Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2020ko azaroaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4869

92/2020 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren arteko akordioa, erakunde sanitarioak unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan erabiltzeko itunaren barruan planifikatuta edo gauzatzeko bidean dauden jarduketei jarraipena eta amaiera emateko.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak sinatu du hitzarmen hori, eta, dagokion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren arteko akordioa, erakunde sanitarioak unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan erabiltzeko itunaren barruan planifikatuta edo gauzatzeko bidean dauden jarduketei jarraipena eta amaiera emateko. Honen eranskinean dago jasota akordioa.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 6a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 6KO 92/2020 EBAZPENARENA
AKORDIOA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN (UPV/EHU) ETA OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN (ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOA) ARTEKOA, ERAKUNDE SANITARIOAK UNIBERTSITATEKO IKERKETAN ETA IRAKASKUNTZAN ERABILTZEKO ITUNAREN BARRUAN PLANIFIKATUTA EDO GAUZATZEKO BIDEAN DAUDEN JARDUKETEI JARRAIPENA ETA AMAIERA EMATEKO
BATZARTU DIRA:

Alde batetik, Nekane Balluerka Lasa andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektorea, Unibertsitatearen izenean eta hura ordezkatuz, EHUko Estatutuen 181.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera (estatutuok otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartu ziren (2011ko otsailaren 24ko EHAA)).

Eta bestetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lehendakaria (Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa), haren izenean eta hura ordezkatuz, Estatutuen 7.2.a) artikuluaren arabera (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren (EHAA, 1997ko azaroaren 14koa)).

Indarrean dagoen araudiaren arabera, betetzen dituzten karguek ematen dizkieten ahalmenak erabiliz esku hartzen dute biek, eta agiri hau sinatzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri.

AZALDU DUTE:

I.– UPV/EHUk eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak 2008ko azaroaren 24an sinatu zuten erakunde sanitarioak unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan erabiltzeko ituna, eta 2009ko urtarrilaren 9ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen. Itun horren bidez, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoaren arteko lankidetza-harremanak arautzen dira, lotuta uzteko Euskadiko osasun-sistemaren asistentzia-egitura nola erabiliko den Osasun Zientzietako ikasketen irakaskuntzan eta ikerketan eta osasun-espezialitateei lotutako beste ikasketa batzuetan, egitura horren beharra badute.

Gerora, itun horren zati bat aldatu egin zen. Aldaketa hori 2015eko urriaren 13an adostu zuten alde biek, eta 2015eko abenduaren 22an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

II.– Isilbidezko luzapen mugagabe bat ezarrita duenez, itunak 4 urteko indarraldia izango du, hala jartzen baitu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeko 8. xedapen gehigarrian, 1. atalean (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa), eta, beraz, 2020ko urriaren 2an azkenduko da.

III.– Momentu honetan, UPV/EHUn 2020-2021 ikasturtea abiatua den honetan, itunaren xedea betetzeko egin behar diren irakaskuntza- eta prestakuntza-jarduerak hasteke daude edo hasiak dira, itunean bertan edo itunari gerora egin zitzaizkion aldaketetan zehazturik dagoen bezala, hala egin behar baita hiru lege hauen arabera: Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legea.

IV.– UPV/EHU-Osakidetza Batzorde Mistoko presidenteak, aurreko inguruabarrak ikusita, alderdiei proposatu die akordio bat egitea, 2020-2021 ikasturteko jarduera horiek guztiak amaitu ahal izateko.

V.– Aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hitzarmena suntsiarazteko arrazoietako edozein gertatzen bada oraindik jarduketa batzuk gauzatzen ari direlarik, alderdiek jarduketei amaitu arteko jarraipena ematea erabaki ahal izango dute (egokitzat jotzen dituzten jarduketei), amaiera-epe luzaezin bat ezarrita. Epe hori igarotakoan, haien likidazioa egin beharko da, artikulu horren aurreko zenbakian ezarritako baldintzetan.

Horregatik guztiagatik, bi alderdiek akordio hau egin dute:

AKORDIOA

2008ko azaroaren 24an EHUk eta Osakidetzak itun bat sinatu zuten osasun-erakundeak unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan erabiltzeko (2009ko urtarrilaren 9an argitaratu zen EHAAn). Itun horren babespean hasiak diren eta burutzeke dauden jarduera guztiei jarraipena eman ahal izango zaie 2020-2021 ikasturte akademikoa amaitu arte, itunean bertan eta itunaren aldaketetan ezarritako baldintzetan.

Eta horrela jasota gera dadin, agiri honen bi ale sinatzen dira, Leioan, 2020ko irailaren 30ean.

UPV/EHU-ko errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Osakidetzako administrazio kontseiluko lehendakaria,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala