Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2020ko azaroaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4893

AGINDUA, 2020ko urriaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira «Fundación Paz y Solidaridad de Euskadi» fundazioaren estatutuen aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak. Zehazki, 1., 2., 4. (helbidea), 5. (fundazioaren helburuak), 6., 10., 11., 12., 13., 14., 15., 16., 17., 18., 19., 20., 21., 22., 23. eta 24. artikuluak aldatzen dira, eta sei berri gehitzen, 25. artikulutik 30. artikulura.

Ikusi eta aztertu da fundazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko uztailaren 6an, telematikoki eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan, zeinetan eskatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko «Fundación Paz y Solidaridad de Euskadi» fundazioaren estatutuen aldaketak.

Bigarrena.– Eskabidearekin batera, estatutuen aldaketaren eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu da, zeina 2020ko uztailaren 3an egiletsi baitzen, Francisco Regalado Marichalar Bilboko notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 490).

Eskritura publiko horretan sartu zen Oskar Arenas Velasco jaunak –fundazioaren patronatuko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2020ko ekainaren 29an Bilbon emandako ziurtagiria, 2020ko ekainaren 29an Patronatuak egindako bilerarena, zeinean bertaratuek aho batez onartu baitzuten besteak beste:

1.– Fundazioaren estatutuak aldatzea, estatutuok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.

2.– 1., 2., 4. (helbidea), 5. (fundazioaren xedeak), 6., 10., 11., 12., 13., 14., 15., 16., 17., 18, 19., 20., 21., 22., 23. eta 24. artikuluak aldatzea.

3.– Sei artikulu berri gehitzea (25. artikulutik 30. artikulura) Fundazioaren estatutuen testu bateginean.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertu dute, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

Hirugarrena.– Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea «Fundación Paz y Solidaridad de Euskadi» fundazioaren estatutuetan egin diren aldaketak, Fundazioaren Patronatuak 2020ko ekainaren 29an erabakiak, agindu honen data duela, betiere bat etorriz 2020ko uztailaren 3an Francisco Regalado Marichalar Bilboko notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 490).

1.– Fundazioaren estatutuak aldatzea, estatutuok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.

2.– 1., 2., 4. (helbidea), 5. (fundazioaren xedeak), 6., 10., 11., 12., 13., 14., 15., 16., 17., 18, 19., 20., 21., 22., 23. eta 24. artikuluak aldatzea.

3.– Sei artikulu berri gehitzea (25. artikulutik 30. artikulura) Fundazioaren estatutuen testu bateginean.

Inskripzio hori egiten denetik aurrera, hau izanen da fundazioaren helbidea: Uribitarte kalea 4, Bilbao.

Estatutuen 5. artikuluaren aldaketaren ondorioz (fundazioaren xedeak), honako hauek dira xede eguneratuak:

«5. artikulua.–

Hauek dira Fundación Paz y Solidaridad de Euskadi fundazioaren xedeak:

1) Lan duinaren defentsa sustatzea.

2) Komunitate indigenen eta/edo nekazarien lurralde-kudeaketaren autonomia- eta defentsa-prozesuak babestea, estatuen eta enpresa transnazionalen presioaren aurrean.

3) Indarkeria mota oro eremu guztietan (lana, familia, politika, gizartea...) desagerrarazteko lan egitea eta genero-arrakala ezabatzea, genero-zeharkakotasunaren eta/edo emakumeen ahalduntzearen bitartez.

4) Kontzientzia kritikoa sortzeko prozesuak babestea, ikuspegi anti-hegemonikotik eta anti-patriarkaletik.

5) Globalizazioaren, nazioarteko elkartasunaren eta lan egokiaren fenomenoarekiko sentsibilizazio handiagoa duten herritarren alde lan egitea.

6) Eredu ekonomiko neoliberal eta patriarkalarekiko kontzientzia kritikoa sustatzea sindikatuetan eta laneratu aurreko kolektiboetan.

7) Aliantzak sortzea beste erakunde batzuekin, giza eskubideen urraketa salatzeko, bereziki lan-arloko, sindikatuetako eta emakumeen eskubideen urraketak salatzeko.

8) Laguntza humanitarioko ekintzak eta proiektuak babestea bazkideek ezagutzen dituzten testuinguruetan, hondamendi naturalek, ezohiko egoerek, gizarte-alarmek, gatazka armatuek eta, bereziki, egoera horiek lekualdatutako pertsonei zuzendutakoetan.

9) Ekonomia ekologiko baten alde lan egin eta hedatzea, gizarteek gure ekosistemekin dituzten harremanak hobeto kudea daitezen sustatuz».

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 20a.

Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala