Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2020ko azaroaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4953

255/2020 DEKRETUA, azaroaren 10ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Ezkio-Itsason, Itsasoko saneamendu proiektua (2019/48-SA-LS) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Itsasoko saneamendu proiektua (2019/48-SA-LS)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak 2020ko otsailaren 6an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hogei eguneko epean. Foru agindu hori 2020ko otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (30. zk.), eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinarazi zitzaien. Geroago, 2020ko apirilaren 21ean egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta lau alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Gaur egun, Itsaso herriak natura ingurunera isurtzen ditu bere hondakin-urak, aurretiko ia tratamendurik gabe. Noizbehinka badaude hobi septikoak erreken ibilguetara solidoak iritsi ez daitezen, baina arazketa-sistema horien eraginkortasuna ez da ia hautematen materia organikoak eragindako kutsadura saihesteari dagokionez. Oro har, isurketa horien hartzailea indar gutxiko ur-ibilgu bat da, eta horrek areagotu egiten du isurketen eragina.

Bizilagunek eta ganaduak irispidea dute erreka-ibilgu horietara, eta, ondorioz, konpondu beharreko osasun arazoa da. Baina, badira ere konponbidearen premia justifikatzen duten ingurumen arrazoiak; izan ere, ingurune naturalaren kutsadurak zuzenean eragiten die hor garatzen diren habitat eta espezieei.

Proiektu hau gauzatzean, ingurunearekiko desegokiak diren isurketa horiek ezabatuko dira. Hondakin-ur horiek Legorretako HUAraino eramango dira, eta bertan behar bezala araztuko dira, natura ingurunera isuri aurretik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2020ko azaroaren 10eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Itsasoko saneamendu proiektua (2019/48-SA-LS)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala