Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2020ko azaroaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4947

254/2020 DEKRETUA, azaroaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak jasangarritasun energetikoaren oinarrizko esparru juridikoa ezartzen du, hala euskal administrazio publikoen eremuan, nola sektore pribatuan, premisa logiko hau ardatz hartuta: gizarte osoak lagundu behar du helburuak lortzen.

Horretarako, aplikazio-eremuaren eraginpean daudenek bete beharreko eginbeharrak eta betebeharrak zehazten ditu, batez ere hauek bultzatzera bideratuta: energia aurreztu eta eraginkortasun energetikoa izateko neurriak eta energia berriztagarriak sustatu eta ezartzeko neurriak.

Hala ere, eraginkortasunez aplikatzeko, are gehiago zehaztu behar dira bertan jasota dauden zenbait alderdi. Hala, legeak badauka, azken xedapenetako lehenengoan, Eusko Jaurlaritzaren aldeko gaikuntza generiko bat, beharrezko den guztian gara dezan; halere, ugari ere badira erregelamenduzko garapenerako igorpen partzialak egiten dituzten manu zehatzak.

Halaber, indarrean jarri zenez geroztik, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak berak eskatzen duen erregelamenduzko lankidetzaz gain, alderdi jakin batzuk erregelamendu bidez garatu beharra ere nabarmendu da, xedea hau baita: arauaren hutsuneak estaltzea, prozedurak eta kontzeptuak zehaztea, baita interpretazio-zalantzak argitzea ere, hala legeak ezartzen dituen betebeharrei dagokienez, nola legeak aitortzen dituen eskubideak egikaritzeari dagokionez. Era horretan, segurtasun juridikoa handitzeaz gain, legearen aplikazioa ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena izatea ere ahalbidetzen da.

Azken batean, batez ere otsailaren 21eko 4/2019 Legearen I., II. eta III. tituluak garatzeko asmoarekin sortu da dekretu hau, honako helburu hauekin:

– Arauan aurreikusitako betebeharren irismena argitzea eta horiek bete daitezen erraztea.

– Epeak eta izapideak zehaztea, alferrikako luzapenik, hutsunerik edo interpretazio-zalantzarik ez izateko.

– Kontzeptu juridiko zehaztugabeak zehaztea, legearen aplikazio justifikatua eta egokia bermatzearren.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikorako Batzordearen osaera eta funtzionamendua arautzea.

Energia-ziurtapenaren arloko arau-hausteen tratamenduan koordinazio eta arintasun handiagoa lortze aldera, azken xedapenetako lehenengoak aldatu egiten du arau-hauste horiei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena, zeina arautzen baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari eta ziurtapenaren kontrol-prozedurari eta erregistroari buruzko otsailaren 26ko 25/2019 Dekretuaren 39. artikuluan. Horrekin batera, kontrol- eta erregistro-prozedurak ere aldatzen dira; izan ere, energiaren arloko zuzendaritza eskudunari ematen dio arintzat edo astuntzat jotako arau-hausteak zehatzeko eskumena.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jasangarritasun energetikoari buruzko irailaren 22ko 178/2015 Dekretua indarrean sartu zenetik lortutako esperientzia oinarritzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidego osorako materia horren erregulazioa arau-testu berean biltzeko, irailaren 22ko 178/2015 Dekretua indargabetzen da.

Ondorioz, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak proposatu eta Gobernu Kontseiluak 2020ko azaroaren 10eko bilkuran gaia aztertu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da: Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea garatzea, atal hauetan ezarritako betebeharrei dagokienez:

a) I. titulua, xedapen orokorrei buruzkoa.

b) II. titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari buruzkoa.

c) III. titulua, sektore pribatuari buruzkoa. Salbuespen izango dira 2030eko abenduaren 31 baino lehen hidrokarburo likidoak ingurumena gehiago errespetatzen duten beste energia batzuez guztiz ordeztea lortzeko neurri arautzaileak, berariazko erregelamenduzko garapena izango baitute.

d) IV. titulua, gardentasun- eta informazio-neurriei buruzkoa, 55. eta 56. artikuluetan ezarritako informazio-betebeharrei dagokienez.

e) Bigarren xedapen gehigarria, zehazki, administrazio publikoetarako erreferentziako energia-kontsumoaren oinarrizko mailaren zehaztapenaren garapena.

f) Azken xedapenetako laugarrena, kontsumitzaile handien adierazpena egiteko prozeduraren definizioari dagokionez.

2. artikulua.– Aplikazio-eremu subjektiboa.

1.– Dekretu honen aplikazio-eremu subjektiboa ezarrita dago Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 2. artikuluan.

2.– Dekretu honetan xedatutakoak toki-erakundeen mendeko erakundeei ere eragingo die, hartzen duten forma hartzen dutela (erakunde autonomoak, enpresa-erakunde publikoak, toki-erakunde baten kontrola duten edo, partaidetza osoa edo partaidetza maioritarioa duten, merkataritza-sozietateak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakundeak, interes orokorreko xedeak egiteko eratuak, eta partzuergoak).

3.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legearen azken xedapenetako hirugarrenean adierazitakoari jarraikiz, dekretu hau aplikagarri izango zaie Eusko Legebiltzarrari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta arartekoari ere.

3. artikulua.– Aplikazio-eremu objektiboa.

1.– Dekretu hau aplikagarri izango zaie aplikazio-eremu subjektiboaren barnean dauden erakundeen eraikinei eta erainkin-zatiei, baita instalazioei eta ibilgailuei ere, otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 3.2 artikuluan adierazitako salbuespenak kontuan hartuta.

2.– Energia-kontsumoei lotutako preskripzioei dagokienez, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak behartzen dituen subjektuak dira kontsumoen erantzuleak, alde batera utzita jardueretarako erabiltzen dituzten eraikinen edo erakin-zatiren baten, instalazioen edo ibilgailuen jabeak diren.

3.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legeak behartu eta euskal administrazio publikoetakoak diren subjektuak ez dira erantzule izango, lege horretan ezarritako betebeharrak betetze aldera, aipatutako subjektuek kudeatutako etxebizitzetako edo lokaletako kontsumo energetikoez, baldin eta, eremu pribatuan, pertsona fisiko edo juridikoek erabiltzen badituzte hauetaz baliaturik: errentamendu-araubidea, biztantze-eskubidea edo gozamen-eskubidea.

4. artikulua.– Definizioak.

Dekretu honetarako, otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 4. artikuluan adierazitako definizioak hartu dira kontuan, honako alderdi hauek argituta:

a) Auditore energetikoa: auditoretza energetikoa egiteko gaitasun pertsonal eta tekniko egiaztatua duen pertsona fisikoa, horretarako konpetentzia duena, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan ezarritakoari edo haren ordezko arauari jarraikiz. Errege-dekretu horrek eraginkortasun energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten du energia-auditoretzei, energia-zerbitzuen hornitzaileen eta energia-auditoreen akreditazioari eta energia-hornikuntzaren eraginkortasuna sustatzeari dagokienez.

b) Energia-zerbitzuak hornitzen dituen enpresa: azken bezero baten instalazioan edo lokaletan energia-zerbitzuak eskaintzen dituen edo eraginkortasun energetikoa hobetzeko beste neurri batzuk aplikatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuaren edo haren ordezko arauaren xedapenekin bat etorriz, indarrean, egiaztatuta eta gaituta dagoen araudiaren arabera. Errege-dekretu horrek eraginkortasun energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten du energia-auditoretzei, energia-zerbitzuen hornitzaileen eta energia-auditoreen akreditazioari eta energia-hornikuntzaren eraginkortasuna sustatzeari dagokienez.

c) Energia berriztagarria: fosilak ez diren iturri berriztagarrietatik sortutako energia, hala nola energia hidraulikoa, eolikoa, eguzki-energia, biomasa, geotermikoa, ozeanikoa eta berriztagarritzat jotzen diren beste aprobetxamendu mota batzuk.

Baso-biomasaren kasuan, berriztagarritzat joko da baso-kudeaketa jasangarria ziurtatzeko sistema egiaztatua duten baso-ustiategietatik datorrena.

d) Energia kudeatzeko sistema: elkarri lotuta edo interakzioan dauden elementuen multzoa, hau da, eraginkortasun energetikoaren helburua eta horra iristeko estrategia ezartzen dituen planaren parte diren elementuak.

e) Energia kudeatzeko sistema ziurtatua: erakunde independente batek ziurtatutako energia kudeatzeko sistema dagozkion Europako edo nazioarteko arauei jarraikiz.

5. artikulua.– Jasangarritasun energetikoari buruzko politika koordinatzea.

1.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legean xedatutakoaren ondorioetarako, euskal jasangarritasun energetikoari buruzko politika guztia koherentea dela bermatzeko, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak eskundantzia hauek ditu:

a) Otsailaren 21eko 4/2019 Legea garatzeko arauak egitea.

b) Administrazio-prozedurak sinplifikatzea.

c) Metodoak eta irizpide teknikoak homogeneizatzea.

d) Elkarrekiko informazio-sistemak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen artean.

e) Aurrezpen eta eraginkortasun energetikorako jarraibideak eta teknikak hedatzea.

f) Aurrezpen eta eraginkortasun energetikorako eta energia berriztagarriak erabiltzeko ekintzak eta proiektuak sustatzeko planak eta laguntza-programak lantzea.

g) Dekretu honetan ezarritako jarduketekin zerikusia duen kontrataziorako klausulak proposatzea.

h) Nahitaezko diren aldeko txostenak eta salbuespen-ebazpenak ematea, dekretu honetan jasotako kasuetarako.

i) Lantokietan garraio-planak lantzeko irizpideak proposatzea.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen titulartasuneko eraikin berriak energia-kontsumo ia nuluko eraikinak direla zaintzea.

k) Eraikinen energia-ziurtapena egiteko betebeharrak eta eraikinok Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatzeko betebeharrak betetzen dituztela zaintzea.

l) Energia kontsumitzen duten pertsona guztiek energiaren hornidura-merkatuan parte-hartze aktiboa edukitzeko eskubidea dutela bermatzea, baita energia-kontsumo errealaren eta horri lotutako kostu ekonomikoen berri izateko eskubidea ere kontsumo propioa arautu ahal izateko behar duten bezain maiz.

m) Otsailaren 21eko 4/2019 Legean eta dekretu honetan ezarritako xedapenak betetzen direla zaintzea, eta, horretarako, egoki iritzitako errekerimendu, ikuskapen eta auditoretza guztiak egitea.

2.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoari ezarritako betebeharren barruan, jasangarritasun energetikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailari dagokio arlo horren barruan koherentzia bermatzen duten ahalmenak egikaritzea, besteak beste, honako jarduera hauen bidez:

a) Energia-kontsumo osoaren erreferentziako oinarrizko maila zehaztea, horren gainean otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako energia-aurrezpenak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntzak aplikatzeko.

b) Eraikinen, instalazioen eta ibilgailuen inbentarioa egitea eta eguneratuta edukitzea.

c) Otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako helburuak lortzeko energia-jarduketen plan orokorra idaztea eta Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onar dezan, betiere Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak aldez aurreko adostasuna eman ondoren.

d) Energia-jarduketako unitateen artean banatu beharreko aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren ehuneko osoa proposatzea Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeari, adostasuna eman dezan.

e) Otsailaren 21eko 4/2019 Legean zein dekretu honetan ezarritako helburuak betetzeko beharrezkotzat jotako jarraibide guztiak proposatzea Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeari, aldez aurreko adostasuna eta onespena eman diezazkien.

f) Banaka zein taldeka, energia-jarduketako unitate bakoitzak aurkeztutako energia-jarduketen berariazko planak aztertzea planok ebaluatzeko eta zehazteko ea ahalbidetzen duten otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako betebeharrak betetzea. Eta, horrez gain, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeari zuzendu behar zaion txostena ere egitea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-kontsumoaren jarraipenaren gaineko urteko txostena egitea.

h) Gobernu Kontseiluari laburpen-txosten bat helaraztea urtean behin, alderdi hauek labur azalduta: otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako betebeharren eta xedapenen betetze-maila, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak horretarako bideratutako baliabide ekonomikoak nahiko diren ala ez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-jarduketen planaren jarraipen-maila. Txosten horretan, gainera, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren adierazleen bilakaera eta energia berriztagarrien erabilerari buruzko adierazleen bilakaera ere jasoko dira.

II. TITULUA
EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK
I. KAPITULUA
EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOEK JASANGARRITASUN ENERGETIKOA SUSTATZEA

6. artikulua.– Euskal Administrazio Publikoen eredugarritasuna.

1.– Euskal Administrazio Publikoak eredugarri izan behar dira aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren arloan, baita energia berriztagarrien erabilerari dagokionez ere, eraikin, instalazio eta ibilgailuetan, eta otsailaren 21eko 4/2019 Legean zein dekretu honetan ezarritako nahitaezko neurriak hartuko dituzte, horietan ezarrita dauden helburuak betetzeko.

2.– Horretarako, euskal administrazio publikoek honako jardunbide hauek hartuko dituzte beren gain:

a) Jarduera guztietan, energia aurreztea eta ahalik eta modu efizienteenean erabiltzea.

b) Berotegi-efektuko gasen emisiorik ez izatea edo, hala egokituz gero, emisioak gutxitzea; horretarako, energia aurreztea eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko teknikak eta teknologiak ezartzea.

c) Eraikinetan eta instalazioetan energia berriztagarrien erabilera sustatzea.

d) Petroliotik eratorritako erregaiak ordeztea bultzatzea.

3.– Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak sarbide libreko web-plataforma bat ezarriko du webgunean, jardunbide egokien tresna gisa, euskal administrazio publikoen multzoaren gardentasuna bermatzeko eta euskal gizarteak, orokorrean, parte har dezan eta lankidetzan aritu dadin sustatzeko, eta horren barruan jasota egongo dira euskal administrazio publikoen multzoak aldian behin sail horri helarazi behar dizkioten datuak.

7. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa.

Dekretu honetan ezarritako ondorioetarako, honako hauek jotzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikotzat: Eusko Jaurlaritzako sailak, horren erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak, sozietate publikoak, autonomia-erkidegoko sektore publikoko fundazioak eta nortasun juridikoa duten partzuergoak, zeinak aipatuta baitaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legearen testu bateginaren 7.4.c) artikuluan.

8. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren baliabideak mobilizatzea.

1.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak jasangarritasun energetikoa sustatzeko eta hobetzeko jardueretara bideratuko du urteko aurrekontuaren zati bat. Horretarako, gastuak egozteko metodologia erregelamendu bidez zehaztuko da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak, urtero, Eusko Jaurlaritzan ogasunaren arloko eskumena duen sailari proposatuko dio Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak jasangarritasun energetikoaren arloan bideratzea aurreikusten duen aurrekontuaren ehunekoa, otsailaren 21eko 4/2019 Legearen helburuak lortzeko.

3.– Dekretu hau indarrean jarri eta gehieneko bi urteko epean, Eusko Jaurlaritzan ogasunaren arloko eskumena duen sailak erregelamenduz garatuko du energia-jasangarritasuna bultzatzeko jarduketei gastuak egozteko metodologia. Gobernu Kontseiluak onetsiko du metodologia hori.

II. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOAREN JASANGARRITASUN ENERGETIKOAREN BATZORDEA

9. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea.

1.– Koordinazio-organo gisa eratzen da Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea, jasangarritasun energetikoarekin zerikusia duen gai orori dagokionez; hain zuzen, hauek koordinatuko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Eusko Jaurlaritzako sailak, horren erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak, sozietate publikoak, autonomia-erkidegoko sektore publikoko fundazioak eta nortasun juridiko propioa duten partzuergoak, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 7.4.c) artikuluan aipatuta baitaude.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea atxikita dago Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak zaindu beharko du otsailaren 21eko 4/2019 Legeak zein dekretu honek ezartzen dituen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoari dagozkion betebeharrak betetzen direla.

10. artikulua.– Osaera.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Ez badago edo gaixorik badago, batzordeburuordea izango da haren ordezkoa.

Batzordeburua kide kualifikatutzat joko da, eta kalitatezko botoa izango du.

b) Batzordeburuordea, energiaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko titularra da. Ez badago edo gaixorik badago, energiaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak ordezkatuko du.

c) Batzordekideak:

– Energiaren arloko sailburuordetza eskudunaren titularra.

– Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia.

– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-jarduketako unitate bakoitzeko pertsona bat, erabakitzeko eta jarduteko gaitasuna duena, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako betebeharren betetze tekniko, legezko eta ekonomikoaren esparruan.

Energia-jarduketako unitatea Eusko Jaurlaritzako sail bati badagokio, sail horrek izendatutako pertsona batek beteko du batzordekidearen postua, eta sail horren sailburuordetzetako baten titularra edo Zerbitzu Zuzendaritzaren titularra izan beharko da.

Energia-jarduketako unitatea, zehazki, Eusko Jaurlaritzako sail baten sailburuordetza batekin bat datorrenean, sailburuordetza horretako titularrak edo Zerbitzu Zuzendaritzako titularrak beteko du batzordekidearen postua, dagokion sailak izendatu ondoren.

Energia-jarduketako unitatea erakunde autonomo, erakunde edo sozietate publiko bati badagokio, haren zuzendaritza nagusiko edo antzeko organoko titularrak beteko du batzordekidearen postua.

d) Idazkaria, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularra, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Batzordea osatuko duten pertsonak izendatu eta hautatzean, ahaleginak egingo dira gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

3.– Batzordea behar bezala eratu eta bilkurak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko helburuz, batzordeburua eta idazkaria, edo, hala badagokio, ordezkoak, eta batzordekideen erdiak gutxienez bertaratu beharko dira, aurrez aurre edo urrutitik.

4.– Gaiak espezifikoak direnean, baldin eta beharrezkoa bada espezialistek edo teknikariek parte hartzea, batzordeburuak gonbidatu ahal izango ditu, batzordekideren batek hala eskatuta, planteatzen zaizkien gaiei buruz iritziak eta analisiak azaltzeko, botorik izango ez duten arren.

11. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak eginkizun hauek izango ditu bere eskumen-esparruaren barruan:

a) Eraikinen, instalazioen eta ibilgailuen inbentarioa onartzea.

b) Energia-kontsumo osoaren erreferentziako oinarrizko maila onartzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikora banakatuta dagoen energia-jarduketako unitateen definizioa onartzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-jarduketen plan orokorrari aldez aurreko adostasuna ematea, planaren garapena gainbegiratzea eta urtero Gobernu Kontseiluari plan horren garapenaren berri ematea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-jarduketako unitateek aurrezpen eta eraginkortasun energetikorako garatutako jarduketa guztiei dagozkien jarraipen-lanen eta -txostenen berri jasotzea.

f) Energia-jarduketako unitate bakoitzaren energia-jarduketen berariazko planak onartzea.

g) Aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren ehuneko osoa banatzeko proposamenari adostasuna ematea –Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak egingo du proposamena–, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onets dezan.

Banatzeko proposamenarekin ados egon ezean, horren berri emango zaio Gobernu Kontseiluari, hark ebatz dezan.

h) Eusko Jaurlaritzan ogasunaren arloko eskumena duen sailari urtero proposatzea Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak jasangarritasun energetikoaren arloan bideratzea aurreikusten duen aurrekontuaren ehunekoa, otsailaren 21eko 4/2019 Legearen helburuak lortzeko.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-kontsumoaren urteko jarraipen-txostena onartzea; Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak egingo du txosten hori.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzupeko langileen gaikuntza eta sentsibilizaziorako planen eta lantokietarako garraio-planen garapena gainbegiratzea.

k) Aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren inguruko gaietan Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoekiko elkarlanean eta lankidetzan aritzeko irizpideak ezartzea, betiere Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailaren eta, hala badagokio, Gobernu Kontseiluaren eskumenei kalterik egin gabe.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeko idazkariak honako eginkizun hauek ditu:

a) Batzordearen bilerak prestatzea.

b) Bileren deialdiak egitea, batzordeburuak proposatuta, eta zitazioak ere egitea batzordeburuordetzarako eta batzordekidetzarako izendatutako pertsonei.

c) Batzordekideen jakinarazpen-egintzak, jakinarazpenak, gai-zerrendarako proposamenak zein datu-eskaerak jasotzea eta, oro har, batzordearen jardunarekin zerikusia duten era guztietako dokumentazioak edo komunikazioak jasotzea.

d) Gaiak bideratzea eta bilkuretako aktak egitea.

e) Hartutako erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen ordezkaritzan jardutea.

g) Energia-jarduketako unitateei jarduteko eta informazioa igortzeko eskaerak egitea, energia-jarduketen plana betetzeko aplikatu beharreko edo aplikatu diren jarduketa eta neurriei dagokienez.

h) Lantalde teknikoko burua den aldetik, batzordeari aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren arloan beharrezko irizten dien jarduteko proposamen tekniko guztiak egitea.

i) Idazkaritzaren eginkizunaren berezko gainerako eginkizun guztiak, eta batzordeburuak zein batzordeak berak esleitutakoak.

12. artikulua.– Deialdia eta bilkurak.

1.– Batzordeburuak erabakiko du bilkuren deialdia, eta idazkariak bidaliko die batzordeburuordeari eta batzordekideei, gai-zerrendarekin eta landuko den dokumentazioarekin batera. Bilkura bakoitzaren deialdia informazio eta komunikazioaren teknologia berrien bidez egingo da, bilkura izan baino hilabete lehenago gutxienez.

Batzordeburuak, larrialdi-egoeretan, deialdia egiteko epea gutxienez 48 ordura murriztea erabaki ahal izango du.

2.– Ohiko bilkuran parte hartu behar duten batzordekideen izendapenak eta errebokatzeak bilkura izan baino 5 egun lehenago jakinarazi beharko zaizkio batzordeko idazkariari, behar bezala justifikatutako salbuespenak alde batera utzita.

3.– Batzordea, normalean, urtean behin bilduko da.

Batzordeburuak beharrezko irizten duenean egingo ditu ezohiko bilkuretarako deialdiak, edo batzordekideen erdiek gutxienez hala eskatzen dutenean.

4.– Erabakiak botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira eta ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan ageri ez den gairik; baldin eta, batzordekide guztiak egonik, botoen gehiengoaren bidez erabakitzen ez badute gaia premiazkoa dela. Bestela, gaia batzordearen hurrengo bileran aztertuko da.

13. artikulua.– Aktak.

1.– Batzordeko idazkariak bilkura bakoitzaren akta laburra egingo du, eta batzordekide guztiei emango zaie haren berri, hilabeteko epean adostasuna ager dezaten edo zuzenketak egin ditzaten.

2.– Aktan honako kontu hauek behintzat adieraziko dira:

a) Bilera noiz eta non egin den.

b) Parte-hartzaileak.

c) Gai-zerrenda.

d) Eztabaiden gai nagusiak.

e) Hartutako erabakien edukia.

3.– Aktak batzordearen hurrengo bilkuran onartuko dira. Edonola ere, idazkariak premiaz egiaztatu beharreko erabakiei buruzko ziurtagiria egin dezake, aurrerago akta onartzearen kalterik gabe. Ziurtagiri horretan berariaz jasoko da hori.

14. artikulua.– Araubide juridikoa.

Dekretu honetan aurreikusi ez den guztirako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako xedatutakoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Lantalde teknikoa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen lantalde teknikoa sortzen da, batzordeari laguntza eta babesa emateko. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa banatuta dauden energia-jarduketako unitateak koordinatzen dituzten pertsonek osatuko dute lantaldea.

Jasangarritasun Energetikoaren Batzordean jarduketa-unitatearen izenean jarduten duen batzordekideak proposatuko du jarduketa-unitatearen izenean lantalde teknikoan parte hartuko duen pertsona.

Lantalde teknikoko kide izateko pertsonaren proposamena lantalde teknikoko buruari bidaliko zaio, izenda dezan, eta, onartzen badu, izendapen hori lantalde teknikoaren hurrengo bilerako gai-zerrendan sartuko du.

2.– Lantalde teknikoak honako eginkizun hauek ditu:

a) Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeari aholkularitza teknikoa ematea.

b) Azken aurrerapen teknikoak aplikatzeko aukerez eta garapen-mailaz taldean hitz egiteko eta eztabaidatzeko esparrua izatea, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak zein dekretu honek ezarritako betebeharrak bete ahal izateko.

3.– Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeko idazkaria izango da lantalde teknikoko burua. Batzordeko idazkaria ez badago edo gaixorik badago, hark izendatzen duen funtzionarioa izango da ordezkoa.

4.– Lantalde teknikoa, normalean, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea baino lehenago bilduko da.

Lantalde teknikoko buruak beharrezko irizten duenean egingo ditu ezohiko bilkuretarako deialdiak, edo kideen erdiek gutxienez hala eskatzen dutenean.

5.– Lantalde teknikoko buruak erabakiko du bilkuren deialdia, eta lantaldea osatzen duten pertsonei bidaliko die, gai-zerrendarekin eta bilkuran landuko duten dokumentazioarekin batera. Bilkura bakoitzaren deialdia informazio eta komunikazioaren teknologia berrien bidez egingo da, bilkura izan baino 15 egun lehenago gutxienez.

Larrialdi-egoeretan, lantalde teknikoko buruak deialdia egiteko epea murrizteko erabakia hartu ahal izango du. Gutxieneko epea 48 ordukoa izango da.

6.– Erabakiak botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira eta ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; halakorik eztabaidatu eta erabakitzeko, lantalde teknikoko kide guztiek egon behar dute, eta gehiengo batek adierazi behar du aztergaia premiazkoa dela.

7.– Lantalde teknikoko buruak bilkura bakoitzaren akta laburra egingo du, eta haren berri emango die kide guztiei, 10 egun balioduneko epean adostasuna ager dezaten edo behar diren zuzenketak egin ditzaten.

Akta Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeari helaraziko zaio, horren berri izan dezan. Batzordeak hurrengo bilera-deialdiko gai-zerrendan sartuko du akta, aztertu eta ebaluatu dezan.

Aktan honako kontu hauek behintzat jasoko dira:

a) Bilera noiz eta non egin den.

b) Parte-hartzaileak.

c) Gai-zerrenda.

d) Eztabaiden gai nagusiak.

e) Hartutako erabakien edukia.

Lantalde teknikoaren hurrengo bilkuran onetsiko dira aktak.

III. KAPITULUA
HELBURUAK, EKINTZAK ETA BETEBEHARRAK
1. ATALA
HELBURUAK ETA EKINTZA OROKORRAK

16. artikulua.– Inbentarioa.

1.– Urtero, urte bakoitzaren lehen hiruhilekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak erabiltzen dituen eraikinen, eraikin-zatien, instalazioen eta ibilgailuen inbentarioa eguneratuko du Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak, energia-jarduketa unitateen koordinatzaileen laguntzarekin.

2.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legearen eraginpeko gainerako administrazio publikoek beren inbentarioak igorri beharko dizkiote Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako epeetan, sailaren webgunean argitaratutako formatuetan (www.euskadi.eus/prozedurak-energia).

3.– Inbentarioei buruzko informazioa urtero eguneratu beharko da, eta informazio hori eguneratuta igorri beharko dute urte bakoitzaren lehen hiruhilekoan, aurreko lerrokadan adierazitakoaren arabera.

17. artikulua.– Energia-kontsumoen kontrola.

1.– Gutxienez, ekitaldi bakoitzaren lehen hiruhilekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-jarduketako unitateek eta otsailaren 21eko 4/2019 Legearen eraginpean dauden gainerako administrazio publikoek Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailari emango diote aurreko ekitaldian eginiko energia mota bakoitzaren kontsumoen berri, bakoitzak kudeatutako eraikin, erainkin-zati, instalazio eta ibilgailuei dagokienez. Hala badagokio, bereizita banakatuko dira autokontsumo bidez estalitako kontsumoak.

Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailaren webgunean argitaratutako formatuetan igorri beharko da informazioa (www.euskadi.eus/prozedurak-energia).

2.– Eman beharreko energia-kontsumoei dagokienez, kontuan hartu behar da dekretu honen 3.3 artikuluan jasotakoa.

3.– Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak urteko txostena egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-kontsumoaren jarraipenari buruz, eta webgunean emango du horren berri, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak onartu ondoren. Txosten hori egiteko, informazio hori zuzenean eskatu ahal izango die energia banatzen duten enpresei.

4.– Dekretu hau indarrean jartzen den egunean dauden bizitegi-eraikinen titulartasuna duten administrazio publikoek banakako kontsumoak zenbatzeko sistemak jarri behar dituzte erakinotan, dekretu honen 38. artikuluan jasotakoa jarraituz, baldin eta eraikin horiek etxebizitzako bizitegi-erabilera badute eta berokuntza- edo hozte-sistemaren hornidura badute, hiriko berokuntza- eta hozte-sare baten bidez edo zenbait kontsumitzaile hornitzen dituen instalazio zentralizatu baten bidez, baldin eta instalazio termiko horiek ez badute zerbitzu bakoitzari dagozkion gastuak kontsumitzaileen artean banatzea ahalbidetzen duen sistemarik, uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuak onetsitako Eraikinetako Instalazio Termikoei buruzko Erregelamenduaren 1.2.4.4 jarraibide teknikoak xedatu bezala.

18. artikulua.– Energia-jarduketa unitateak zehaztea.

1.– Dekretu honetarako, alde batera utzita kudeaketa singularra, baterako edo zeharkakoa den, energia-jarduketarako egoki iritzitako beste unitate zehaztu ahal izango dituzte otsailaren 21eko 4/2019 Legeak behartzen dituen administrazio publikoek, lege horretan zein dekretu honetan ezarritako betebeharrak behar bezala kudeatu eta ezartzeko.

2.– Energia-jarduketako unitate bakoitzak koordinatzaile bat edukiko du, eta jarduketa unitateko solaskidea izango da dena delako administrazio publikoak daukan Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearekin edo ezaugarri eta eginkizun berdintsuko erakundearekiko harremanetarako.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kasu zehatzerako, energia-jarduketako unitate bakoitzaren koordinatzailea Jasangarritasun Energetikoaren Batzordean energia-jarduketako unitate horren izenean batzordekidearen postua duen pertsonak proposatu beharko du.

4.– Aurreko proposamena eta haren errebokatzea Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeko idazkariari jakinarazi behar zaizkio, eta, onartuz gero, izendapen hori Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeko lantalde teknikoaren hurrengo bilerako gai-zerrendan sartuko du.

5.– Koordinatzaileak oso ongi jakin behar ditu energia-jarduketako unitatearen ezaugarriak eta zehaztasunak, baita energia-jarduketen berariazko planaren definizioaren eta garapenaren egoera zein bertan zehaztutako jarduteko neurrien ezarpen-maila ere.

19. artikulua.– Euskal Administrazio Publikoen energia-auditoretzak.

1.– Energia-auditoretzak arau hauen arabera egin behar dira: UNE-EN 16247-1. Energia-auditoretzak. 1. zatia: Baldintza orokorrak, UNE-EN 16247-2. Energia-auditoretzak. 2. zatia: Eraikinak, UNE-EN 16247-3. Energia-auditoretzak. 3. zatia: Prozesuak eta UNE-EN 16247-4. Energia-auditoretzak. 4. zatia: Garraioa. Edo, hala badagokio, arau horiek ordezten dituzten arauen arabera egingo dira, eta energiaren arloko eskumena duen ministerioak baimendu behar ditu arauok.

Energia-auditoretzei buruzko adierazleak aurreko paragrafoan izendatutako arauetan ezarritako auditoretza-txostenaren gutxieneko edukiarekin bat etorriko dira.

2.– Behar bezalako kualifikazioa duten auditoreek egingo dituzte energia-auditoretzak, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuak ezarritakoari edo haren ordez ematen den arauari jarraikiz. Errege Dekretu horrek eraginkortasun energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten du energia-auditoretzei, energia-zerbitzuen hornitzaileen eta energia-auditoreen akreditazioari eta energia-hornikuntzaren eraginkortasuna sustatzeari dagokienez.

Nolanahi ere, dena delako erakundeko teknikari gaituek egin ahal izango dituzte energia-auditoretzak, betiere ez badute zuzeneko loturarik ikuskatutako instalazioekin eta, dena delako erakunde behartuaren barruan, zeharkako eginkizunak garatzen dituen organo batekoak badira.

3.– Proposatutako neurrietarako zehaztu eta balidatutako kalkuluak jasoko dira energia-auditoretzetan, eta, era horretan, aurrezteko ahalmenaren gaineko informazio argia emango dute. Gordetzeko modukoak izango dira energia-auditoretzetan erabilitako datuak, analisi historikoak egiteko eta energia-portaeraren trazabilitatea egiteko.

Energia-auditoretzetan ez da klausularik jasoko auditoretzaren ondorioak energia-zerbitzuak hornitzen dituzten enpresa gaitu eta akreditatuei helaraztea eragozteko, eta informazioaren konfidentzialtasuna errespetatu beharko da edozelan ere.

4.– Behartuta dauden subjektuek telematikoki jakinarazi beharko diote energia-auditoretza, baita haren aldizkako eguneratzeak ere, egin dutela Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari, egiten denetik hilabeteko epearen barruan, eta Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailaren webgunean argitaratutako prozedura erabiliko dute horretarako (www.euskadi.eus/prozedurak-energia).

Egitera behartuta dauden subjektuek energia-auditoretza indarrean eduki behar dute eta arduratuko dira auditoretzetan dagoen informazioa eguneratzeaz, hala otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan, hori aplikagarri zaienen kasuan, nola otsailaren 21eko 4/2019 Legean, eta dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

5.– Energia-auditoretzak egiteko betebeharra energia- edo ingurumen-kudeaketarako sistema bat ezarri eta aplikatuz ere justifikatu ahalko da, erakunde independente batek ziurtatua Europako edo nazioarteko arauen arabera, baldin eta dena delako kudeaketa-sisteman energia-auditoretza bat egiten bada dekretu honetan adierazten diren gutxieneko jarraibideen arabera.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du salbuesten arestian aipatutako informazioa komunikatzeko eta eguneratzeko betebeharretatik.

6.– Argiteria publikoen energia-auditoretzak gehienez 2 urteko epean egin beharko dira, dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuta, eta, horiek egiteko, Dibertsifikaziorako eta Energia Aurrezteko Institutuak (IDAE) Kanpoko Argiteria Publikoko Instalazioen Energia Ikuskapenerako Protokoloan eta horren etorkizuneko eguneratzeetan adierazitakoari jarraituko diote. Auditoretza horiek otsailaren 21eko 4/2019 Legeak aipatzen ditu 13.3 artikuluan.

7.– 2021eko martxoaren 1a baino lehenago, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eraikin eta instalazio guztiek energia-auditoretza egina izango dute.

20. artikulua.– Energia-aurrezpenaren ehunekoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikorako, energiaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, energia-auditoretzek ematen duten emaitza ikusita, Energiaren Jasangarritasunerako Batzordeari proposatuko dio otsailaren 21eko 4/2019 Legean ezarritako energia-aurrezpenaren eta energia-eraginkortasunaren ehuneko globala banatzea energia-jarduketako unitateen artean.

Banaketa hori erreferentziatzat hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikorako zehaztutako energia-jarduketa unitateen energia-jarduketen berariazko planak egiteko eta onesteko.

2.– Euskal administrazio publikoek otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako aurrezpen-ehuneko globala aplikatu behar dute inbentarioan jasotako energia-kontsumo guztien gainean, eta dekretu honen 3.3 artikuluan jasotakoa hartu behar da kontuan.

21 artikulua.– Energia-jarduketen planak.

1.– Energia-jarduketen planak lehen energia-jarduketen plan orokorra izan behar du sorburu, eta bertan jasoko dira administrazio publiko bakoitzaren abiapuntuko egoeraren diagnostikoa eta otsailaren 21eko 4/2019 Legearen helburuak lortzeko estrategiak.

Energia-jarduketen plan orokorra da, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak 14. artikuluan ezarritako epeen barruan, euskal administrazio publiko guztiek onartu behar duten dokumentua.

2.– Administrazio publiko bakoitzak honako informazio hau jaso beharko du energia-jarduketen plan orokor horretan:

a) Eraikinen, eraikin-zatien, eta instalazioen inbentarioa, baita eraikin, edo eraikin-zati, bakoitzaren metro karratuko azalera erabilgarri eta eraikia, haren energia-kalifikazioa eta energia-kontsumoa energia-iturri bakoitzari dagokionez, dekretu honen 3.3 artikuluan jasotakoa kontuan hartuta.

b) Ibilgailuen inbentarioa, eta horren ondoriozko kontsumoak, energia-iturrien arabera, motordun eta motorrik gabeko ibilgailuen kopurua zehaztuta (lehorrekoak zein itsaso eta airekoak), baita ibilgailu bakoitza zertan erabiltzen den ere.

c) Energia-jarduketako unitateen zehaztapena.

d) Energia-kontsumoaren erreferentziako oinarrizko maila zein den.

e) Lortu nahi diren helburuak zeintzuk diren.

f) Auditoretza- eta ziurtatze-planen definizioa, horiek burutzeko irizpideak eta epeak adierazita.

g) Langileak prestatzeko eta sentsibilizatzeko planen definizioa.

h) Behar diren inbertsioen zenbatespena.

i) Jarduketen plangintza eta programazioa.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-jarduketen plana, eta horren ondoz ondoko eguneratzeak, Gobernu Kontseiluan onetsi beharko dira, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak aldez aurreko adostasuna eman ondoren.

4.– Energia-kontsumoaren erreferentziako oinarrizko maila ezartzeko, horrela xedatzen baitu otsailaren 21eko 4/2019 Legeak, hori indarrean jarri aurreko azken 3 urteetako batezbestekoa hartu beharko da kontuan. Horren ordez, halere, justifikatuz gero, indarrean jarri aurreko azken urteko edo beste urte batekoa hartu ahal izango da energia-kontsumoaren oinarrizko mailatzat, otsailaren 21eko 4/2019 Legea onetsi aurretik eginiko jarduketen balioa nabarmentzeko.

5.– Energia-auditoretzak egindakoan, administrazio publiko bakoitzeko zehaztutako energia-jarduketako unitate bakoitzak dagozkion energia-jarduketen berariazko planak egingo ditu.

Energia-jarduketako unitateek energia-jarduketen berariazko planen bitartez zehaztuko dute nola lagundu otsailaren 21eko 4/2019 Legeak finkatutako helburu osoak betetzen, kide diren administrazio publikoari dagokionez; hori dela eta, beharrezkoa da jarduketa-unitatea zuzentzen duen organoak energia-jarduketen berariazko planak berrestea.

Energia-jarduketen berariazko plan bakoitzak adierazi behar du zein neurritan lagunduko den otsailaren 21eko 4/2019 Legean ezarritako helburuak betetzen, energia-arloko jarduketa-unitate bakoitzetik, epe labur, ertain eta luzera dagozkion hobekuntza-jarduketak planifikatuz eta programatuz, 2050. urtera arte.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko energia-jarduketako unitateek, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak berretsitako aurrezki-ehuneko globalaren banaketa hartu beharko dute kontuan beren Energia-jarduketen berariazko planak egiteko orduan. Horri dagokionez, unitate bakoitzak bere aldetik jaso eta justifikatu beharko du, bere berariazko jarduketa planaren barruan, batzordeak esleitutako aurrezkiaren ehunekoa, eraikin eta instalazioetan egindako jarduketen bidez estali dena, eta ibilgailu-parkean egindako jarduketen bidez estali dena.

7.– Beren eraikin, instalazio edo parke mugikorren energia-kontsumoa murriztea eragin duten jarduketak ezarri dituzten jarduketa-unitateen kasuan, dagokien administrazio publikoak onartutako erreferentziazko oinarrizko maila baino lehenagoko energia-kontsumo maila batera erreferentzia eginda, eta horren ondorioz erreferentzia-maila horri erreferentzia eginez ezarritako aurrezki-ehunekoak justifikatzeko zailtasunak badituzte, jarduketa-unitate horiek hobekuntza-jarduera horiek sartu ahal izango dituzte haien Energia-jarduketen berariazko planak, eta erreferentziako oinarri-mailatzat hartu duten erreferentzia-urtearekin alderatuta lortutako aurrezkiak justifikatu beharko dituzte.

8.– Energia-jarduketen berariazko planen definizioan, energia-jarduketako unitatearen funtzionamenduan eragina izango duten erabakiak hartu behar dira (baliabideen esleipena, aurrekontu-partiden definizioa, lizitazio- eta kontratazio-prozesuak, etab.). Horren ondorioz, plan horien definizioan energia-jarduketako unitatearen barruan aurrekontu-eskumena esleituta duten eta kontratazio-organoaren izaera duten izaera horizontaleko organoek parte hartu beharko dute.

Energia-jarduketen berariazko planek atal edo kapitulu espezifiko bat izango dute, eta bertan haietan jasotako jarduerak gauzatu ahal izateko inbertsio ekonomikoak jasoko dira, hala xedatuak nola aurrekontuan jasotakoak.

9.– 2021eko urriaren 1a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-jarduketen unitate bakoitzak energia-jarduketen berariazko plana igorriko dio Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailari, hark azter dezan.

Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-jarduketen berariazko planak banaka zein batera aztertuko ditu, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako betebeharrak betetzeko aukera ematen duten ebaluatu eta zehazteko.

10.– Administrazio bakoitzak Energia-jarduketen berariazko planetatik bildutako informazioarekin Energia-jarduketen plan orokorra eguneratuko dute, eta otsailaren 21eko 4/2019 Legearen helburuak lortzeko onetsitako jarduketak planifikatu eta programatuko ditu.

11.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legearen eraginpeko administrazio publikoek, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan sartzen ez direnek, ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari informazio eguneratua emango diote beren jarduketa-planen garapenari buruz, eraikinen, instalazioen eta parke mugikorraren inbentario eguneratuarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzak bere sailaren webgunean argitaratutako formatuak erabiliko dute horretarako (www.euskadi.eus/prozedurak-energia).

22. artikulua.– Prestakuntza eta sentsibilizazioa.

1.– Administrazio publiko bakoitzak berari atxikitako sektore publikoko langileen prestakuntza eta sentsibilizaziorako plan bat egin beharko du, eta haren energia-jarduketen planaren barruan jasoko da hori.

2.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, prestakuntzarako zeharkako planak planifikatu, diseinatu eta ezartzea bultzatzeko eskumenen barruan, hainbat urtetarako prestakuntza-jarduerak planifikatu, diseinatu eta ezarri behar izango ditu jasangarritasun energetikoaren arloan, euskal administrazio publikoetako langile guztiei zuzenduta.

3.– Energia kontsumitzen duten instalazioak erostearekin, mantentzearekin eta erabiltzearekin zerikusia duten kudeatzaileak eta teknikariak prestatzeko izan beharko dira bereziki prestakuntza-jarduerak, eta aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa handitzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko eta horiez baliatzeko teknikei buruzkoak izango dira.

4.– Halaber, garraioaren erabilera efiziente eta jasangarriari buruzko prestakuntza-ekintzak ere zehaztu beharko dira.

5.– Administrazio publiko bakoitzak aurrezpen eta eraginkortasun energetikoari buruzko informazioa emango die bere zerbitzura dauden langileei, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa lortzeko jarraibideak eta teknikak hedatuz, bitarteko hauek erabilita:

a) Sentsibilizazio-kanpainak.

b) Erabilera-teknikak eta jarraibideak ezartzeari buruzko gidaliburuak eta jardunbide egokiak zabaltzea, instalazioetan erabiltzen duten energiaren aurrezpen eta eraginkortasuna handiagoa lortzeko.

2. ATALA
EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ERAIKINEN ERAGINKORTASUN ENERGETIKOA

23. artikulua.– Eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzea.

Eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko prozedura otsailaren 26ko 25/2019 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egin behar da (Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari eta ziurtapenaren kontrol-prozedurari eta erregistroari buruzkoa da dekretu hori).

24. artikulua.– Dauden eraikinen kalifikazio energetikoa hobetzea.

1.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legeak 19.2 aurtikuluan xedatzen duenaren arabera, kalifikazio energetikoa hobetzeko jarduketak kontsumo energetiko handiena duten eraikinetara bideratu beharko dira hasiera batean.

2.– 3.2 artikuluko d) egoeran dauden eraikinei dagokienez, otsailaren 21eko 4/2019 Legean ezarritako neurriak ezartzea bideraezina dela azaltzen duen justifikazioa bidali beharko dio jabe den administrazio publikoak Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari, aztertu ondoren, eta hala badagokio, salbuespen-ebazpena eman dezan.

Esanbidezko edo ustezko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

3.– Era berean, otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 3.2 artikuluaren salbuespenei lotutako eraikinak birgaitzen dituztenean, jabeek teknikoki justifikatu beharko diote, obra-lizentzia eskatu aurretik, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari, birgaitze horrek alderdi energetikoa barnean hartzen duela eta ahalik eta eraginkortasun energetiko handiena lortzea ahalbidetzen duela.

4.– 2. eta 3. paragrafoetan aipatutako kasuen justifikazio teknikoa, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak horretarako garatutako prozedura elektronikoaren bidez bidali behar dira (www.euskadi.eus/prozedurak-energia).

25. artikulua.– Eraikin berrien eta eraberritze integrala jasotzen duten eraikinen kalifikazio energetikoa.

Euskal administrazio publikoen jabetzako eraikin berriak eta erabat berritutakoak energia-kontsumo ia ezdeusekoak izan beharko dira, martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa aldatzen duen abenduaren 20ko 732/2019 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta bertan zehaztutako epeetan.

26. artikulua.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria beste administrazio-prozedura batzuen esparruan.

1.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legea eraginkortasun energetikoaren ziurtapenaren balioa nabarmentzen lagundu beharraz aritzen da, 25. artikuluan, baldin eta, administrazio-prozedura baten barruan, eraikinaren edo haren zati baten eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eskatzen bada zerga-onurak edo laguntzak eskuratzeko baldintza gisa. Hala bada, eta horretan laguntzeko, prozedura hori kudeatzeaz edo zerga-onura edo laguntza horiek emateaz arduratzen den administrazio publikoak zaindu beharko du ziurtagiria behar bezala inskribatuta dagoela Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari eta ziurtapenaren kontrol-prozedurari eta erregistroari buruzko otsailaren 26ko 25/2019 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraikiz, eta ondorioz, Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa eskuratu duela.

2.– Toki-administrazioek, obra berria eraikitzeko, eraberritze integraletako eta birgaitzeko lizentziak emateko orduan, zaindu behar dute proiektuan zein obra amaituan aplikatu beharreko araudiak ezarritako energia-kalifikazioko baldintzak betetzen direla, eta eskatu behar dute eraginkortasun energetikoko ziurtagiriak, proiektuarenak zein obra amaituarenak, Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatuta egon daitezela, eta ondorioz, dagokien Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa eskuratu izana.

3. ATALA
EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN GARRAIO ETA MUGIKORTASUN JASANGARRIA

27. artikulua.– Ordezko erregaiak erretzen dituzten ibilgailuak.

1.– Ordezko erregaiak erabiltzeko betebeharra aplikagarri izango zaie administrazio publikoek jabetzan eskuratutako ibilgailuei zein horiek alokairu-araubidean edo era guztietako finantza-errentamendu edo erabilera-kontratuekin eskuratzen dutenei.

2.– Ondorio horietarako, ordezko erregaiak kontsumitzen dituen ibilgailu gisa ulertzen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1161 (EB) Zuzentarauan adierazitakoarekin bat datorren ibilgailua. Zuzentarau horrek 2009/33/EE Zuzentaraua aldatzen du, zeina errepide bidezko garraio-ibilgailu garbiak eta energetikoki efizienteak sustatzeari buruzkoa baita, azken horren 4. artikuluko 4.b azpiataleko testuaren aldaketaren arabera, «ibilgailu garbia» definituta.

3.– Ibilgailuak eskuratzeko lizitazio-prozesuetan, kontratazio-zerbitzuek neutraltasun teknologikoa bermatu beharko dute, betiere alternatibotzat jotzen diren teknologien barruan; horrela bada, ordezko erregaia duen ibilgailu bat eskuratzea ekonomikoki baloratzeko orduan, hori erosteko kostuaz gain, ibilgailuaren bizitza baliagarri osoko kostu eta aurrezpen guztiak ere hartu beharko dira kontuan, baita, besteak beste, erregai-aurrezpenaren kostua, mantentze-lanetan aurrezten dena, baita kutsatzaileen isuriak gutxitzeagatik izango lituzkeen hobariak ere.

4.– Administrazio publikoen kontratazio-organoek, lizitazio-prozesuak argitaratu aurretik, nahitaezko txostena eskatu beharko diote Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari, otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 21.2 artikulua betetzearen aldeko txostena egiteko. Txosten hori jasotzeko, baldintza tekniko zehatzen agiria bidali beharko da.

5.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoaren arabera ordezko erregaiak erabiltzetik salbuetsi daitezkeen sail edo entitateei dagokienez, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari justifikatu beharko diote ibilgailuen lizitazio bakoitzean, banaka, ordezko erregaiak erretzen dituen ibilgailurik ez dagoela merkatuan beren premiei erantzuten dienik, dela zehaztapen tekniko zehatzengatik, dela erabiltzeko ezaugarri bereziengatik.

Justifikazioa onartu ondoren, eta hala badagokio, salbuespen-ebazpena emango da. Kasu horietan, kontratazio-organoek, lizitazio-prozesuak argitaratu aurretik, salbuespen-ebazpena bildu beharko dute.

6.– Nahitaezko aldeko txostena zein salbuespen-ebazpena jasotzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa prozedura telematikoaren bidez bidali behar da, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailaren webgunetik eskura daitekeena (www.euskadi.eus/prozedurak-energia).

7.– Esanbidezko edo ustezko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

8.– Administrazio publikoek era guztietako araubideetan eskuratutako ibilgailuek Barne-arazoetako Ministerioaren Trafiko Zuzendaritza Orokorrak emandako ingurumen-bereizgarria eraman beharko dute, eta horrez gain, kontsumitzen duten ordezko erregaiaren berri ematen duen etiketa ere eramango dute ageriko tokian.

28. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren lantokietarako mugikortasun-planak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzupean gutxienez ehun pertsona dituzten lantokiek lantokietarako mugikortasun-plan bat onartu beharko dute gehienez ere 2 urteko epean, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera zenbatuta.

Behartutako lantokietan lan egiten duten pertsona guztiek eskuragarri izango dute plan hori eta, gainera, ezagutu beharko dute.

2.– Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzupekotzat hartuko dira honako kolektibo hauek:

a) Karrerako funtzionarioak eta bitarteko funtzionarioak.

b) Lan-kontratudun langile finkoak, mugagabeak edo aldi baterakoak.

c) Behin-behineko langileak.

d) Zuzendaritzako langileak.

3.– Lantokia kudeatzeaz arduratzen den organoak izango du mugikortasun-planak egiteko erantzukizuna, eta egitura organikoari buruzko dekretuan edo antzeko antolaketa-arauetan ezarritakoaren arabera eskumena duen organoari dagokio horiek onartzea.

4.– Honako hau izango da lantokiaren mugikortasun-planaren gutxieneko edukia:

a) Lantokiaren karakterizazioa, gutxienez, datu hauekin: lantokiaren konfigurazioaren deskribapen laburra, jardueraren datu nagusien kuantifikazioa, langile kopurua, bisitari kopurua, jarduera zein zerbitzuen deskribapena eta garrantzizkotzat jotzen den beste edozein datu.

b) Lantokiaren mugikortasun-diagnostikoa, gutxienez, azterketa honetan oinarritua:

– Lantokietara joateko mugikortasunaren karakterizazioa.

– Mugikortasun-eskaeraren azterketa.

– Mugikortasun-eskaintzaren azterketa.

– Aparkaleku-kudeaketaren azterketa.

c) Helburu eta adierazleen definizioa. Planaren helburu nagusiarekin lerrokatutako helburu espezifikoak ezarriko dira. Helburuak zenbatzeko eta neurtzeko modukoak izango dira, eta denbora-eremu zehaztua izango dute. Helburuek adierazle bana izango dute lotuta, horien betetze-maila anbiguotasunik gabe ezagutu ahal izateko. Adierazle guztiek abiatze-datuak izango dituzte.

d) Ekintza-plana. Adierazitako helburu espezifikoak lortzeko gauzatu beharreko ekintzak deskribatuko dira, eta horiek egiteko epeak eta arduradunak identifikatuko dira. Ekintzak honako eremu hauen barruan sartuko dira:

– Mugikortasunaren eskaria gutxitzeko ekintzak, hala nola telelanaren aukera eta bideokonferentziak edo bideodeiak egitea sustatzea.

– Mugikortasun motorizatuaren arrazoizko kudeaketarako ekintzak.

– Modu ez-motordunak sustatzeko ekintzak.

– Ibilgailu elektrikoetarako kargaguneak eta gas bidezko ibilgailuak kargatzeko instalazioak sustatzeko ekintzak.

– Garraio publiko kolektiboaren alorreko ekintzak, ibilgailu pribatuaren aldean lehiakorragoa izatea lortzen dutenak.

– Garraio konbinatua, garraio-moduak koordinatzea eta abarrak sustatzen duten ekintzak.

– Sentsibilizazio, dinamizazio eta hedapenerako ekintzak.

III. TITULUA
SEKTORE PRIBATUA
I. KAPITULUA
INDUSTRIA-SEKTOREA, ZERBITZU PRIBATUAK ETA MERKATARITZA, ETA GARRAIO PRIBATUA

29. artikulua.– I2 motako sailkapeneko industria-sektorea.

Dekretu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, eta otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 29. artikuluan jasotako sailkapenaren arabera, industria-sektoreko enpresak I2 motakotzat hartuko dira, baldin eta, I1 motakoak ez izanik, 500 tona petrolio baliokide (tpb) baino gehiagoko guztizko energia-kontsumoa badute urtean. Kontsumo hori kalkulatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dituzten eraikin, instalazio eta ibilgailu guztiek kontsumitzen duten azken energiaren guztizkoa hartuko da kontuan, baldin eta enpresa horiek jarduera ekonomikoa garatzeko kudeatzen dituzten industria, merkataritza eta zerbitzuko jardueren parte badira.

30. artikulua.– S2 motako sailkapeneko zerbitzu pribatuen eta merkataritzako sektorea.

1.– Dekretu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, eta otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 35. artikuluan jasotako sailkapenaren arabera, enpresak S2 motakotzat hartuko dira, baldin eta, S1 motakoak ez izanik, 40 tona petrolio baliokide (tpb) baino gehiagoko guztizko energia-kontsumoa badute urtean. Kontsumo hori kalkulatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden establezimendu, instalazio eta ibilgailu guztiek kontsumitzen duten azken energiaren guztizkoa hartuko da kontuan, baldin eta enpresa horiek jarduera ekonomikoa garatzeko kudeatzen dituzten merkataritza eta zerbitzuko jardueren parte badira.

2.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 35.3 artikuluan adierazitako establezimenduei dagokienez, establezimendu horietan 35.1 artikuluan adierazitako jardueretako batzuk elkartzen badira, establezimenduaren kontsumoa, osotara hartuta, 40 tona petrolio baliokide (tpb) baino handiagoa bada eta kontsumo hori jarduera bakoitzak egindakoaren batura bada –horri, hala badagokio, elementu komunen kontsumoa gehituta–, establezimendu osoaren kudeaketaz arduratzen den pertsona fisiko edo juridikoak otsailaren 21eko 4/2019 Legearen eta dekretu honen xedapenak ere bete beharko ditu, jarduera bakoitzaren arduradunak horretara behartuta dauden edo ez alde batera utzita.

31. artikulua.– Energia-kontsumoak aldian behin jakinaraztea.

1.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 29., 35. eta 45. artikuluetan jasotako sailkapenaren arabera, I1, I2, S1, S2 eta T1 motako kalifikazioa duten enpresek urtero jakinarazi beharko dizkiote Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari energia-kontsumitzaile handien adierazpenaren eguneratzea.

Jakinarazpen hori telematikoki egingo da urteko lehen hiruhilekoan, horretarako garatutako prozedura elektronikoaren bitartez, zeina Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailaren webgunean eskuragarri dagoen (www.euskadi.eus/prozedurak-energia).

2.– Adierazpenaren eguneratzean, Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten eraikin, instalazio eta ibilgailu-parke guztiaren aurreko urteko azken energia-kontsumoak jaso beharko dira, baldin eta enpresa horiek beren jarduera ekonomikoa garatzean kudeatzen dituzten industria-, merkataritza- eta zerbitzu-jardueren parte badira.

32. artikulua.– Energia-auditoretzak.

1.– I1, I2 eta S1 motako enpresek energia-auditoretza jaso beharko dute 4 urtean behin, lehengo energia-auditoretza egin zitzaienetik zenbatzen hasita. Auditoretza horrek eraikin, instalazio eta ibilgailu guztien azken energiaren guztizko kontsumo osoaren ehuneko 100a hartuko du barnean, betiere horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean badaude eta enpresa horiek jarduera ekonomikoa garatzeko kudeatzen dituzten industria, merkataritza eta zerbitzuko jardueren parte badira.

S2 motako enpresek energia-auditoretza jaso beharko dute 6 urtean behin, aurreko energia-auditoretza egin zitzaienetik zenbatzen hasita. Auditoretza horrek eraikin, instalazio eta ibilgailu guztien azken energiaren guztizko kontsumo osoaren ehuneko 100a hartuko du barnean, betiere horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean badaude eta enpresa horiek jarduera ekonomikoa garatzeko kudeatzen dituzten merkataritza eta zerbitzuko jardueren parte badira.

2.– Aurreko paragrafoetan adierazitako enpresek urtebeteko epean egin beharko dute lehen energia-auditoretza, dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera, salbu eta energia-auditoretza eginda, indarrean, eta Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari jakinarazita dutenek, hain zuzen ere, honako dekretu honen eraginpean daudelako: 56/2016 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten duena (zuzentaraua eraginkortasun energetikoari buruzkoa da) energia-ikuskaritzei, zerbitzu-hornitzaile eta energia-ikuskarien akreditazioari eta energia-horniduraren eraginkortasuna sustatzeari dagokienez.

3.– Otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuak eragindako enpresen edo enpresa taldeen barruko enpresek eta establezimenduek, baldin eta, dekretu hori aplikatuta, ez badituzte auditatu Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatutako beren eraikinetako, instalazioetako eta ibilgailuetako batzuk, iritzita ez zeudela Espainiako lurraldean kokatutako instalazio guztien azken energia-kontsumo auditagarri osoaren % 85en barruan, horien auditoretza egin beharko dute aurreko paragrafoan ezarritako epean.

4.– Dekretu hau indarrean jarri ondoren, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako betebeharren eraginpeko bilakatzen diren enpresa eta establezimenduek lehen energia-auditoretza egin beharko dute otsailaren 21eko 4/2019 Legearen eraginpean egoteko baldintzak bete zituzten urtearen ondorengo urteko lehen seihilekoaren barruan, betiere auditoretza eginda, indarrean eta jakinarazita ez badute aurreko apartatuetan adierazitakoari jarraikiz.

5.– Behartuta dauden subjektu horiei dekretu honen 19. artikuluko 1. puntutik 5.era bitarteko puntuetan, biak barne, ezarritakoa ere izango zaie aplikagarri.

33. artikulua.– Energia kudeatzeko sistemak.

1.– Energia kudeatzeko sistema bat ezartzeko, honako hau lortzeko behar diren jarduerak jaso behar dira:

a) Erabilera edo prozesuetan energia-kontsumoaren aldagaiak neurtzea.

b) Behar diren azterketa, erregulazioa eta kontrola egiteko informatika-sistemen prozesu eta ezarpenerako parametroak arautu eta kontrolatzeko elementuak ezartzea.

c) Instalazioa behar bezala jardutea; azken energiaren kontsumoak eta kostuak gutxitzea.

d) Isuriak murriztea.

e) Instalazioaren energia-kudeaketarako behar den informazioa azkar eta zehatz ematea.

Energia kudeatzeko sistemak, gutxienez, honako hau ahalbidetu behar du:

a) Kontsumitzen den energia kopurua ezagutzea, energia-iturrien eta erabileren arabera banakatuta.

b) Energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko neurriak zehaztu eta ezartzea, baita horien jarraipena modu sistematiko batez egitea ere.

c) Erakundearen energia-politika betetzen dela bermatzea, baita eraginkortasun energetikoaren arloan ezarritako betebeharrak betetzen direla ere, bereziki otsailaren 21eko 4/2019 Legean eta dekretu honetan ezarritakoei dagokienez.

2.– Energia kudeatzeko sistema energia-zerbitzuak hornitzen dituen kanpoko enpresa batek edo energia-kudeatzaile batek hornitzen edo kudeatzen badu, energia-zerbitzuak hornitzeko lanbide-jardueran aritzeko baldintzak bete beharko ditu horrek (Eraginkortasun energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten duen otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan ezarrita daude,energia-ikuskaritzei, zerbitzu-hornitzaile eta energia-ikuskarien akreditazioari eta energia-horniduraren eraginkortasuna sustatzeari dagokienez). Horrez gain, dekretu horretan ezarritako baldintzak betetzeari buruzko gaikuntza eta adierazpenari lotutako baldintzak ere bete beharko ditu.

3.– Energia kudeatzeko sistema bat xedatu eta aplikatzeari buruzko jakinarazpena, baita informazio horren beste edozein eguneratze ere, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari egin beharko zaio, energia-kontsumitzaile handien adierazpena aldian behin eguneratzearekin batera.

4.– Energia kudeatzeko sistema hori erakunde independente batek ziurtatzen badu Europako edo nazioarteko arauekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzari ere jakinarazi beharko zaio hori, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera. Horrelakoetan, jakinarazpenarekin batera energia kudeatzeko sistemaren ziurtapena eta hori indarrean dagoela egiaztatzen duen erakunde ziurtatzaile independentearen ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.

34. artikulua.– Lantokien mugikortasun-planak.

1.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legeak behartzen dituen lantokiek lantokietarako garraio-plan bat eduki beharko dute gehienez ere 2 urteko epean, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera zenbatuta.

2.– Mugikortasun-planen helburu nagusia lantokirako joan-etorrien eragin txarra gutxitzea da, horretarako garraiobidearen aldaketa eraginkor eta arrazionalagoa eginez. Lantokirako joan-etorriak arrazionalizatzera bideratutako garraio-neurri guztiak jasoko dira, eta, batez ere, ibilgailu pribatuaren erabilera ez-eraginkorra amaitzera zuzenduta daudenak, hala langileei, nola hornitzaile, bisitari eta bezeroei dagokienez.

3.– Txandetako batean gutxienez 100 langile baino gehiago dituzten lantokiak behartuta egongo dira.

4.– Behartuta dauden subjektu horiei dekretu honen 28. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoa ere izango zaie aplikagarri.

35. artikulua.– Prestakuntza eta sentsibilizazioa.

1.– I1 motako, I2 motako eta S1 motako enpresek beren langileak prestatzeko eta sentsibilizatzeko plan bat egin beharko dute dekretu hau indarrean sartu eta urtebeteko epean.

2.– Energia kontsumitzen duten instalazioak erostearekin, mantentzearekin eta erabiltzearekin zerikusia duten kudeatzaileak eta teknikariak prestatzeko izan beharko dira prestakuntza-jarduerak bereziki, eta aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa handitzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko eta horiez baliatzeko teknikei buruzkoak izango dira.

Halaber, garraioaren erabilera eraginkor eta jasangarriari buruzko prestakuntza-ekintzak ere zehaztu beharko dituzte ibilgailuak dauzkaten enpresetan edo mugikortasun-plana nahitaez eduki behar dutenetan.

3.– Otsailaren 21eko 4/2019 Legeak eragindako enpresek aurrezpen eta eraginkortasun energetikoari buruzko informazioa emango diete langileei; horretarako, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa lortzeko jarraibideak eta teknikak emango dituzte, bitarteko hauek erabilita:

a) Sentsibilizazio-kanpainak.

b) Erabilera-teknikak eta jarraibideak ezartzeari buruzko gidaliburuak eta jardunbide egokiak argitaratzea edo zabaltzea, instalazioetan erabiltzen duten energiaren aurrezpen eta eraginkortasun handiagoa lortzeko.

4.– Lantokien mugikortasun-planak, horrelakoak edukitzera behartuta daudenean, eskuragarri egongo dira horietan lan egiten duten pertsona guztientzat, eta langile horiei jakinarazi beharko zaizkie.

36. artikulua.– Eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko industria-eraikinek eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eduki beharko dute, gehienez 2 urteko epean, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera.

Eraikinek edo horien zatiek energia-ziurtapena egin beharko dute, baldin eta tailerren edo industria-prozesuen erabilerarik ez badute, azalera erabilgarria gutxienez 50 m2-koa bada eta berokuntza- edo hozte-sistema badute erabiltzaileen erosotasuna zaintzearren.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza eta zerbitzuen sektoreko eraikinek eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eduki beharko dute, gehienez 3 urteko epean, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera.

3.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtapena egiteko prozesurako, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari eta ziurtapenaren kontrol-prozedurari eta erregistroari buruzko otsailaren 26ko 25/2019 Dekretuan ezarritakoa, edo haren ordez ematen den araua, bete beharko da.

Eraikin guztietan, edo haien zatietan, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eduki behar izanez gero, nahitaezkoa da Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroak emandako Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa toki nabarmenean eta agerikoan erakustea, haien erabiltzaileek ikusteko moduan.

II. KAPITULUA
BIZITEGI-SEKTOREA ETA HIRIGINTZA-GARAPEN BERRIAK

37. artikulua.– Etxebizitzetarako bizitegi-erabilerako eraikinen energia-ziurtagiria.

1.– Titulartasun pribatuko bizitegi-eraikinek, dekretu hau indarrean jartzen denean bizitegi-etxebizitzako erabilerara zuzenduta daudenek, indarrean dagoen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eduki beharko dute Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatuta, 2022ko abenduaren 31 baino lehenago.

Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eraikinean etxebizitzako bizitegi-erabilera duen zatiarena izango da.

2.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtapena egiteko prozesurako, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari eta ziurtapenaren kontrol-prozedurari eta erregistroari bruzko otsailaren 26ko 25/2019 Dekretuan ezarritakoa, edo haren ordez ematen den araua, bete beharko da.

3.– Eraikin batek, dekretu hau indarrean jarritakoan, ikuskapen teknikoa jaso behar badu eta, eraginkortasun energetikoaren ebaluazioa justifikatzeko, eraginkortasun energetikoa kalifikatzeko prozedurak, eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko dokumentu aitortuen erregistro orokorrean dokumentu aitortu gisa inskribatuta daudenak, erabiltzen badira, Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatu beharko da prozedura horien bitartez lortzen den eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria, otsailaren 26ko 25/2019 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraikiz.

4.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatzeko betebeharra ez da, inola ere, nahitaezko izapidea izango eraikinaren ikuskapen teknikoa aurkezteko, zeina autonomia-erkidego honetan eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen duen erregelamenduak ezarritako arauzko organoei aurkeztu behar baitzaie.

5.– Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroak ofizioz igorriko du Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa, dekretu hau indarrean sartu aurretik honako baldintza hauek betetzen dituzten etxebizitzetarako bizitegi-erabilerako eraikinetarako:

a) Ikuskapen teknikoa egina edukitzea autonomia-erkidego honetan eraikinen ikuskapen teknikoak arautzen dituen erregelamendua beteta.

b) Ikuskapen teknikoaren esparruan, eraginkortasun energetikoaren ebaluazioa eginda eta justifikatuta edukitzea eraginkortasun energetikoa kalifikatzeko prozeduren bidez; horretarako erabili beharreko dokumentuak inskribatuta daude eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko dokumentu aitortuen erregistro orokorrean.

c) Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria indarrean eta Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatuta ez edukitzea.

Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroak, automatikoki, Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa emango du. Etiketa hori Erregistroaren sarbide publikotik deskargatu ahal izango da, eta horren egoitza elektronikotik egongo da horretarako sarbidea (www.euskadi.eus/ziurtagiri-energetikoa) eta, horrelakoetan, ezingo du eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kopiarik edo informatika-programa aitortuek sortutako artxibo informatikoen kopiarik eman.

38. artikulua.– Banakako kontsumoak zenbatzeko sistemak.

1.– Banakako kontsumoak zenbatzeko sistemak edukitzeko betebeharrak dekretu hau indarrean jartzen den egunean dauden bizitegi-eraikinen titularrei eragiten die, baldin eta eraikin horiek etxebizitzako bizitegi-erabilera badute eta berokuntza- edo hozte-sistemaren hornidura badute, hiriko berokuntza- eta hozte-sare baten bidez edo zenbait kontsumitzaile hornitzen dituen instalazio zentralizatu baten bidez, baldin eta instalazio termiko horiek ez badute zerbitzu bakoitzari dagozkion gastuak kontsumitzaileen artean banatzea ahalbidetzen duen sistemarik, uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuaz onetsitako Eraikinetako Instalazio Termikoei buruzko Erregelamenduaren 1.2.4.4 jarraibide teknikoak xedatu bezala.

Instalazio zentralizatutzat joko dira Eraikinetako Instalazio Termikoei buruzko Erregelamenduak zehazten dituen horiek.

2.– Banakako kontsumoak zenbatzeko sistemak eraikinetako instalazio termikoetako kontsumo indibidualen kontabilizazioa arautzen duen abuztuaren 4ko 736/2020 Errege Dekretuaren eta dekretu honetan jasotako aginduen arabera instalatu behar dira.

3.– Abuztuaren 4ko 736/2020 Errege Dekretuak agintzen duen justifikazio-dokumentazioa elektronikoki aurkeztu behar dute errege-dekretu horrek behartuta dauden subjektuek Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak bere webgunean argitaratutako ereduen arabera (www.euskadi.eus/prozedurak-industria-segurtasuna).

4.– Berokuntza-kontsumoa banaka zenbatzeko ekipoen instalazioaren errentagarritasun ekonomikoa zehazteko, aurrekontu estandarizatua egitean (abuztuaren 4ko 736/2020 Errege Dekretuaren III. eranskinean dago zehaztuta), aurrekontua egiten duen instalatzaileak zehaztu beharreko urteko energia-aurrezkiaren ehuneko zenbatetsia ez da % 15etik beherakoa izango. Energiaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzak eguneratu ahal izango du ehuneko hori.

5.– Ekonomikoki errentagarritzat jotzen da banakako kontabilizaziorako ekipoak instalatzea, inbertsioaren itzulera-urteak 6 edo gutxiago badira.

6.– Banaka zenbatzeko ekipoekin batera instalatu behar diren kontsumoak kontrolatzeko sistemek aukera eman behar dute ekipo terminalei fluido eroalea automatikoki mozteko, giro-tenperaturaren arabera.

7.– Banakako kontsumoak zenbatzeko sistemak edo, hala badagokio, kostu-banatzaileak ezartzea teknikoki bideragarria eta ekonomikoki errentagarria den alde batera utzita, behartuta dauden subjektuek, abuztuaren 4ko 736/2020 Errege Dekretuan jasotako epe berberetan, sortutako edo eskatutako energia termikoa neurtzeko gailuak ezarri beharko dituzte hozte edo berokuntzarako produkzio termiko zentralizatuko zentraletan.

Etxeko ur beroko zerbitzua dagoenean, energia neurtzeko gailu bat egongo da produkzioaren primarioan eta beste bat birzirkulazioan. Neurgailu horiek hornitzeko eta muntatzeko kostua ez da inola ere kontuan hartuko banakako kontsumoak zenbatzeko ekipoen instalazioaren errentagarritasun ekonomikoa zehazteko.

39. artikulua.– Etxebizitzetarako bizitegi-erabilerako eraikinen energia-auditoretzak.

1.– Titulartasun pribatuko eraikinek, etxebizitzako bizitegi-erabilera dutenek, osatzen dituzten etxebizitzak direnak direla, jabetzak eraberritze garrantzitsua egin nahi badu, aldez aurretik, eraikinaren energia-auditoretza kontratatu beharko du, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko har litezkeen neurriak zehazteko, energia hornitzeko sistema zentralizatuak edo alternatiboak gehitzeko, baita energia berriztagarriez baliatzeko instalazioak jartzeko ere.

2.– Honako jarduketa hauek hartuko dira eraberritze garrantzitsutzat:

a) Eraikinaren itxituren ehuneko 25i baino gehiagori eragiten dietenak.

b) Berokuntza, hozte-sistema edo etxeko ur beroa produzitzeko instalazio termikoa handitu edo eraberritzean, lanek sorgailuei eragiten dietenean.

c) Etxebizitza bakoitzean berokuntza, hozte-sistema edo etxeko ur beroa ekoizteko banakako sistema edukita ere, sorgailuen hiru laurdenak gutxienez batera ordezteko jarduketak egin nahi dituztenean.

3.– Behar bezalako kualifikazioa duten auditoreek egingo dituzte energia-auditoretzak, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuak edo haren ordez ematen den arauak ezarritakoari jarraikiz. Dekretu horrek eraginkortasun energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten du energia-auditoretzei, energia-zerbitzuen hornitzaileen eta energia-auditoreen akreditazioari eta energia-hornikuntzaren eraginkortasuna sustatzeari dagokienez.

4.– Energia-auditoretzak arau hauen arabera egin behar dira: UNE-EN 16247-1. Energia-auditoretzak. 1. zatia: Baldintza Orokorrak eta UNE-EN 16247-2. Energia-auditoretzak. 2. zatia: Eraikinak; edo energia-auditoretzen eskumena duen ministerioak baimendutako etorkizuneko energia-auditoretzen betekizunak zehazten dituzten UNE EN arauak.

Proposatutako neurrietarako zehaztu eta balidatutako kalkuluak jasoko dira energia-auditoretzetan, eta, era horretan, aurrezteko ahalmenaren gaineko informazio argia emango dute. Gordetzeko modukoak izango dira energia-auditoretzetan erabilitako datuak, analisi historikoak egiteko eta energia-portaeraren trazabilitatea egiteko.

Energia-auditoretzetan ez da klausularik jasoko auditoretzaren ondorioak energia-zerbitzuak hornitzen dituzten enpresa gaitu eta akreditatuei helaraztea eragozteko, eta informazioaren konfidentzialtasuna errespetatuko da edozelan ere.

5.– Behartuta dauden subjektuek energia-auditoretza indarrean atxiki behar dute, eta Eusko Jaurlaritzako energiaren eta etxebizitzaren arloko eskumena duten sailen eskuragarri eduki, ikuskatzeko edo beste edozein errekerimenduri erantzuteko.

Toki-administrazioek, eraberritze horiei ekiteko obra-lizentziaren izapideak egiteko orduan, erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko eskatu beharko dute, eraikinaren jabetzak energia-auditoretza egin duela adieraz dezan horren bitartez.

40. artikulua.– Obra berriko energia-sistema zentralizatuak.

1.– Toki-administrazioek, hirigintzaren arloko antolamendu, kudeaketa, exekuzio eta diziplinaren arloan dituzten eskumenen esparruan, sistema energetiko zentralizatu edo alternatiboen bitartez energia hornitzeko azterketak sustatu behar dituzte, baita banako edo taldeko autokontsumo-sistemak ezartzeari lotutakoak ere, dagoen eraikin parkearen eraginkortasun energetikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa hobetzearren.

2.– Hirigintzako garapen berriei dagokienez, toki-administrazioek, hirigintzaren arloko antolamendu, kudeaketa, exekuzio eta diziplinaren arloan dituzten eskumenen esparruan, energia hornitzeko eta energia berriztagarriez baliatzeko sistema zentralizatuak aurreikusteko betebeharra ezarri beharko dute erregelamendu bidez.

41. artikulua.– Dauden eraikinetako garaje komunitarioetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak ezartzea.

1.– Lehendik dauden eraikinetako garaje komunitarioetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak ezartzeko, hemen xedatutakoari jarraitu beharko zaio: Ebazpena, 2018ko irailaren 3koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, ibilgailuen garajeetako instalazio elektrikoen zerbitzu-abiatzeen, handiagotzeen eta aldizkako ikuskatzeen espedienteak izapidetzeko argibideak ematen dituena.

2.– Lehendik dauden eraikinetako garaje komunitarioetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak zerbitzuan jartzeko izapideak egiteko, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Kontagailu nagusi batetik elikatzen den instalazioak abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaz onetsitako Behe Tentsiorako Erregelamendu Elektroteknikoan adierazitako potentzia gainditzen duenean baino ez da proiekturik eskatuko. Potentzia hori 50 kW da barneko instalazioetarako, eta 10 kW kanpokoetarako.

b) Ibilgailu elektrikoa kargatzeko gune bat ezarri nahi duen pertsonak jakinarazpena egin beharko dio garajeko jabekideen erkidegoaren administratzaile edo presidenteari, eta jabekideei horren berri emango die horrek, ibilgailu elektrikoa kargatzeko beste guneren bat eduki nahi duten pertsona gehiago dagoen jakinarazteko, halakorik badago. 7 egun naturaleko epea igarota, garajeko jabekideen erkidegoaren administratzaileari edo presidenteari jakinarazten zaionetik zenbatuta, eskaerak hasierako interesdunari helaraziko zaizkio, ibilgailu elektrikoa kargatzeko guneak ezarri nahi dituzten pertsonek edo garajearen jabekideen erkidegoak batera ezartzea azter dezaten.

c) Garaje komunitarioak sailkapen horretatik kanpokotzat joko dira, honako hau egiaztatuz gero:

– Garaje horretan sutea edo leherketa gertatzeko arriskurik ez dagoela egiaztatzen duten agiri teknikoak daudela, eta instalazioa dokumentazio horrekin bat datorrela oraindik.

– Instalazio elektrikoa lokal horietarako horrelako arriskurik gabe diseinatu eta gauzatu zela, orduan indarrean zegoen erregelamenduari jarraikiz, eta bere garaian ezarritako aireztapen-baldintzei eutsi zaiela edozelan ere.

3.– Kasu guztietan, instalatzaileak edo, instalazioaren potentziagatik hala beharrezkoa bada, teknikari gaituek, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioa egingo duten gunea sailkapenetik kanpo dagoela adierazteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoek, beren eskumenekin bat etorriz, giza baliabide eta bitarteko material nahikoak bideratuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen helburuak betetzen direla bermatzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen da: irailaren 22ko 178/2015 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jasangarritasun energetikoari buruzkoa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Otsailaren 21eko 4/2019 Legean eta dekretu honetan ezarritako epeak, baldin eta COVID-19k eragindako alarma-egoeraren hasiera- eta amaiera-datak epe horien barruan jasota badaude, aipatutako egoeraren iraupen-epe berean luzatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari eta ziurtapenaren kontrol-prozedurari eta erregistroari buruzko otsailaren 26ko 25/2019 Dekretuaren 39.2 artikulua aldatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari eta ziurtapenaren kontrol-prozedurari eta erregistroari buruzko otsailaren 26ko 25/2019 Dekretuaren 39.2 artikulua aldatzen da eta honela idatzita geratzen da:

«39. artikulua.– Zehapenak ezartzeko eskumena.

Organo hauek dute eraikinen ziurtapen energetikoaren arloko arau-hausteei dagozkien zehapenak jartzeko eskumena:

1.– Energia arloko eskumena duen saileko titularrak, arau-hauste oso astunen kasuan.

2.– Energia arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren titularrak, arau-hauste astun eta arinen kasuan.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.

Energiaren arloko eskumena duen saileko titularrari ematen zaio dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko xedapenak egiteko ahalmena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala