Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2020ko azaroaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4688

86/2020 EBAZPENA, urriaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Hezkuntza Sailaren artean prestakuntza-arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Hezkuntza Sailaren artean prestakuntza-arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 27KO 86/2020 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (HEZKUNTZA SAILAREN BITARTEZ) ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO PRESTAKUNTZA-ARLOKO HITZARMENA

Gasteizen, 2020ko irailaren 15ean.

HONAKO HAUEK HARTU DUTE PARTE:

Alde batetik, Jokin Bildarratz Sorron jaunak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordez, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 79/2017 Dekretuak, apirilaren 11koak, 4. artikuluan xedatzen duenaren arabera.

Beste alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andreak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria. Herri Administrazioaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko 1983ko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen bidez sortutako erakunde autonomoa da IVAP, eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza eta Autogobernu Sailari atxikita dago.

Bi alderdiak bakoitza bere erakundearen izenean eta hura ordezkatuz agertu dira, eta hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena aitortzen diote elkarri, sinetsita Hezkuntza Sailaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean lankidetza estua izateak onurak ekar ditzakeela bientzat, prestakuntza-arloan bi erakundeek esleituta dituzten zereginak betetzeko orduan. Hortaz,

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

I.– Azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

II.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari honako helburu hau esleitzen dio, besteak beste, erakundea bera sortu zuen 16/1983 Legeak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein herri-administraziok edo araubide juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza.

III.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen 200/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, Erakundearen helburuen artean jasotzen du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko langileak prestatzea. Ezartzen du, halaber, IVAPeko Prestakuntza Zerbitzuak, dituen helburuak betetzeko, eginkizun hauek izango dituela:

a) Lanpostuan hasteko, lanpostua betetzeko eta karrera profesionalerako ikastaro, mintegi eta era guztietako prestakuntza-jardueren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta administrazio erakundeetako langileen prestakuntza taxutu, kudeatu eta ebaluatzea, prestakuntzaren arloan indarrean den araudiarekin bat.

IV.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak, zuzkidurak kontsignatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Zuzkidura horiek isla dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) aurrekontuan. Aurrekontu honek zuzkidura bat kontsignatzen du gehienezko kopurua adierazita, Hezkuntzako langileen prestakuntza-planetarako.

V.– 13/2019 Legearen Bederatzigarren Xedapen Gehigarriak xedatzen duenez, Euskal administrazio publikoetako enplegatuen enplegurako prestakuntzarako IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.

VI.– Bi alderdiek, nork bere ahalmenak baliatuz, eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan aritzea bientzat onuragarritzat jotzen dutenez, hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, honako klausula hauei lotuta.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen bidez, Hezkuntza Sailak, 2020ko ekitaldian, enplegurako prestakuntzaren baitan, irakasleentzat burutzen dituen prestakuntza-plan edo -programen finantzazioa arautzen da.

Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetakoren bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:

– Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.

– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.

Programatzen diren prestakuntza ekintzetako bat, gutxienez, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa izan behar da.

Ez dira inola ere diruz laguntzeko modukoak izango plan edo programetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen joan-etorri, mantenu-, egonaldi- eta ordezkapen-gastuak.

Bigarrena.– Definizioak.

Hitzarmen honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:

a) Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua behar bezala betetzeko jakin beharko lukeenaren eta dakienaren arteko aldearen analisia.

b) Prestakuntza-plan edo -programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo antolatu bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza planifikatu eta antolatzeko irizpide orokorrei buruzkoa, otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera (EHAA, 2008ko otsailaren 27koa).

c) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-arlo jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa. Prestakuntza-ekintzak ikaskuntzakoak edo informaziokoak izan ahal izango dira, otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen denaren arabera.

Hirugarrena.– Finantza-zuzkidura.

Zuzkidurak, gehienez, 525.000 euroko zenbatekoa izango du, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko aurrekontuan hitzarmen honen xederako ezartzen den bezala 2020ko ekitaldirako. Sekzioa 43, programa 1216, zerbitzua 02, azpikontzeptua 41100, partida 001, Hezkuntzako langileentzako prestakuntza-planak.

Laugarrena.– Hezkuntza Sailaren betebeharrak.

Hitzarmen honen xedeak burutze aldera, Hezkuntza Sailak ondoko betebeharrak egiten ditu bere:

a) IVAPi behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituela, bai eta finantzatzeko den plan, programa edo jarduera egin duela ere.

b) IVAPek egingo dituen egiaztapenen mende egotea. Erakunde publiko izaerak dakartzan kontrol jardueren mende ere egon beharko du.

c) Zuzkidura esleitzean kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea IVAPi.

Esleipena egiteko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, gerta liteke horren ondorioz esleipen-ebazpena ere aldatzea. Era berean, ebazpen hori eraldatzea eragin dezake beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen dirulaguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak, baldin eta, ebazpen honen babesean emandako finantzazioarekin batera, finantzatu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute.

Bosgarrena.– IVAPen betebeharrak.

a) Hitzarmen hau izenpeturik, ezarritako zuzkiduraren transferentzia izapidetzea.

b) Hezkuntza Sailarekin elkarlanean aritzea, prestakuntza-beharren analisi edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egiteko baliabideak sortzeko.

c) Hezkuntza Sailak aurkeztutako dokumentazioa aztertzea eta ebazpena ematea, zazpigarren klausularen azken paragrafoan ezarritakoa ere aintzat harturik.

Seigarrena.– Finantzazioaren izapidetza.

Hitzarmena sinatutakoan, hirugarren klausulan ezarritako zuzkidura osoaren transferentzia izapidetuko da.

2020ko azaroaren 30a baino lehen, Hezkuntza Sailak dokumentazio hau emango dio IVAPi:

a) Finantzatzeko diren prestakuntza-plan edo programak. Hauek, gutxienez, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuan ezarritako edukia izango dute (EHAA, 2008ko otsailaren 27koa).

b) Prestakuntza planaren oinarri den Prestakuntza Beharren Analisia, horretarako erabili den metodologia azalduta. Analisi hori IVAPek zehaztu duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologian oinarritu daiteke. Era berean, analisitik ondorioztatzen diren prestakuntza lehentasunak jasoko dira.

c) Prestakuntza-eskaintzarekin batera, hau erantsi behar da gutxienez:

– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

– Ekintzaren edo ekintzen kostua.

Halaber, planaren edo programaren betearazpen-maila justifikatzeko Hezkuntza Sailak hau aurkeztu beharko du:

– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena.

– Erakundeak burututako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, erakundeko barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua.

– Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: planak edo programak ez duela jasotzen, hitzarmen honetan esleitutako kopuruarekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren laguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.

Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, planaren betearazpen-maila eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz sailak azkenean egokituko zaion zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, dagozkion kontabilitate-eragiketak ezeztatuko dira bidegabe jaso den kopururaino.

Hezkuntza Sailak prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektronikoz egingo ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, Nire karpeta gunean.

Hezkuntza Sailak Ordezkarien erregistroan izendatuko ditu sailaren izenean jardungo duten pertsona edo pertsonak, hitzarmen honen izapidetze eta betearazte ondorioetarako.

Hezkuntza Sailak, prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektronikoz egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango du.

Hezkuntza Sailak eta IVAPek adostu dute euskara erabiltzea prozeduran zehar, Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusian ezarritako irizpideak betez.

Aurkeztu behar diren dokumentuek klausula hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa ez bada, Hezkuntza Sailari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta Administrazioa behartuta dagoela eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.

Zazpigarrena.– Zuzkidura esleitzea.

Zuzkiduraren esleipena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek esleitutako diru-kopurua zehaztuko du. Kopuru horri dagozkion kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hori honako helbide elektroniko honetan argitaratuko da: http://www.ivap.euskadi.eus

Finantzatutako kopuruak ezin izango du gainditu prestakuntza-plan, -programa edo -jardueraren kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

Zortzigarrena.– Esleitutako finantzazioari uko egitea.

Hezkuntza Sailak uko egin diezaioke, osorik edo partez, esleitu zaion zuzkidurari. Uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion zuzkiduraren zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.

Bederatzigarrena.– Itzultzea.

Hezkuntza Sailak hitzarmen honetan ezartzen diren baldintzak ez betetzeak ekarriko luke zuzkiduraren transferentzia gauzatu duten kontabilitate-eragiketak osorik edo zati batean deuseztatzea.

Hamargarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Dokumentazioa aurkezten denetik hiru hilabete igarota Interneteko helbidean esleipen- ebazpenik argitaratu ez bada, Hezkuntza Sailak ezetsitzat jo ahal izango du bere eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hamaikagarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena sinatzen duten erakundeek jarraipen-batzorde bat sortuko dute, haietako bakoitzak izendatutako bina ordezkarik osatua, hitzarmena ondo betetzen dela egiaztatzeko. Berariazko akordiorik ezean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkarietako bat izango da batzorde horren buru, eta idazkari, aldiz, Hezkuntza Sailak izendatutako ordezkarietako bat.

Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Hitzarmenean aurreikusitako ekintzen segimendua egitea, betiere elkarri informazioa ematea eta hartutako konpromisoak betetzea ahalbidetu dezaketen irizpideak eta moduak zehaztuta.

b) Hitzarmenak interpretazio- edo exekuzio-arazorik izanez gero, horiek konpontzen ahalegintzea.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, jarduketei bide egokia emateko behar den guztietan bilduko da batzordea, alderdietako edozeinek hala proposatuta. Batzordearen bileren bertaratze- quorumak kide guztiak agertzea eskatzen du, eta aho batez hartuko dituzte kideek erabakiak.

Hitzarmen honetan Jarraipen Batzordearentzat espresuki jasotzen ez diren gaietan, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, atariko tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean arautzen duen kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.

Hamabigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek administrazio-izaera du eta aplika dakiokeen antolamendu juridikoaren bidez arautuko da Hitzarmenaren interpretazioa eta garapena; zehazki, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, xedatutakoaren arabera.

Administrazio publikoen kontratuei buruzko legeriaren aplikagarritasunari dagokionez, baztertuta geratzen da hura, 9/2017 Legeak, azaroaren 8koak, Sektore Publikoko Kontratuenak, 6.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera.

Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar esku hartzen duten alderdiek beren eskumenei uko egitea edo eskumen horiek aldatzea; hartzen dituzten konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik egiten dituzte bere.

Hamahirugarrena.– Izaera pertsonaleko datuen babesa.

Hitzarmen honek bultzatuta egiten diren jardueretan lortutako datu pertsonalak alde sinatzaileen ardurapeko fitxategietan gordeko dira, eta hitzarmen hau behar bezala betetzeko baino ez dira erabiliko. Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute datu horiek indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera erabiltzeko. Titularrak datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideaz balia daitezke, dokumentu honetan jakinarazpen-ondorioetarako bi alderdiek emandako helbidean.

IVAPi dagokionez, hitzarmen honetatik sortutako lankidetza-ekintzetan jasotako datu pertsonalak erakunde horrek antolatutako prestakuntza eta hobekuntza izeneko tratamenduan sartuko dira, eta lankidetza-jarduera horiek kudeatzeko baino ez dira erabiliko. Tratatzen diren datu pertsonalen titularrak datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideaz balia daitezke, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren aurrean.

Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honek sinatzen den egunetik 2020ko abenduaren 31ra bitartean izango ditu ondorioak, eta berariaz luzatzeko aukera egongo da, lehenengo klausulan ezarritako xedea burutu arte, hurrengo klausulan hitzarmena iraungitzeko ezarritako arrazoiren bat tarteko ez bada.

Hamabosgarrena.– Hitzarmena iraungitzea.

Hitzarmen hau arrazoi hauengatik suntsiarazi ahal izango da:

1.– Alderdietako batek hitzarmenaren amaiera iragartzea, idazki bidez, hiru hileko aurrerapenarekin.

2.– Bi alderdiak hitzarmena bertan behera uzteko ados egotea.

3.– Hitzarmeneko klausularen bat ez betetzea.

Sinatzaileek azaldu eta hitzartutako guztiarekin ados daudela adierazten dute, eta, dauzkaten eskumenez baliatuz, hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, goian adierazitako lekuan eta datan.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala