Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2020ko azaroaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5000

EBAZPENA, 2020ko urriaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Akarregi-Ergobia tartean, Astigarraga eta Hernani udalerrietan (Gipuzkoa), Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena.

AURREKARIAK

2015eko urriaren 14an, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ebazpena eman zuen, Akarregi-Ergobia tartean, Astigarraga eta Hernani udalerrietan (Gipuzkoa), Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua formulatzen duena.

2018ko azaroaren 22an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako iragarki bidez, Uraren Euskal Agentziak jendaurrean jarri zuen Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua, baita haren ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, egokitzat jotzen ziren alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Uraren Euskal Agentziak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren interesdunei.

Izapide horien ondorioz, organo substantiboak txostenak eta alegazioak jaso zituen, administrazio-espedientean jasotako edukiarekin, eta adierazi zuen jasotako alegazioak eta eragindako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen erantzun-txostenak kontuan hartu direla ingurumen-inpaktuaren azterketan.

2020ko irailaren 23an, Uraren Euskal Agentziak Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera osatu zuen, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren memoria eta eranskinak, URA-Uraren Euskal Agentziak eta Eptisa Salaberria Ingeniaritza ABEEak 2018ko otsailean idatziak.

– Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa, 2018ko apirilean idatzia.

– Jendaurrean jartzeko egindako jardueraren emaitzei buruzko dokumentua.

– Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentua.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektu arau horren I.B) eranskinaren 9.1. epigrafean dago sartuta.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Uraren Euskal Agentziak, organo substantibo gisa, Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen baititu; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuak izango duen ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, Uraren Euskal Agentziak sustatua; adierazpena aldekoa izango da.

Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren helburua da Ergobia auzoa eta Akarregi ebakidura uholdeetatik babestea. Proiektu horrek aukera emango du uraren xaflak nabarmen jaisteko eta, beraz, Hernaniko behealdeko eremuen, hala bizilekuen nola Ergobia eta Karabel arteko industrialen, uholde-arriskua ere jaitsiko da. Jarduketa honek Astigarragako eta Hernaniko (Gipuzkoa) Ergobia, Martindegi, Akarregi, Florida eta Latxunbe auzo eta industrialdeetan eragingo du batez ere.

Proiektuak jarraian zehazten den irtenbidea garatu du, eremuka banatuta.

– Ergobiko zubitik beherako eremua: plataforma bat egin da batez besteko 2,90 m-ko kotan, ibaian gora ibaiak zabalera handiagoa izan dezan eta plataforma berri horretatik isuri ahal izan dadin. Gune hori dentsitate handiarekin landareztatu ahal izango da ibaiertzaren eremuan, eta plataformatik hasita, 10 metroko zabalerara arte handitu ahal izango da. Gainerakoa dentsitate baxuarekin egingo da. Ezpondak 2H:1V izango dira.

– Ergobiko zubia: materiala ezkerreko ertzeko begian egonkortuko da, eta plataforma bat sortuko da batez besteko 2,90 m-ko kotan, ibaian beherako plataformaren jarraipen gisa.

– Ergobiko zubitik gora, Akarregiko meandrora iritsi aurretik: ezkerraldean plataforma bat sortzen da AHTren entzepatua iritsi aurretik, 2,90 m-ko batez besteko kotan, ibaian behera. 2H:1V ezpondak ditu. Plataforma hori landareztatu egin ahal izango da, Ergobiko zubitik beherako plataformaren irizpide berdinekin. Plataforma horren ondoren lur-erauzketa bat egingo da, egungo lursailean sartzeko. Eskuineko ertzean, bi plataforma egitea planteatzen da: bata 3,80 m-ko batez besteko kotan, eta bestea, 6,30 m-ko batez besteko kotan. Gainera, ibilguak 20 m-ko zabalera ez duen eremuetan, ibilgua zabaltzea aurreikusi da, zabalera horretara iritsi arte. Gero, lezoi bat egitea proposatzen da, 500 urteko errepikatze-denbora gainditu arte.

– Akarregiko mozketa lehorra: uholdeen aldizkakotasuna urtean 10 aldiz izateko diseinatu da; horrenbestez, ibaian gora 4,50ekoa izango da (gaur egungo lursailaren kota) mozketaren sarrera-kota. Bestalde, irteera-kota 2,60 m-koa da, Urumeako urak (emari ertaina dute, marea maila ekinokzial gorenean dagoenean) ibaian behera motzean sar ez daitezen. Mozketaren luzetarako malda % 0,2 ingurukoa da. Gainera, kanal zentraleko eremu bat utzi da, bi plataforma dituena.

– Urumea ibaia, meandroaren eremuan: Urumea ibaiaren ezkerreko ertzean, meandroaren eremuan ez da espezie inbaditzaileen tratamendua ez den beste esku-hartzerik egingo; hori Zaharberritze Proiektuan garatuko da. Eskuineko ertzean, eta ETSren obrek bide perimetral bat egin behar dutenez Kosta Zerbitzuak eskatuta, bide hori azterlan honen xede den proiektuan sartuko da, aldi berean uholdeen aurkako lezoi gisa erabil dadin.

– Oialume erreka eta Urumeako bokalea: uholde-kotatik beherako eremuetan, hormatxoak edo lezoiak egiteko jarduketak proposatzen dira, erabilgarri dagoen espazioaren arabera.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Lanen gainerako izapideek dirauten bitartean proiektuan aldaketa puntualak egiteko premia sortzen bada, eta aldaketa horiek ez badira aurreko lerrokadan aipatutakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Akarregi-Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuak eragindako eremua hiri-ingurune batean dago kokatuta, industrialdez inguratuta eta komunikazio-bide garrantzitsuek zeharkatuta; bertan Urumea ibaia da ingurumen-kalitate handiena duen elementua.

Urumea ibaiaren tarteko ur-masa eraldatua egoera onean diagnostikatu zen 2016ko kanpainan, potentzial ekologiko ona eta egoera kimiko egokia dituelako.

Gaur egun oso desberdinak dira landaredia eta landaredi potentziala, eta azterketa-eremuaren zatirik handiena urbanizatutako eremuei (industria- eta bizitegi-eremuak) eta garraio-azpiegiturei dagokie. Hostozabalen baso naturalek atzerakada handia izan dute, eta jatorrizko landaredia badago, baina eremu oso txikietan. Espezie aloktono inbaditzaileak daude, eta zuhaitz-geruzan itzaleko platanoa (Platanus hispanica) gailentzen da; lerrokadura monoespezifikoak osatzen dituzten tamaina handiko zuhaitzak daude. Belar-zuhaixka-geruzan, berriz, falopia (Fallopia japónica) eta, hein txikiagoan, banbua (Phyllostachys aurea) nagusitzen dira. Robinia pseudoacacia, Buddleja davidii, Crocosmia × crocosmiiflora eta Cortaderia selloana ere hauteman dira.

Ipar-ekialdeko muturrean, Ergobiko zubitik behera, Batasunaren lehentasunezko intereseko habitat (91E0*) gisa hartzen den haltzadi-masa bat dago kartografiatuta, haren gaur egungo ezaugarriak mota horretako habitatekin bat ez etorri arren. Ergobiko zubiaren inguruan, Batasunaren Intereseko 3260 habitata dago, «Estai muinotar eta menditarreko ibaiak, Ranunculion fluitantis eta Callitricho-Batrachion landaredia dutenak», eta habitat mota hori ez da oso ohikoa Kantauri isurialdeko ibaietan.

Arrain-faunari dagokionez, kolakaren eta izokinaren presentzia azpimarratu behar da, interes handia duten eta uren kalitate ona adierazten duten espezieak. Ibaiaren eskuineko ertzean, Ergobiako zubiaren inguruan, uhalde-enarek habiak egiteko guneak daude, Aranzadi Zientzia Elkarteak 2008an egindako espezie horren banaketari buruzko azterketaren arabera. Martin arrantzaleak berak ere egin ahal izango luke habia; martin arrantzalea ES2120015 Urumea ibaia/Río Urumea KBEan kontserbatu beharreko funtsezko elementua da, ibaiaren egoera ekologikoa adierazten duen espeziea den heinean.

Kultura-ondareari dagokionez, Ergobiko zubia nabarmendu behar da Astigarragako udal-mugartean, Donejakue Bidearen barruan mugatua eta Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo kategoriarekin kalifikatua, Kultura Ondasun gisa.

Arriskuei dagokienez, aztertutako eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan erregistratutako hainbat leku daude; horietako bost proiektatutako jarduerei dagozkie (20040-00174, 20903-00002, 20903-00003, 20903-00004 eta 20903 00006 kodeak). Era berean, hondakinak dituen eremu bat aurkitu da Txalaka pasealekuaren 2-4 zenbakien parean.

Proiektuak honelako obren inpaktuak sorraraziko ditu: zarata, atmosfera-kutsadura eta hondakinen sorrera.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua, Gipuzkoa Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta, hala badagokio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendien kudeaketaren arloan eskumena duten organoek ezarritakoa alde batera utzi gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, bertako landarediari eragitea saihestuko da.

D.1.2.– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Egoera onean dauden intereseko espezieen aleak kontserbatzen diren lekuetan, eta bereziki Ergobiko zubiaren inguruan –bertan dago Batasunaren Intereseko 3260 Habitata, «Estai muinotar eta menditarreko ibaiak, Ranunculion fluitantis eta Callitricho-Batrachion landaredia dutenak»– eta zubitik behera –Batasunaren lehentasunezko intereseko habitat (91E0*) gisa hartzen den haltzadi-masa bat dago–, biak ere Batasunaren intereseko habitatak, kontu handiz ibili beharko da, interes handieneko aleak ez kaltetzeko.

Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta «in situ» balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko. Bestalde, zuinketa eta lanak egiteko fasean, aipatutako eremuetan, ebazpen honen D.10 apartatuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan, Lanen Zuzendaritzari laguntzeko.

Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.11 apartatuko lan-programan jasoko dira.

D.1.3.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen D.10 apartatuan adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

D.1.4.– Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean eta Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan xedatutakoa hartuko da kontuan, baita, hala badagokio, foru-organo eskudunak ezarritakoa ere.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak programa bat jarri du martxan azken urteetan, Urumea ibaian izokin arrunta berriro sartzeko, eta, haren ondorioz, espezie horretako kolonia berri bat sortu da ibai-arroan. Denboran programatuko dira lanak oro har, bereziki espeziearen migrazioa oztopa dezaketen jarduketak, ibai-tarteak konektore-funtzioa betetzen jarraitzeko espeziearen garai kritikoetan.

D.1.5.– Kontratistaren instalazioen eremuak lanen enpresa esleipendunak egokituko ditu, egitekoak diren jarduketek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ingurumenean.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe ur-gaietan eskumena duen organoak xedatutakoa, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira Itsas Lehorreko Jabari Publikoan (ILJP) eta horren Babes Zortasun Eremuan (BZE) eragina duten obretarako:

D.2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

D.2.2.– Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

D.2.3.– Ibaian isuri barreiatuak izango direla aurreikusten den eremuetan, ura iragazteko gailuz eratutako hesiak, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoak, instalatuko dira.

D.2.4.– Ibilgu barruko lanak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa betez egingo dira, berezko ibilgua ahalik eta gutxien okupatzeko eta ura ahalik eta gutxien uhertzeko okupazioa dela-eta.

Ur-agorrak kendu edo beste hondeatze-lan batzuk egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean edo berariaz diseinatutako instalazioetan utziko dira aldi baterako, helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.

D.2.5.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

D.2.6.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

D.2.7.– Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira (ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusita daude). Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honen D.6. apartatuan ezartzen diren baldintzak beteko dira.

D.2.8.– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratzen duen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko abenduaren 21eko Aginduan sartutako hainbat gunetan gauzatzen da proiektua, zehazki honako kode hauek dituzten partzeletan: 20040-00174, 20903-00002, 20903-00003, 20903-00004 eta 20903 00006.

Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen bidez araututako prozedurari jarraikiz.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten eta gaur egun aktibitaterik gabe dauden lurrak mugitzeko jarduketak aurreko artikuluan adierazita daude, eta, horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren mendean geratzen da. Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betez.

Aurrekoarekin lotuta, lanak lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan egingo dira, aipatutako lurzorua aurreikusitako erabilerei egokituko zaiela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

Sobera geratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

D.4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.

D.4.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatuak airera dezaketen eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

D.4.2.– Obrak egiteko eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, solidoak atxikitzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentuen arabera. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Ebazpen honen D.11 apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta zatikirik ez barreiatzeko.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketa, eraispen, zamalan eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean, etan., ere.

D.5.2.– Halaber, Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horren 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.5.4.– Egunez bakarrik lan egingo da.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretu) eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen eta materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

Amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak beteko ditu sustatzaileak. Halaber, amiantoa daukaten hondakinak kudeatzeko manipulazio-eragiketak, amiantoaren eraginpean jartzeko arriskua dakarten lanei aplikagarri zaizkien gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako betekizunen arabera egingo dira.

D.6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak bi dekretu hauei jarraikiz kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.4.– Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko hondeatutako lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko Legea (maiatzaren 14ko 20/1986 Legea) betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.6.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Era berean, obrek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

D.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

D.7.1.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako prebentzio-neurriak garatuko dira, eta, hala badagokio, organo eskudunak ezartzen dituenak.

D.7.2.– Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako eginkizunak gorabehera, ustiatze-lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek erabaki dezan zer neurri hartu behar diren.

D.8.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak.

D.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurunea lehengoratzeko lanek honako hauek hartuko dituzte barnean: urbanizatu gabeko lekuetan, lurra alde geomorfologiko eta edafikotik lehengoratzea eta landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea; eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.

Ibilgu berrien alboetako ezpondak ahalik eta era naturalenean diseinatuko dira luzera osoan. Horren ondorioz, ezponda horietan ez dira jarriko harri-lubetazko edo hormigoizko babes artifizial zurrunak, eta, behar izanez gero, bioingeniaritzako konponbideak ezarriko dira.

D.8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

D.8.3.– Ibaiertzak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan proposatutakoaren arabera lehengoratuko dira, eta, horrela, landarezko zerrenda jarraitu bat (zuhaixkak zein zuhaitzak) egokiro finkatu ahal izango da, beharrezkoa da-eta ibaiaren funtzio ekologikoari eusteko.

D.8.4.– Oneratze-lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Buddleja davidii, Arundo donax eta beste– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

D.8.5.– Ingurua zaharberritu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

Beraz, langileek jardunbide egokien sistema bat erabili beharko dute, besteak beste, helburu hauek ahalik eta gehien ziurtatzeko: obraren okupatze-mugak kontrolatzea, natura-interes handiko landaretza-guneen gaineko eragina kontrolatzea, ibilguen gaineko eragina kontrolatzea, hondakinen isurketak saihestea, olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea, proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak saihestea.

D.11.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gaiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, eta hor jasota egongo dira hondeaketa-lurrak behin-behinean biltzeko eremua, sarbide-bideak, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira lanak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak.

– Lanen ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuei buruzko xehetasunak. Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako dekantazio-putzuaren kokapen zehatza, neurriak eta tratamendu-gaitasuna.

– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauek errespetatuta: eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua; Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko, bete beharrekoa izango da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egongo da erregistroa, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.10 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusiko balitz, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lantegietan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

E.4.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Obrak bukatuta eta lehengoratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, lehengoratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G) Hargatik eragotzi gabe ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa, jarraian aipatzen diren dokumentuak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera:

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko dituena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 22a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala