238. zk., 2020ko azaroaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (266 KB - 2 orri.)
- EPUB (223 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5138
EBAZPENA, 2020ko azaroaren 16koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «ETS-RFVren Arriagako kotxetegien Informazio-azterlana».
Metroaren lineen instalazio osagarri gisa, ezinbestekoa da, ustiapenari dagokionez, estrategikoki banatutako kotxetegiak edukitzea, linean zirkulatuko duen material mugikorra kudeatzeko eta mantentzeko. Funtzionamendu eta eraginkortasun-arrazoiengatik, kotxetegiak trazaduraren inguruan jarri behar dira, ahalik eta ustiapen arrazionalena ahalbidetzen duten lekuetan.
Horrela, ETS-RFVk 2015eko uztailean «ETS-RFVren Arriagako kotxetegien Informazio-azterlana idazteko zerbitzua» kontratatzeko lehiaketarako deialdia egin zuen. Lehiaketa hori 2016ko azaroaren 15ean esleitu zitzaion Payma Cotas Euskadi, S.L. eta TRN, Ingeniería y Planificación de Infraestructuras, S.A. enpresek osatzen duten Cocheras Arriagas ABEEri. Lanak hasteko akta 2016ko abenduaren 1ean sinatu zen.
Informazio-azterlanaren helburua da ETS-RFVren kotxetegien eta haien trenbide-zabaltzaren ezarpen berria aztertzea eta definitzea, egungo Lutxana-Sondika linean, Arriagako tunelaren hegoaldeko ahoaren ondoan, Txorierrin (Erandio, Bizkaia). Era berean, kotxetegietan instalatu beharreko ekipoak definitu eta baloratuko dira, bai eta trenbide eta segurtasun-instalazioak ere.
96,00 metroko luzera eta 51,06 metroko zabalera izango duen nabe bat proiektatu da, gehi lehenengo fasean egikaritutako nabearen handiagotzea, 48,00 x 44,88 metroko neurrikoa. Horrela, nabearen azalera osoa, bi faseak amaitu ondoren, 7.056,00 metro koadrokoa da.
Nabearen alboari atxikita, bulegoetarako eta langileen zerbitzurako lokaletarako eraikin bat proiektatu da. Eraikinak bi solairu izango ditu, 584,10 metro koadroko azalera eraikia, eta bulegoak, bilera-gelak, aldagelak, jangela, atseden-gelak eta komunak izango ditu. Beheko solairuan tailerren bi lokal daude, nabearekin zuzenean lotuta.
Sarbideak kontrolatzeko garita bat, 48 plazako edukiera duen aparkaleku-eremu bat eta materialak biltzeko 712,00 metro koadroko aire zabaleko eremu bat ere baditu.
2001eko otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez behin betiko onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planaren gidalerroei jarraituz, Zazpikaleetako eta Lezamako geltokien arteko zatia, Txorierriko linea deritzona, Bilboko metroaren sarean integratzen da, trenbidearen 3. linearen zati gisa. Eta Etxebarri Iparra eta Lezama artean zabaltzen da, Zazpikaleetako geltokitik igarota.
Sarearen konfigurazio horren bidez, hiri-mugikortasuneko zerbitzuen prestazioa eta kalitatea areagotu nahi da korridore horretan, zirkulazioen maiztasuna handituz, eta material mugikorraren erosotasuna eta gaitasuna hobetuz. Instalazio horien barruan, material mugikorra mantentzeko kotxetegiei dagozkienak daude; horien flota handitu egingo da beharrizan funtzionalei erantzuteko, eta, ondorioz, kokaleku berriak sortu beharko dira konposizio berriak hartzeko. Sondika eta Lutxana artean dagoen linearen zatiak Bilboko metroaren 3. linearen eta Etxebarri-Plentzia 1. linearen arteko interkonexio tekniko gisa balio du, eta ertzetan lekua dago kotxetegi gehiago egiteko. Zehazki, Arriagako tunelaren hegoaldeko ahoaren inguruan, BI-735 errepidearen eta Asua ibaiaren ondoan, instalazio horiek kokatzeko aukera ematen duen eremu nahiko zabala eta ia laua dago.
Lehen faseko obrak egiteko hamalau (14) hilabeteko epea zehaztu da. Obren bigarren faserako (funtsean, kotxetegien nabea handitzea), lau hilabete eta erdiko (4,5) epea zehaztu da.
Obra osoaren aurrekontua, Administrazioaren ezagutzarako, hogei milioi bederatziehun eta lau mila eta berrogeita lau euro eta berrogeita bederatzi zentimokoa (20.904.044,49) da.
Trenbide Sektoreko Erregelamenduaren 10.2 artikuluaren arabera, Informazio-azterlana behar bezala idatzita dago, eta dagokion informazio publikoa praktikatu ahal izateko legezko eta arauzko betekizun eta preskripzio guztiak betetzen ditu, behin betiko onartu aurretik.
Organo honek eskumena dauka Gobernu Kontseiluarentzat erreserbatuta ez dauden trenbide-sareko azterlanak eta proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.b) artikuluak.
Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, Informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean erakutsi beharko da hogeita hamar egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren kontzepzio globalaz, kontzepzio horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.
Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «ETS-RFVren Arriagako kotxetegien Informazio-azterlana»; hartara, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, korporazioek, elkarteek eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten gorabeherez, eta trazaduraren kontzepzio globalaz.
Epe horretan, Informazio-azterlana jendearen eskura egongo da, aztertu ahal izateko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, - Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Erandioko udaletxean eta Interneteko www.euskadi.eus web orrian, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Garraioen ataleko Azpiegitura-proiektuei buruzko informazioaren atalean:
https://www.euskadi.eus/informazioa/azpiegitura-proiektuei-buruzko-informazioa/web01-a2garrai/eu/
Eta horrela jakinarazten da, jendeak horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 16a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.