Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2020ko azaroaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4872

AGINDUA, 2020ko urriaren 23koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baitira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko ekainaren 25eko Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak. Aipatu aginduak ezartzen ditu 2020an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko dirulaguntzak, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan, emateko arauak.

AURREKARIAK

1.– 2020ko uztailaren 9an EHAAn argitara eman zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko ekainaren 25eko Agindua, 2020an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko dirulaguntzak, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan dirulaguntzak emateko arauak ezartzeko dena.

2.– 2020ko ekainaren 25eko Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorriz, balorazio-batzordeak dirulaguntza-eskabideen gaineko aginduaren proposamena egin zuen 2020ko urriaren 1eko bilkuran, baita Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinarazi ere, aurkeztutako dirulaguntza-eskabideen gaineko erabakia har zezan hura ikusita.

Horrela bada, balorazio-batzordeak egindako aginduaren-proposamena ikusita eta Aginduaren 13. artikuluan emandako ahalmenez baliatuz honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eranskinean jakinarazten diren entitateei dagozkien dirulaguntzak ematea.

Bigarrena.– II. eranskineko eskabideak ez onartzea, bertan agertzen den arrazoia dela eta.

Hirugarrena.– 2020ko ekainaren 25eko Aginduan arautako dirulaguntzak jasotzen dituztenek testuaren 15. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Laugarrena.– Dirulaguntza bi ordainketetan pagatuko da; lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamar, eta esleipen-ebazpena jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, gainerako hogeita hamarra, 2021eko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2021eko martxoaren 1a baino lehenago burutu beharko baita.

Hori horrela izateko, emandako dirulaguntza onartu egin beharko da. Entitate onuradunek ez badiote dirulaguntzari espreski eta idatziz uko egiten dirulaguntza ematen zaiela jakinarazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onartu egin dutela ulertuko da.

Bostgarrena.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek, 2021eko martxoaren 1a baino lehen, jarraian zehazten diren agiriak aurkeztuko dituzte http://www.euskadi.eus/nirekarpeta -en bitartez:

a) Jarduerari buruzko txostena. Bertan, 2020ko ekainaren 25eko Aginduan baloratzen diren alderdiak azaldu beharko dira gutxienez.

b) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak.

c) Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura eta dokumentu guztiak espedientera igo behar dira. Aurkezten diren fakturek dirulaguntzan emandako kopurua justifikatu behar dute.

d) Jarduera gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

e) Ekitaldiaren aurrekontu gauzatua; diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, baldin eta eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izango ziren jakiterik ez bazegoen.

Seigarrena.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako laguntzarik jaso bada, laguntza emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko.

Zazpigarrena.– Ondorengo hauek izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak (zenbateko osoa edo zati bat) 2020ko ekainaren 25eko Aginduan onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) 2020ko ekainaren 25eko Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-aginduan adierazitako kopurua ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

Ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

Zortzigarrena.– Interesdun guztiei banan-banan emango zaie agindu honen berri, nahiz eta EHAAn ere argitaratuko den.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala adierazten baitu Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 23a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala