219. zk., 2020ko azaroaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (256 KB - 2 orri.)
- EPUB (218 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4693
AGINDUA, 2020ko urriaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Donostiako (Gipuzkoa) «Eskibel» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatuaren baimena aldatzeko dena.
Donostiako (Gipuzkoa) «Eskibel» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatuaren entitate titularraren ordezkariak abiarazitako espedientea aztertu da, zeinaren bidez Haur Hezkuntzako 1. Zikloko unitate bat gehitzeko baimena eskatzen duen.
Espediente horren izapideak araudiak ezarritako prozedura jarraituz egin dira; gainera, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek egin diote txostena.
Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua, ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua (azaroaren 19ko EHAA), 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena (azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan), eta gai horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxeari baimena ematen zaio, 2020-2021 ikasturtetik aurrera, Haur Hezkuntzako 1. Zikloko unitate bat gehitzeko:
Kode-zenbakiak: 012507 eta 20006973.
Izen espezifikoa: «Eskibel».
Titularra: Erain, S.A.
Helbidea: Agorrene pasealekua 28.
Udalerria: Donostia.
Lurralde Historikoa: Gipuzkoa.
Baimena:
– Haur Hezkuntzako 1. Zikloko unitate 1 gehitzea, urtebetetik beherako haurrentzat.
Emaitza:
– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 4 unitate, honelako edukierakoak:
• Unitate 1, urtebetetik beherako haurrentzat, 8 ikaspostuko edukierakoa.
• Unitate 1, urtebetetik bi urtera bitarteko haurrentzat, 13 ikaspostuko edukierakoa.
• 2 unitate, bi urtetik hiru urtera bitarteko haurrentzat, bakoitza 18 ikaspostuko edukierakoa.
– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 3 unitate, 75 ikaspostu.
– Lehen Hezkuntza: 6 unitate, 150 ikaspostu.
– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 4 unitate, 120 ikaspostu.
– Batxilergoa: «Zientziak» eta «Giza eta Gizarte Zientziak» modalitateak. Edukiera: 4 unitate, 140 ikaspostu.
– Hezkuntza Berezia: gela ireki 1.
2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateetako irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.
3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo dirulaguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 21a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.