Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2020ko azaroaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5134

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia aldatzearen gaineko ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita. Aldaketaren xedea hura indarrean den legeriara eta Bilboko HAPO berrira egokitzea da.

AURREKARIAK

2020ko maiatzaren 28an, Bilboko Udalak eskabide bat bete zuen, Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia aldatzeari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Aldaketaren xedea da hura indarrean den legeriara eta Bilboko HAPO berrira egokitzea. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko abuztuaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen arloko oharrak egin zitzaten.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia, indarrean den legeriara eta Bilboko HAPO berrira egokitzeko, aldatzea; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Indarrean den legeriara eta Bilboko HAPO berrira egokitzeko, Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia aldatzearen gaineko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia (aurrerantzean, BPB) Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko onetsi zuen 1990eko uztailaren 3an, baina ordutik zenbait aldaketa puntual izan ditu, eta horrek justifikatu zuen testu bategina egitea, 1998ko otsailaren 18an behin betiko onetsi zena.

Halaber, Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, HAPO) behin betiko onetsi zen 1995ean, eta uneotan berrikusteko eta egokitzeko prozesuan dago, hala 2/2006 Legera, ekainaren 30ekora, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkora, nola HAPO indarrean sartu ondoren onetsitako legeria sektorial aplikagarri berrira.

Txosten honen xede den aldaketa puntualaren xedea (aurrerantzean, Plana) hau da: Plana berrikustea eta izapidetzen ari den Bilboko HAPO berrira eta haren antolamendu-eremuari eragiten dion oraingo legeriara egokitzea, bereziki: 2/2006 Legera, ekainaren 30ekora, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkora; 6/2019 Legera, maiatzaren 9kora, Euskal Kultura Ondareari buruzkora; 13/2016 Legera, uztailaren 28kora, Turismoari buruzkora, edo birgaitzeko ondoz ondoko Dekretuetara.

BPBren zehaztapenak aldatzea proposatzen da, aldaketa batzuk eginez. Aldaketa horiek honako hau dakarte: ekipamendu, instalazio eta eraikin batzuk baztertzea, itsasadarraren ertzetan espazio jakin batzuei beste kalifikazio bat ematea, eta kalifikazioak berrantolatzea BPBren lurzati batzuetan. Honako hauek dira zehazki jarduketa nagusiak:

a) Indarreko araudiei eta gauzatutako egoerei edo indarraldia jada galdu duten jarduketei garatzeko uneari dagozkienei eginiko erreferentziak egokitu eta eguneratzea.

b) BPBren eremuaren birmugatzea, Bilboko HAPO berriko IB.02 Alde Zaharra hirigintzako azpieremura egokituta. Birmugatze horrek honako eremu hauei eragiten die:

– Konkordiaren geltokia: BPBren eremutik kanpo uzten da, Abandoko geltokiaren eremuan sartzeko.

– Mallonako kirol-instalazioak: BPBren eremutik kanpo uzten dira eta plangintza orokorretik arautuko dira.

– Santo Domingo de Guzmáneko lurzati eta eraikuntza batzuk kanpoan uzten dira.

– Hernani kaleko 3 zenbakian dagoen lurzatiaren mugatzea zuzentzea, osoki Bilbo Zaharreko Berrikuntzako eta Barne Birgaikuntzako Plan Berezira igorrita.

c) Alde Zaharra Birdoitzea birgaitze integratuko eremua (BIE) birdoitzea HAPO berrira egokitzeko.

d) BPBren sistema orokorrak berrantolatzea: BPBren dokumentura aldatzen dira HAPO berriak sistema orokorrekotzat jotako eremuak eta lurzoruak eta eginiko kalifikazio-aldaketak. Hiri-ekipamenduak dira, eta kalifikazio orokorretik tokikora edo alderantziz igarotzen dira, bai eta «itsasadarraren ertzak» ere, eta espazio libreen sistema orokorreko kalifikazioa izango dute guztiek, eta kategoria horren barruan honako eremu hauek hartzen ditu: Martzanako kaia, Mesedeetako elizaren aurreko ertza eta udaletxearen aurreko ertza.

e) Atxuri eta Urazurrutia kaleen artean zubi bat eraikitzeko aurreikuspena eta Atxuri kaleko 14 zenbakiko higiezinean duen eragina ezabatzea.

f) Alde Zaharreko geltokiko ekipamenduaren (trenbide-intermodala) sistema orokorra birdoitzea San Nikolas plazan eta Esperantza pilotalekuari dagokion tokiko sisteman.

g) Hirigintza eta kudeaketako arauak aldatzea: Arau horiek beste modu batera idatzi dira, haien edukiak eguneratu dira eta araudi berrira egokitu dira. Honako gai hauei buruzkoak dira: eremuaren azalera eguneratzea; lurzoruaren erabilera- eta kalifikazio-arauak (bizitegi-lurzatiak, tertziarioak eta ekipamendu-lurzatiak), askotariko babes-mailak dituzten eraikinen kontserbazioari eta esku-hartzeari buruzko ordenantzak; oin berriko eraikinei eta ordezte baimenduari buruzko ordenantza; patioei buruzko ordenantzak; lerrokadura, sestra-lerroak eta orubeak; «Naxa geltokia» eremuaren hirigintza-garapenerako ordenantza.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren eremua Bilboko Alde Zaharreko hiri-lurzorua da. Ez da bateraezintasunik batere hauteman planaren eta sektore- zein lurralde-antolamenduen artean.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruneko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Indarrean den BPBri egindako aldaketak eta aldaketak eragindako eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da aurreikusten planak ekarritako ingurumen-ondorioak eta oraingo BPBren ondoriozkoak oso ezberdinak izatea. Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Espainiako estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, bereziki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari eta biodibertsitateari buruzko legeak.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren eremua Bilboko Alde Zaharrarekin bat dator; hiri-lurzoru finkatua da, biztanle-dentsitate handikoa, natura-elementu nabarmenik gabekoa, parke eta lorategietako berdeguneak alde batera utzita, eta Bilboko itsasadarra nabarmentzen da eremuaren mendebaldean, haren ibilgua itsas-lehorreko jabari publikoaren barruan dagoen eremu batean. Eragindako ingurunearen ezaugarri eta baldintzatzaile esanguratsuenek alderdi hauekin dute zerikusia:

100 eta 500 urteko errepikatze-denborarako uholde-arriskuak eragiten dio planaren eremuaren zati handi bati.

Eremuan, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati batzuk daude, «lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioa» kontuan hartuta. Oro har, azalera txikiko lurzatiak dira, eta industria-jarduera izan dute.

Bizitegi-erabilerarako, kalitate akustikoaren helburuak gainditu egiten dira Planaren xede den eremuko zenbait kaletan, kontuan hartutako hiru aldietarako (eguna, arratsaldea, gaua). Batez ere, honako kale hauetan gainditzen dira kalitate akustikoaren helburuak: Erribera, Areatza, Zabalbide, Atxuri, Askao, Prim, Zingira, Areatzako zubia eta Ernesto Erkoreka plaza. Zazpi Kaleetako Alde Zaharreko gunean zarata txikiagoa dago, eta kalitate akustikoaren helburuak betetzen ditu, oinezkoa baita gune osoa, eta kale jakin batzuetara baino ezin da sartu, goizeko ordutegi murriztuan, merkataritza-eremuan salgaiak banatzeko.

Planaren eremua Bilboko udal-mugarteko hiri-eremu jarraitu eta finkaturako zehaztutako Babes Akustiko Bereziko Eremuaren zati da, eta dagokion Zarataren Ekintza Plana (2018-2023) du. Bertan, Planaren indarraldian eragin akustikoa murrizteko aurreikusitako neurriak eta jarduketak zehazten dira.

Bilboko Hirigune Historikoa kultura-ondasun kalifikatua da, monumentu-multzo kategoriaren kalifikazioarekin. Planaren eremuan kultura-ondareko eraikin ugari daude, babes-tipologia ezberdinekin, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen arabera. Donejakue Bidea ere jasota dago eremu honetan.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Bilboko Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Bereziaren Aldaketan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Lurzorua eta urak babesteko neurriak:

a) 48020-00704 kodeko lurzatia sartuko da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten Planaren eremuko kokalekuen zerrendan.

b) Lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada.

c) Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan jasotako baten gainean esku hartu aurretik, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatea ikertu beharko da, lursailaren xede eta erabilera berriaren ondorioz arriskurik ez dela egongo bermatzeko, ez langileentzat, ezta erabiltzaileentzat ere. Halaber, abandonatuta dauden hondakinak, eraisketako hondakinak eta hondeatu beharreko lurrak honen arabera kudeatu beharko dira: 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

a) Kultura Ondare adierazitako ondasun guztiek Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea bete behar dute, eta, horrenbestez, horiek ezin dira eraitsi, zati batez edo guztiz; eta bereziki lege horren 51. artikuluko aurri-deklarazioari buruzko manuak bete behar dituzte, eta hala jaso beharko da Planaren hirigintzako araudian.

b) Donejakue Bideko monumentu-multzoa Monumentu Eraikinen Zerrendan sartuko da, bide-trazatuko elementu babestuak eta Mallonako galtzada aipatuta, bai eta babesteko dekretua eta argitalpen-aldizkaria ere.

c) Oinarrizko Babesa duten eraikinen zerrenda Dendarikaleko 48 zenbakiko higiezinarekin osatuko da (543/1995 Dekretuan jasota, Oinarrizko Babesarekin).

d) Babes berezi, oso, ertain, tipologiko eta oinarrizkoko eraikinetan igogailu berriak ezartzeko ordenantzetan berariaz debekatu behar da estalki-profilaren gaineko bolumen berriak agertzea.

Gainera, honako neurri hauek hartu beharko dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzerakoan:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

– Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Bilboko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lorategi-jarduketetan, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (17. lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gidan jasotako gomendioak. Eusko Jaurlaritza-2015, eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak planteatutakoak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia aldatzeak, indarrean den legeriara eta Bilboko HAPO berrira egokitzeko, ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Bilboko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia aldatzea, indarrean den legeriara eta Bilboko HAPO berrira egokitzeko, onartzen ez bada. Kasu horretan, berriz hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala