Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2020ko azaroaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5109

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 12koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez baimentzen baita Gas Naturala banatzeko sarearen honako proiektu hau: Arkautiko gunea – Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, Vitoria-Gasteizko udalerrian (Araba), proiektua onartzen baita eta onura publikokoa dela deklaratzen baita.

Espediente zk.: 01-CG-Y-2020-00002.

AURREKARIAK

1.– 2020-07-30ean, Nortegas Energía Distribución, SAU-k administrazio-baimena, egikaritze-proiektuaren onespena eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen Gas Naturala banatzeko sarearen honako instalazio hau: Arkautiko gunea – Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia (Vitoria-Gasteiz, Araba) egikaritzeko.

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean aurreikusitakoaren ondorioetarako, espedienteak jendaurreko izapideak izan zituen, haren iragarkia honakoetan argitaratu baitzen: Vitoria-Gasteizko Udalaren iragarki-oholean; 2020ko urriaren 5eko ALHAOn; 2020ko urriaren 7ko EHAAn; 2020ko urriaren 9an «Diario Noticias de Álava» egunkarian eta 2020ko urriaren 16an «El Correo» egunkarian.

3.– Jendaurrean jartzeko izapidea egiten ari zelarik, 2020-10-08an sail honek Vitoria-Gasteizko udalari separata bat bidali zion, eta udal horrek ez du baldintza teknikorik aurkeztu dagokion epe barruan. Gainera, separatak bidali zitzaizkien Arabako Foru Aldundiko Azpiegitura eta Mugikortasun Sailari, bai eta Ura, Agencia Vasca del Agua-ri ere 2020-10-09an, eta ez zen baldintza teknikorik aurkeztu epe barruan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Gasa banatzeko sareak eraiki aurretik administrazio-baimena eskatu beharra honako hauetan dago xedatuta: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea; gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua; gas-erregaiak erabili eta banatzeko arautegi teknikoa onartu zuen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua; eta hodi bidez eramandako gasaren zerbitzu publikoaren instalazioei baimena emateari eta horiek jardunean jartzeari buruzko ekainaren 9ko 107/1998 Dekretua.

2.– Urriaren 7ko 34/1998 Legeak deklaratzen du onura publikokoak direla lege bereko IV. tituluak aipatutako instalazioak, hau da, hodi bidez gas-erregaia banatzeko instalazioak.

3.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko martxoaren 16ko Ebazpenaren arabera, energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairi buruzko eskumena Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren lurralde-ordezkaritzen esku uzten da. Eskuordetza horren bidez ebazpen hau ematen da.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

1.– Baimena ematea Nortegas Energía Distribución, SAU enpresari Gas Naturala banatzeko sarearen honako proiektu hau: Arkautiko gunea – Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia (Vitoria-Gasteiz, Araba) instalatzeko eta dagokion egikaritza-proiektua onartzea.

2.– Baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea, bereziki; izan ere, deklarazio horrek berekin dakar, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren indarrez (1998-10-08ko BOE), eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideak hartu beharra; eta, halaber, premiazko okupazioa egin eta ondorioak ezarri beharra dakar, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak premiaz okupatzeko deklaraziorako xedatutakoarekin bat etorrita.

Ebazpen hau ematen da 107/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera eta baldintza orokor hauek kontuan hartuz:

1.– Baimentzen den instalazioa egin beharko da proiektu honen arabera: «Gas naturala banatzeko sarea – Egikaritze-proiektua – Arkautiko Gunea – Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia (Vitoria-Gasteiz, Araba)», zeinaren egilea baita Ángel Casas Bachiller industria ingeniaria.

2.– Instalazioek bete beharko dute, batetik, gas-erregaiak erabili eta banatzeko arautegi teknikoan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan xedatutakoa (uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua) eta, bestetik, egoki diren bestelako xedapen eta arau teknikoak.

3.– Dagokion baimena lortu beharko da onartutako proiektuan dauden oinarrizko datuak aldatzeko.

4.– Baimendutako instalazioa egiteko epea 3 urtekoa izango da, baimena ematen den egunetik aurrera.

5.– Nortegas Energía Distribución, SAUk, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluaren arabera, 2 hilabeteko epean 5.119,63.euroko fidantza esleituko du bere betebeharren berme gisa.

6.– Instalazioetan egin beharreko azterketak, entseguak eta probak, orokorrak nahiz zatikakoak izan, indarrean dauden xedapenen arabera egin beharko dira, eta Arabako Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko zaizkio behar adinako aurrerapenaz.

7.– Instalazio-lanak amaitu ondoren, honako agiri hauek aurkeztu behar dira Arabako Lurralde Ordezkaritzan: obra-zuzendaritzako ziurtagiriak; proben aktak, erregistro grafikoak barne; eta as-built planoak.

8.– Nortegas Energía Distribución, SAUk instalazioak amaitu direla jakinarazi beharko dio lurralde-ordezkaritza honi, behin betiko gainbegiratu eta martxan jartzeko akta egin dezan, hori barik ezin izango baita martxan jarri.

9.– Lanak egiteko behar diren udalaren, probintziaren edo besteren eskumeneko baimenak edo lizentziak eta gainerakoenak kaltetu barik eta alde batera utzita ematen da baimen hau, eta ez du salbuesten eskatzailea haiek eskuratzeko obligaziotik.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industriako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 12a.

Arabako lurralde-ordezkaria,

JESÚS PASCUAL LORENTE.


Azterketa dokumentala