227. zk., 2020ko azaroaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (449 KB - 13 orri.)
- EPUB (312 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4899
EBAZPENA, 2020ko azaroaren 10ekoa, Kulturako sailburuordearena. Horren bidez, hasiera ematen zaio Bilboko (Bizkaia) Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian kokatutako Etxea babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, Monumentuaren kategorian, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.
Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian kokatutako Etxearen balio kulturalak ikusita, eta EAEko Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bilboko (Bizkaia) Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian kokatutako Etxea babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari hasiera ematea, Monumentuaren kategorian, kontuan hartuta ebazpen honen I. eranskinean ezarritako mugaketa, II. eranskinean jasotako deskribapena eta III. eranskinean jasotako babes-araubide partikularra.
Espediente hau hasteak berekin ekarriko du berehala eta behin-behinean aplikatzea ondasunaren babes-araubide partikularra, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean babes bereziko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.
Bigarrena.– Bilboko (Bizkaia) Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian kokatutako Etxea monumentu kategoriako babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituta, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuta, eta III. eranskinean jasotzen den babes-araubide partikularra ezarriz.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 20 eguneko epean, egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Bilboko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela, ondasun higiezinen kasuan, eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubidean ezarritakoaren arabera.
Finkan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean.
Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.
Bosgarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, bai eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoari ere.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 10a.
Kulturako sailburuordea,
ANDONI ITURBE AMOREBIETA.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugaketa.
Mugaketak, alde batetik, eraikin nagusia hartzen du, erantsitako bolumenarekin batera (gaur egun, liburutegia); eta, bestetik, haren ingurua, hau da: Mazarredo zumarkaletik eraikinera sartzeko eskailera, eta fatxada nagusiaren aurrean dagoen lorategi-eremua.
Horrela, mugaketa-eremua erantsitako dokumentazio grafikoan finkatutako mugen arabera zehazten da. Hona hemen mugak: iparraldean, eraikin nagusiaren fatxadaren aurrean, Uribitarte Erranpletako lorategi-gunea dago, dagozkion espaloi-zatiekin; ekialdean, erantsitako eraikinaren (liburutegia) ondoan, eraikin horren eta eraikin nagusiaren arteko espazio libre pribatua eta alboko espaloiaren zatia; eta, mendebaldean, espaloia eta Mazarredo zumarkaletik eraikinera sartzeko eskailera.
Justifikazioa.
Proposatutako mugaketaren arrazoia da Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian kokatutako Etxearen ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu behar direla. Kultura-ondasuna behar bezala babesteko eta dagokion balioa emateko, beharrezkoa da inguru hori mugatzea, eta, ondorioz, eraikinarekin espazialki erlazionatuta eta atxikita dauden guneak ere babestu behar dira, eraikinaren berezko izaera gordetzeko; horrekin batera, eraikinaren balioa nabarmentzeko gune bat egokitu behar da. Hori dela eta, mugaketak ez du soilik eraikuntza-multzoa hartzen, baizik eta hara sartzeko eskailera eta aurrean duen eta artikulatzen duen lorategi-eremua ere.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Eraikina Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian dago, Bilboko udalerrian. Muga topografikoak dituen orubea da, bai lurraren desnibelagatik –Mazarredo zumarkalearen eta Uribitarte kalearen artean–, bai kokapenagatik, etxadia errematatzen duen lorategi-gunearen eta arrapalen aurrean.
Enrique Epalza arkitektoaren obra hau XX. mende hasierako Bilboko arkitektura eklektikoaren erakusgarri aparta da. García de la Torre arkitektoen hitzetan, eraikinak gaur-gaurkoa izaten jarraitzen du, duen «gustu onagatik, konposizioaren orekagatik, eta materialen, ehunduren eta koloreen arteko konbinazio inteligente eta sentikorrarengatik (harria, adreilu gorria, egurrezko arotzeriak, burdina forjatua, arbela...)».
José Ramón de Aburtok eskatu zion Enrique Epalzari Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakiko Etxea egiteko. Proiektua 1904ko urtarrilaren 19an aurkeztu zen Bilboko Udalean. Gainera, 1905eko otsailean, eraikin nagusirako kotxe-tokiak eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen.
Epalzak eraikin nagusirako egindako proposamenak eragin modernistako estilo eklektikoari erantzuten dio, eta, Gorka Pérez de la Peña historialariaren hitzetan, «Euskadiko eta Europako arkitekturaren proposamen original eta lortuenetako bat da». Hain zuzen ere, eraikin honen diseinuarekin, Bilboko Udalak 1906an antolatutako Fatxada Artistikoen Lehiaketa irabazi zuen.
Bestalde, kotxe-tokien eraikina ere arkitektura modernistaren adibide bikaina da; izan ere, adierazpide urbano handikoa da fatxadetan eta Uribitarte Erranpletara ematen duten espazioetan.
Goi-mailako bizitoki gisa sortu bazen ere, Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian dagoen Etxea Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitza da gaur egun. Erantsitako bolumenean, kotxe-tokiena izandako eraikinean, Elkargoaren liburutegia dago orain.
Etxea modu honetan zegoen antolatuta: beheko solairua, sotoa eta lau solairu altu. Azken horietako bakoitzean, etxebizitza bakarra zegoen, U formakoa, denak ere hiru fatxada nagusietara begira.
Uribitarte Erranplak kaleko ate nagusitik sartzen zen eraikinera. Ataritik sartu, eta ezkerraldean zegoen atezaindegia. Ataritik, beheko solairuko atondora igotzen zen, eta hortik abiatzen zen eskailera nagusia. Beheko solairuan etxebizitzarik txikiena zegoen, eta gainerakoak goiko solairuetan zeuden.
Eskailera-zuloarekin zentratutako ate bakar batetik sartzen zen etxebizitzetara. Ate horretatik, etxebizitzak artikulatzen zituen atondo batera heltzen zen, eta hor bi eremu bereizten ziren: zerbitzu-gunea, itsasadarraren fatxadara orientatuta, eta nagusia, eskuineko hegalean, Uribitarte Erranplak kalerantz. Atondotik, etxebizitzen barrualde osoa zeharkatzen zuen korridore luze batera sartzen zen, eta handik gela guztietara joan zitekeen (logelak, sukaldea, jangela, bulegoa, kabinetea eta billar-gela). Protagonismorik handiena bulegoak, jangelak eta kabineteak osatutako hiru piezek zuten, eta, hain zuzen ere, lorategira ematen zuen fatxada pieza horietarako erreserbatu zen.
Eskailera nagusia U-aren erdian zegoen, eraikuntzaren ardatzean, eta ondoko eraikinaren mehelinaren kontra. Eskailera hiru patioren bidez argiztatzen eta aireztatzen zen; horietako bi eskaileraren alde banatan zeuden, eta hirugarrena, berriz, eraikinaren mehelinaren ondoan. Patio horien inguruan, etxebizitzetako zerbitzurako piezak ere bazeuden.
Teilatupeko solairuan, berriz, trastelekuak eta atezainaren etxebizitza zeuden.
Kanpoko diseinuari dagokionez, Epalzak kalitatezko materialak erabili zituen. Polikromiaz ere baliatu zen: fatxadan, adreilu gorria eta harlanduzko harria uztartu zituen, eta estalkian, koloretako teilak, Epalzaren estilo bereizgarria osatzen dutenak.
Kanpoko konposizioan, nabarmentzeko modukoa da hiru fatxada bidezko antolamendua, non garrantzi handiagoa ematen baitzaio lorategira begira dagoen fatxada nagusiari. Fatxada horren muturretan begiratoki poligonalen bi atal nabarmentzen dira, zurezko galeriak dituztenak eta kapitelez errematatuta daudenak. Erdian, ardatza nabarmenduz, beste kapitel batez errematatutako harrizko balkoiak daude. Alboetako fatxaden muturretan ere zurezko galeriak nabarmentzen dira.
Fatxadetan beste mota bateko baliabide estetikoak eta konposizio arloko baliabideak nabarmentzen dira: dekorazio ugaria (mentsulak, loreak eta abar), zurezko hesiak eta galeriak, denak ere oparo apaindutakoak.
Egituraren armazoia egiteko, profil metalikoak erabili ziren, eta, modu horretan, argi gehiago sartu ahal izan zen geletan.
Barruko diseinuak eta dekorazioak egile ospetsuarenak dira: eskaiolak eta zura, Doroteo R. Mora eskultorearenak; eta beirateak, berriz, Declaux enpresarenak.
Dekorazio horretan nabarmentzekoak dira zurezko ebanisteria fina (atezaindegiaren itxitura, eskailera nagusia, ateak eta zokaloak), eskailera-kaxetako eta gelaren bateko beirateak, sabaietako eskaiolak, errementaritza-lanak (lanparak, beheko solairuko metalezko burdin hesia, eta animaliak eskailera nagusiko barandetan) eta marmoleria-lanak (zoladuretan, atariko eta atariaurreko zokaloetan, eta tximinietan).
Gaur egun, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitza den honetan, lehengo etxebizitzetako espazio komun guztiak kontserbatu dira (sarrera, atondoa eta eskailera nagusia), baita dekorazio-elementuak, apaingarriak eta jatorrizko materialak ere. Goiko solairuetan Elkargoaren bulegoak daude, eta gela batzuk jatorrizko egoera espazial berean daude. Teilatupeko solairuan prestakuntza-gelak daude.
Beheko solairuan, berriz, erakusketetarako gunea dago, eta, eskailera osagarri baten bidez, sotoko solairura joan daiteke (orain ekitaldi-aretoa dago han). Sotoko solairua, era berean, Elkargoaren liburutegiarekin dago komunikatuta.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Babes-araubide partikular hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian kokatutako Etxea (gaur egun Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitza – Aburto Etxebizitza Eraikina), Monumentuaren kategoriarekin, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.
2. artikulua.– Aplikazio eremua.
Ondoren zehazten den babes-araubide partikularra I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.
3. artikulua.– Balio kulturalak.
1.– Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian kokatutako Etxearen balio kulturaltzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari garrantzi berezia ematen diotenak, eta ondorioz monumentua interesgarri bihurtzen dutenak, belaunaldiz belaunaldi berau aintzat hartu eta transmititzeko.
2.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak, ikuspegi historikotik eta ingurumen arloko ikuspegitik:
– Estilo eklektikoa oso errotuta eta garatuta egon zen Bilboko Zabalgunean. Babes-araubide partikular honi atxikitako eraikina XX. mende hasierako Bilboko arkitektura eklektiko horren adibide aparta da.
– Modu egokian dago kokatuta orube konplexu batean, eta horrek eraikin honen ingurumen-balioa irudikatzen du; izan ere, Enrique Epalza arkitektoak ederki konpondu zuen eraikinaren kokapenaren arazoa, formagatik eta kokapenagatik tratamendu zaileko orubea da eta.
3.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak, ikuspegi artistiko eta arkitektonikotik:
– Jatorrizko eraikina, oihartzun modernistako estilo arkitektoniko eklektikoa duena, nolabaiteko monumentaltasun-dosiekin uztartutakoa. Tipologikoki, maila handiko etxebizitzen adibide argia da, eta bat dator bere inguruarekin.
– Kanpotik, duen balio estetikoa eta konposizio arloko balioa nabarmentzen dira: hiru fatxadetarako soluzio berritzailea, dekorazio oparoa eta materialak hautatzeko aniztasun kromatikoa.
– Barruko diseinuak eta dekorazioak ere eklektizismoa eta modernismoa uztartzen ditu, eta egile ezagunak ditu.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-araubide partikular honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte; tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako ondasun kulturalaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-manua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.
5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.
1.– Babes-araubide partikular honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.
2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honek eragindako ondasunen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.
3.– Babestutako kultura-ondasunen titularrek beharrezkoa den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei, baita informazio horretarako sarbidea ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei baimena eman beharko diete azterketa egiteko, baita bisita publikoa egiteko ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako moduan.
4.– Babestutako ondasuna osorik edo partez eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
II. KAPITULUA
ESKU-HARTZE ARAUBIDEA
6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-arloko organo eskudunaren baimena beharko dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, baimena nahitaezkoa izango da hirigintzako lizentziak eman aurretik.
7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.
1.– Babestutako kultura-ondasunean egiten diren esku-hartzeetan, bermatu egingo da ondasun horren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta balioa nabarmentzeko birgaitzea, zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide partikular honetan zehaztu ez den orori dagokionez.
2.– Monumentuan egiten den esku-hartze orok kontuan hartu beharko ditu monumentuaren balio kulturalak, babes-araubide partikular honen 3. artikuluan deskribatutakoaren arabera. Jarduera guztiek bermatu beharko dute monumentuaren babesa, kontserbazioa eta balioa nabarmentzea.
3.– Babes-araubide partikular honi atxikitako kultura-ondasunean onar daitekeen esku-hartze orotan, irizpide hauek beteko dira: itzulgarritasuna eta ondasun babestuaren osotasunaren eta benetakotasunaren iraupena. Horretarako, balio kulturalekin bateratu daitezkeen materialak eta teknikak erabiliko dira, mimetismoak saihestuz, elementu bereziak estali gabe, eta elementu guztiak oso-osorik ikusteko moduan utziz.
8. artikulua.– Onartutako eta debekatutako erabilerak.
1.– Monumentuaren babespeko edozein kultura-ondasuni ematen zaion erabilerak ondasun horien kontserbazioa eta balioa bermatu beharko ditu, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak urratu gabe.
2.– Aurreko puntuaren ondorioetarako, honako hauek dira Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakiko Etxearen erabilera nagusiak: bizitegia (etxebizitza kolektiboa), hirugarren sektorea (bulegoa), administrazio-zerbitzuak edo ekipamendu soziokulturala. Bolumen nagusiari atxikitako eraikinerako, ekipamendu soziokulturala hartzen da erabilera nagusitzat.
Bestalde, babes-inguruaren barruan kokatutako lorategi-eremuak toki horrek duen lorategi-izaera indartu behar du, dituen elementuen integrazioa errespetatuz eta hobetuz.
3.– Ez dira onargarritzat joko babestutako kultura-ondasunari kalteak eragiten dizkioten edo 3. artikuluan zehaztutako balio kulturalen baten aurka egiten duten erabilerak.
9. artikulua.– Araudi sektoriala eta irisgarritasun-araudia aplikatzea.
1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide partikular honetan ezarritako jarduera-mugekin, betiere, babestutako ondasunaren balio kulturalak ez kaltetzea bilatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16.g eta 32.4 artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun murriztuko pertsonak modu autonomoan sartu daitezen, baldin eta egiten diren jarduerak bat badatoz ondasunaren balio kultural babestuekin. Horri dagokionez, bolumen nagusiari atxikitako eraikinerako (gaur egun, liburutegia da), igogailu bat edo eskailera-plataforma bat instalatzea proposatzen da dauden desnibelak gainditzeko, betiere jarduketak errespetatu egiten baditu babestutako ondasunaren balio kulturalak.
3.– Aurreko puntuan adierazitako esku-hartzea gauzatzen bada, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko da. Proiektu horrek balizko jardueraren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatuko ditu, baita ondasunaren balio kulturalak mantenduko direla ere. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.
10. artikulua.– Esku hartzeko proiektua eta memoria.
1.– Babes-araubide partikular honek eragindako ondasunaren xede-balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horien izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak proiektu hori aurkeztu beharko dio Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen Sailari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera.
2.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko dira. Profesionalek eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte proiektua eta esku-hartzearen memoria, eta profesional eta enpresa espezializatu horiek egiaztatu beharko dute proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko gaitasun teknikoa dutela, baita ondasunaren beharretara egokitutako diziplina anitzeko taldea dutela ere. Obra horiek, edozelan ere, ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.
3.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, haiek egiaztatu eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak kasuan kasuko memoria aurkeztu beharko du Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.
11. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 38.1 artikuluan ezarritakoa betez, egiten den esku-hartze orok irizpide hauek bete beharko ditu:
a) Kontserbaziorako gutxieneko esku-hartzeak baimenduko dira, baldin eta horien bitartez eraikuntza-sistemen osotasunari eutsi ahal bazaie eta horiek huts egiteak kalte konponezinak eragin baditzake monumentuan, estalkietan, iragazgaizteetan, egituretan eta zimenduetan.
b) Beste eraikuntza-sistema batzuetan (itxiturak, zatiketak, arotzeriak eta estaldurak) jardun behar bada, haien osotasunari eusteko baino ez da egingo esku-hartze hori, sistema horien funtsezko aldaketa oro saihestuta.
c) Instalazio-sistemak eguneratu ahal izango dira, baldin eta monumentuaren erabilera hobetzeko bada eta eguneraketa horren ezarpenak ez badu modu kaltegarrian eragiten babestutako balioen kontserbazioan.
d) Erabilera-aldaketak onartuko dira, baldin eta monumentua kontserbatu eta balioa emango zaiola bermatzen bada. Era berean, erabilera berria osotasunarekin bateragarria dela frogatu beharko da, babes-araubide partikular honen 8. artikuluan ezarritako baldintzak betez.
12. artikulua.– Kultura-ondasun babestuan gorde beharreko elementuak.
Kultura-ondasun babestuan gorde beharreko elementuak honako hauek dira:
– Egungo bolumenaren konfigurazioa: eraikin nagusia eta haren eranskina, solairu, fatxada eta estalki guztiekin.
– Eraikuntza-multzoaren lerrokadurak, sestrak eta antolaketa berezia kokalekuan.
– Fatxaden eta estalkien egungo osaera, eta jatorrizko materialak, baliabide estetikoak, apaingarriak, kromatismoa eta arotzeriak.
– Profil metalikoko egituraren armazoia.
– Eraikin nagusiaren jatorrizko antolamendu espazial globala:
a) Antolamenduaren erdiko ardatza: atariaurrea, ataria, atondoa eta eskailera nagusia.
b) Solairuen antolamendua: sarrera bakarra eskailera nagusiko tranpalean dagoen ate batetik, etxebizitzaren U formako antolamendua, geletarako sarbidea banaketa-korridoretik, eta gelen orientazioa kanpoko fatxadetarantz.
– Eraikuntza-multzoaren barruko materialak, apaingarriak eta, oro har, jatorrizko baliabide estetikoak eta konposizio arlokoak: zurezko ebanisteria fina (atezaindegiaren itxitura, eskailera nagusia, ateak, panelak eta zokaloak), eskailera-kaxetako eta gelaren bateko beirateak, sabaietako eskaiolak, errementaritza-lanak (lanparak, beheko solairuko metalezko burdin hesia, eta animaliak eskailera nagusiko barandetan) eta marmoleria-lanak (zoladuretan, atariko eta atariaurreko zokaloetan, eta tximinietan).
13. artikulua.– Debekatuta dauden jarduketak.
1.– Mugatu egingo dira eraikuntza osoan baimendutako esku-hartzeak. Babestutako balio kulturalak kontserbatzea da neurri horren helburua.
2.– Oro har, debekatuta egongo dira ondoren aipatzen diren esku-hartzeak, eta, era berean, debekatuta egongo dira higiezinaren balio historiko eta arkitektonikoei kalteak edo galerak eragin diezazkieketen esku-hartzeak, bai eta babes-araubide partikular honen edozein zehaztapenen aurka doazenak ere. Ondorio horretarako, honako hauek hartuko dira berariaz debekatutako ekintzatzat:
a) Eraikuntza-multzoaren bolumena aldatzea.
b) Azalerak aldatzea, baldin eta aldaketa horiek berekin badakarte jatorrizko bolumenei eraikin gehiago eranstea edo eraikinaren oinplanoa luzatu edo zabaltzea.
c) Fatxadak, beren osagaiak, deskribatutako eraikuntza-multzoaren jatorrizko kokapenak eta fatxadetako bao-kopurua aldatzea; izan ere, horien jatorrizko formak, neurriak eta proportzioak mantendu beharko dira.
d) Estalkien jatorrizko kokapenak (jasodurak, malda-aldaketak eta abar) aldatzea.
e) Egituraren antolaketa orokorra aldatzea.
f) Garbiketa-tratamenduak, baldin eta atzera-bueltarik gabe aldatzen badituzte eraikinaren kanpoko testura eta akaberen osaera.
g) Oro har, babes-araubide partikular honetan aurreikusten ez den esku-hartze oro.
14. artikulua.– Baimenduta dauden jarduketak.
1.– Baimendutako esku-hartzeak eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzen dituztenak izango dira.
2.– Horretarako, ondoren, babestutako ondasunean aplikatu beharreko esku hartzeko araubide partikularrak eta zaindu beharreko elementuak aipatzen dira, babes-araubide partikular honen 12. artikuluan definitutakoak:
a) Babestutako higiezina lehengoratzeko obrak baimentzen dira, jatorrizko egoerara bueltatzeko; bereziki, honako elementu hauek:
– Fatxadak eta estalkiak zaharberritzea, bai eta horien konposizio- eta apaindura-elementuak ere.
Fatxaden gaur egungo osaera eta materialak, elementuak, apaingarriak, kromatismoa, jatorrizko arotzeria eta fatxadako baoen kopurua mantendu behar dira, eta haien jatorrizko forma, tamaina eta proportzioei eutsi behar zaie.
– Garrantzi arkitektoniko edo kultural nabarmena duten barneko espazioak zaharberritzea, jatorrizko dekorazio-elementu arkitektonikoei eutsiz.
Eraikinaren barruko baliabide estetikoak eta konposizio arlokoak mantendu behar dira: ebanisteria, beirateak, eskaiolak, errementaritza-lanak eta marmoleria-lanak.
– Barruko espazioen jatorrizko banaketa eta leku-antolaketa kontserbatzea edo lehengoratzea.
b) Babestutako higiezinaren zatiak galdu edo hondatuz gero, berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak baimentzen dira, lengoaia eta material harmoniko eta bereiziak erabiliz.
c) Egitura-elementuak finkatzeko obrak baimentzen dira, eta berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatuko dira, elementuen posizioa edo kota aldatu gabe.
Horri dagokionez, egoera txarrean dauden egiturazko elementuak berriekin ordezkatzea onartuko da, betiere, jatorrizko materiala mantentzen bada, eta behar bezala justifikatutako kasu berezietan soilik baimenduko dira materialen aldaketa partzialak, itzulgarriak eta egituraren material generikoa errespetatzen dutenak.
d) Barneko banaketaren eta antolaketaren eraberritze puntualak onartuko dira, erabilera berrien beharrizanetara egokitzeko eta, betiere, eraikuntza-multzoaren egiturazko antolaketa orokorraren ezaugarriei, fatxadei eta horien bolumetriari eragiten ez bazaie.
e) Eraikinaren jatorrizko kolorea mantendu behar da, baita fatxadetako eta estalkietako polikromia berezia ere. Aurretiazko azterlan eta analisien bidez zehaztuko balitz jatorrizko kolorea eta egungoa desberdinak direla, jatorrizkoa berreskuratu ahalko da.
f) Kontserbaziorako eta apaindurarako barne-obrak baimentzen dira; besteak beste, entokadura eta pintura, zoladurak egin eta konpontzea, arotzeriako barne-lanak, edota iturgintzako, berokuntzako eta fumisteriako konponketak egitea.
g) Funtsezko instalazio teknologikoak eta higieniko-sanitarioak jartzeko baimena ematen da.
h) Interesik ez duten edo ondasunaren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin zein ingurunearekin bat ez datozen gehigarri degradatzaileak edo edozein motatako obra berriak badaude, baimenduta dago horiek kentzeko lanak egitea. Baimenduko diren esku-hartze bakarrak eraikinak kontserbatzeko betebeharrari buruz aplikagarria den hirigintza-legeriak baimentzen dituenak izango dira.
15. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunaren babes-araubide espezifikoa.
1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 49 artikuluak I. eranskinean definitutako eta mugatutako babes-inguruneari buruz xedatutakoa aplikatuz, babes-araubide espezifiko hau gehitzen da.
2.– Inguruko elementuak zaharberritzeko eta kontserbatzeko esku-hartzeak baimentzen dira, baldin eta babes-araubide partikular honen 3. artikuluan zehaztutako ondasun babestuaren balio kulturalak errespetatzen badira.
3.– Arrapaletako lorategiei dagokienez, esku hartzeko irizpide hauek ezartzen dira:
– Babes-araubide partikular honen 8.2 artikuluan ezartzen den bezala, inguru horren lorategi-izaera indartuko da.
– Zuhaitzak mantendu behar dira, salbu eta larri gaixorik edo kaltetuta badaude.
– Lorategietako berezko zoladura bigunak erabiltzearen alde egin behar da.
– Toki horrek duen lorategi-izaerarekin bat datorren hiri-altzariren bat erabili behar da, babestutako ondasunaren balio kulturalei kalterik egin gabe; betiere, ez badago kutsadura bisual eta akustikoa sortzen duten elementuen zerrendan (artikulu honetako 4. puntuan dago zerrenda hori).
4.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, monumentua ikustea eragotziz, zailduz edo desitxuratuz eta haren testuinguru-balioak hondatuz.
Horri dagokionez, I. eranskinean zehazten den ingurune babesturako, kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementu hauek definitzen dira, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren ikusmen- eta/edo soinu-nahasmena eragiten duten kasuetan:
– Eraikin berriak babestutako ondasunaren inguruan.
– Altueragatik, bolumetriagatik edo distantziagatik, monumentuaren pertzepzioa eralda dezaketen eraikuntza edo instalazio iraunkorrak zein aldi baterakoak.
– Horniduretarako, energia-sorkuntzarako eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.
– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, beren ezaugarri eta kokapenengatik babes-araubide partikular honi lotutako ondasunaren balio kulturalak kaltetzen badituzte.
– Hiri-altzari handiak jartzea, hala nola olanak, mahaitxoak, kioskoak eta antzeko elementuak, babestutako ondasuna eta haren ingurunea desitxuratu dezaketenak.
– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak, tamaina (zabor-edukiontziak) eta kokapenagatik babestutako kultura-ondasunaren pertzepzioa oztopa dezaketenak.
– Zarata-maila handia sortzen duten jarduerak edo instalazioak, monumentua ongizate akustikoko baldintzetan ikustea zailtzen dutenak.