Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2020ko azaroaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5105

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 16koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2020-2021 ikasturteko bigarren lauhileko euskara-ikastaroetara dei egiten duena. Deialdi honetan parte hartu ahalko dute bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileek, bai IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileek.

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileentzako eta IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileentzako euskara-ikastaroetarako deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoaren arabera. Deialdi honek 2020-2021 ikasturteko bigarren lauhilekoa arautzen du, eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna arteko ikastaroak eskaintzen ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 16a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARIA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzan eragin eta bultzatzea.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

Deialdi hau zuzenduta dago bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei, bai IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri erakundeetako langileei.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuaren ildotik:

Deialdi honetan parte hartzea izango dute:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileek. Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, ordea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek, Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzura diharduten irakasleek, Ertzaintzaren langileek eta Justizia Administrazioko langileek. Langile horiek guztiek eurentzat antolatutako berezko deialdietan parte hartu ahal izango dute, euren erakundeen tamaina eta gainerako ezaugarrien arabera eratutakoetan.

2.– Honako herri-erakundeetako enplegatu publikoek, baldin eta hurrengo atalean agertzen diren baldintzak betetzen badituzte:

a) EAEko Toki eta Foru administrazioak eta haien Erakunde Autonomiadunak.

b) Eusko Legebiltzarra eta Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak.

c) HKEE-TVCP (Herri Kontuen Euskal Epaitegia), Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia.

d) UPV/EHUko (Euskal Herriko Unibertsitatea) administrazio eta zerbitzuetako langileak.

e) Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Kontseilua.

Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza jasotzeko aurrez aipatutako erakunde publikoek, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2005eko azaroaren 30ean eman zuen Aginduan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da IVAPek Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua; eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak (EHAA: 2005-12-19). Betebeharrekoak honakoak dira:

– Hizkuntza normalizaziorako plana onartua izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak ezarritakoarekin bat etorriz.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin Lankidetza-Hitzarmena izenpetuta izatea, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen kasuan, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak jarraituko dira, eta IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten erakundeetako langileen kasuan, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideak jarraituko dira.

Hirugarrena.– Arau orokorrak eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

Ondoren zerrendatutako gaiak arautzeko 2020-2021 ikasturteko deialdi nagusietako oinarriak aplikatuko dira:

– Ordu-kredituari buruzko araubidea.

– Administrazioko taldeak osatzea.

– Matrikula-orriaren bitartez eskolatzea.

– Eskolara joatea eta asistentzia kontrolatzea.

– Eskolan berandu hastea.

– Eskola behin betiko uztea.

– Ikastaroen aprobetxamendu irizpideak.

– Eskaintzen diren moduluak (gunean 2/3 ordukoak, trinkoak).

Administrazio-taldeak osatze aldera, deialdi osagarri honetan mailaketa-proba bakarra egingo da.

Aipatutakoak arautzeko, bi ebazpenok hartuko dira kontuan:

Batetik, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei dagokienez, erreferentzia moduan hartuko da 2020ko ekainaren 11ko IVAPeko zuzendariaren Ebazpena, 2020-2021 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2020-06-19ko EHAA; 120. zenbakia).

Bestetik, IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei dagokienez, erreferentzia moduan hartuko da 2020ko ekainaren 11ko IVAPeko zuzendariaren Ebazpena, 2020-2021 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2020-06-19ko EHAA; 120. zenbakia).

Oraingo deialdi honetan otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesdunek; betiere, baldintza hauen pean:

a) Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, otsailerako ikastaro trinkoak bakarrik eskatu ahal izango dituzte, hau da, bost orduko ikastaroak edo barnetegia.

b) Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.

Modulu aldaketei dagokienez, oraingo deialdi honetan ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi.

Betiere HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute.

Laugarrena.– Lanorduetako ikastaroak.

4.1.– Ikastaroen eskaintza lanorduetan.

Ebazpen honen II. eta III. eranskinetan adierazten dira deialdi honetan, lanorduetan, egin daitezkeen ikastaroak eta eskaintzen diren moduluak.

Deialdi hau 2020-2021 ikasturteko bigarrena da, eta bertan egiten den ikastaro-eskaintza mugatua da, gorago aipatu diren 2020ko ekainaren 11ko ebazpenetan iragarri bezala.

IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera- eta bukaera-egunetan nahiz ordutegietan.

4.2.– Eskabideak nola egin, lanorduetako ikastaroetarako.

4.2.1.– IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakundeak (udalak, foru aldundiak, UPV/EHU, etab.).

Eskaerak telematikoki egingo dira, hitzarmena duten erakundeen kasuan IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez. Solaskidegunerako sarbidea erakunde bakoitzeko solaskide batek izango du.

IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari baztertutako eskaerak zeintzuk diren.

4.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak.

Administrazio orokorreko langileek nork bere eskabidea egingo du Jakina atariko www.ivap.jakina helbidetik XL-Nets segurtasun sisteman identifikatu eta gero, Euskarazko Ikastaroak izeneko aplikazioa baliatuta.

Langileren batek intraneteko atari horretara sartzerik ez badauka, bere saileko/erakundeko solaskideari adieraziko dio zer ikastaro egin nahi duen, eta solaskideak grabatuko du bere eskaera IVAPeko aplikazioan.

4.3.– Lanorduetako eskabideak egiteko epea.

Eskaerak IVAPeko aplikazioen bitartez bideratzeko epea hauxe izango da: azaroaren 30etik abenduaren 14ra bitartekoa.

Eusko Jaurlaritzako sailek abenduaren 18ra arteko epea izango dute jasotako eskaerak izapidetzeko.

4.4.– Aldi baterako langileak lanorduetako ikastaroetan.

Aldi baterako langileek egiaztatu egin beharko dute lan-hitzarmena dutela beren administrazioarekin, ikastaroak dirauen bitartean.

Lan-hitzarmenen iraupena egiaztatzea sailaren/erakundearen ardura izango da; sailak/ erakundeak onartzen dituen eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.

Bosgarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.

5.1.– Ikastaroen eskaintza eta baldintzak.

Lanorduz kanpoko ikastaroen ezaugarriak deialdi honen III. eranskinean adierazten dira.

5.2.– Eskabideak nola egin, lanorduz kanpoko ikastaroetarako.

5.2.1.– IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakundeetako langileak.

Eskaerak telematikoki egingo dira, Hitzarmena duten erakundeen kasuan IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez. Solaskidegunerako sarbidea erakunde bakoitzeko solaskide batek izango du.

IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari baztertutako eskaerak zeintzuk diren.

5.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak lanorduz kanpoko ikastaroetarako.

Administrazio orokorreko langileek nork bere eskabidea egingo du Jakina atariko www.ivap.jakina helbidetik, XL-Nets segurtasun sisteman identifikatu eta gero, Euskarazko Ikastaroak izeneko aplikazioa baliatuta.

Langileren batek intraneteko atari horretara sartzerik ez badauka, bere saileko/erakundeko solaskideari adieraziko dio zer ikastaro egin nahi duen, eta solaskideak grabatuko du bere eskaera IVAPeko aplikazioan.

5.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak egiteko epea.

Eskaerak IVAPeko aplikazioen bitartez bideratzeko epea hauxe izango da: azaroaren 30etik abenduaren 14ra bitartekoa.

5.4.– Aldi baterako langileak lanorduz kanpoko ikastaroetan.

Aldi baterako langileek egiaztatu egin beharko dute lan-hitzarmena dutela euren administrazioarekin, ikastaroak dirauen bitartean.

Lan-harremanaren iraupena egiaztatzea erakundearen ardura izango da, IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri-erakundeen kasuan; erakundeak onartzen dituen eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.

Administrazio Orokorreko langileek, eskaera orriarekin batera, lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute.

5.5.– Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.

Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen erakundera, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula-orriaren bitartez langilea edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatutan matrikulatu ahal izango da.

Matrikulatzeko ezinbestekoa izango da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula-orria IVAPera.

Langileak egin duen matrikulak honako baldintza hauek betetzen baditu, IVAPek matrikularen kostu osoa ordainduko du:

1) Matrikula-orria garaiz entregatzea euskaltegian: ikastaroa hasi baino lehen aurkeztu beharko da.

2) Aurreko 5.1. oinarrian ezartzen diren ikastaroen ezaugarriak betetzea.

Langileak egin duen matrikulak aurreko baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, ukapenaren berri emango dio langileari dagokion erakundeari.

Seigarrena.– Ikastaroen hasierari buruzko arau orokorrak.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

Moduluz aldatzen diren ikasleen kasuan, hasiera-dataren erreferentea ikastaro trinkoa izango da:

– Ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzen diren ikasleek lehenik eta behin ikastaro trinkoa bukatu behar dute, eta ondoren aldatuko dira 2 orduko ikastarora.

– 2 orduko ikastarotik trinkora aldatzen diren ikasleek 2 orduko ikastaroan jarraituko dute harik eta ikastaro trinkoa hasi arte.

Zazpigarrena.– Datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere.

Tratamendu horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza izango da, eta haren aurrean, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko Ordezkariaren aurrean, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak baliatu ahal izango dira, baita aplikatu beharreko araudiak aurrez ikusitako beste edozein eskubide ere.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalizazio-planaren betetze mailari buruzko ebaluazio-txostena egiteko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua); eta HABEri –Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari– (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez). Datuak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legeak kontrakoa agintzen ez badu.

Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta xehatua hemen kontsultatu dezakezu:

https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0215_eu.html

II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROAK

1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian edo Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira ondorengo egutegien arabera:

Maizpide (Lazkao): otsailak 15 - ekainak 23.

Aurten Bai (Zornotza): otsailak 15 - ekainak 30.

Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.

IVAPek matrikularen eta egonaldiaren gastuak hartuko ditu bere gain.

2.– Bost orduko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatuko du; izan ere, eskola orduez gain, ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora ere gehitu beharko da.

Bost orduko ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena izango dute. Deialdi honi dagokion bost orduko ikastaroa bigarren lauhilekoan egingo da eta honako iraupena izango du:

Otsailak 15 – ekainak 25 (hiru ebaluaketa egingo dira).

2021eko apirilaren 1etik 9ra arteko egunak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

IVAPek matrikula-gastuak hartuko ditu bere gain.

3.– Modulu-aldaketak.

3.1.– Bost orduko ikastarotik bi orduko ikastarora:

Bost orduko ikastarotik IVAPeko bi orduko talde batera aldatzen diren ikasleek ondorengo egutegia izango dute: otsailak 15 – maiatzak 28.

2021eko martxoaren 29tik apirilaren 9ra arteko egunak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Matrikula-orriarekin eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.

3.2.– Bi orduko ikastarotik bost orduko ikastarora:

Bi orduko ikastarotik IVAPeko bost orduko taldera aldatzen diren ikasleek eranskin honen 2. puntuan adierazitako egutegia izango dute.

Aldiz, matrikula-orriarekin eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala