Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2020ko azaroaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5113

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 16koa, HABEko zuzendariarena, 2020ko irailaren 16ko Ebazpenaren akatsak zuzentzeko dena. Ebazpen horren bidez, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2020-2021 ikasturteko dirulaguntzak emateko deialdia egiten da eta horiek esleitzeko baldintzak eta prozedura arautzen dira.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuak 18.2.c) artikuluan xedatzen duenez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak maila bereko xedapen edo ekintza batez zuzenduko dira, baldin eta nabarmenak ez badira eta, horiek zuzentzearen ondorioz, agiriaren edukia edo esanahia benetan edo itxuraz aldatzen bada.

Horrelako hutsak ikusi dira HABE zuzendari nagusiaren 2020ko irailaren 16ko Ebazpenean, zeinaren bidez udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2020-2021 ikasturteko dirulaguntzak emateko deialdia egiten baita eta horiek esleitzeko baldintzak eta prozedura arautzen baitira. Ebazpena 2020ko irailaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 192. zenbakian. Jarraian, huts horiek zuzentzen dira:

– 2020/3923 (21/15) orrialdean, II. eranskinaren 3.2 atalean («3.2.– Bestelako baldintzak»), bosgarren paragrafoan, honakoaren ordez:

«Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, dirulaguntzetarako ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza-saioei edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioei eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.»

Honako hau esan behar da:

«Euskaltegi publikoen kasuan irakasle batek une berean hasieratik amaierara autoikaskuntzako 42 matrikula osatzen duten ikasleen tutoretza (astean ordubeteko mintza-saioak eta dagozkion tutoretza-saioak) oinarritzat hartuko da, horren arabera neurtuz bakoitzaren dedikazioa. Era berean, ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza- eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat hartuko eta, ondorioz, ez zaio datutegian jarriko.»

– Bestalde, «HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratzeko prozedurak ezartzen dituen 2016ko azaroaren 23ko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak emandako Agindua» idatzita agertzen den guztietan honako hau irakurriko da: «Agindua, 2020ko irailaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztagintza arautzen dituena, eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena».

Donostia, 2020ko azaroaren 16a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala