Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2020ko azaroaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5025

AGINDUA, 2020ko azaroaren 4koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak ematen baitzaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko udalei bake-epaitegien 2020ko funtzionamendu-gastuetarako.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 35.3 artikuluan autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioko beharrei erantzuteko eskumenak, 13.1 artikuluarekin bat etorriz. Eskumen horien egikaritza azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuarekin hasi zen, eta martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 errege-dekretuen bidez egindako eskualdaketei esker, aipatutako beharrei hobeto erantzuteko garapen egokia ahalbidetu zen. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak kudeatu eta bultzatu behar ditu arlo horretan eskualdatutako zereginak.

Botere Judizialaren Lege Organikoak xedatzen duenez, bake-epaitegiak udalerriaren esparruan txertatutako organoak dira, eta Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50. eta hurrengo artikuluetan jasotako aurreikuspenen arabera, bake-epaitegien instalazioak eta baliabide materialak tokian tokiko udalaren ardura dira, bai eta beraiei diruz lagundu behar izatea ere.

Ildo horretatik, 38/1988 Legearen 52. artikuluan xedatzen denez, justizia gaietan eskumena duten administrazioen aurrekontuetan jasota dago udalei diruz laguntzeko aurrekontu-kreditu bat kontsignatu beharra dagoela, bake-epaitegien funtzionamendu-gastuei aurre egiteagatik. Dirulaguntza hori udalerri bakoitzeko eskubidedun biztanleen kopuruaren araberakoa izango da.

Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuak ere arautzen du gai hau: aurrerantzean ere, udalek izango dute ardura nagusia, finantzaketan Euskal Autonomia Erkidegoak lagunduko badu ere.

Horrela, dirulaguntzen programa bat egituratu da bake-epaitegien funtzionamendu-gastuei aurre egiteko; horixe izango da udalek arlo horretan dituzten betebeharren euskarri ekonomikoa.

Halaber, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuko 13.1e) artikuluak ezartzen duenez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagokio Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabideak ematea (dekretu horren bidez, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, kendu eta aldatu ziren, eta bakoitzaren funtzioak eta jardun-eremuak zehaztu ziren).

Aipatutako 18/2020 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko bigarren apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean txertatzen dira lehengo Lan eta Justizia Saileko Justizia Sailburuordetzako organoak eta atalak.

Lehengo Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 12.1.f artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren eginkizuna izango da «bake-epaitegientzako laguntza-programak kudeatzea eta bake-justiziaren arloko jarduerak bultzatzea».

Deialdi hau, bestalde, Lan eta Justizia Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, zeina Lan eta Justiziako sailburuaren 2020ko otsailaren 11ko Aginduaren bidez onartu baitzen.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.b artikuluak xedatzen duenez, lege-mailako arau batek Administrazioari ezartzen badio dirulaguntza horiek ematea edo haien zenbatekoa, dirulaguntza horiek zuzenean eman ahal izango dira, kasuan kasuko lege-mailako araudiaren arabera aplikatu beharreko prozedura erabiliz.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 48.4 artikuluak (testu bategin hura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) azpimarratzen du gai hori.

Honako xedapen hauek kontuan hartu dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Gainera, dekretu hauetan ezarritako eskumenak baliatu ditut: Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, kendu eta aldatzen dituen eta haien funtzioak eta jardun-eremuak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13. artikulua eta seigarren xedapen gehigarria. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko udalei laguntzak ematea da, bake-epaitegien 2020ko funtzionamendu-gastuei aurre egin diezaieten.

Bigarrena.– 460.975 euroko kreditua bake-epaitegiak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalen artean banatzeko moduluak onartzea, I. eranskinean aipatutako udalentzat onartutako zenbatekoen arabera, bulego judizial horien funtzionamendu-gastuak ordaintzen laguntzeko. Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.– Udalerrietako eskubidedun biztanleria, organo eskudunak egindako azken argitalpenaren araberakoa, eskala honi jarraikiz:

(Ikus .PDF)

2.– 1.850 euroko osagarria jasoko dute udalek, udalerrian espetxea badago.

3.– Udalerriko biztanleriaren arabera egokituko litzaiekeen kopuruaren % 85 jasoko dute udalek, baldin eta udalerriko bake-epaitegiko idazkaritza langile bakarreko idazkaritza-talde bateko partaidea bada.

Aurreko paragrafoan aipatutako idazkaritza-taldeen egoitza udalerrian kokatuta duten udalek, arau orokorren arabera dagokien zenbatekoaren % 100ez gain, udalerriko biztanleriaren arabera idazkaritza-taldeko udalei dagokien zenbatekoaren % 15 jasoko dute.

Hirugarrena.– Agindua ematea zenbateko horiek ordainketa bakar batean ordaindu diezazkieten bake-epaitegiak dituzten udalei.

Laugarrena.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 460.975 euroko gastua onartu da, aurrekontu-aplikazio hauen pentzutan egingo dena:

20.0.1.16.41.0100.1.422.01.14110.001/N

20.0.1.16.41.0100.2.422.01.14110.001/P

20.0.1.16.41.0100.3.422.01.14110.001/Q

Bosgarrena.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, dirulaguntzak emateko arauak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egingo ditu: besteak beste, egokitzat jotzen dituen gainbegiratze, ikuskatze eta egiaztatze-lanak.

Seigarrena.– Dirulaguntza hauen onuradunak diren bake-epaitegiak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuak aplikatuz, ezingo dira onuradun izan apartatu horietan zehazten diren egoeretan dauden erakundeak.

2.– Egunean edukitzea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

3.– Udal onuradunek Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkiote beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako jasotako laguntza edo dirulaguntzak, diru-sarrerak nahiz bestelako baliabideak.

4.– Dirulaguntza jasotzen duten udalak behartuta daude Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzen destinoa fiskalizatzeko duten funtzioa betetzeko eskatzen dieten informazio guztia ematera.

5.– Udal onuradunek gastu zehatz batzuk ordaintzeko erabili beharko dute dirulaguntza: energia, elektrizitatea, gasa, telefonoa, garbiketa, bulegoko materiala, joan-etorriak, Udaleko langileen soldaten egoztea eta oro har bake-epaitegiaren funtzionamendurako gainerako gastu arruntak.

6.– Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuaren 14.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, udalek urteroko lehen hiru hilabeteetan memoria bat aurkeztu beharko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, eta han azaldu zein udal-bitarteko eta -instalazio erabili ziren aurreko urtean bake-epaitegiari zerbitzua emateko, eta zenbatekoak izan ziren gastu errealak. Agindu honetako II. eranskinean ezarritako eredua erabiliko dute horretarako.

Alde horretatik, justifikatutako gastua onartutako dirulaguntza baino txikiagoa bada, justifikatu gabeko zenbatekoa bueltatu beharko da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan (testu bategin hura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan.

7.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek xede berarekin ematen dituztenekin, baldin eta guztiak batuta dirulaguntza honen objektu den gastuaren % 100 gainditzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, gastuaren % 100 gainditzen duen kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera dagokion dirulaguntzari.

8.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu egiten badira edo agindu honen objektu den dirulaguntzaz gain beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasotzen bada beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, betiere laguntza eskuratzeko bete beharreko betekizunak bete gabe uzten ez direnean.

9.– Dirulaguntza emateko baldintzak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan. Itzultzeko modua ere aipatutako lege-xedapenetan dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 4a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala