Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2020ko azaroaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4954

256/2020 DEKRETUA, azaroaren 10ekoa, zeinaren bidez gizarte intereseko aitortzen baita Asociación para la Rehabilitación e Incorporación de Personas en Situación de Exclusión Social «Bizitegi» elkartea.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-zerbitzuen eskaintzan diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzak biltzen dituztenean; guztia ere, EAEn gizarte-zerbitzuak garatzearren Gizarte-ekintzako Hirugarren Sektoreari egindako ekarpenak eta izandako ibilbidea aitortzeko.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Lege horren babesean, Asociación para la Rehabilitación e Incorporación de Personas en Situación de Exclusión Social «Bizitegi» elkarteak aitorpen hori eskatu du, bere ustez gizarte-intereseko erakundea dela aitortzea merezi baitu, gizarte-ekintzaren arloan egiten duen lanagatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak jakinarazten duenez, 1988an eratu zen Asociación para la Rehabilitación e Incorporación de Personas en Situación de Exclusión Social «Bizitegi» erakundea. Haren helburua da gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei gizarteratzen laguntzea eta halako prozesuak sustatzea.

Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2015etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidego osoan. Bizkaiko Lurralde Historikoaren eremuan gauzatzen ditu bere jarduerak, nagusiki.

Aipatutako urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko azaroaren 10ean egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Gizarte-intereseko aitortzea Asociación para la Rehabilitación e Incorporación de Personas en Situación de Exclusión Social «Bizitegi» erakundea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aipatutako aitorpenari dagozkion eskubideak errekonozitzea Asociación para la Rehabilitación e Incorporación de Personas en Situación de Exclusión Social «Bizitegi» erakundeari, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala