Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2020ko azaroaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
4948

AGINDUA, 2020ko urriaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren ekitaldi zientifikoen interes sanitarioa aitortzeko prozedura.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeak (ekainaren 26ko 8/1997), 32. artikuluan, ikerketa-arloko jarduerak sustatzen ditu funtsezko gisa, EAEko sistema sanitarioak aurrera egin dezan, eta Osasun Sailaren esku uzten du osasun-zientziak ikertu eta aztertzeko programak bultzatu eta koordinatzea. Interes sanitarioa aitortzea tresna baliotsua izan da hasieratik, gai honetan garatzen diren ekimen publiko eta pribatuetan laguntzeko, 1987ko uztailaren 1eko Aginduaren bidez hasita, eta 2006ko maiatzaren 16ko Aginduaren bidez ordezkatuta. 2006ko maiatzaren 16ko Agindua aplikatu zenetik denbora tarte bat igaro eta eskarmentu handiagoa metatu denez, gomendagarria da beste arau batez eguneratzea, indarraldian agertutako arazoei irtenbide egokia emateko eta baliabide eraginkorra izateko, hasierako helburuak lortze aldera.

Interes sanitarioa aitortuta laguntza eskaini nahi zaie osasunaren zientzia eta tekniken arloetan ikerketa-egintzen ondorio diren jarduerei, zeinek ustez emaitza eta ondorio berritzaileak eta aplikatzeko eta zabaltzeko egokiak eman beharko baitituzte. Halaber, agindu honek azpimarratu nahi du aitormenaren erabileraren jarraipena; izan ere, aitormena deuseztatzeko prozedura hastea dago aurreikusita baldin eta egintza ez bada garatzen, ezaugarririk behinenei dagokienez, eskabidean adierazitako eran.

Administrazio Publikoen Prozedura Administratibo Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri zenetik, paperik gabeko Administrazioaren alde egin da; elektronikoki soilik funtzionatzen duen eredu baten alde, alegia. Administrazio horrek, bada, efizientziaren printzipioei hobeto erantzuten die, herritarrei eta enpresei kostuak aurrezten baitizkie, eta interesdunen bermeak indartu. Dokumentuak eta jarduketak fitxategi elektroniko batean egoteak gardentasun-betebeharrak betetzea errazten du, aukera ematen baitu interesdunei informazio puntual, arin eta eguneratua emateko.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eskabideak bitarteko elektroniko hutsez egitea aurreikusi da, elkarte, fundazio, korporazio eta bestelako erakunde publiko zein pribatuei zuzendutako agindua baita, hau da, izaera juridikoa duten eta legez eratutako erakundeei zuzendua.

Horrela, lehengo aginduaren indarraldian administrazio-errealitatean izandako aldaketak, interes sanitarioa aitortzeko kudeaketan izandako eskarmentua eta bitartean izan diren arau-aldaketak ikusita, gomendatzekoa da gai honetako arau-esparrua eguneratzea.

Horren ondorioz eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluan 61. artikuluari buruz adierazitako eskumenen arabera,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ekitaldi zientifikoen (hala nola hitzaldiak, kongresuak, bilerak, jardunaldiak eta sinposioak) interes sanitarioa aitortzeko prozedura arautzea da.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Agindu hau aplikatuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren eta aurreko artikuluan zerrendatu diren ekitaldi zientifikoei, baldin eta horien xedea osasunarekin lotutako zientziak eta teknikak sustatzea, aplikatzea eta hedatzea bada.

2.– Era berean, bitarteko telematikoen bidez urrunetik egiten diren eta aurreko artikuluan zerrendatu diren ekitaldi zientifikoei ere aplikatuko zaie, baldin eta horien xedea osasunarekin lotutako zientziak eta teknikak sustatzea, aplikatzea eta hedatzea bada eta erakunde eskatzailearen egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badago.

3.– Prestakuntza helburu nagusi duten ikastaroak eta jarduerak aitormen honetatik kanpo geratuko dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek eska dezakete interes sanitarioaren aitormena: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko zerbitzu sanitarioetan diharduten erakundeek, eta beste edozein erakunde publikok zein pribatuk, baldin eta nortasun juridiko propioa badu eta legez eratuta dagoela egiaztatzen badu.

4. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Honako irizpide hauei jarraituz ebaluatuko da aitormena:

– Ekitaldiaren izaera zientifikoa.

– Indarreko osasun-planaren helburuen araberako interes zientifikoa.

– Parte-hartzaile kopurua eta mota.

– Erakunde antolatzailearen kaudimena.

– Euskararen erabilera.

– Genero-ikuspegiaren integrazioa.

– Balioespen positiboa emango zaie emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ahalegina egiten duten ekitaldiei. Balioespen berezia emango zaie beren antolaketa eta jarduketetan berdintasun-printzipioa txertatzen duten erakundeei.

5. artikulua.– Betebeharrak.

Interes sanitarioaren aitormenak erakunde antolatzaileak betebehar hauek onartzea dakar:

a) Ekitaldiaren ezaugarririk behinenak interes sanitarioa aitortzeko eskabidean bidalitako informazioari egokituko zaizkio. Aldaketarik badago ildo horretan, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio eta, ondorioz, ezin izango da erabili emandako aitormena. Sailak onartu eta gero, berriro erabili ahal izango da aitormena.

b) Erakunde antolatzaileak behin betiko programa eta egintzaren emaitzen memoria bidaliko dizkio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, amaitu eta 30 egun balioduneko epean. Memoria horretan parte-hartzaileen kopurua adieraziko da, sexuaren arabera bereizita.

6. artikulua.– Onurak.

Interes sanitarioaren aitormenak onura hauek ekarriko ditu:

a) Jardueraren agiri guztietan erabiltzea titulu hori. Horretarako, jarraibide hauek beteko dira:

– Erabili beharreko formula: «Interes sanitariokoa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aitortua». Kalifikazio hori jasoko duen ekitaldiaren izenaren segidan jarri beharko da. Tamaina ezin izango da izan izenean erabilitako karaktere tipografikoena baino handiagoa.

– Ezin izango da aitormenaren publizitatea egin aitormenaren agiri sinatua jaso arte.

– Errepikatzen diren jarduerak izanez gero, eskatutako ediziorako baino ez du balioko aitormenak.

b) Aitormen mota hauetarako legez ezarritako onura fiskalez eta salbuespenez baliatzea.

c) Osasun Sailetik ahal besteko laguntza teknikoa eta aholkularitza hartzea.

d) Osasun Saileko webgunean agertzea, hain zuzen ere, aitormena eman zaien egintzen zerrendan.

7. artikulua.– Eskabidea, epea eta aurkezteko modua.

1.– Eskabideak ekitaldia egin baino hilabete lehenago aurkeztu beharko dira. Bestalde, interes sanitarioaren aitormena ekitaldia egin aurretik eskuratu nahi bada, eskabidea ekitaldia zientifikoa egin baino 60 egun baliodun lehenago aurkeztu beharko da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuaren bidez, helbide hauetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0105702 (euskaraz) eta www.euskadi.eus/servicios/0105702 (gaztelaniaz).

3.– Erakunde onuradunek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

4.– Organo kudeatzaileak behar den Administrazio publikoari eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzailearen identitate-datuak, eta egiaztatu ahal izango du administrazio publikoek egindako dokumentuetan agertzen diren betekizunak betetzen diren, entitate eskatzaileak horren aurka egiten ez badu behintzat.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko.

5.– Aginduan eskatzen den edo erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentu euskarri elektronikoan bidali beharko da, aurreko artikuluan deskribatutako prozeduraren arabera.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, baliabide elektronikoen bidez, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:

a) Programa zientifikoa, zeinak jasoko baititu helburuen deskribapena, batzorde zientifikoaren osaera (kideak sexuaren arabera bereizita), egingo diren txosten edo komunikazioen laburpenak, parte hartuko duten txostengileak eta zer hizkuntza erabiliko diren egintzan. Erakundearen titular eta enplegatuei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean ekitaldia antolatzen duen pertsonak edo erakundeak izandako bilakaerari buruzko informazioa.

b) Erabiliko den komunikazio-sistema edo -plataformaren deskribapena, ezaugarriak zehaztuta (funtzionaltasuna, irisgarritasuna...), aurrez aurre egingo ez diren jarduerei buruzko informazioa (hizlariak eta parte-hartzaileak aldi berean presente egotea), landuko den gai edo teknikari buruzko elkarrizketa, eztabaida eta hausnarketa egongo dela bermatzeko, prozesu sozial gisa hartzen baita, eta ez bakarkako lan gisa.

c) Aurrekontu ekonomikoa, eta hor adierazi behar da: aurreikuspenen arabera zenbat pertsona bertaratuko diren, zenbateko kuotak izango diren eta, hala badagokio, bestelako finantzaketa-iturririk eman zaien edo eskatu duten. Finantzaketa pribatua izanez gero, erakunde eskatzaileak interes-gatazken deklarazioa egin beharko du, eskabidean adierazitakoarekin bat etorriz.

2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpoko erakundeek, aurreko paragrafoan adierazitakoaz gain, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Zuzendaritza-batzordearen edo -organoaren osaera, sexuaren arabera bereizita.

Gomendatzen da zuzendaritza-batzorde edo -organoaren kideen artean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean adituak diren edo prestakuntza duten pertsonak egotea.

b) Editatutako argitalpenak.

c) Azken hiru urteotan antolatutako ekitaldi zientifikoak eta/edo interes sanitariokoak.

9. artikulua.– Jakinarazpenak.

1.– Erakunde interesdunen eskubideetan edo interesetan eragina duten ebazpenak edo administrazio-egintzak izanez gero, interesdunei jakinaraziko zaizkie, urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat etorriz.

2.– Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan jakinarazpen elektronikoetarako dagoen plataforma erabili beharko da. Jakinarazpen-sistemak ahalbidetuko du egiaztatzea zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian; une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da. Arestian adierazitakoaren kalterik gabe, Administrazioak interesdunei abisuak bidali ahal izango dizkie jakinarazpenak eskura jarri zaizkiela esateko, eskabidean jakinarazpenetarako adierazitako posta-helbideetara bidalitako mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

3.– Haien edukira sartzen den unean egintzat hartuko dira bitarteko elektronikozko jakinarazpenak.

4.– Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak ukatutzat hartuko dira jakinarazpena eskura jartzen denetik egutegiko 10 egun igarotzen badira interesduna edukian sartu gabe.

5.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40.4 artikuluan adierazitako betebeharra egintzat joko da jakinarazpena eskura jartzen den unetik lehen adierazitako egoitza elektronikoan.

10. artikulua.– Balioespena eta ebazpena.

1.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak, egokitzat jotzen dituen txostenak aurkeztu eta aholkuak jaso ondoren, proposatutako jardueraren izaera zientifikoa eta interes sanitarioa balioetsiko ditu, eta kontuan hartuko du zein den irismen geografikoa eta zer ekarpen egingo dion Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zientzien garapenari.

2.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariari dagokio ebaztea aitortuko duen edo, hala badagokio, ez duen aitortuko eskatutako interes sanitarioa.

3.– Gehienez, sei hileko epean ebatziko da eskabidea. Epe hori bukatu eta ebatzi ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Interes sanitarioa aitortzen duen ebazpenaren ondorioz, Osasun Saila ez da inola ere identifikatuko aitortutako jardueraren edukiarekin.

11. artikulua.– Errekurtsoak.

Espedientearen ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen eta, beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Osasuneko sailburuordearen aurrean. Bestalde, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren edo Osasuneko sailburuordearen aurrean, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Datu pertsonalak.

Jakinarazten da «Irakaskuntza eta garapen profesionala» deritzon tratamendurako erabiliko direla izaera pertsonaleko datuak, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Tratamenduak ezaugarri hauek ditu:

a) Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza izango da tratamenduaren arduraduna.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren ekitaldi zientifikoen (hala nola hitzaldiak, kongresuak, bilerak, jardunaldiak eta sinposioak) interes sanitarioa aitortzeko eskabideak kudeatzea eta prozeduraren jarraipena egitea izango da tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilera.

c) Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde egindako misio bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzeko.

d) Gai horretako eskumenak dauzkaten Administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

e) Interesdunaren eskubideak: datuetan sartzea, horiek zuzentzea eta ezereztea, bai eta tratamendua mugatzea eta tratamenduaren aurka egitea ere.

Datuetan sartzeko eta horiek zuzentzeko edo ezerezteko eskubideak baliatzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarengana jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) (www.euskadi.eus/protección-datos)

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Formulario normalizatua aldatzea.

Epe irekiko administrazio-prozeduren arauei loturiko inprimakiak indarreko arauetara egokituta izateko xedez, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eguneratu ahal izango dira, EHAAn berriro argitaratu beharrik izan gabe, baldin eta ez badira funtsean aldatzen aldaketen edo eguneratzeen ondorioz.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Araubide iragankorra.

Agindu hau indarrean hasi baino lehenago egin diren interes sanitarioa aitortzeko eskabideak aurkeztu ziren unean indarrean zeuden arauen arabera ebatziko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da Osasun Sailaren 2006ko maiatzaren 16ko Agindua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu eta interes zientifikokoak diren egintzen interes sanitarioaren aitormena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 13a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala