Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2020ko abenduaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5387

EBAZPENA, 2020ko urriaren 27koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Dimo Zinc Níquel SLUk metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko sustatutako instalazio-proiekturako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena (Paduleta kalea 29, Jundiz industrialdea, 01015 Vitoria-Gasteiz, Araba).

AURREKARIAK

2020ko irailaren 17an, Dimo Zinc Níquel SLUk ingurumen-baimen integratuaren eskabidea osatu zuen, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba) pieza metalikoak tratatzeko eta estaltzeko instalazio-proiekturako, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ostean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, ingurumen-baimen integratuaren funtsezko aldaketa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko.

– Laburpen ez-teknikoa.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko otsailaren 6ko Ebazpenaren bidez erabaki zen Dimo Zinc Níquel SLUk sustatutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2020ko otsailaren 26an. Jendaurrean jartzeko izapidea amaiturik, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien, 2020ko martxoaren 10ean, Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailari, Ihoberi, eta Ekologistak Martxan erakundeari; 2020ko martxoaren 12an, Eguzkizaleak Aisialdi Elkarteari; eta 2020ko apirilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eta Arabako Foru Aldundiari, espedientean ageri den emaitzarekin.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatuta dagoena aplikatzeko, 2020ko uztailaren 13an, Ingurumen Sailburuordetzak sustatzaileari igorri zion jendaurrean jartzeko izapidearen eta administrazio ukituei eta pertsona interesdunei kontsultatzeko izapidearen emaitza.

2020ko uztailaren 13an, sustatzaileak informazio gehigarria aurkeztu zuen, inplikatutako administrazio publikoei eta interesdunei eskainitako entzunaldi-izapidean jasotako txostenen edukia ikusita. Era berean, irailaren 17an, sustatzaileak dokumentazio gehigarria aurkeztu zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluak xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.

Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa aplikatuz, Dimo Zinc-Níquel SLU enpresaren metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko instalazio berriaren proiektuak (Jundizko industrialdean) ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du, I. eranskinean baitago jasota, 4. f) multzoan: metalen eta material plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 metro kubiko baino gehiagokoa baldin bada.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak, organo substantiboa denez, Dimo Zinc-Níquel SLU enpresaren metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko instalazio berriaren proiektuaren (Jundizko industrialdean) ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazio-prozedura egiteko beharrezkoa dena xedatu du, espedienteari ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehituz, kontsulta publikoak eginez eta inplikatutako administrazio publikoek eta pertsona interesdunek prozeduran parte hartuz.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatzen baititu; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dimo Zinc-Níquel SLU enpresaren metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko instalazio berriaren proiektuari (Jundizko industrialdean) dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea.

Jarduera hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean dago jasota, 4.f) multzoan.

Metalen eta plastikoen gainazala prozesu elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 metro kubiko baino gehiago baldin bada.

Dimo Zinc Níquel SLUk sustatutako jarduera Jundizko industrialdean kokatuko da, Gasteizen. Lurzatiak 7.815 m2-ko azalera du eta dagoeneko eraikita dagoen industria-pabiloi bat du, 1.733 m2-koa; hartan daude bulegoak, aldagelak eta pabiloi nagusia, eta ekoizpen-eremua (dunbal-lerroaren instalazioa, lerroaren instalazioa 1. eta 2. bastidore estatikoetan, biltegiak eta araztegia).

Ekoizpen-instalazio berriari dagokionez, zenbait obra egingo dira: pabiloia handituko da 450 m2 ingurutan; lehendik dagoenaren barnealdea egokituko da; eta zerbitzu-sareekiko harguneak eta konexioak egingo dira (hornidura, saneamendua, elektrizitatea eta gasa). Era berean, pabiloiari erantsita dagoen hormigoi armatuzko egitura bat eraitsiko da eta lurzatia urbanizatuko da.

Instalazioaren jarduera nagusia metalezko piezak tratatzea eta horiek Zn-Ni estaldura elektrolitikoarekin estaltzea da. Etenik gabe diharduten hiru produkzio-lerro daude. Guztira 3 lanaldi egiten dira, eta txanda bakoitzean 1.735 ordu egiten dira urtean:

– Zn-Ni dunbal-lerroa: tamaina txikiko piezetarako, hala nola torloju, banda eta abarretarako. Lerroak 190 m2-ko azalera du eta 3 tratamendu-upel ditu (zink-nikel bainua), guztira 19,90 m3-ko bolumena hartzen dutenak; horrez gain, 6,69 m3-ko disoluzio-upel bat du, eta piezak prestatzeko eta garbitzeko 20 upel. Karga bat egiten da 8 minutuz behin, eta produkzio-ahalmena 750 kg/h edo 3.903.750 kg-koa da urtean.

– I. eta II. estatikoetako Zn-Ni lerroa: soltean tratatu ezin diren pieza handi eta ertainentzat, horiek guztiak bastidoreetan zintzilik jarrita. Lerroek 125 m2 (I. estatikoa) eta 160 m2 (II. estatikoa) hartzen dituzte. Lerro bakoitzak 2 tratamendu-upel ditu (zink-nikel bainua), 17,26 m3-koa eta 17,73 m3-koa, hurrenez hurren; lerro bakoitzean 2,5 m3-ko disoluzio-upel bat dago, eta beste 21 upel pieza prestatzeko eta garbitzeko. Karga bat egiten da 9 minutuz behin, eta produkzio-ahalmena 667 kg/h edo 3.471.735 kg-koa da urtean, instalazio bakoitzeko.

Oro har, honako prozesu hau jarraitzen da lerroetan:

– Aurretratamendua: piezek garbitu eta aktibatzeko prozesu bat jasotzen dute azken estaldura behar bezala atxiki dadin. Prozesu horren barruan sartzen dira koipegabetze kimikoa, azidozko desugerketa eta koipegabetze elektrolitikoa.

– Tratamendua: piezak Zn-Ni elektrolitikoko bainuetan estaltzen dira, bezeroak eskatutako betekizunen arabera.

– Tratamendu ondokoa: tratatutako pieza pasibatzean, zigilatzean eta ondoren lehortzean datza.

Zn-Ni prozesua dunbalean edo estatikoan egin den kontuan hartuta, eragiketa horiek aldatu egin daitezke, piezak eragiketa horietako bakoitzean igaro duen ordenaren eta denboraren arabera.

Ekoizpen-prozesurako, energia elektrikoa eta gas naturala erabiliko dira:

– Dimo Zinc Níquel SLUn, metalezko piezak tratatu eta estaltzeko jarduerarako energia-kontsumoa 870.000 kWh/urtekoa da dunbaleko Zn-Ni-ko instalazioetan, eta 460.000 kWh/urtekoa Zn-Ni estatikoko instalazioetan. Gainera, araztegiko eta gainerako instalazioetako kontsumo elektrikoa 74.000 kWh-koa da urtean. Horretarako, hozkailurik gabeko lehorreko transformadore bat dago, 630 KVa-koa.

– Gas-instalazio bat dago eta haren kontsumoa 540.000 kWh/urtekoa da dunbaleko Zn-NI instalazioetan, 810.000 kWh/urtekoa Zn-Ni estatikoko instalazio bakoitzean eta 150.000 kWh/urtekoa araztegian eta gainerako instalazioetan. Horretarako, gas naturaleko instalazio bat dago, lurrun-sorgailua elikatzen duen erregulazio- eta neurketa-estazio bat duena (ERM). Instalazioak 744 kW-ko potentzia hornitzea aurreikusita dago. Instalazio horrek errekuntza txikiko lurrun-galdaratik eratorritako foku konfinatu bat izango du.

Era berean, Dimo Zinc Níquel SLUk metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko behar duen ur-kontsumoa 13.467 m3-koa da urtean, eta ur-kontsumo osoa udal-saretik dator. Dunbaleko Zn-Ni lerroak 4.371 m3-ko kontsumoa du urtean, I. eta II. estatikoetako Zn-Ni lerroak 4.371 m3-koa eta zerbitzu orokorrek, berriz 354 m3-koa urtean.

Araztu beharreko urak Zn-Ni estaldura galvanikoen instalazioetako isurketa jarraituetatik (1,35 m3/urte) eta bainuen eta garbiketen etenkako isurketetatik datoz. Industria-urak tratatzeko, lurrungailu bat dago lerro bakoitzeko, baita araztegi fisiko-kimiko bat ere, erreaktore-karga bidezkoa. Zink-nikela lehen aldiz garbitzetik datozen urak (elementu metaliko eta konplexu-sortzaile gehien dituztenak) hutsean lurruntzeko ekipamendu batera eramaten dira. Bertan, destilatu bat lortzen da garbigailuan bertan birzirkulatzeko (% 90), baita kontzentratu bat ere, kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharrekoa (% 10). Gainera, instalazioak erreaktore bidezko kargen araztegi fisiko-kimiko bat du, eta bertara bideratzen da gainerako bolumena (12.902 m3/urtean); hura 10 m3/h-ko edukierako araztegian tratatzen da. Industriako hondakin-urak arazteko sisteman erabiltzen den teknologiari esker, industriako hondakin-uretan dauden metal astun gehienak hauspea daitezke.

Prozesu industrialeko ur araztua modu independentean eramaten da laginak hartzeko kutxatila bateraino. Kutxatila hori pabiloiaren kanpoaldean dago, eta handik saneamendu-sare orokorrera eramaten da (Amvisak kudeatutako Udalaren kolektorera).

Zerbitzu orokorretako ur beltzak kolektoretik bideratuko dira saneamendu-sarearen kanpoko kolektorera.

Estalkiaren gainean eroritako euri-urak ere kolektorera isurtzen dira, horiek lehengaiekin, gai osagarriekin edo hondakinekin kontaktuan jartzen ez badira.

Emisio atmosferikoei dagokienez, Zn-Ni lerroen aireztapena xurgagailu baten eta upeletan sortutako lurrunak xurgatzen dituzten hodien bidez egiten da. Aireztapen-saretak ere egongo dira fatxadetan.

Prozesuan sortutako emisio lauso guztiak (18.792 t inguru urtean) lau foku bidez biltzen eta bidaltzen dira atmosferara; tximinia bat egongo da tratamendu-lerro bakoitzeko, baita lurrun-galdararen tximinia ere.

Honako hauek dira kutsatzaile nagusiak emisio atmosferiko horietan: NOx, Ni, HCl, SOx, Cr totala eta Zn, ekoizpen-lerroen xurgatze-fokuetan sortuak, eta NOx eta CO, lurrun-galdararen fokuan sortuak.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik, arazteko prozesutik eta ekoizpen-lerroetatik datoz, nagusiki. Hondakin nagusiak araztegiko lohiak, lurrungailuaren kontzentratua eta karbonatoak dira.

Dimo Zinc Níquel SLUren jardueran, Metalen eta Plastikoen Gainazal Tratamenduetako Europako BREFean («Surface Treatment of Metals and Plastics», 2006ko abuztua) jasotzen diren teknika erabilgarri onenak erabiltzen dira.

Proiektuak, besteak beste, neurri hauek biltzen ditu (teknika erabilgarri onenak –TEOak– direla pentsa daiteke):

– Koipegabetze kimikoan, mugimendu mekanikoen bidez lagunduta, tenperatura baxuan erabiliko dira produktuak, energia-kontsumoa mugatzeko.

– Koipegabetze elektrolitikoetan, tenperatura baxuko prozesuak aukeratu dira energia-kontsumoa murrizteko.

– I. eta II. estatikoen lerroetan, aspertsio bidezko koipegabetze-metodo fisikoak erabiltzen dira, koipegabetze kimikoen osagarriak.

– Pasibazio optimizatuak erabiltzen dira tenperatura baxuetan erabiltzeko (30 ºC gehienez), energia aurreztuz.

– Lerroetako lehortze-labeek ez dute gas-erregailurik erabiltzen, galdarako lurruna baizik.

Proiektuak, besteak beste, neurri hauek biltzen ditu (teknika erabilgarri onenak –TEOak– direla pentsa daiteke):

– Koipegabetze kimikoan, mugimendu mekanikoen bidez lagunduta, tenperatura baxuan erabiliko dira produktuak, energia-kontsumoa mugatzeko.

– Koipegabetze elektrolitikoetan, tenperatura baxuko prozesuak aukeratu dira energia-kontsumoa murrizteko.

– I. eta II. estatikoen lerroetan, aspertsio bidezko koipegabetze-metodo fisikoak erabiltzen dira, koipegabetze kimikoen osagarriak.

– Pasibazio optimizatuak erabiltzen dira tenperatura baxuetan erabiltzeko (30 ºC gehienez), energia aurreztuz.

– Lerroetako lehortze-labeek ez dute gas-erregailurik erabiltzen, galdarako lurruna baizik.

Baita honako hauek ere:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Metalezko piezen tratamendu- eta estaltze-jarduera muntatzeko eta ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea Dimo Zinc Níquel SLU sustatzaileari, helbide honetan duen bere industria-zentrorako: Paduleta kalea 29, Jundiz industrialdea, 01015 Vitoria-Gasteiz (Araba).

A) Proiektua gauzatzen hasteko epea.

Lau urteko epea jarri da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpenari amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua gauzatzen hastea.

B) Instalazioa antolatzeko eta jartzeko baldintza orokorrak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta:

B.1.– Jarduketa-esparrua mugatzea.

a) Proiektuak adierazitako esparruan egingo dira obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten lan osagarriak. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Aipatu esparrutik kanpo ustekabean gertatutako afektazioen kasuan, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak aplikatuko dira.

B.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

a) Drainatze-sare naturalera ahalik eta hondakin fin gutxien isuriz egingo dira lanak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta, kasua horrela bada, gauzatu egingo dira, kutsa daitezkeen urak haietara biltzeko.

Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, B.5 apartatuan ezartzen diren baldintzak beteko dira.

b) Obratako makinak gordetzeko azalera eta horren mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta jariakinak biltzeko sistema izango dute, olioa eta erregaiak direla-eta lurzorua eta ura kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

B.3.– Zaratak, dardarak eta horien eraginak gutxitzeko neurriak.

a) Eraikitzeko fasean, beharrezkoak diren obrarako jarraibide egokiak aplikatuko dira, obra-makinen mantentze-lan orokorrei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

b) Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

B.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

a) Ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

b) Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

B.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

b) Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra gauzatzeko proiektuetan; azterlan horrek I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

c) Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

Soilik VIE-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

d) Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balioztapen-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

e) Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak, ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena.

f) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte; ontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarreko araudiaren arabera.

g) Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua) jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako biltegietan egingo da, horrela, biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero, olioa sakabanatu ez dadin.

h) Hondakinen kudeaketari buruzko araudia betetzeko xedez, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

i) Aurrekoaren arabera, berariazko gune bat atonduko da eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako bilduko dituzten instalazio estaliak. Horiez gainera, eta bereiz, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarri behar dira.

Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurtze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko. Orobat, obrak egiten ari diren bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; elementuok hondakin moten arabera bereizi behar dira. Gero hondakinok aurrean aipatutako gune garbira eramango dira.

j) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

B.6.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Obrak egin bitartean lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz jardungo da.

B.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa bete arren, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala emango zaio horren berri Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritza Nagusiari; gero, berak erabakiko du zer neurri ezarri.

B.8.– Obraren garbiketa eta akabera.

Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko.

B.9.– Obrek dirauten bitarteko jardunbide egokien kontrola.

Obren jardunbide egokien kontrola egingo da, eta bereziki kontuan hartuko dira honako alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, hondeaketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hauts- eta zarata-ekoizpena eta txosten honetan adierazitako bestelako alderdiak.

B.10.– Obraren amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean nahiz ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak hondeaketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira aipatutako txostenean, eta ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu ere bai. Halaber, eraikuntza-fasean ingurumen arloan eginiko behaketa-programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen erabilera zehatza dokumentatu behar dira, material horien kuantifikazio eta ezaugarriei buruzko datuak barne hartuta.

Hirugarrena.– Honako baldintza eta betekizun hauek ezartzea Dimo Zinc-Níquel SLU enpresak Jundizko industrialdean gauzatzen duen metalezko piezak tratatu eta estaltzeko instalazio-jarduera ustiatu eta eten ahal izateko.

A) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, Dimo Zinc Níquel SLU enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legetik eratorritako betebeharrak.

Dimo Zinc Níquel SLUk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartzen duena), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Obligazioa izanez gero, 1. eta 2. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduari jarraikiz, finantza-bermea izan beharko dute. Ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, 3. lehentasun-mailako operadoreek finantza-bermea izan beharko dute urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduaren 2. artikuluan ezarritako epeetan. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren eta betiere adierazitako epea amaitu baino lehen, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1. eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta hark IV.2. eranskinean jasotako informazioa jaso beharko du gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori Eusko Jaurlaritzak gaitutako prozedura telematiko bidez bakarrik aurkeztu daiteke.

Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egoki deritzon guztietan eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo funtsezko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.

Urteko ingurumena zaintzeko planarekin batera finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-berme motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa dena dela, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

C) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala gauzatuko dira:

C.1.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

C.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Dimo Zinc Níquel SLUren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako emisioen muga-balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-jariakinak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, jariakinen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak.

Fokuen sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-puntuak, neurketa-portuak, irisgarritasuna, segurtasuna eta zerbitzuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute. Agindu horretan, 278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, garatzeko jarraibide teknikoak zehaztu ziren, zeinak arautzen baitzituen atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak.

C.1.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Pieza metalikoak tratatzeko eta estaltzeko Dimo Zinc Níquel SLUren instalazioak 03 01 03 04 eta 04 03 08 11 jarduerarekin lotutako foku konfinatu hauek ditu, 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan jasota daudenak (urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena):

(Ikus .PDF)

C.1.1.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira gaindituko emisioen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek honako baldintza normalizatu hauei dagozkie: gas lehorra 273,15 K-ko tenperaturan eta 101,3 kPa-ko presioan, oxigeno-edukiaren araberako zuzenketarik gabe.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuko 9. artikuluak arautzen duena beteko da.

Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

C.1.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

a) Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximinien gailurrak ez dira egongo hirugarren apartatuko C.1.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Fokuen sekzioak, neurketa-lekuak, lagin-puntuek, neurketa-portuek, irisgarritasunak, segurtasunak eta zerbitzuek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

b) Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

c) Emisio lausoak minimizatzeko xedez, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

C.1.2.– Isurketak egiteko baldintzak.

C.1.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurketa sortu duen jarduera mota nagusia: pieza metalikoen trataera eta estaldura.

(Ikus .PDF)

C.1.2.2.– Isurketaren muga-balioak.

Isurketa-parametroak etxekoak ez diren isurketei buruzko udal-ordenantzan ezarritakoak izango dira, eta jarraian zerrendatuko dira, betiere Metalen eta Plastikoen Gainazaleko Tratamenduen BREF aplikazioan argitaratutakoa kontuan hartuta («Surface Treatment of Metals and Plastics», 2006ko abuztua). Honako hauek dira horietako bakoitzaren muga-balioak:

(Ikus .PDF)

Metaletarako mugak metal totaletarakoak direla ulertuko da eta ez metal disolbatuetarako.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili emisioen muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako arauak eta kalitate-helburuak isurketaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isuria onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen, urei buruzkoaren atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duena, aldatzen da.

C.1.2.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Araztu beharreko urak (12.902 m3/urte) Zn-Ni estaldura galvanikoen instalazioetako isurketa jarraituetatik eta bainu agortu alkalinoen eta azido eta garbiketen etenkako isurketetatik datoz. Sistema honen bitartez, hodi bakar batean bateratu daitezke prozesu azido alkalinoen irakuzketatik datozen ur guztiak, eta horrez gain, industriako hondakin-uretan dauden metal astun gehienak hauspea daitezke.

Karga erreaktoredun bidezko araztegi fisiko-kimikoak 10 m3/h-ko edukiera du, eta prozesuak honako fase hauek ditu:

1.– Irakuzketak eta kontzentratuak metatzeko blokea.

Ekoizpen-lerroetatik eratorritako irakuzketa azido eta alkalinoak 15 m3-ko edukiera duen efluente-tanga batera eramango dira, grabitate bidez.

15 m3-ko beste bi ontzi metatzailek kontzentratu alkalinoak eta azidoak jasotzen dituzte, bainu agortuetatik datozenak. Kontzentratu horiek erreaktoreari gehitzen zaizkio proportzio egokietan, ponpa dosifikatzaileak erabiliz.

2.– Irakuzketak eta kontzentratuak metatzeko blokea.

Bost depositu dira, eta horien helburua erreaktiboak metatzea eta gero horiek dosifikatzea da, haien eginkizun zehatzen arabera: pH-a doitzea eta malutapena.

Erreaktiboak erreaktorera eramateko, depositu bakoitzean xede horretarako prestatutako bost ponpa dosifikatzaile erabiltzen dira.

3.– Hondakin-urak arazteko blokea.

Garbitzeko efluente guztien tratamendua (gehi dosifikazio bidez erantsitako kontzentratuak) 10 m3-ko erreaktore batean egiten da. Erreaktore horrek kontrol- eta neurketa-tresnak ditu, eta arazketarako, pH-a doitzeko eta malutapenerako beharrezkoak diren erreaktiboak erregulatuko ditu. Prozesu hori sedimentazio naturaleko prozesu baten bidez egiten da, eta prozesu horren iraupena aldatu egiten da uretan dauden kutsatzaileen kontzentrazioen arabera. Prentsa-iragazki bat du lohiak arazteko eta husteko faseak kontrolatzeko.

4.– Lohiak loditzeko eta deshidratatzeko blokea.

Lohiak ponpatzeko pistoi mintzezko ponpa batek eta lohiak deshidratatzeko prentsa-iragazki erdi-automatiko batek osatzen dute blokea.

5.– Ur araztua iragazteko blokea.

Iragazketa-prozesutik ateratzen den ura, lohi kopuru txiki bat duena, beira-zuntzezko harea-iragazki batera bidaltzen da. Iragazkiak garbiketa-sistema automatikoa du.

6.– Kontrol-sistema.

Araztegiak kontrol-sistema iraunkor bat du, automata programagarria duen armairu elektriko batek osatua. Sistema horrek arazketa-prozesu egoki bat gauzatzeko beharrezkoak diren maniobra guztiak gauzatzen eta kontrolatzen ditu. Haren helburu nagusia da uren araztegia modu automatikoan kontrolatzea, une oro egiten ari den prozesuari eta instalazioko osagai bakoitzaren egoera aktibatuari/desaktibatuari buruzko informazio osoa eskainiz.

Prozesu industrialeko ur araztua modu independentean eramaten da laginak hartzeko kutxatila bateraino. Kutxatila hori pabiloiaren kanpoaldean dago, eta handik saneamendu-sare orokorrera eramaten da (Amvisak kudeatutako Udalaren kolektorera).

C.1.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Kogenerazioa-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Vitoria-Gasteizeko Udalean.

Sortutako hondakinak beste erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

C.1.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Dimo Zinc Níquel SLUk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) Dimo Zinc Níquel SLUk Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko ditu sortutako erabilitako industria-olioak.

i) Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Dimo Zinc Níquel SLUk PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Dimo Zinc Níquel SLU enpresak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE zenbakiko Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu, horiek berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Artxibo kronologiko bat egingo da hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoriarekin batera, arestian aipatutako Legearen 41. artikuluan jasotzen den moduan.

m) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko –hau da, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea–, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Dimo Zinc Níquel SLUk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta Lege horren garapenerako araubideak ez badu hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen Dimo Zinc Níquel SLU.

n) Baldin eta Dimo Zinc Níquel SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Dimo Zinc Níquel SLU ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna izango da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

o) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, e) eta f) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta l) eta m) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabiliz.

p) Amiantoa duten hondakinak hautemanez gero, Dimo Zinc Níquel SLUk amiantoak ingurumenean eragitea prebenitzeko eta eragin hori murrizteko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako betekizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

C.1.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hirugarren apartatuaren C.1.3 azpiapartatuan xedatutakoarekin bat, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik justifikatu beharko da haien balorizazioa ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balioztatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizazioa denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Dimo Zinc Níquel SLU enpresak tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharko da, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa (dekretu haren bidez arautu zen hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Dimo Zinc Níquel SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Dimo Zinc Níquel SLU ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna izango da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko ingurumen-zaintzako programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

i) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, apartatu honetako d) eta e) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) eta h) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

C.1.4.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Dimo Zinc Níquel SLUk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu:

– Atxikipen-kubetak jarriko dira lerro bakoitzaren azalera osoan, araztegira doazen ponpak eta hodiak barne.

– Produktu kimikoen eta hondakin arriskutsuen biltegiratzeek beharrezko diren segurtasun-baldintzak beteko dituzte, lurzoruan kalterik ez eragiteko. Horregatik, lehengai, erregai, produktu eta hondakin arriskutsu guztiak isuriak edo ihesak ez gertatzeko moduan biltegiratuko dira, eta atxikipen-kubetak jarriko dira, haien ezaugarriak direla-eta, beharrezkoa den kasuetan.

Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan lurzorua babesteari buruz ezartzen diren betekizunak betetzearren, sustatzaileak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan aipatzen diren instalazioei buruzko dokumentazioa entregatu beharko du. Agindu horren bidez onartu zen Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatzen dena interpretatu eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharrari dagokionez.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketa-eskaerak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea. Halaber, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, induskatzen amaitutakoan, induskatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren eta jarraian adierazten diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida: https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=945C8D73-130B-4E34-AC67-5AB96DFB55AE&Idioma=eu-ES

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz.

C.1.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

Dimo Zinc Níquel SLUk behar diren neurriak hartuko ditu instalazioak ez ditzan kanpoko ingurumenera transmititu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren –giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez– II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta fatxada leihodunen kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizean neurtutako ezein baliok ez ditu 5 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

Gutxienez, sustatzaileak ingurumen-baimen integratuarekin batera aurkeztutako agirietan proposatutako neurriak hartu beharko dira.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumen-zaintzako programa:

D.1.– Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

D.1.1.– Kanpo-kontrolak.

a) Dimo Zinc Níquel SLUk emisioak kontrolatu beharko ditu informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honen a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek bete egin beharko dituzte Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintzak, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, eta edozelako maiztasunarekin, emisioen iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programan justifikatu beharko da.

D.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

D.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, eta aurreko puntuetan aipatu diren parametro guztietan gauzatuko dira. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisiak aurkeztu beharko ditu gutxienez (lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da), edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

d) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen hirugarren apartatuko C.1.2.2 azpiapartatuan ezarritako mugak betetzen dituztenean.

D.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

D.4.– Zarataren kontrola.

a) Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da urtean behin, jarduera egiten den lursailaren kanpoaldean neurketak eginez, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen Ingurumeneko Erakunde Laguntzaile (IEL) batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) II. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak proposamen zehatz bat landu beharko du, eta bertan, ebaluazio-puntuak adierazi.

D.5.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen hirugarren apartatuko C.1.4 puntuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren jazoerak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azalerak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko AGINDUARI dagokionez jakinarazitako baldintzen analisian zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –Agindu horrek Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko Jarraibide Teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Dimo Zinc Níquel SLUk lurzoruaren eta lurpeko ur silikatoen egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu uren karakterizaziorako, ateratako lurzoru-zutabearen karakterizaziorako eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

D.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Era horretan, programa horretan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak (ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik) Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen bateratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Kontrola egiten duten urteari dagokion programaren barruan baino ez dituzte igorriko, gainera, urtebete baino periodikotasun handiagoko kontrolak.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausak eta konponbideak, eta halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

D.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarritako neurrien eta mekanismoen efikazia egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, Hirugarrena C.1.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz. «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak» jarraitu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea (28.5 epigrafea: Metalen tratamendua eta estaldura), eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpideak eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, Dimo Zinc Níquel SLU enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Dimo Zinc Níquel SLUk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen hirugarren apartatuaren C.1.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Dimo Zinc Níquel SLUk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzioko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Mantentze-lan prebentiboen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Jarioak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaitzak), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen jarioak antzemateko neurriak edo gehiegi bete direneko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioa behar bezala ibil dadin. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by-pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «by-pass» horren bidez aurreikusi gabeko isurketaren bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (apartatu honen j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, jariakinen arazketako hondakinak, besteak beste, eta oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren). Jakinarazpenean honako alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorria eta zergatiak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuri edo emisioren bat egonez gero, SOS Deiak eta Vitoria-Gasteizko Udala jakinaren gainean jarri behar dira, berehalakoan. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Istripua non, zergatik eta zer ordutan gertatu zen.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaren kalterik gabe, gerta daitezkeen gorabehera edo arazoei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne hartuta.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta legeria horrek agintzen dituen betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

F) EPTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, Dimo Zinc Níquel SLU enpresak aurreko urtean atmosferara egindako emisioei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio horren transakzioa Ingurumen Sailburuordetzak horretarako prestatutako informazio-sistemaren bidez egingo da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez arautzen dira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Instalazioko aldaketak.

Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan.

Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 7.1.c eta 7.2.c artikuluan xedatua.

Baldin eta aldaketan aurreikusten bada lurzoru berria okupatzea, eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 27a.

Ingurumeneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala