229. zk., 2020ko azaroaren 18a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (351 KB - 11 orri.)
- EPUB (231 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4955
AGINDUA, 2020ko azaroaren 13koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez EAEko ostalaritza-sektorerako laguntzak arautzen baitira eta deialdia egiten baita.
Eusko Jaurlaritza etengabeko monitorizazioa egiten ari da, COVID-19ak sortutako krisiari modu koordinatuan aurre egiteko otsailaren 27an sortutako sailarteko mahaiaren eta erakundearteko foroen bitartez, eta neurriak, gomendioak eta betebeharrak ezartzen ari da Euskadin birusaren hedapena eta eragina mugatzeko, Bizi Berri II planean xedatutakoaren arabera.
Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko, eta zenbait neurri adierazi ziren birusaren hedapenari aurre egiteko.
Euskadin birusa gero eta gehiago transmititzen ari denez eta ospitaleko okupazioan eta zainketa intentsiboetako unitateetan asistentzia-inpaktua gero eta handiagoa denez, Labiren Batzorde Teknikoak, Osasun Sailak, Osasuneko Lurraldearteko Kontseiluak eta Labiren Aholku Batzordeak ezinbestekotzat jo dute birusaren transmisio-katea hausteko neurri gehiago hartzea; horrenbestez, neurri murriztaile berriak hartzera behartu dute Eusko Jaurlaritza.
Hala, lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren bidez, prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dira alarma-egoeraren deklarazioaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko.
Neurri horiek berriro ebaluatu dira lehendakariaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuan (dekretu horren bidez aldatu da lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretua, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko) eta neurri horien artean honako neurri hau ezarri da «Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuen erabateko itxiera ezartzen da, hoteletako eta ostatu hartuta dauden bezeroen zerbitzurako beste ostatu batzuetako jantokietan izan ezik. Etxez etxeko otorduak prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, edo bertan jasotzeko aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte».
Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna COVID-19aren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna bada ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kontuan hartu behar ditu prebentzio-itxiera horrek EAEko ostalaritza-sektorean dituen ondorioak eta eragina ere, sektore hori enplegu- eta ongizate-iturria baita euskal gizarte osoarentzat.
Jarduera Ekonomikoen Gidazerrendan (JEGID) dago jasota Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoko establezimendu eta enpresa guztien informazioa, 2019. urteko erreferentziakoa, eta, datu horien arabera, EAEn ostalaritza-sektoreko 13.754 establezimendu daude, eta horietatik 12.502 establezimenduri eragin die neurri horrek; guztira 55.821 langile dira, eta horietatik 11.740 autonomoak dira (guztizkoaren % 21,03); izan ere, dekretuak berak ostatu-zerbitzuak, hotelak eta bestelako ostatuak salbuetsi ditu eta baimendu die jantokiak irekitzea, ostatu hartuta dauden bezeroen zerbitzurako.
Urgentziazko egoera honetan, arlo ekonomikoari dagokionez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren erabateko lehentasuna da: EAEko ostalaritza-sektorea babestea eta laguntzea, inpaktua minimizatzeko eta, osasun-alarma amaitu ondoren, jarduera ahalik eta lasterrena berpiztu dadin.
Ildo horretan, EAEko ostalaritza-sektorerako COVID-19 Laguntzen Programak osatu nahi ditu erakundeek ere har ditzaketen neurri ekonomikoak, eta, beraz, bateragarriak dira horiekin guztiekin.
Hala, likidezia-neurrien eta garatzen diren beste neurri batzuen osagarri gisa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jotzen du itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen lerro bat ezartzea, EAEko ostalaritza-sektorearen biziraupenean laguntzeko, pandemiaren hedapenaren eta jarduera ixtearen berehalako ondorioen aurrean.
Prozeduraren ikuspegitik, administrazio-izapideak errazte aldera, agindu honek espedienteen izapidetze elektronikoa soilik ez den izapidetze bat aukeratzen du, onuradunek, bakoitzak bere egitura, atomizazio eta tamainaren arabera, laguntzetara iristeko aukera izan dezaten, beste bide batzuetatik aurkezteko aukera izanik.
Laguntza-programa hori premiazkoa denez, prozedura arina behar da. Ezin da bestela izan gaur egungo egoeran, eta, era berean, aurreikusten dena eskabide kopuru handia ahalik eta azkarrena izapidetzeko aukera eman behar du, programa geldiarazi edo moteldu ez dadin.
Gainera, laguntzak kudeatzeko, komenigarritzat jo da gastu publikoaren kudeaketan eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatzea ahalbidetuko duten beharrezko kontrolak errespetatzea.
Laguntza horren oinarrizko helburua jarduera mantentzen laguntzea da, eta, horrekin batera, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko dekretuaren bidez ezarritako itxieraren ondorioz jarduerak etenda dituzten ostalaritza-establezimenduen titularren zuzeneko galera ekonomikoak arintzea, eta, horrela, establezimenduen iraupen fisikoan laguntzea nahitaezko itxiera bukatu ondoren.
Laguntzen hartzaileak ostalaritza-establezimenduetako jarduera ekonomikoen titularrak dira, autonomoak zein pertsona juridikoak (sozietateak) izan. 50 langile baino gutxiago dituzten ostalaritza-establezimenduetarako dira laguntzok.
EAEko ostalaritza-sektorearen enpresa-egiturari dagokionez, 3 tarte ezarri dira laguntza horiek kuantifikatzeko, langile autonomoen eta besteren konturako langileen kopuruaren arabera:
– 1-3 langileko establezimenduak (autonomoak eta soldatapekoak).
– 4-10 langileko establezimenduak (autonomoak eta soldatapekoak).
– 10 langile baino gehiagoko establezimenduak (autonomoak eta soldatapekoak).
Laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa du.
Hori dela eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15. artikuluak, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari ematen dizkioten eskumenak baliatuz.
Honako hau,
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Laguntzetarako deialdiaren xedea.
1.– Laguntzen agindu honen xedea da: EAEko ostalaritza-sektorea, norberaren konturako langileak edo autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak babesteko eta zuzenean laguntza ekonomikoa emateko oinarriak ezartzea, COVID-19aren hedapena geldiarazteko hartutako neurrien inpaktua minimizatzeko eta jarduerari ahalik eta azkarrena berrekitea ahalbidetzeko.
2.– Helburu horrekin bat etorriz, laguntza-lerro honen helburua da: EAEko ostalaritza-sektoreko norberaren konturako langileen edo autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien galera ekonomiko zuzena arintzea. Izan ere, COVID 19aren pandemiak eragindako zailtasun-egoera batean, jarduerak eten behar izan dituzte lehendakariaren 38/2020 Dekretuaren ondorioz. Izan ere, dekretu horren bidez, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuen erabateko itxiera ezartzen da, alde batera utzita hoteletako eta ostatu hartuta dauden bezeroen zerbitzurako beste ostatu batzuetako jantokiak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 30.450.000 eurokoak dira guztira, eta 2020ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.
Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko zenbateko hori edo gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta aurrekontuak aldatzen badira indarreko legeen arabera onartuta. Aldaketarik eginez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek, nortasun juridikorik gabeko unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat osatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen elkarteek, eta egoitza fiskala eta soziala eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten mikroenpresek eta enpresa txikiek, baldin eta COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko lehendakariaren 38/2020 Dekretuan hartutako neurriek euren jarduerari eragin badiote.
2.– Mikroenpresen eta enpresa txikien definizioari buruzko aurreko apartatuan adierazitako enpresek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla ezartzen da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
3.– Artikulu honetan adierazitako entitateek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta euren jarduera honako tipologia honetan sartzen bada:
a) Sukaldaritza-arloko establezimenduak: jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak, hau da, establezimendu finkoetakoak, jendeari irekiak, janariak eta edariak modu profesionalean eskaini ohi dituztenak tokian bertan kontsumitzeko.
b) Zehazki, erregulazio honen xede dira: «Janari- eta edari-zerbitzuak», Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko «I» sekzioan bildutako jarduerak:
EJSN 56 dibisioa: janari- eta edari-zerbitzuak.
EJSN 561 taldea: jatetxeak eta janari-postuak.
– EJSN 5610 klasea: jatetxeak eta janari-postuak, salbu eta jardueraren xede nagusia bada janaria etxera eramateko banaketa edo zerbitzua.
EJSN 563 taldea: edari-establezimenduak.
– EJSN 5630 mota: edari-establezimenduak eta, gainera, dantza-aretoak edo diskotekak.
Berariaz, honako jarduera hauek geratuko dira erregulazio honetatik kanpo:
EJSN 562 taldea: ekitaldietarako eta beste otordu-zerbitzu batzuetarako prestatutako janarien hornidura.
– EJSN 5621 mota: ekitaldietarako prestatutako janarien hornidura.
– EJSN 5629 klasea: beste otordu-zerbitzu batzuk, salbu eta jarduera eten duten zentroetan edo espazioetan egindako jarduerak badira.
4.– Nolanahi ere, kanpoan geratuko dira sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, edo beste erakunde batzuk, baldin eta administrazio publikoek edo haien mendeko erakundeek kapitalean edo gobernu-organoetan gehiengo partaidetza badute.
5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egon beharko du 2020ko urriaren 25eko alarma-egoeraren deklarazioaren aurretik.
6.– Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta eskakizunak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Elkartea desegiten bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro baino lehen, emandako dirulaguntza itzuli egin beharko du.
7.– Pertsona eta erakunde onuradunek eskakizuna hauek bete beharko dituzte 2020ko urriaren 25ean:
a) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea eta lantokia bertan egotea.
b) Lehendakariaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuaren eraginpean geratu den ostalaritza-jardueran aritzea.
c) Norberaren konturako langileen edo autonomoen kasuan, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea, 2020ko urriaren 25ean alarma-egoera deklaratu aurretik.
8.– Aurreko apartatuko a) eta b) letretan jasotako betekizunak mantendu beharko dira itxiera-aldian, eta, gutxienez, hura amaitu ondorengo lau hilabeteetan. Era berean, erakunde onuradunak EJZn alta emanda egon beharko du, gutxienez aldi horretan.
Nahitaezko itxiera-epea amaitu eta 4 hilabete igaro ondoren, onuradunen jarduera mantentzen dela egiaztatuko da.
9.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du artikulu honen 5. apartatuan eta 7.a), b) eta c) letretan eta 8. apartaduan ezarritako eskakizunak betetzen direla, datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez. Hala ere, eskatzailea horren aurka agertu ahal izango da, eta, halakorik egiten badu, ekonomia-jardueren gaineko zergan altan dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria eta lan-bizitzarenak.
10.– Aurreko ataletan aurreikusitako eskakizunez gain, pertsona eta erakunde onuradunek eskakizuna hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, ordainketa egin aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizuna hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu bere kontura.
b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean izatea.
c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen dituen debeku baten pean (sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki.
d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.
4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.
2.– Pertsona edo erakunde onuradunari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa eskaeraren xede den establezimenduan edo lantokian 2020ko urriaren 25ean (alarma-egoera deklaratu zenean) alta-egoeran zeuden langileen kopuruaren arabera ezartzen da, honako taula honen arabera:
– 1-3 langileko establezimenduak: 3.000 euro.
– 4-10 langileko establezimenduak: 3.500 euro.
– 10 langiletik gorako establezimenduak: 4.000 euro.
Kasu guztietan, langileen guztizko zenbaketak autonomoak zein soldatapekoak hartuko ditu barruan.
II. KAPITULUA
PROZEDURA
5. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, goizeko bederatzietan, eta 15 egun baliodun geroago amaituko da.
2.– Eskabide bat aurkeztuko da lantoki edo establezimendu bakoitzeko; nolanahi ere, enpresa batek laguntza horiek eskatzeko horrelako hainbat izan ditzake, eta bakoitzak bere eskaera izan beharko du.
3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta xede horretarako aurreikusitako gainerako inprimakiak bete beharko dituzte; besteak beste:
3.1.– Erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauei buruzkoa:
a) Eskatzaileari buruzko datuak, langile autonomoa, mikroenpresa, enpresa txikia edo nortasun juridikorik gabeko taldea den zehaztuta; kasu horretan, kide bakoitzaren eta bakoitzaren datu pertsonalak banakatu beharko dira. Datuen artean, berariaz zehaztu beharko dirulaguntza-eskaeraren xede den establezimenduaren kokapena eta izena, bai eta eskaeran aipatzen den establezimendua alta emanda dagoen jarduera ekonomikoen zergaren epigrafea ere.
b) Erakunde onuradun izateko deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela.
c) Pertsona edo erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.
d) Enpresa izanez gero, mikroenpresa edo enpresa txiki gisa kalifikatzeko behar diren eskakizunak betetzen dituela.
1.– 50 pertsona baino gutxiagori lana ematea, eta negozio-bolumena, deialdi honen aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, 10 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
2.– 50 langile edo gehiago dituen eta 10 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumena duen enpresa batek ez duela kapitalaren % 25eko edo gehiagoko partaidetzarik.
e) 2020ko urriaren 25ean plantilan dituen langile guztiei buruzko datuak, –autonomo eta soldatapekoenak–, gizonezkoak eta emakumezkoen kopuruak bereizita, eta laguntza eskatzen den establezimendu edo lantokiko langile bakoitzaren gizarte-segurantzako zenbakia adierazita.
f) Diruz laguntzeko eskatzen duen lantokia edo establezimendua EAEn dagoela eta 2020ko urriaren 25ean alarma-egoera deklaratu zenean martxan zegoela.
g) Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion epai irmo bidezko zehapen administratibo edo penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
h) Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasitakorik.
i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikulua betez dirulaguntza eta laguntza publikoak jasotzeko debekurik ere ez izatea.
j) Jarduera nagusia ez dela janariak eta edariak etxez etxe banatzea, ezta establezimenduan jasotzea ere (Delivery eta Take Away).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatu ahal izango du e) eta f) apartatuetan ezarritako eskakizunak betetzen direla, datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez. Hala ere, eskatzailea horren aurka agertu ahal izango da, eta, kasu horretan, eskakizuna horiek betetzen dituela egiaztatzen duten egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu bere kontura.
3.2– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak alta eman beharko du edo bere banku-datuak aldatu Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan. Horretarako, kasuan kasukoa, aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango du, hemen ezarritako jarraibideen arabera: https://www.euskadi.eus/alta-modificacion-datos-terceros/web01-tramite/es/
4.– Agindu honetan jasotako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketa kontuak, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez egingo dira; hala ere, pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko elkarteen kasuan, izapideak nahitaez telematikoki egin behar dira. Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko honetara jo beharko da: http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/ayuda_subvencion/2020/11092. Hirugarrenen altaren edo aldaketaren kasuan, artikulu honetako 3.2 paragrafoan agertzen den helbidearen bidez egingo da.
Kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak eta eskabide-eredua aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.
Elektronikoki izapidetutako eskabideetan, sinadura elektronikoaren aurkezpen-data hartuko da aurkezpen-datatzat; aurrez aurre izapidetutako eskabideetan, berriz, eskatutako jarduketa bakoitzerako dagokion erregistroan agertzen dena. Horietan guztietan, deialdi honetan eskatutakoaren arabera eskabidea osorik formalizatu duen uneari dagokion data hartuko da kontuan.
Espedientera sartzea, jakinarazpenak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoko «nire karpeta» aplikazioaren bidez soilik egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako hauek erabiliko dira:
– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo
– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, erantsi beharko dute ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo legezko beste edozein dokumentu, ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duena.
Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du.
5.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.
7.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, aurrez aurre aurkeztu ahal izango du eskabidea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lurralde-bulegoetan edo Eusko Jaurlaritzaren jendaurreko arretarako bulegoetan –Zuzenean–, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabilita ere. Horretarako, aurretiko hitzordua eskatu beharko dute, pandemia-aldian indarrean dauden baldintzetan, bulego horietan aurrez aurreko izapideak egiteko.
6. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.
1.– Eskabidea ez bada osorik bete, edo harekin batera ez bada aurkeztu 5. artikuluan adierazitako nahitaezko dokumentazioa, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez edo pertsona fisiko eskatzaileak aukeratutako bitartekoen bidez egingo dira.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den eskuragarri jakinarazitako egintzaren edukia. Jakin baldin badakigu iritsi zaiola jakinarazpena, baina hamar egun natural geroago oraindik ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea eginda dagoela ulertuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea».
7. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
Onuradunei dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie, dirulaguntza ematea erabaki eta eskatzaileak onartu ondoren. Dirulaguntza onartutzat joko da, jakinarazpena egin eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.
8. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.
1.– Dirulaguntzen eskabideei erantzungo zaie, baldin eta zuzenketa eskatu behar ez bada, aurkezpenaren eguna eta ordua erreferentziatzat hartuta. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, betiere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte, eta erabilitako kredituaren arabera.
2.– Onuradun izateko eskatzen diren eskakizunak betetzen direla kontuan hartuta emango dira, eta ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.
3.– 2. artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira. Hori horrela, ebazpena eman duen organoak kreditua agortu dela jakinaraziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako langileei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio edota informazio osagarria eskatu ahal izango dute edozein unetan.
9. artikulua.– Dirulaguntza ebaztea eta ordaintzea.
1.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak ebatziko ditu eskabideak, hurrenez hurren, eskabidea osorik formalizatzen den uneari erreparatuta, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabidea osorik aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita, eta ebazpen arrazoitua emango du aurkeztutako dirulaguntza eskabide bakoitzari dagokionez, honela:
– Eskatzailea eskaeran atzera egindakotzat jota, ez bazaio garaiz eta behar den moduan erantzun egindako zuzenketa-errekerimenduari.
– Dirulaguntzarako egindako eskaera ezetsita, ez bada egiaztatu dirulaguntza hauen onuradun izateko eskakizunak betetzen direla oinarri arautzaileetan jasotako moduan.
– Egindako eskaera onartuta, deialdian finkatzen den zenbatekoa duen dirulaguntza emanda eta hori ordaintzea bidezkoa dela adierazita, kolektiboaren araberako kredituaren kargura.
2.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko dira, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabidea osorik formalizatzen denetik aurrera, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak; hori guztia, diruz lagundutako eskabideen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeari kalterik egin gabe.
Hiru hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, pertsona edo erakunde interesdunak baietsitzat jo ahal izango du bere uzia, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.
3.– Organo kudeatzaileak egindako jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaliko dizkie interesdunei, eskabide inprimakian adierazitako telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.
4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Dirulaguntzaren zenbatekotik kendu egingo dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak, zerga arautzen duen araudia aplikatuta dagozkionak. Era berean, emandako dirulaguntza guztien berri emango zaie zerga-agintariei, indarrean dagoen zerga-araudian ezarritako baldintzetan eta ondorioetarako.
10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1, 18.3 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Alarma-egoeran ezarritako ostalaritza-jarduera mugatzeko neurriak kentzea erabaki ondoren, enpresa-jarduerari berrekitea, eta jardueran alta emanda jarraitzea, 3.3 artikuluan adierazitako onuradun kategoria baten barruan, gutxienez lau hilabetez, jarduera horri berrekiten zaionetik.
b) Jardueran gutxienez lau hilabetez aritzea jarraian, establezimenduaren jardueran etena egon denetik zenbatzen hasita.
c) Laguntza ematea eta baliatzea eragin duten eskakizunak eta baldintzak betetzen jarraitzea, bai eta jarduera mantentzea ere.
d) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea.
f) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta 4/2005 Legeak Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da. Horretarako, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.
12. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen babespean lortutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuetatik eta/edo erakunde pribatuetatik jasotako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.
2.– Agindu honetan ezarritako laguntzak, egungo COVID-19aren testuinguruan, ekonomia babestera bideratutako estatu-mailako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruaren mende daude; hau da, 2020ko martxoaren 19koa (2020/c 91 i/01) eta haren aldaketak, (c (2020) 2215, 2020ko apirilaren 3koa, c (2020) 3156, 2020ko maiatzaren 8koa, c (2020) 4509, 2020ko ekainaren 29koa) eta C (2020) 7127, 2020ko urriaren 13koa. Laguntzak Aldi Baterako Esparru horrek estatu kideei araubideak ezartzeko eta enpresei laguntzak emateko aitortzen dizkien ahalmenen barruan ematen dira, presako likidezia-premiei aurre egin diezaieten.
13. artikulua.– Ikuskapena.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako ikuskapenak eta egiaztapenak egin ahal izango ditu, eta enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuetako batean egonez gero, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ez-betetzeari buruzko espedientea hasi ondoren (interesdunari entzunaldia emango zaio espediente horretan), adieraziko du, dirulaguntza eskuratzeko eskubidea erabat edo zati batean galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, ez-betetzearen proportzioan, bai eta berandutze-interesak ere, hala ezartzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Eta, zati bat itzuli behar izanez gero, aipatutako 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoaren arabera, zenbateko hori diru-sarrera publikotzat hartuko da legezko ondorioetarako.
2.– Ez-betetzearen espediente hori eskaera formalizatu den bide beretik izapidetuko da, interesdunak legitimoki beste bat eskatzen duenean izan ezik. Izapidetze elektronikoaren kasuan, egoitza elektroniko honen bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
15. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira. Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
16. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudia.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi. Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 13a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.