Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2020ko abenduaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5408

AGINDUA, 2020ko abenduaren 2koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita euskal turismo-sektorearentzako COVID-19 laguntzak arautzen eta iragartzen dituen agindua, aurrekontu-kreditua handitzeko.

Lehenengoa.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez, euskal turismo-sektorearentzako COVID-19 laguntzak arautu eta iragarri ziren (2020ko maiatzaren 26ko EHAA; 101. zk.).

Bigarrena.– Agindu honen helburua da: euskal turismo-sektoreari laguntzeko eta babes ekonomikoa zuzenean emateko oinarriak ezartzea, batik bat norberaren konturako langileei edo autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei emateko, COVID-19aren inpaktua murriztearren eta turismo-jarduera lehenbailehen berpizteari bide emate aldera.

Deialdi horren helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 7.500.000,00 eurokoak dira, 2020ko ekitaldirako. Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren ondorio ekonomikoei aurre egiteko gaitutako aparteko funtsetakoa da diru hori.

Hirugarrena.– Deialdi horretara, 6.300 eskabide aurkeztu dira, eta 2.618 izan dira onuradun. Aurrekontu-partida agortu denez, gainerako eskabideak ezin izan dira onartu.

Kontuan hartzen badugu dirulaguntza barik geratu diren espediente horiek COVID-19aren ondorioz kaltetuen izan diren sektoreetako batenak izan direla, egoki iritzi zaio aurrekontu-kreditua 7.500.000 euro gehiago handitzeari, aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko xedez.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bigarren artikulua aldatzea Euskal turismo-sektorearentzako COVID-19 laguntzak arautzen eta iragartzen dituen Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko maiatzaren 19ko Aginduan, eta honela idaztea:

«2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan adierazitako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 15.000.000,00 eurokoak izango dira.»

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 2a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala