarataren aurkako ekintza-planei lotutako datuak emateko argibideen dokumentuak adierazten duen bezala.

Bestalde, egun foru titulartasuneko errepideen zarata-mapei dagokienean, Ekintza Plana 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, EAEko Kutsadura Akustikoari buruzkoak, I. tituluko II. kapituluan zehaztutako arauen barruan kokatzen da eta egoera akustiko finkatuak aipatzen ditu, obra berriak edo dagoen foru sareko berrikuntzak balioztatu gabe.

Erantzuna:

a) «BI-637 errepidean La Avanzadako tunela egokitzearen» bidez Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak aurrez ikusten duen jarduera ez dago Ekintza Planean deskribatuta, eraikuntza-proiektu bereziaren bitartez garatuko baita. Ingurumen- eta zarata-eragina, baita neurri zuzentzaileen ondorea ere, eraikuntza-proiektuan aztertuko da. Biztanleengan obra honen eta Sailak BLHan egiten dituen bestelakoen ondorio akustikoak beren ekintza-planetan aztertuko dira.

b) Erantzuna arrazoitzean azaldutakoaren babesean, Ekintza Planean proposatutako neurriak zaratari buruzko mapa estrategikoen emaitzetatik abiatuta lortu dira (2017an onetsi zen hirugarren fasea). Trafikoaren fluxuetan egungo aldaketak hurrengo zaratari buruzko mapa estrategikoetan islatuko dira, garatzean informazio eskuragarri berrienarekin egingo baitira eta emaitzak hurrengo ekintza-planaren oinarri modura erabiliko dira, kutsadura akustikoaren arloan neurri zuzentzaileak eta prebentzio- nahiz babes-neurriak hartzeko.

c) BI-637 errepidean, Lekueder ingurunean, erreiak berrantolatzeko obrari buruz Ingurumena Iraunarazteko Atalak eskatutako azterlan akustikoaren arabera, hasierako egoerarekin erkatuz gero, soinu-presioaren mailak ez dira gehitu.

d) Leioatik pasatzean BI-637 errepidearen eragin akustikoa Bizkaiko Errepideen Soinu Kalitatea Hobetzeko Ekintza Planean balioetsi da. Gaur egun bizitegi-eraikinetan isolamendua hobetzeko laguntza ekonomikoei buruzko programaren bidez jarduten ari da Bizkaiko hiru eraikinetan, lehentasunezkoak baitira, eta bat Leioako Iturribide kaleko 17. zenbakia duen eraikina da.

Bestalde, Leioatik pasatzean BI-637 errepidearen aztarna akustikoa nabarmenki hobetuko da, «BI-637 errepidean La Avanzadako tunela egokitzeko eraikuntza-proiektua» egikaritu eta Lamiakoko ibai azpiko bidea zerbitzuan jartzearen bitartez sarea hobetzen denean.

– 5. alegazioa: Lemoako udala.

24299. sarrera-erregistroa, 2020ko abuztuaren 19koa.

Alegazioaren laburpena:

Potzueta auzoko 2., 3. eta 5. zenbakietan eta Intzuntza auzoko 11. zenbakian dauden eraikinak Ekintza Planean sartzeko eskatzen du. Nolanahi ere, Zaratari buruzko 37/2003 Legea indarrean sartu ondorengoak dira, baina obra-lizentziak eta urbanizazio-proiektuen onespenak 1637/2007 Errege Dekretua indarrean sartu baino lehenagokoak dira eta, beraz, 1637/2007 Dekretua, urriaren 19koa, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena, indarrean sartu arte Kalitate Akustikoaren Helburuak ezezagunak ziren.

Erantzuna arrazoitzea:

37/2003 Legeak, azaroaren 17koak, Kutsadurari buruzkoak, eraikuntzen inguruan 20. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalek nahitaez gune akustiko bakoitzeko Kalitate Akustikoaren Helburuei erreparatu behar dizkiete lurzorua sailkatzeko orduan. Beraz, gutxienez garraio-azpiegiturekiko mugakideak diren eremuetan, f motako gune akustikoak mugatu beharko dituzte. Beren eskumenen esparruan, horiekiko gune mugakideak bizitegi- edo osasun-, hezkuntza- ala kultura-erabilerarako eremu gisa mugatu arren, horiei lotutako Kalitate Akustikoaren Helburuek muga handiagoak dituztela kontuan hartu beharko dute.

2003ko azaroaren 19an legea indarrean sartu zenetik, bizitegirako, ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabileretarako eraikinak egiteko lizentzia berriak ematea debekatuta dago, neurtu edo kalkulatutako immisio-indizeek Kalitate Akustikoaren Helburu aplikagarriak betetzen ez badituzte, babes akustiko bereziko eremuetan eta egoera akustiko bereziko eremuetan izan ezik.

Jurisprudentziari jarraiki, nahiz eta 2007ko urriaren 24ra arte Kalitate Akustikoaren Helburu aplikagarririk ez egon, udalek azpiegituraren kudeatzaileari informazio akustikoa eskatu behar zioten eta eraikinaren sustatzaileari kalitate akustikoa bermatzeko neurri zuzentzaileak jarri behar zizkioten.

Erantzuna:

Erantzunaren arrazoietan funtsatuta, Bizkaiko errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Planak eta bere neurri zuzentzaileek kontuan hartzen dituzte, batetik, dagoen foru-bideen sarea eta, bestetik, 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa, indarrean sartu baino lehen tokiko administrazioek hasitako eraikuntza-lizentziekin egin ziren eraikinak.

Ondorioz, Potzueta auzoko 2., 3. eta 5. zenbakietan eta Intzuntza auzoko 11. zenbakian dauden eraikinei dagokienez, Ekintza Planean sartuko dira, betiere eraikuntza-lizentziak 2003ko azaroaren 19a baino lehen hasi zirela egiaztatzeko dokumentazioa aurkezten bada.

– 6. alegazioa: Ortuellako udala.

G05202000024442E sarrera-erregistroa, 2020ko irailaren 4koa.

Alegazioaren laburpena:

N-634 errepidearen hiri-zeharbidean abiadura 30 km/h-ra eta gainerakoan 50 km/h-ra murriztea proposatzen du, baita zoladura hobetzea, semaforoen bitartez erregulatzea eta abiadura-kontrolaren seinaleak jartzea ere.

Erantzuna arrazoitzea:

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren estrategiak zarata arintzeko jarduerak aurrez ikusten ditu eta Ekintza Planean jasotzen dira. Honako hauek dira: fatxadak isolatzea; eremu puntualetan, eraginkorrak direla frogatzen bada, pantaila akustikoak jartzea; eta trazaduran jarduerak, hala nola saihesbideak edo trazadura aldatzea. Zoladura hobetzeko, BFAk onetsitako zoruen berritze-plangintzari eta aurrekontua izateari erreparatu behar zaie.

Erantzuna:

Ballontiko ardatza, Nocedal – Balparda tartean, eraiki zenean, N-634 errepideko zeharbidea pasatzen zen trafikoez arindu zen eta, harrezkero, modu osagarrian, hiri-ingurunea urbanizatzeko inbertsio handiak egin dira. Gainera, semaforo osagarriak eta uhin berdea ipintzeko proposamenak gauzatu dira.

Horregatik, ez dago eragozpenik Ortuellako Udalak bide-tarte horren titulartasuna (Trapagaranekin duen mugatik Nocedaleko loturaraino) onartzeko eskaera egin dezan, bere alegazioan adierazten dituen lasaitze-neurriak egin ahal izango baititu.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren estrategian oinarrituz gero, N-634 errepidean trafikoa lasaitzeko jarduerarik ez da aurrez ikusten. Errepidean zoladura hobetzeari dagokionez, betiere errepideak foru-titulartasunekoa izaten jarraitzen badu, aurrekontu eskuragarriaren eta BFAk onetsitako zoruen berrikuntza-plangintzaren arabera gauzatuko da. Xede horrez, BBTM 11 A eta BBTM 11 B nahaste bituminosoak erabiliko dira, azken urteetan egindakoarekin bat. Izan ere, horiek soinua xurgatzeko ezaugarriak dituzte.

– 7. alegazioa: Ugao-Miraballesko udala.

24295. sarrera-erregistroa, 2020ko abuztuaren 18koa.

Alegazioaren laburpena:

Ugao-Miraballesko HAPOa ikuskatu zenean, azterlan akustikoaren esanetan, udalerriko zarata-foku igorleen artean daude AP-68, N-625 errepideak eta ADIFen trenbidea.

HAPOari buruzko izapideak amaitzen direnean, Ekintza Planak onetsiko dira eta Eragin Akustikoari buruzko Azterlaneko zehaztapenak kontuan hartuko dituzte.

Foku igorleen artean BI-625 errepidea azpimarratzen da. Nolanahi ere, hori Usila auzotik pasatzen denean, hiri-zeharbide bihurtzen da. Ekintza Planaren eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren aurreikuspenak zarataren eremuan antzekoak izan beharko litzateke eta bat egin beharko lukete.

Erantzuna arrazoitzea:

1367/2007 Errege Dekretuak, urriaren 19koak, Zaratari buruzko Legea garatzen duenak, 10.1 artikuluan xedatutakoari eutsiz, ekintza planek eta bere neurri zuzentzaileek dauden gune urbanizatuei erreparatzen diete eta Errege Dekretu berak 2.b) artikuluan definitzen ditu. Bizkaiko errepideetako soinu-kalitatea hobetzeko 2020-2025 epealdirako Ekintza Planak eta bere neurri zuzentzaileek kontuan hartzen dute dagoen foru-bideen sarea, 2003an zaratari buruzko legea indarrean sartu baino lehen hasitako lizentziekin egin diren eraikinekin bat.

37/2003 Legea, 2003ko azaroaren 19an indarrean sartu zenetik, udalek nahitaez gune akustiko bakoitzerako Kalitate Akustikoaren Helburuak kontuan hartu behar dituzte lurzorua sailkatzeko orduan. Beraz, gutxienez garraio-azpiegiturekiko mugakideak diren eremuetan, f motako gune akustikoak mugatu beharko dituzte eta horiekiko gune mugakideetan bizitegi- edo osasun-, hezkuntza- ala kultura-erabilerarako eremuak sustatzen badira, horiei lotutako Kalitate Akustikoaren Helburuek muga handiagoak dituztela kontuan hartu beharko da.

Gune berrietarako Kalitate Akustikoaren Helburu aplikagarriak betetzen ez badira, tokiko administrazioek Base Akustiko Bereziko Eremuak eta, bidezkoa bada, Egoera Akustiko Bereziko Eremuak izendatu beharko dituzte.

Tokiko administrazioak Babes Akustiko Bereziko Eremuan lizentzia bat ematen badu, Kalitate Akustikoaren Helburuak bermatzeko neurri zuzentzaileak udalak proposatu eta onetsitako Zona Planean jasoko dira eta eremua garatzen duen sustatzaileak gauzatu beharko ditu. Era berean, 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, EAEko Kutsadura Akustikoari buruzkoak, 30.3 artikuluan xedatutakoaren babesean, hirigintza-plangintzak foru-sareko Zortasun Akustikoaren Eremuetan eragiten duenean, udalak Sail honi eragin akustikoari buruzko azterlana bidali beharko ditu, nahitaezko txostena egin dezan.

AP-68 autobiderako aurrez ikusitako jarduerei dagokienez, Bizkaiko Lurralde Historikotik doan AP-68 autobidearen tartea Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasuneko izatera pasa zen 2020ko urtarrilaren 1ean.

Ekintza Planak zaratari buruzko mapa estrategikoetan lortutako emaitzetan oinarritu behar du, hirugarren faseko zaratari buruzko mapa estrategikoei eta zarataren aurkako ekintza-planei lotutako datuak emateko argibideen dokumentuak adierazten duen bezala. Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/49/EB Zuzentarauak, 2002ko ekainaren 25ekoak, giroko zarata ebaluatu eta kudeatzeari buruzkoak, 7.2 artikuluan xedatutako epeak betetzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak bere errepide-sarearen zaratari buruzko mapa estrategikoak aurkeztu zituen hirugarren fasean 2017. urtean.

AP-68 autobideari dagokionez, Zaratari buruzko Mapa Estrategikoak eta horiei lotutako Ekintza Plana Bizkaiko Lurralde Historikotik doan AP-68 autobidearen tartea laga baino lehen onetsi ziren eta, ondorioz, errepide honetako jarduerak ezin dira Ekintza Planean sartu.

Bi administrazioen zona-planen arteko koordinazioari dagokionez, 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, EAEko Kutsadura Akustikoari buruzkoak, 48. artikuluan azaldutakoaren arabera, tokiko administrazioek eremuan eragiten duten zarata-foku igorleen pertsona eta erakunde titularrei kontsultatu beharko diete eta informazio hori ezinbestez kontuan hartuko dute beren zona-planean sartu behar diren neurri zuzentzaileak diseinatzean.

Erantzuna:

Erantzuna arrazoitzeko azaldutakoan oinarrituta, Ekintza Planak esklusiboki foru errepideetako zarata-neurri zuzentzaileei erreparatzen die, zaratari buruzko mapa estrategikoak onetsi baino lehen (2017) titulartasuna berea bazen. Halaber, zaratari buruzko legea indarrean sartu aurreko eraikuntza-lizentziak dituzten eraikinak kontuan hartzen ditu. Horregatik, AP-68 autobidea ez da Ekintza Planean sartu.

Ekintza-planak koordinatzeari dagokionez, Sail honek hiri-zeharbideetan jarduera eraikinen isolamendu akustikorako dirulaguntzen programa erabiliz planteatzen du. Xede horrez, lehentasun-indizea hartzen da aintzat, Ekintza Planean adierazten den bezala. Aurten Leioako eraikin batean eta Barakaldoko bitan proiektu pilotua gauzatu da. Nolanahi ere, zure udalerrian ikuskatzen ari den HAPOa aldatzetik ateratzen den zona-planak Sail honen nahitaezko txostena izango du dagokion izapidearen barruan.


Azterketa dokumentala