231. zk., 2020ko azaroaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (313 KB - 7 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5001
EBAZPENA, 2020ko urriaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten duena.
AURREKARIAK
Ingurumen Administrazioaren zuzendariak, 2016ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez, irismen-dokumentua egin zuen, Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren (aurrerantzean, HAPOren berrikuspena) ingurumen-azterketa estrategikoari buruz.
2018ko uztailaren 18an (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 138. zenbakia), Basauriko Udalak HAPOren berrikuspena jendaurrean jarri zuen 3 hilabeterako, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, egokitzat jotako alegazioak aurkezteko aukera emateko, hala xedatuta baitago abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan.
Era berean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, Basauriko Udalak eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluaren arabera, egokitzat jotako txostenak eta alegazioak aurkezteko aukera izan zezaten.
Basauriko Udalak ohartarazten duenez, behin jendaurreko informazioaren eta kontsultaren izapideak amaituta, zenbait txosten jaso dira, eta administrazio-espedientean jasota dago haien edukia eta emaitza. Alegazio eta txosten horiek kontuan hartuko dira HAPOren berrikuspenaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.
2020ko urriaren 16an, Basauriko Udalak HAPOren berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.
Ildo horretan, adierazi behar da Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena (aurrerantzean, HAPOren berrikuspena) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean xedatutako betekizunetako bat dela.
Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da, hau da, aipatu legearen I. eranskineko A. apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, baldin eta ebaluatu beharreko plan horiek eta haien aldaketak ingurumenean ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.
Gainera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Basauriko Udalak, organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute HAPOren berrikuspenaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
HAPOren berrikuspenaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, irismen-dokumentuan jasotzen diren zehaztapenak barne, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna da, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen eta lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena–), Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuarekin bat etorriz. Adierazpenak aldeko balorazioa egiten du ingurumen-alderdiak HAPOren berrikuspenaren proposamenean sartzeari buruz, eta horrek ingurumenean izango dituen inpaktu esanguratsuen aurreikuspenari buruz, azkenean onartzen den planean sartu behar diren azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako.
Orain arte azaldutako guztiari jarraikiz, espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta aplikatu beharreko legeak eta arauak ikusita, hau da, 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortzekoa, ezabatzekoa eta aldatzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren (aurrerantzean, HAPOren berrikuspena) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:
A) HAPOren berrikuspena helburu honekin planteatzen da: Basauri udalerriaren behar eta gaitasun errealetara ahalik eta gehien egokitzen den lurralde-antolamendu eredu bat finkatzea eta plangintza orokorra indarrean dagoen hirigintza- eta ingurumen-araudira egokitzea.
HAPOren jarduera-esparrua Basauri udalerria bera da; udalerria Bilbo Handia eskualdean dago, Nerbioi eta Ibaizabal ibaien elkargunean, eta arautu beharreko eremuak 7,16 km2 ditu.
HAPOren berrikuspenaren helburuen artean, honako hauek azpimarratu behar dira:
– Interes natural handieneko baliabideak eta eremuak babestea.
– Berdegune irekien sistema koherente bat kontserbatzea eta sortzea, herritarren osasunari eta natura-ingurunearen osasunari begira.
– Jarraitutasun ekologikoa sustatzea eremu babestuen eta planteamendu berriarekin sortuko diren berdeguneen artean.
– Hiri-eredu orekatua lortzea, hiri-eremuak hobetuz eta lurzoruaren kontsumoa optimizatuz.
– Eremu zaharkituak, degradatuak edo irisgarritasun-arazoak dituztenak berroneratzeko neurriak erraztea.
– Ingurumen-arriskuak kontrolatzea, bai garapen berrietan, bai dagoeneko abian dauden garapenen berroneratzean.
– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak lehengoratzea, baita kutsagarriak izan daitezkeen jardueren kokaguneak ere.
– Udalerriaren ingurumen-politikari buruzko sentsibilizazioa sustatzea herritarren nahiz instituzioen artean.
Helburuok lortzeko, jarduera nagusi hauek proposatzen ditu HAPOren berrikuspenak:
– Lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzea indarrean dagoen planteamenduan lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen diren sektore hauek:
– 4. sektorea - Uriarte.
– 8. sektorea - Pagobieta. «Nekazaritza nahiz Abeltzaintza eta Landazabala» kategoriakoa izango da.
– 9. sektorea - Goiri. «Nekazaritza nahiz Abeltzaintza eta Landazabala» eta «Basoa» kategoriatakoa izango da.
– Bizitegi-proposamena honako hauetan egiten da:
– «Laminados Velasco» eremua: eremuak 89.534 m2-ko azalera du; indarrean dagoen plangintzan, industria-erabilerarako hiri-lurzoru gisa sailkatzen da, eta, HAPOren proposamenarekin, aldiz, eremuak gehienbat bizitegi-erabilera izatea planteatzen da, beheko solairuetako saltokiekin eta dagozkion espazio libre eta ekipamenduekin. Dentsitate handiko etxebizitza-garapena planteatzen da (81,09 etxebizitza/Ha.); guztira, 733 etxebizitza.
– «La Basconia» eremua: eremuak 149.314 m2-ko azalera du; gaur egun, hiri-lurzoru industriala da, eta erabilera mistoa planteatzen da: bizitegi-erabilera eta industria-erabilera. Hala ere, bizitegi-erabilerako eremua txikiagoa izango da, hots, egungo okupazioa finkatu baizik ez da egingo. Etxebizitza-garapenaren dentsitatea 4,02 etxebizitza/Ha. izatea proposatzen da, alegia, 60 bat etxebizitza. Interes arkitektoniko txikiagoko eremuetan, Espazio Libreen Sistema Orokor berri bat sortzea proposatzen da, ibaiertza babestuko duena, baita ekipamendu bat sortzea ere. Eremuak bi azpieremu ditu: alde batetik, AOR Basconia Norte dago, eta horrek ere bi azpieremu ditu; NorEste eta NorOeste. Lehena bizitegi-erabilerarako da (398 etxebizitza), eta bigarrena, gehienbat erabilera tertziarioetarako, baita industria-erabileretarako ere. Bestetik, AOR Basconia Sur dago, Arcelorren instalazioak daudena, eta industria-erabilerarako dena. HAPOren proposamenak bitan banatzen du eremua: SurEste (182 etxebizitza, bizitegi-erabilerarako) eta SurOeste (erabilera mistoa: nagusiki industria-erabilera eta, horrez gain, erabilera tertziarioa). Antolamendu xehatua Barne Erreformarako Plan Berezi baten (BEPB) edo Birgaitzeko Plan Berezi baten (BPB) bidez egingo da.
– «K» eremua, San Fausto: une honetan, Barne Erreformarako Plan Berezi bat egiten ari da, dentsitate ertaineko etxebizitza-garapenarekin (52,62 etxebizitza/Ha.), hau da, 277 etxebizitzarekin.
– Uriarte eremua: eremua finkatzea planteatzen da, bizitegi-erabilerarako kalifikatuta. Eremuak 42.124 m2-ko azalera du, dentsitate txikiko etxebizitza-garapenarekin (16,85 etxebizitza/Ha.), hau da, 71 etxebizitzarekin.
– Halaber, indarrean dagoen plangintzan jasota dauden exekuzio-unitate guztiak garatzea planteatzen da; horretarako, bideragarritasun zalantzazkoena dutenak ikuskatuko dira, eta, hala, dentsitate handiko etxebizitza-garapen bat lortuko da (264,44 etxebizitza/Ha.), 443 etxebizitzakoa.
– Bestalde, jarduketa isolatu guztiak garatzea planteatzen da; horretarako, bideragarritasun zalantzazkoena dutenak ikuskatu, eta finkatutzat hartuko dira; hala, 4.627 m2-ko azalera izango du eremuak, eta dentsitate handiko etxebizitza-garapena (432,20 etxebizitza/Ha.), hau da, 200 etxebizitza.
– Proposamenak lurzoru urbanizaezinean:
– Landa-nukleo bakarra mantenduko da: Finaga.
– Zabalandiko landa-nukleoa hiri-lurzoru finkatu bilakatuko da.
– Lapatza, Luzarre, Atxikorre, Iruaretxeta eta Etxerreko landa-nukleoak lurzoru urbanizaezin bilakatuko dira, antolamendu-kategoria hauekin:
– Luzarre: Babes Bereziko Eremua eta Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landazabaleko Eremua.
– Atxikorre: Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landazabaleko Eremua.
– Iruaretxeta: Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landazabaleko Eremua.
– Etxerre: Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landazabaleko Eremua. Zati txiki bat, Babes Bereziko Eremua (ek, Etxerre urmaeleko ur-lamina).
– Babes bereziko kategorian sartu dira udalerriko natura-balio guztiak. Hauek nabarmentzen dira: natura-landaredia duten basoak, lehentasunezko habitatak eta Nerbioi nahiz Ibaizabalen ibaiertzak, bisoi europarrarentzat lehentasunezko banaketa-eremuak dira-eta.
– Etxerre urmaeleko ur-lamina babes bereziko lurzoru urbanizaezin izatetik ingurumen-hobekuntzako lurzoru urbanizaezin izatera igaro da, hezeguneen LAPren arabera.
– Espazio Libreen Sistema Orokorra.
– Basozelai parkea. Jabetza publikoko azalera soilik (azalera osoaren % 21) mantenduko da Espazio Libreen Sistema Orokorrean, kudeaketa errazteko helburuarekin. Gainerakoa, ordea, sailkapenetik kanpo utziko dira.
– Iruaretxeta-Pagobieta parkea. Jabetza pribatuko lursailak Espazio Libreen Sistema Orokorraren sailkapenetik kanpo utziko dira, eta jabetza publikoko lursailak eta babes bereziko basoen kategoriaren antzeko ezaugarriak izateagatik babestu beharrekoak soilik mantenduko dira.
– «La Basconia» eremuan, ibaiertzaren luzera osoan Espazio Libreen Sistema Orokor bat sortzea proposatzen da.
– Azpiegituren Sistema Orokorra.
– EAEko trenbide-sare berriaren LAPrekin bat etorriz, lurzoru-erreserba bat egin da Azpiegituren Sistema Orokorretarako; 31.875 m2 inguru. Udalerriaren iparraldeko muturretik igarotzen da, mendebaldetik ekialdera, Basconia eremuaren iparraldean. Lurzoru urbanizaezinean dago, espazio libreetan, eta kasuren batean, babes berezikoan.
B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.
Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da HAPOren berrikuspenaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.
C) HAPOren berrikuspena izapidetzean, ez da gehitu jarduketa berririk, ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duenik, eta ez da atzeman HAPOren jarduketarik, birdefinitu edo kendu behar denik.
D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.
Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Orokorrean, ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, hauek gehitu beharko zaizkie:
– Egin beharreko urbanizazio-obretan, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Bereziki, honako hauek:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.
– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).
– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Urak babestea: urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak). Halaber, ibaiertzak eta bertako landaredia lehengoratzea sustatu beharko dute landarerik gabeko eremuetan edo espezie inbaditzaileak daudenetan, ibilguen 5 metroko zortasun-eremuei dagokienez, gutxienez ere.
E) Ingurumen-jarraipenaren plana.
Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa bat deskribatzen du, HAPOren berrikuspenean bilduriko zehaztapenen aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk hautemateko. Udalak, ingurumen-jarraipenaren kontrol-organo den aldetik, lortutako emaitzen jarraipena egingo du bi urtean behin, eta, lortutako balioen arabera, hainbat xede zehaztuko ditu HAPOren berrikuspenaren indarraldian betetzeko.
F) HAPOren berrikuspenaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.
HAPOren berrikuspenaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2016ko urtarrilaren 22an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.
Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lehendik artifizializatutako lurzoruen erabilera lehenestea; naturagune babestuen kontserbazioa; Batasunaren intereseko habitatak errespetatzea, eta prebentzioa lehenestea kontserbazioaren aurretik.
Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea erabakitzen. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Basauriko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 29a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.