Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2020ko azaroaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4690

89/2020 EBAZPENA, urriaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Estatistika Erakundearen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmena, EAEko lurralde-eremuan 2020ko nekazaritza-errolda egitekoa.

Euskal Estatistika Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Estatistika Erakundearen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren testua; hitzarmenaren helburua EAEko lurralde-eremuan 2020ko nekazaritza-errolda egitea da, eta testua ebazpen honen eranskinean jasota dago.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 29KO 89/2020 EBAZPENARENA
HITZARMENA, ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN 2020KO NEKAZARITZA ERROLDA EGITEKO.
HAUEK BILDU DIRA

Alde batetik, Juan Manuel Rodríguez Poo jauna, Estatistikako Institutu Nazionaleko presidentea, urriaren 22ko 1325/2018 Errege Dekretuaren bidez izendatua, erakunde haren izenean eta hura ordezkatuz, maiatzaren 11ko 508/2001 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Estatistikako Institutu Nazionalaren Estatutuaren 5.2 artikuluak esleitutako eskumenak baliatuz eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluarekin bat etorriz.

Eta, bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta, Euskal Estatistika Erakundea/Instituto Vasco de Estadística (aurrerantzean, Eustat) erakundeko zuzendari nagusia, esandako organismoaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikaren apirilaren 23ko 4/1986 Legeak agindutako zereginetako bat baliatuz, Gobernu Kontseiluak 2020ko uztailaren 21ean emandako baimenaren bitartez. Hau

AZALTZEN DUTE:

Urriaren 31ko 410/2016 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 2017-2020 aldirako Estatistika Plan Nazionalak ezartzen duenez, Estatistikako Institutu Nazionalaren (aurrerantzean, INE) erantzukizuna da 2020ko Nekazaritza Errolda estatistika-eragiketa egitea Estatuan, eta ekainaren 27ko 8/2019 Legearen bidez onetsitako 2019-2022 aldirako Euskal Estatistika Planak Eustati esleitzen dio 2020ko Nekazaritza Errolda egiteko obligazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1091 (EB) Erregelamenduaren esparruan (nekazaritza-ustiategien estatistika integratuei buruzkoa), administrazio-erregistroak modu masiboan erabiliz gauzatuko da lehendabizikoz 2020ko Nekazaritza Errolda, bai errolda-direktorioa egiteari dagokionez, bai erregistroko informazioa zuzenean biltzeari dagokionez –eta, hala, informazio hori aurrez aurre jasotzea saihestuko da–. Zehazki, administrazio-informazio aitortua erabiliko da zuzenean, Nekazaritza Politika Bateratuaren (aurrerantzean NPB) laguntzak eskatzen dituzten direktorioko ustiategietarako.

Estatistika-ikerketa honi dagokionez Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak interes komuna izateak ahaleginak bateratzea eskatzen du; izan ere, Estatuak eskumen esklusiboa du estatu-xedeetarako estatistiken gainean –Espainiako Konstituzioaren 149.1.31 artikuluaren arabera–, eta beste horrenbeste Euskal Autonomia Erkidegoak bere xede eta eskumenetarako, EAEko Autonomia Estatutuaren 10.37 artikuluaren arabera (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onetsia).

Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen 26.r) artikuluak jasotzen duenez, Estatistikako Institutu Nazionalari dagokio «beste administrazio publiko batzuekin akordioak eta hitzarmenak egitea, administraziook esleituta dauzkaten estatistikei dagokienez». Halaber, lege-testu horren beraren 41.1 artikuluak dioenez, Estatuko administrazioaren eta autonomia-erkidegoen estatistika-zerbitzuek eragiketa estatistikoak egiteko hitzarmenak egin ahal izango dituzte, baldin eta komenigarria bada eragiketa horiek gauzatzeko, eraginkor jokatzeko edo bikoiztasun eta gastuak saihesteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 3. artikuluko 2. zenbakian ezartzen duenez, EAEk lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango ditu Estatuarekin, egindako estatistikak bien artean aprobetxatu ahal izateko; hau da, bai Euskal Autonomia Erkidegoak baliatu ahal izateko, bai Estatuak erabiltzeko.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan harturik INEk eta Eustatek egokiro jardun dutela hainbatetan lankidetzan arlo horretan, eta, gainera, ikusirik garrantzitsua dela informatzaileen karga murriztea eta baliabide eta ahalegin publikoak aurreztea, bi aldeek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen helburua da INEren eta Eustaten arteko lankidetza formalizatzea, 2020ko Nekazaritza Errolda egiteko Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.

Bigarrena.– 2020ko Nekazaritza Errolda egitea Euskal Autonomia Erkidegoan.

1.– Metodologia, direktorioa eta inkestan bildu beharreko aldagaiak.

Hitzarmena indarrean jartzen den egunean, INEk 2020ko Nekazaritza Erroldaren proiektua eta metodologia emango dizkio Eustati. Datu-bilketari ekin baino hamabost egun lehenago, Eustatek metodologia horren egokitzapenaren ezaugarriak emango dizkio INEri, bai eta ikertzen diren aldagai gehigarriak ere.

Nekazaritza Errolda egiteko lehen fasean, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategien titularren oinarrizko esparrua edo direktorioa egin beharko da, ahalik eta kalitate handienarekin. Horretarako, bi erakundeek uste dute komenigarria dela Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Erroldan erabiliko den behin betiko direktorioa lortzen laguntzea, ahaleginak batzen saiatuz eta ahalik eta estaldura handiena bermatzen lagunduz.

INEk 2020ko maiatzaren 1ean bidaliko dio Eustati erabilgarri dagoen behin-behineko esparrua, zeina Espainiako Estaturako jarraitutako metodologiarekin egin beharrekoa baita. Hori horrela, ustiapena Nekazaritza Politika Bateratuaren iazko fitxategiaren parte izan ote zen jasoko du.

Eustatek nekazaritza-ustiategien titularren direktorioekin kontrastatuko du jasotako informazioa, eta egokitzat jotzen dituen aldaketa-proposamenak egingo dizkio Estatistikako Institutu Nazionalari. Altek edo aldaketek unean eskuragarri egon daitekeen informazio guztia jaso beharko dute, betiere INEk igorritako direktorioaren egiturari jarraituz.

Eustatek bi erakundeen artean landutako eta adostutako ustiategien direktorioa erabiliko du.

Euskal Autonomia Erkidegoan Europako Erregelamenduaren III. eranskineko datuak jasotzeko –NPBren laguntza-eskaera bakarrean jaso ez diren nekazaritza-ustiategietakoak–, Estatu osorako baliatutako galdera sorta erkidea baliatuko da edukiari dagokionez, baina formatu elebidunean joango da (gaztelaniaz eta euskaraz) eta bi erakunde sinatzaileen anagrama erantsiko da. Eustat arduratuko da galdetegiaren itzulpenaz, fotokonposizioaz eta tiradaz, bai eta gainerako bilketa-bitartekoetako instrumentazioaz ere. Era berean, posta-galdetegi nazionalari dagokion jarraibide-orria euskaratuko du.

Halaber, Europako Erregelamenduaren IV. eranskineko informazioa lortuko da, zeina erroldatzat hartuko baita Euskal Autonomia Erkidegoan, esparruko unitate guztietara zabalduz. Horretaz gainera, Eustatek galdera propioak txertatu ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko informazio esklusiboa biltzeko.

2.– Errolda sustatzea.

Bi erakundeek 2020ko Nekazaritza Errolda sustatzeko gutun bat bidaliko diete galdetegiari erantzun behar dioten ustiategi guztiei, gaztelaniaz eta euskaraz, Estatistikako Institutu Nazionaleko Estatistika Produktuen zuzendari nagusiak eta Eustateko zuzendari nagusiak sinatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan 2020ko Nekazaritza Errolda nola garatuko den jakinaraziz.

Era berean, bi erakundeek elkarrekin egingo dute 2020ko Nekazaritza Erroldatik jasotako datuen estaldura eta kalitatea hobetzeko egokitzat jotzen den beste edozein sustapen Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, eta bi institutuen izenak agertu beharko dute EAEko berariazko edozein publizitate-euskarritan.

3.– Informazioa jasotzea.

INEk 2020ko abuztuaren 31 baino lehen bidaliko dio Eustati NPBren fitxategiaren bidez jaso diren direktorioko unitateen zerrenda. Unitate horiek Erregelamenduaren III. eranskineko informazioa biltzeko fasetik kanpo geratuko dira.

Lanaren antolamenduak hala eskatzen badu, INEk Eustateko langileentzako prestakuntza-ikastaroak antolatu eta emango ditu informazioa bildu aurreko hilabeteetan, Eustateko agenteak prestatzeaz eta errolda-informazioa kontrolatzeaz eta arazteaz arduratzen diren langileak trebatzeko. INEk Eustaten eskura ipiniko ditu Estatuko bilketarako prestatu diren eskuliburuak.

Eustatek hautatu, kontratatu eta trebatuko ditu datu-bilketan parte hartzen duten langile guztiak.

Eustat arduratuko da erabat landa-lanaz, eta kontuan hartu beharko ditu bilketa-prozedura eta proiektuan jasotako INEren arauak. Eta aintzat hartu beharko ditu, halaber, klausula honetako a) letran aipatutako prestakuntza-ikastarotik edo Eustatek eta INEk bilketan adostutako beste edozein arau orokorretatik eratorritakoak ere, halakorik balitz.

Euskal Autonomia Erkidegoko informazio-bilketa 2020ko azken hiruhilekoan hasiko da, eta amaituta egon beharko du 2021eko martxoaren 15erako.

INEk eta Eustatek ezarriko dute ikuskapen- eta kontrol-sistema. Bereziki, bi erakundeek datu-bilketari buruzko txostenak bidaltzeko egutegia adostuko dute, landa-lanaren gorabeherak barne.

NPBren fitxategietako eta beste administrazio-erregistro batzuetako datuak biltzeko, INEk 2020ko urriaren 15a baino lehen bidaliko dizkio Eustati bi aldeek adostutako formatura zuzenean iraulitako informaziotik eskuratutako datuak.

4.– Informazioa araztea, grabatzea eta baliozkotzea.

INEk hitzarmena indarrean jartzen den egunean bidaliko dizkio Eustati eskuz arazteko arauak eta grabaketa-erregistroaren diseinua, galdetegiko aldagaien formatuarekin eta baliozkotzeekin, bai zuzenean jasotako informaziorako, bai Nekazaritza Politika Bateratuaren fitxategietatik eta beste administrazio-erregistro batzuetatik lortutako datuetarako.

Prozesu automatiko bat baliatuko da grabatutako datuak eta administrazio-erregistroetatik lortutakoak baliozkotzeko eta haien kontrol logikoa egiteko, INEra bidali aurretik informatikoki tratatze aldera. Eustatek bi fitxategitan bidaliko dio INEri grabatutako eta baliozkotutako informazioa, INEk finkatutako erregistroaren diseinuaren arabera. Lehenengoa 2020ko abenduaren 20a baino lehen bidaliko da, NPBren sistemaren bidez bete gabeko datuak biltzeko erabilitako direktorioan agertzen diren titular guztien ehuneko hogeita bosti dagokion informazioarekin, bai eta Erregelamenduaren IV. eranskineko aldagaiak dituzten unitate guztien ehuneko hogeita bosti buruzko informazioarekin ere. Bigarren fitxategiak esparruko unitate guztien informazio guztia jasoko du, eta 2021eko apirilaren 30a baino lehen helaraziko da INEra.

Bi fitxategi horiek jaso ondoren, INEk datuak egiaztatu eta baliozkotuko ditu. Hilabeteko epean, Eustati jakinaraziko dio datuok onesten edo baztertzen dituen. Onetsi ezean, bueltatu egingo dira arrazoiak adierazita, eta, hamabost eguneko epean, Eustatek zuzendu eta berriro entregatuko ditu.

INEk bi fitxategi itzuliko dizkio Eustati:

Euskal Autonomia Erkidegoko ustiategien galdetegiko informazioa biltzen duen fitxategia, erabat araztua eta baliozkotuta, b) letran aipatutako erregistro-diseinuari eutsiz. Estatistikako Institutu Nazionalak Eustatekin adostu beharko du erregistroetan egindako edozer aldaketa.

Amaierako fitxategiaren kopia bat, eratorritako aldagaiekin eta jasogailuekin, baita fitxategien arteko elkarrekikotasuna ere.

2021eko uztailaren 1a baino lehen, fitxategien lehen bidalketa egingo da III. eranskineko aldagaiei dagokien informazioarekin, eta, 2021eko abenduaren 31 baino lehen, bigarren bidalketa, IV. eranskineko aldagaiei dagokien informazioarekin.

Hirugarrena.– Emaitzak ustiatzea eta argitaratzea.

Eustatek Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko Nekazaritza Erroldaren emaitzak ustiatu eta argitaratu ahal izango ditu, egoki iritzitakoak.

Estatistikako Institutu Nazionalaren behin betiko fitxategietan oinarrituta Nekazaritza Erroldaren gainean zabaltzen diren produktu espezifiko guztietan honako hau adierazi behar da: «Iturria: INE, Euskal Estatistika Erakundea/Instituto Vasco de Estadística (Eustat) erakundearen lankidetzarekin Euskal Autonomia Erkidegoan».

Era berean, Eustaten behin betiko fitxategietan oinarrituta Nekazaritza Erroldaren gainean zabaltzen diren produktu espezifiko guztietan honako hau adierazi behar da: «Iturria: Eustat, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) lankidetzarekin Euskal Autonomia Erkidegoan».

Laugarrena.– Finantzaketa.

Estatistikako Institutu Nazionalak, bere gastuen aurrekontuko 6. kapituluko 27.101.923C.640.08 aurrekontu-aplikazioaren kargura, ehun eta laurogeita zazpi mila eta hirurogeita hamabost euro eta hogeita hamar zentimo (187.075,30 euro) ordainduko dizkio Eustati, Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzen eskaera bakarretik ez datozen ustiategiei buruzko Erregelamenduaren III. eta IV. eranskinetako informazioa jasotzearen kostua kalkulatzearen ondorioz.

Estatistikako Institutu Nazionalak honela ordainduko dio Eustati ateratzen den kopurua:

Guztizkoaren % 25 –hau da, berrogeita sei mila zazpiehun eta hirurogeita zortzi euro eta laurogeita hiru zentimo (46.768,83 euro)–, datuak biltzeko erabilitako direktorioan agertzen diren titular guztien % 25i dagokion grabatutako eta balidatutako informazioa ematean, 2020ko gastu-aurrekontuaren kargura.

Gainerako % 75a –hau da, ehun eta berrogei mila hirurehun eta sei euro eta berrogeita zazpi zentimo (140.306,47 euro)–, INEk azken fitxategia onartzen duenean grabatutako eta baliozkotutako informazio guztiarekin, 2021eko urteko gastu-aurrekontuaren kargura.

Bosgarrena.– Estatistika-sekretua.

Estatistikako Institutu Nazionala eta Eustat arduratuko dira informazioa baliatzean datu pertsonalak babesten direla bermatzeaz. Informazio hori lantzen parte hartzen duten langile guztiek estatistika-sekretua gordetzeko betebeharra izango dute, eta bete egin beharko dituzte, halaber, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzearen ondoriozko gainerako murrizketak ere.

Seigarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen gauzatze, jarraipen, ikuskaritza eta kontrolerako batzorde bat sortuko da, eta interpretazio- eta betetze-arazorik sortuz gero, haiek ebatziko ditu.

Batzordea alde bakoitzeko hiru ordezkarik osatuko dute, eta beharra dagoen bakoitzean bilduko dira.

INEren aldetik:

– Ingurumen, Nekazaritza eta Finantza Estatistiketako zuzendariorde nagusiak.

– Produkzio Estatistikoa eta Laginketa Kontrolatzeko Departamentuko zuzendariordeak.

– Nekazaritza estatistikak koordinatzeaz arduratzen den alorraren buruak.

Eustaten aldetik:

– Estatistika Produkzio eta Analisiko zuzendariordeak.

– Estatistika Azpiegituraren Arloko arduradunak.

– Arlo Juridiko eta Administratiboko arduradunak.

Erabakiak aho batez hartuko dira.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen hau eraginkorra izango da sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, eta indarrean jarraituko du bertan adostutako lanak erabat amaitu arte eta INEk laugarren klausulan aurreikusitako ordainketa egin arte, zeina 2022ko martxoaren 31n egingo beharko baita beranduenik ere.

Ez da aurreikusten hitzarmena luzatzea.

Zortzigarrena.– Hitzarmena azkentzeko eta suntsiarazteko araubidea.

Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera, hitzarmen hau azkenduko da haren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiak gertatzen direnean.

Protokoloa suntsiarazteko arrazoi izango dira:

Indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena adostu gabe.

Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

Sinatzaileetako batek ez betetzea bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak.

Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judizial batengatik.

Aurrekoez bestelako edozein arrazoirengatik, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsiaraziz gero alde bakarreko ez-betetzeaz bestelako arrazoiengatik, elkarren adostasunik ez bada, suntsiarazpena beste alderdiari komunikatu beharko zaio modu frogagarrian, gutxienez bi hilabete lehenago.

Sinatzaileetako batek onartutako betebeharrak betetzen ez baditu, beste alderdiak jakinarazpen bidez eskatu ahalko dio ez betetzea konpontzeko 15 egun naturaleko epean. Epea igaro eta ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko dio badela hitzarmena suntsiarazteko arrazoirik, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da.

Hitzarmena suntsituz gero hitzarmenean bertan edo legean aurreikusitako edozer arrazoirengatik, Jarraipen Batzordeak ezarriko die amaitzeko epea hitzarmen honetatik eratorritako jarduketa amaitu gabekoei, eta epe hori luzaezina izango da.

Bederatzigarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau bi aldeen adostasunez aldatu ahalko da, haietako batek hala proposatuta. Horretarako, dagokion aldaketa-erabakia sinatu beharko da, hitzarmena indarrean dagoen bitartean formalizatua.

Hamargarrena.– Izaera, araubide juridiko eta jurisdikzio aplikagarriak.

Hitzarmen hau hitzarmen administratibo bat da, eta Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitartekoak izango ditu arau.

Bestalde, hitzarmenak dirauen artean sortu litezkeen auziak, Jarraipen Batzordeak ezin izan baditu ebatzi, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedatutakoarekin bat etorriz, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren menpe ipiniko dira.

Eta adostasunaren adierazgarri, akta honen bi ale sinatzen dituzte 2020ko urriaren 7an.

Estatistikako Institutu Nazionaleko presidentea,

JUAN MANUEL RODRÍGUEZ POO.

Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia,

JOSU IRADI ARRIETA.


Azterketa dokumentala