Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2020ko azaroaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4950

253/2020 DEKRETUA, azaroaren 10ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundeari baimena ematen diona Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia, S.A. sozietatearen kapital gehikuntzan parte hartzeko, eta Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia, S.A. sozietatearen estatutuak aldatzeko dena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2020ko apirilaren 14ko bileran erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea baimena eman ziezaiola, EAEko 2018 ekitaldirako aurrekontuak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 5. zenbakiaren c) letrari jarraikiz, agentzia horrek berak parte har zezan Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Guztira, 1.633.946 euro harpidetuko dira, eta hori % 67,06ko partaidetza izango da. Eragiketa horren ostean, % 66,13koa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuan, non eta ez diren doan eskuratzen, nahitaez adieraziko da sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia, S.A. sozietatearen helburuak honako hauek dira: inbertsio eta ekimen industriala sustatu eta bultzatzea, industria-pabiloien konplexu bat eraikiaz, eta horiek, errentamendu-formulen, jabetza-transferentzien edo prekarioko lagapenaren bidez kudeatuaz, lokalen eta zerbitzuen promozioa eta komertzializazioa eginez, eta haietan instalatu nahi diren enpresak gonbidatu eta hautatuaz; enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak burutu beharko dituzte, bereziki elektronikaren edo informatikaren arloan (hardware eta software); guzti hori produktu, prozesu eta zerbitzuei aplikatuaz, eta halako instalazioetan obligaziozko diren zerbitzuen ustiapen eta kudeaketa iraunkorrarekin aurrera eginez; zerbitzuok honakoak lirateke: testuen prozesaketa, telexa, ordenagailu bidez marrazketa, datu-baseekiko konexioa, ordenagailuen alokairua, bulegoetako makinaria, batzar-aretoak eta telefono bidezko arreta pertsonalizatua.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko azaroaren 10ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artilukua.– Baimena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntza harpidetzeko, 1.633.946 euroko guztizko zenbatekoarekin. Eragiketa horren ostean, % 66,13koa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

2. artilukua.– Baimena ematen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitatekoak diren akzioen ordezkariei kapital-gehikuntzaren ondorioz Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia, S.A. sozietatearen estatutuen 2. artikuluaren aldaketa onartzeko, eta honela idatzita geratzen:

«Berrogeita hamar milioi, berrehun eta hirurogeita hemeretzi mila eta bederatziehun eta laurogeita bi (50.279.982) euro ezartzen da kapital soziala, 824.262 akziotan zatituta; akzio bakoitzak hirurogeita bat euro (61,00) balio nominala du, eta akzioak zenbakituta egongo dira, 1etik 824.262ra, biak barne, eta erabat harpidetuta eta ordainduta».

AZKEN XEDAPENA

Onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala